Jesús Mari Valdaliso. Historialari ekonomikoa: Euskal Herria, aeronautika alorrean, bikaintasun gune bihur daiteke

2013-02-27

AGUIRRE SORONDO, Juan

ALFAGEME, Ainhoa

“Klusterren jatorri historikoa Euskal Herrian eta orainerako legatua” Eusko Ikaskuntzak Orkestra Institutuarekin batera 2008. urteaz geroztik bultzaturiko ikerketa programa da. Autonomia erkidegoko kluster nagusien bilakaera, lehiakortasun abantailak nahiz etorkizuna zeintzuk diren aztertzea dute helburu nagusi. Papera, Elektronika, Informatika Telekomunikazioak eta Itsas Industriaren inguruko klusterren ikerketak burutu ostean, “Euskal Herriko Industria Aeronautiko eta Espazio-industriaren klusterra: jatorria, bilakaera eta lehiakortasun jarduera” argitaratu berri da. Azterketa lanetan aritutako talde arduraduna, aurrekoetan bezala, honako lagun hauek osatzen dute: Mª José Aranguren, Aitziber Elola, Santiago Maria Lopez eta Jesús Maria Valdaliso.

Klusterra zer den azalduz hasi beharko genukeela uste dut.

Michael E. Porter, kontzeptu honen asmatzailearen hitzetan, klusterra, lurralde baten barruan beraien artean lehia egin edo elkarlanean ari ohi den sektore bateko edota askotako enpresa multzoek osaturiko kontzentrazioa da. Esparru horretan honako hauek sartuko lirateke: enpresa horien hornitzaile espezializatuak, osagai nahiz zerbitzuen hornitzaileak; antzekoak diren enpresak nahiz enpresa laguntzaileak; bezeroak; batzuetan, irakaskuntza eta ikerketa zentroak; enpresa elkarteak edo kluster elkarteak bezalako elkarlana bideratzeko erakundeak. Benetan ikusi dugun zerbait zera: klusterrek enpresen dinamismoa, produktibitatea eta euren inguruko lurraldearen lehiakortasuna bultzatzen dutela. Europako Batzordeak azken bi hamarkadetan klusterrak eratu eta garatzeko hainbat programa sustatu ditu Europako zenbait lurraldetan.

Duela 100 urte hasi zen abiazioaren epopeia handia. Gure artean Heraclio Alfaro bezalako aitzindari arabarra edo Lakuako zelaietan zegoen Estatuko lehen hegazkintza Eskola Zibila dira esanguratsuenak, garrantzitsuen artean ...

Bi gertakari horien artean aipagarriena Heraclio Alfaroren lana da, dudarik gabe. Ez da oso ezaguna (Auñamendi Entziklopedian biografia zehatza izan arren). Juan de la Cierva, lehen autojiroaren egilea, bezain garrantzitsua dela uste dut. Gainera, Heraclio Alfarok Massachusetts Institute of Technology delakoan Ingeniaritza Aeronautikoan katedraduna izanik Estatu Batuetan 20 patente baino gehiago egin zituen. Heraclio Alfaro aitzindari eta zientzialaria izan zen. Hori garrantzitsua da, baina industria arlo zehatz bat ez da aitzindarietan bakarrik oinarritzen, gauza asko behar dira.

Hori izan al daiteke euskal industria aeronautikoa aurrera ez egitearen arrazoia?

Noski, Espainian, abiazioa industria moduan aireportu zibilak dituzten hiri handietan eman ohi da, eta batez ere aerodromo militar garrantzitsuekin loturaren bat duten hirietan. Kontuan izan beharrekoa da, XX. mendeko 20. eta 30. hamarkadatan industria aeronautikoak eskaera militarrarekin lotura handia zuela, eta beraz, Estatu eskaerarekin. Horrexegatik hasiera batean Madrilen, Sevilla - Cadiz ardatzean eta Bartzelonan garatu ziren lehenengo urte haietan ekimen garrantzitsuenak.

Heraclio Alfaro, Estatu espainiarrean egin zen lehen hegazkinaren ondoan (berak egina), Lakuako aeireportuan, 1914.

Bitxia da, eta nahiko esanguratsua, aireko garraioa kudeatzen duten Espainiako enpresa handiak —CASA eraikitzailea, Iberia airelinea eta, Gerra Zibila ondoren 40. hamarkadan, Aviaco aldiriko airelinea— euskaldunek sortu zutela, edota hemendik bideratutako kapitala erabiliz sortu izan zirela.

