Javier Arocena. Margolaria: Kalkulurik eginez gero, bizitza honetan ez dago ezertxo ere merezi duenik; baina une bakoitza gogoraraziz gero, den-dena bizitzeko arrazoi dela konturatuko zara

2009-12-25

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Larunbat goiza da, egun argia dator eta haize leun hozkirria dago. Donostian, Gipuzkoa plazan, elkartu gara. Javier Arocena gizon luze, dotorea da, ile zuria eta, beren buruez barre egiten dakitenek bezala, zimurrak dituena. Gure hitzordura UR taldearen katalogoak ekarri ditu. Haizearen babesean eseri eta, kafea hartu bitartean, oroitzapenez eta etorkizunerako ametsez hitz egin dugu ia ordubetez.

Zoriontsu al zara margolari izanda?

(Harrituta begiratu dit) Beno, gutxi irabazten da (Barre egiten du).

Tira, ongi iruditzen bazaizu, honela has gaitezke: Donostian jaio zinen, 1935eko martxoaren 6an, eta zure familian...

(Irribarrez) Nire aita artxibo zuzendaria zen, akademikoa, eta nire ama baserrian jaiotakoa. Etxean euskaraz hitz egiten genuen, baina...

Zer gertatu zen?

Ba, ni jesuiten ikastetxean hasi nintzenean, nire gurasoei guk euskaraz ez hitz egitea hobe izango zela esan zieten, eskolako garapenerako kaltegarri zelako. Orain ulergaitza gertatzen den gauza horietako bat. Egia esan, garai hartan baziren ikastola klandestinoak ere, baina nire anaiak eta biok jesuiten ikastetxean ikasi genuen.

Zenbat anai-arreba zineten?

Bost, hiru neska eta bi mutil. Nire anaia zenak gure aitaren bidetik jarraitu zuen, historialari izan zen eta idatzi ere egiten zuen. Nire arrebei ere aitarengandik datorkie literatura-zaletasuna; arrebetako bat psikologoa da eta, oraindik ere, idazten jarraitzen du, eta beste batek poesia idazten du.

Ez al dute argitaratzen?

Beno, poesia idazten duenari argitalpen bat egin genion familia barruan; niri izugarri gustatzen zaizkit egiten dituen gauzak.

Beraz, familiatik datorkizu estetikotasunarekiko zaletasuna. Nolatan jo zenuen zuk pintura aldera?

Beharbada familiako kontua izango da, nire anaiak ere oso ondo marrazten baitzuen, baina hark letretako bidea hartzea erabaki zuen. Nire kasuan, mutil koskorra nintzela, “oso ikasle ona” izan ez eta marrazketarako eta pinturarako gaitasunak nituela ikusirik, ildo horretatik bideratu ninduten.

Agian ez zinen ikasle ona izango 40ko hamarkadako hezkuntza sistemaren barruan...

(Irribarre egiten du) Hori izango da. Kontua da Arteak eta Lanbideak ikasi nituela eta haren ondoren beste margolari batzuen estudioetara joaten hasi nintzela ikastera; Cobreros Urangarenera, esaterako, baina harekin oso denbora gutxi egon nintzen, berehala hasi bainintzen gauzak neure erara egiten. Cobreros Urangaren estudiora joan nintzen garaian, zenbait margolari ezagutu nuen, besteak beste, Julio García.

Nolakoak izaten ziren pintura-eskolak?

Batez ere marraztu egiten genuen. Marrazketa klasikoa estatuarekin eta, geroago, berezko ereduari eginikoa.

Beraz, zure etxean ez zuten iskanbilarik sortu pintura lanbidetzat hartzea erabaki zenuelako.

Ez, guztiz bestelako jokaera izan zuten. Aitak izugarri lagundu zidan eta artearen munduan sartu ninduen; aitaren bitartez, garai hartako artistekin harremanetan jarri ahal izan nintzen, eta solasaldiak antolatu ohi genituen. Santos Etxeberria, esaterako, oso ona zen eta gozatu ederrak hartzen nituen harekin; hura ere margolaria zen, baina, batez ere, muralista.

