Elkarrizketa: Javier Armentia, Iruñako Planetarium eko zuzendaria Javier Armentia, Iruñako Planetarium eko zuzendaria "Zientziak, beste pentsamendu sistema batzuek baino askoz ere lehenago ematen du amore" * Marta Guruziaga Reparaz Zeruak ez digu inolako eszenografia apokaliptikorik eskainiko, iragarpen batek baino gehiagok bestelakorik dioen arren, ortzia betiko moduan egongo baita 2000. urtean sartzeko unean. Astrofisikako ikasketak dauzkan eta Iruñako Planetarium eko arduradun den Javier Armentiak, horrelako iragarpenekin bat ez etortzeko joera dauka; are gehiago, bere zeregin nagusien artean teoriak zalantzan jartzea dagoela ere esan liteke, komunikatzaile sozial gisa kritikak egiteko daukan zaletasun berezia dela eta. Nahiz eta gure gizartea "zientifikoki analfabeto" tzat jotzen duen, "arrazionalki baikor" azaltzen da, hiritarrengandik gertu zabaltzen ari diren zentru dibulgatzaileei esker batik bat. Sei urte bete berri ditu Nafarroako hiriburuan zuzentzen duen guneak, kultur foro bat izan nahiko lukeen "espazioaren antzokiak". Emango al zeniguke zeruak urte bukaera honetarako daukan agendaren berri? Jendeak udako hilabeteekin lotzen ditu zeruko ikuskizunak, baina negukoak ere zoragarriak izaten dira. Oso izar distiratsuak ikus daitezke, hala nola Sirio, Leoiaren konstelazioa, Zezenarena, pleiadeena... Hilabete hauetan zehar ez da fenomeno berezirik izango, bat izan ezik: duela gutxi aurkitu den eta datorren urtean oso ongi ikusi ahal izango den kometa bat. Hala eta guztiz ere, erraztasun osoz beha daitezkeen gauza pila bat dago, baina jendeak ezagutzen ez dituenak. Zertarako balio du planetarium batek? Uste bitxi ugari dago honen inguruan. Askok uste du zeruari begira egoteko behatoki moduko zerbait dela, edota hona etortzeko beharrezkoa dela astronomiarako zaletasuna edukitzea. Ba ez bata eta ez bestea. Hemen ez daukagu benetako izarrik; "latazkoak" baizik. Espazioaren antzerki bat bezalako zerbait da planetariuma, zinea baino gehiago, izan ere proiekzioaretoan bideoa, efektu bereziak, diapositibak, eta abar ematen baitira. Jendea hogei metroko kupula baten azpian kokatzen da, eta ikusentzunezko emanaldi baten bidez azaltzen zaie zer ikusiko luketen mundua beren eskuetan edukiz mugitzeko aukera izango balute, edo mutur batetik bestera joateko, edota denboraren joana azkartu ahal izango balute. Hau da, unibertsoa deskribatze soila baino zerbait gehiago egin nahi dugu; behatu eta ikasteko gune bat da, ez amaieran azterketa bat eginarazten den horietakoa. Hemen ilargiarekin, eklipseekin eta, zergatik ez, asto astronomoekin zerikusia daukaten istorioak kontatzen ditugu, Bernardo Atxagaren Asto bat hipodromoan ipuinaren gisakoak. Azken hau eta Lorcaren Unibertsoa, esaterako, Planetariumean eskaini ditugun muntaietako biren ardatz izan dira. Nortzuk etortzen dira bisitatzera? Askotariko jendea. Kontuan hartu behar da hau kulturgune bat dela, non urtero 15 eta 20 erakusketa artean izaten ditugun, eta ehundik gora hitzaldi, solasaldi, antzerki eta kongresu. Urtean 150.000 bisita izan ohi ditugu. Heren bat, "Izarren Eskola" izeneko ekimenera Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Aragoi eta Errioxatik etortzen diren eskolaumeek osatzen dute. Ekimen horren baitan hezkuntzarako 12 egitarau desberdin daude, euskaraz zein gazteleraz. Bestetik, aste bukaeretan etortzen den jendea daukagu, eta gero eta gehiago datozen hirugarren adinekoak eta aisialdiko taldeak. Iruñako azpiegitura kulturalei dagokienez, hiritarrak sailkatu egin nahi izan dira: etorkizuneko auditorioaren aldekoetan, eta Planetariumaren alde agertzen direnetan. Zein da zure iritzia? Nik uste dut eztabaida hori atzean gelditu dela dagoeneko. Normala da hasiera batean galderak sortzea, Planetariumak Nafarroako Gobernuaren erabaki politiko batean baitauka bere jatorria, baina auditorioaz "gain" egindako