Hala da, hau agian ez da nahiko ezaguna. CASA, lehen eraikitzaile aeronautikoa eta XX. mendeko garrantzitsuena izanik, 1923. urtean Victor Chavarri (semea) eta Jose Tartiereren laguntzaz sortu zen. Chavarri 60. hamarkada bitartean Administrazio Kontseiluan egon zen. Tartiere aldiz Bizkaiko enpresari taldeekin harreman handia zuen asturiarra zen.

Iberia Horacio Echevarrietak sortu zuen, biografia erakargarria zuen enpresari bizkaitarrak. 1927. urtean sortu zen, Lufthansa alemaniarrarekin lotura handiarekin, Echevarrietaren interes ekonomikoak zirela medio. 1940. urtean enpresa publikoa bihurtuko da. Aviaco Bilbon sortu zen Gerra Zibila ondoren, Elias Ugartechea enpresaria eta Julio Alegria pilotu bilbotarraren ekimenari esker, baina 1954. urtean Industria Institutu Nazionalak kapitalaren erdia bereganatu zuen kudeaketa kontrolatuz.

“Benetan harrigarria da —liburuan irakur daiteke— euskal industria aeronautikoaren hasiera, duela 50 urte, kanpoko merkatuak zuen goi mailako teknologia eskaeraren ondorioz gertatu izana”. Azal iezaguzu hori mesedez.

Europako Espazio - Programan parte hartzen duen eta kluster aeronautikoa sortu eta ekarri zuen enpresa bati dagokio esaldi hori, Sener enpresa alegia. Areetan 1956. urtean Sendagorta anaiek sortutako ingeniaritza enpresa da eta 60. hamarkada bitartean ontzigintza eta industria alorretan jardun zuen. 1967. urtean espazio-ontziak jaulkitzeko dorrea eraikitzeko lehiaketa irabazi zuen Suedian eta orduz geroztik Sener enpresaren negozio aeroespaziala garrantzia hartzen hasi zen. 70. hamarkadan Ariane prototipoen antzeko dorreetan parte hartu zuen, horiek ezagunagoak izanik, eta ordurako jada Sener-en negozio espaziala errealitate bat zen, geroz eta garrantzia handiagoa lortuz enpresaren negozioetan.

Hala eta guztiz ere, aurrera pausoa 90. hamarkadan emango da, aeronautikako euskal klusterra sortu zenean, Eusko Jaurlaritzak ere sektorearen alde apustu egin zuen une berean. Zein zen erakundeen estrategia garai hartan?

Klusterraren sorkuntzan, alde batetik Eusko Jaurlaritzaren estrategia ekonomikoak eta beste aldetik klusterraren ardatz nagusia eratuko zuten hiru enpresa handien ekimen nahiz bide ezberdinen bateratzeak eragina izan zuten. 1991. urtean Gobernu talde berria eratu zen, Ardantza Lehendakaria izanik eta Jon Azua Lehendakariordea eta Industria Kontseilaria. Gobernu berri hori izango da, Michael Porter aholkulari izanik, klusterretan oinarrituriko lehiakortasun politika berriari hasiera emango ziona. Baina, lehiakortasun politika horretaz gain, 90eko hamarkadako testuinguru hartan, Gobernuak orduan hasi berria zen krisialdiari aurre egiten saiatzen ari zen, 1994. urtera arte iraungo zuen krisi ekonomiko larriari alegia. Krisian murgilduriko zenbait sektoreei erantzuna ematen behar zien, altzairu berezien esparruari esaterako, eta beste zenbait sektore berriei bultzada ere eman behar zien. Eusko Jaurlaritzak aeronautikaren sektorea suspertzen ari zen arloa zela pentsatu zuen. Balio erantsia zuen eta metalak lantzen ongi zekiten altzairu berezien enpresen inguruan merkatu ona sor zezakeen, altzairu eta aleazio metaliko berriak sortzeko ezaguera eta gaitasunak baitzituzten.