Zu hasi zinen garaian arte-mugimendu garrantzitsuak zeuden Euskal Herrian. Nola bizi izan zenuen garai hura? Zer nabarmenduko zenuke?

Gure kasuan, Aranaz Darraz-en lana nabarmenduko nuke. Urtero, Eguberrietan, lehiaketa bat antolatzen zuen galeria-jabe hark, eta pinturan aritzen ginen guztiok parte hartzen genuen lehiaketa hartan. Mugimendu handia eta saritua izateko aukera ere beti izaten zen. Artista, galeria-jabe, mezenas, etab.en arteko topaketa haien ondorioz, talde bat antolatzea bururatu zitzaigun.

Mezenasen gaia aipatu duzunez, zuk izan al zenuen mezenasik?

Bai, mezenas bat baino gehiago zegoen. Javier Aizarnak, esaterako, buru-belarri lan egin zuen eta bildumagile handia izan zen; baziren beste batzuk ere, baina ez dut haien izenik gogoratzen.

Eta taldearena, nola bururatu zitzaizuen? Eskolan ezagututakoak al zineten?

Egia esan, ez genuen elkar asko ezagutzen eta oso lagun minak ere ez ginen oraindik, baina taldea sortzea bururatu zitzaigun.

Zer urtetan?

1965ean. Garai hartan sortu zen GAUR taldea ere, baina gu UR besterik ez ginen,... apalagoak ginelako (barre egin dugu biok).

GAUR taldean, ordea, batez ere eskultoreak nabarmendu ziren.

Eskultoreak eta margolariak, GAURen denetik zegoen. Eskultoreak, Chillida, Oteiza, Basterretxea eta Mendiburu; margolariak, berriz, Balerdi, Zumeta, Sistiaga eta Amable Arias.

Beraz, lagunak izan zineten denok.

Bai. Arte-mugimendu orokorra izan zen; ez ginen eskultoreak eta margolariak bakarrik, tartean zeuden Mikel Laboa bezalako musikariak, poetak,... Ez dok hamahiru bezalako taldeetan sartu zirenak. Oso arte-mugimendu zabala, ordura arte izandako guztiarekin etena sortu zuena, bizi izan genuen. Abstraktua, adibidez, GAURen bitartez sartu zen.

Eta, zer zen artista-taldea izatea?

Erakusketen antolaketa errazteko modu bat zen. Bakarrik joanez gero, taldean joanda baino aukera gutxiago izaten zen laguntza izateko. Taldean joanez gero, gainera, obra gehiago izaten dira beti erakutsi ahal izateko.

Eta, artista-taldeen bileretan, zeri buruz hitz egiten zen?

Bada, arteaz eta beste gai batzuei buruz... (barre egiten du).

Aipatu ditugun bi talde horietan emakume bakar bat ere ez izateak atentzioa eman dit.

Egia da. Mari Paz Jiménez GAUR taldearekin bat egiteko zorian egon zela uste dut, baina ez zuen bat egin eta ez dakit zergatik. Orain, agian, emakume gehiago egongo da artearen munduan, baina garai hartan ere bazeuden eta batzuk oso onak gainera. Ez dut ulertzen, matxismoa izango zen. Oso bestelako garaiak ziren haiek eta, beharbada, emakumea ez zen behar adina aintzat hartzen; egia esan, ez dut ulertzen.

Hitz egin dezagun margolari lanbideaz; zer moduz bizi da margolaria?

Batzuetan, gauzak norberak nahi dituen bezala ateratzen ez direnean, gaizki; eta beste batzuetan, nahi dituzun gauzak ateratzen ari direla ikusten duzunean, hobeto. Berriro jaioko banintz, ez dakit gauza bera egingo nukeen (barre egiten du). Ez, segur aski gauza bera egingo nuke.

Egin dezagun galdera gaizto bat; zertarako balio du margolariak gure gizartean?

Ba, hormak apaintzeko. Beno, hori garai bateko kontua da, margolarien koadroak dekoratzaileen proiektuetan sartzen zirenekoa (barre egiten du berriro). Orain, egia esan, ez dakit zertarako balio duen margolariak.

Nola sortzen dituzu zure lanak?