apustu baten gisa, eta ez "aurka". Kontua da denborak aurrera egin duela eta auditorioa oraindik eraiki gabe dagoela. Hala ere, eskaera sozialik ez zegoen; jendeakez zuen planetariumik eskatzen, eta bere erabilgarritasuna ez zegoen oso argi. Batzuek, inor etorriko ez zelakoan, bi urtera itxi egin beharko zela ere pentsatzen zuten, baina jada sei urte bete ditugu eta egun bisitari gehien jasotzen dituen azpiegitura da gurea, alde handiarekin gainera. Iruñako kulturaren geldotasuna kontuan izanik, oso gune dinamikoa da, eta bere eskaintza xumea izanik ere, benetan garrantzitsua da. Bestalde, nolabait bereiztu egiten gaitu beste eskualdeetatik, eta garbi dago jendea erakartzeko egin beharrekoa horixe dela hain zuzen ere: gauza desberdinak eskaintzea. Planetariumeko buru gisa daukazun lanbidea ez ezik, ezaguna da zeure jarduera publikoa, eta, bereziki, "pseudozientziak" deiturikoen aurka duzun jarrera. Zer direla esango zenuke? Hara, jende guztiak daki Gorbeako artzainak eguraldiari buruz egiten dituen iragarpenak kultura herrikoia, tradizioa... direla, baina metodo zientifikorik erabiltzen ez duenez, inork ez du "meteorologia alternatiboa" denik esaten. Eta, hala ere, asko erabiltzen da "medikuntza alternatibo" hitza aurrezientifiko, azientifiko eta, batzuetan, antizientifiko diren praktikak adierazteko, hala nola petrikiloen praktikak, Ekialdetik datozkigun "medikuntza" holistikoak, homeopatia... Pseudozientzia, zientzia faltsua da. Galdera egokiak eginez gero nabari da bien artean dagoen aldea. Niri norbait etortzen zaidanean plater hegalariak espaziuntzi estralurtarrak direla esanez, galdera batzuk bururatzen zaizkit, eta batzuek hipotesien ehuneko 96 edo 98a zuzenean uzten dituzte bertan behera; are gehiago, normalean datu ugari ematen dituzte pertzepzioaren psikologiari buruz, plater hegalarien kontuaren marko soziologikoari buruz, edo batera komunikazioaren fenomenoaz. Pentsa zein erraza izango zatekeen enpresentzat pertsona jakin baten profila ezagutzea bere horoskopoko zeinuan erreparatuz edo bere sinaduraren itxura zernolakoa den ikusiz... Ez legoke laneko psikologia bezalako diziplinen beharrik. Azken batean, gizakiarengauzarik onena eta txarrena, galderak egiteko gaitasun hori da. Nolanahi ere, ideia irrazionalen defendatzaileak bezain dogmatikoak direla leporatzen zaie zientzialariei. Zientzialariek ezin dute egunero gauza guztiak zalantzan jartzen ibili; beste gauzen artean, ez luketelako aurrera egiterik izango. Zientzialariaren espezializazioak berak horren aurka dihardu, edota zientzia, soilik doktore tituluarekin sar daitekeen komentutxo berri bat bezalakoa dioen ideiaren alde. Zientzialariek, oro har, gustura utziko liokete hain goretsiak izateari, baina egia da gustukoa dutela ospea izatea. Zientziak arazoak ere baditu, beste edozein giza jarduerak bezala, baina tasun bat dauka: bere okerrak aintzat hartzeko gaitasuna. Zientzialariak etengabe balioesten eta kritikatzen du bere burua. Egia esateko, zientziak normalean beste pentsamendu sistema batzuek baino askoz ere lehenago ematen du amore. Norbaitek esan zuen segurtasun ezak neurosia sorrarazten duela gizakiongan, baina are neurosi latzagoak sorrarazten dituela gehiegizko segurtasunak. Zientziak ez ditu gauza ziurrak esaten; nolabaiteko irtenbideak emango ditu, eta aldibaterakoak gainera. Baztertu egin behar izan zen Newtonen mekanika, eta bere ordez mekanika kuantikoa finkatu. Horrek ez du aurreko mende guztietan zehar egindako lana deuseztatu egiten denik esan nahi. Zenbatekoa da kultura zientifikoaren maila? Analfabeto zientifikoak gara. Baina errua ez da jendearena, hezkuntza sistemarena baizik. Eta politikariek ere ez dute oso eredu ona ematen; galdetu edonori zeintzuk diren Newtonen legeak, eta, lasai asko, letretakoa dela erantzungo dizu. Merkealdietako deskontuetan ehuneko hamabosta zenbat den jakiteko