Nik egin nahi dudanaren ideia eramaten dut. Orain, adibidez, paisaia asko margotzen dut. Etxe txiki bat dut Nafarroan, Lerinen. Hango paisaia oso bestelakoa da hemengoarekin alderatuta; oso gustukoak ditudan tonu berde eta okreak dira eta lortu nahi dudana aurkitu izan dut. Zirriborroak, argazkiak, etab., egin eta gero estudioan lan egiten dut.

Beraz, ez da ustekabean aurkitutako zerbait?

Ez, normalean argi eta garbi jakiten dut zer egin nahi dudan, erabili behar ditudan tonuak, itxurak,... eta nire ideiari egokituko zaion paisaia bilatzen dut. Gehienetan jakiten dut non aurkitu une horretan nahi dudana. Panoramika bila nenbilenean, esaterako, banekien nora igo behar nuen; orain, berriz, hurbiltasunak gustatzen zaizkit.

Eta giza irudia? Zure obra askotan pertsonak ikusten dira.

Bai, baina gehienetan beren tokietatik ateratako irudiak izaten dira, ipini nahi ditudan lekuetan sartu ahal izateko desitxuratutakoak. Eta aurpegiekin, aurpegiaren nortasuna adieraztea baino gehiago, adierazkortasunak irudikatu nahi izaten ditut.

Zein dira zuretzat gairik erakargarrienak?

Orain giza irudiaren gaia alde batera utzita daukat zertxobait, baina hasieran dezente egin nituen, marinelak, arrantzaleak, etab. margotuz; eta gizarte gaiak ere bai, langile multzoek biziki erakartzen baininduten; gai alaiak; tren geltokiak eta hango joan-etorri sentsazioa, bakardadearena; su artifizialak, kolorez betetako gaua eta gaueko giroa... Elizetako barnealdeak ere gustatzen zitzaizkidan...

Hortaz, pertsonak taldean margotzea gustatzen zitzaizun.

Bai, jendea, euskaraz esan ohi den bezala.

Margotzen hasterakoan, nola heltzen diozu koadro-lanari?

Lehenbizi zirriborroak egiten ditut eta gero, zikindu gabe zuzenean, irudiak sartzen hasten naiz, hasieran bat, gero beste bat, eta haiek egokitzen joaten naiz koadro guztia bete arte. Beraz, den-dena –atzealdea, paisaia, irudia,...– bat eginik gelditzen da margolanean.

Eta argia?

Niretzat argia ez da beharrezkoa. Argi artifizialarekin lasai asko margotzen dut, azken finean nahi ditudan koloreak ipintzen baititut beti; margotzen ari naizenean, argi eta garbi izaten dut zer egin nahi dudan.

Nola deskribatuko zenuke zure paleta?

Orain ez dut jada paletarik erabiltzen; koloreak gantzututako ohol baten gainean ipini eta gero ohola bota egiten dut. Gainera, pintura asko erabiltzen dudanez, askoz erosoago izaten da. Pintura, berriz, neronek prestatzen dut, tonuek trinkotasun zehatz bat izatea gustatzen zaidalako.

Gaur egun margolari gutxik jakingo dute koloreak ehotzen.

Ez dakit, agian askok hodietako pintura bakarrik erabiliko dute. Niri asko gustatzen zait neure koloreak egitea, izan ere, askoz merkeago izateaz gain, nik neuk aukeratzen baititut neuk nahi ditudan pigmentuak; eta, lehen esan dizudan bezala, lodiera egokia duen pintura, zartatu gabe margolanean enpastatzeko modukoa, prestatzen dut.

Oihalak ere zeuk prestatzen al dituzu?

Bai, noski. Lihoa erosi eta gantzutu egiten dut. Lehen, gazteagoa nintzenean, koadro handiagoak egiten nituen. Orain, zaharturik nagoenez (barre egin dugu biok), koadro txikiagoak margotzen ditut.

Zer helaraz daiteke pinturaren bitartez?

Koadroen bitartez norberaren izaera helarazten dela esan ohi da, baina, nire ustez, batez ere zirrarak helarazten dira.

Nola ikusten duzu egungo pintura?