jotzen du jendeak matematiketara. Hala ere, gizartea gero eta arduradunagoa da gai zientifikoen inguruan, eta zientzia garrantzitsua dela ikusten hasia da. Inoiz ulertuko al diote elkarri prentsak eta zientziak? Espainiak ez dauka oso tradizio sendorik komunikazio zientifikoari dagokionez, bai ordea Frantziakedo bereziki Britainia Handiak. Hemengo intelektualitatea "letretakoa" izan da eta lotura handiagoa izan du filosofiarekin, pentsamendu politikoarekin... Edonola ere, aldatzen ari dela esango nuke. Sofaren hirugarren hanka, zientzialariek zientziari buruz egin beharreko komunikazioa da; oraingoz ez da ongi egiten, baina egingo da. Kontuan hartu behar da hemengo zientzialariak unibertsitateari edota enpresa pribatuari lotuta daudela; gehien ikertzen dutenak erakunde publikoetan daude, eta aurrera egiteko ez dute zertan egiten ari direnaren berri eman behar. Lanpostu batera jotzeko orduan ez da dibulgazioa aintzakotzat hartzen, lanaren beharrezko zati bat bezala ikusten da eta. Estatu Batuetan, haatik, diru publikoari esker ikertzen ari direnek beren ekintzen berri publikoki emateari eskaini behar diote denbora bat. Egia da, hortaz, ez dagoela zientzialari eta kazetarien arteko elkar aditzerik, oso hizkuntza desberdinak erabiltzen baitituzte, baina ez elkarren aurkakoak. Nik arrazionalki jarrera baikorra daukat, batez ere zientziaren museoen hedapenagatik, oso paper garrantzitsua daukatelako eta gauza asko oso modu erakargarrian ikas daitezkeelako. Hala ere, komunikabideek, gai zientifikoak jorratzeko orduan, zehaztasunari eman beharko liokete lehentasuna, jendeak beren bitartez ikasten duelako. Alde batetik, zientziaren alor batek hedapenaz arduratu beharra dauka, baina bestetik, prentsa bera da mugitu behar duena, Estatu Batuetan lobby en presioaren ondorioz dituzten ondorio zitalak bezalakorik ikus ez ditzagun. Dibulgazio zientifikoaren alde apustu egitea, benetako demokraziaren alde egitea dela esaten da. Ez ote da zertxobait utopikoa? Ez dut uste. "Kultura zientifikorako europar astea" ren gisako ekimenek ideia hori bultzatu nahi dute; izan ere, hiritar modernoak bere eskubide demokratikoak egikaritu ahal izateko, informatuta egon beharra dauka. Kontrako kasua sistema totalitarioetan topa dezakegu, Sobiet Batasunean adibidez: ez zeukaten fisikari kuantiko onik,fisika kuantikoa burgesen asmakizuna zela esaten zutelako. Ikerketari ideologia gainjartzen zioten, eta horrela zihoazkien gauzak. Nire ustez, iritzi zientifikoa sortzen denean iristen da gizarte bat adinagusitasunera. Gauzak kritikatu egin behar dira. Aholka iezaguzu libururen bat zientzia gizartea gatazka errotik ezagutu nahi dutenentzat. Duela gutxi, Edward O. Willson ek idatzitako bat irakurri dut, "Conscilience"; "bateratasuna" edo. Ezagutza ezberdinek bat egin eta beste ezagutza berri bat sor dezaketela esaten du. Hau bera medikuntzan ikus genezake: gero eta harreman estuagoa dauka genetikarekin; honek, aldi berean, biokimikarekin; biokimikak fisikarekin... Wilsonen iritziz, bateratasun hau ezagutzaren beste alorretan ere gerta daiteke. Oso liburu ausarta da. Eta astronomian ezjakin direnentzat? Bada oso dibertigarria den lan bat, gerora izen bereko telesail baten oinarri izandakoa: "Cosmos", Carl Sagan ena. Gizon honen obra paregabea da dibulgazioari dagokionez. Hil aurretik, demokrazia eta gizateriaren etorkizuna ziurtatzeko zientziaren aldeko aldarrikapena egin zuen. Argazkiak: Euskaldunon Egunkaria Euskonews & Media 58.zbk (1999 / 12 / 10 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak.
Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere
hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik
"konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz
gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula
adierazten ari zara. Sakatu
Irakurri gehiago
lotura informazio gehiago lortzeko.