Ez dakit, ez dut asko ulertzen. Gaur egun ideiak obren gainetik gailentzen direla uste dut. Orain oso modan dago argazkigintza, badaude, nire iritziz, oso gauza interesgarriak, baina ez dut uste pinturarekin zerikusirik duenik. Mila lanbidetako artista...

Elkarrizketan esan diguzunez margolaritzan gutxi irabazten omen da; nola moldatu zinen familia aurrera ateratzeko?

Beno, margotzeaz gain, publizitate-marrazketan lanean aritu nintzen, eta beirate-enpresa baterako diseinuak egiten ere bai; pintura-materialen denda bat ere izan nuen, nire emaztearekin eta nire arrebarekin batera. Denda Konstituzio plazako lokal txiki batean zegoen; bezero gehienak lagunak zirenez, deskontuak egiten genizkien eta, beraz, gutxi irabazten genuen. Margolanak markoetan ere ipintzen genituen, baina denda hain txikia zenez eta leku gutxi genuenez, hala-moduzkoak izaten ziren (barre egin dugu biok). Bestalde, diktadura garaiaz ari gara eta poliziarekin arazoak genituen; beste garai bat zen.

Poliziarekin arazoak?

Bai, kristalean amnistiaren aldeko kartel bat genuelako, Mafaldaren marrazki bat. Kristala hiru aldiz puskatu ziguten eta behin Molotov koktel bat ere bota zuten; pentsa dezakezunez, ederki gardostu ziguten denda guztia. Amaitze aldera...

Nahi bat.

Askatasuna. Euskadi politikoki askatua, esaterako. Askatasuna hitz egiteko, zure adierazpenak egiteko... eta zalantzak izateko.

Ba al dago ezer merezi duenik bizitza honetan?

Kalkulurik eginez gero, bizitza honetan ez dago ezertxo ere merezi duenik; baina une bakoitza gogoraraziz gero, den-dena bizitzeko arrazoi dela konturatuko zara. Urteak bete ahala, geroz eta gehiago ohartzen zara, nire ustez, mundu honetatik ezer jakin gabe zoazela.

Javier Arocena ARTaretoan Javier Arocena Echeverria (Donostia, 1935) Margolari gipuzkoarra On Fausto Arocenaren, Bildariren, semea da, Euskal Herriko gai historikoei buruzko produkzio baliotsuaren egilea den gipuzkoar historialariarena. 1965. urtean Bizcarrondorekin, Tapiarekin eta Gracenearekin “UR” margolaritza-taldea sortu zuen. Gaztetatik margolaritza-alorrean nabarmendu zen: 1959an, 24 urte zituela, gipuzkoar artista berrien lehen saria lortu zuen, baita Donostiako Gabonetako Lehiaketako “Regoyos” saria, lehen sari ugari eta askotariko sariak ere. Haren lana bilduma publikoetan, hala nola, San Telmo Museoan, Durangoko Arte Museoan eta Gipuzkoako Foru Aldundian, ikus daiteke, baita bilduma pribatuetan ere. Bai bakarka bai taldean, 1955etik berrogeita hamar bat erakusketa egin ditu, besteak beste, Donostian, Bilbon, Parisen eta Madrilen. Bere azken erakusketa, momentuz, Donostiako Alga galerian egin du aurten.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Isabel Celaá. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua: Eskolaren eraldaketa teknologiko sakon-sakon baten oinarriak jartzen ari gara

 

Irakurri

Ainize Txopitea. Artista: Nahiago nuke poesiarekin aski balitz, behin-betiko formula izango balitz. Poesia baliagarri da, gauzak edertu egiten ditu eta, horregatik, flotagailua da

 

Irakurri

Mikel Landa. Añanako Gatz Harana Fundazioaren zuzendaria: Gatz mota asko dago, batzuk onak, baina Añanakoaren modukoa bakarrik Añanan

 

Irakurri

Matilde Elexpuru. Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko lehendakaria: Gure gizarteak kultura-aldaketa onartu behar du

 

Irakurri

Mila Beldarrain. Idazlea: Ez dut idazten errebindikatzeko, idazten dudalako errebindikatzen dut

 

Irakurri