Hori bai, gauza bat desioak dira eta beste gauza oso ezberdina horiek errealitate bihurtzea. Gobernuaren saiakera oso garrantzitsua da baina enpresen ekimena ez badago, ia ezinezkoa bihurtzen da. Sektore honen inguruan gakoa, 80ko hamarkadaz geroztik zenbait enpresa ekimen eman dela da. Lehenik eta behin, Sener enpresa, esan bezala ezaguera eta ahalmen handiko ingeniaritza enpresa da, negozio aeroespazialean indarra hartzen duelarik. Bigarrenik, Sener, RollsRoyce, CASA eta Bazan-ek sustatuko enpresa berria: ITP (Turbo Propultsatzaile Industria), horiek ere partaideak izanik. 1988. urtean sortu zen eta hegazkinen erreakzio motorretarako osagaiak lantzen ditu. Sorrera horretan, Klusterraren hirugarren zutabea Gamesa Aeronautica da. Joseba Grajales eta Juan Luis Arregui enpresariek 1985. urtean Fibertecnic sortzen dute. Honek karbono-zuntzeko material eta osagai ezberdinak egiten ditu, konposites deiturikoak. Hegazkinetako fuselaje, hegal nahiz gorputzean erabilitako material berriak dira. Enpresa berria, 1986. urteaz geroztik, Espainiako CASA enpresak azpikontratu du.

“Euskal Herriko Industria Aeronautiko eta Espazio-industriaren klusterra: jatorria, bilakaera eta lehiakortasun jarduera”.

90eko hamarkada hasieran bai ITPk, baita Gamesa Aeronauticak ere fabrikatzaile handiekin kontratuak dituzte, baina ez dute beharrezko inbertsioak burutu ahal izateko nahiko dirua izango —garaiko milaka milioi—. Eusko Jaurlaritzak, Garapen Programaren bitartez, abal eta partaidetza-kredituetan ia 30.000 milioi eman zituen, 170 milioi euro baino gehiago.

Apustu handia...

Oso apustu handia izan zen eta ez ziren doako diru-laguntzak, “partaidetza-kredituak” baizik, gerora itzuli beharrekoak alegia. Gainera, partaidetza-kreditu horiek berezitasun bat zuten: osagarri eta pieza produkzio kopurua gaindituz gero, kreditu horiek interesak sortuko lituzkete. Kontratuak arrakastatsuak izan ziren eta osagarri eta piezen inguruko ekoizpen kopurua aski gainditu zen. Beraz, Eusko Jaurlaritzak eta azken finean zergadunek eginiko inbertsioa berreskuratu egin zuten, eta interes moduan diru kantitate on bat eskuratu zuten (gero beste programa batzuetarako erabili zen).

Sektorea egun bizi den krisi honi aurre egiteko gai izateak argi erakusten digu estrategia horren arrakasta, eta gainera Euskal Herrian bertan eta hemendik kanpo inbertsioak areagotu egin dira. Espainiako Industria aeronautikoaren “euskalduntze” prozesuari buruz ere hitz egitera iritsi dira.

Kluster erakundea 1997. urtean sortzen da formalki, HEGAN izenpean. Era berean, teknologia aeronautikoen zentroa (CTA) ere eratzen da Arabako Miñano Parke Teknologikoan, sektorean I+G erreferentzia zentroa izanik.

Argi dagoena zera da, 1997. urteaz geroztik klusterra handitzen hasten dela, hiru enpresa horiek buru izanik. Gainera, horiekin bat egin dute beste zenbait enpresek, motorrak, fuselajea, sistemak, ekipoak eta mantenurako osagarriak lantzen dituzten enpresak alegia. Hori bakarrik ez, Espainiako beste leku batzuetan instalazioak eraiki eta beste konpainia batzuk ere erosten dira. Hala izanik, 2011. urteko datuei begira, HEGAN-eko enpresek, Espainian, sektore guztiaren fakturazioaren % 18a, enpleguaren % 26a eta I+G inbertsioaren % 21a sortzen dute. Euskal Herriak Espainiako ekonomian duen partaidetza baino zenbateko askoz ere handiagoa da hori.

Zein da euskal aeronautikaren klusterraren bezeroen mapa?

Hau, hasieratik kluster orokorra izan da, eta asko laburtuz, lau negozio aeronautiko handi daudela esan daiteke: aire-egiturak (hegazkinak), motorrak, sistemak nahiz ekipo eta mantenua. Bosgarren bat ere gehituko genioke, sektore aeroespaziala.

Lehenengo kasuan, hegazkin fabrikatzaileak, hegazkin handietan Boeing eta Airbus dira bezero nagusiak, eta Embraer eta Bombardier tamaina txikiagoko hegazkinetan. Hegazkinen inguruan, fabrikatzaile txikiagoak ere badira exekutiboentzat, turismorako, eta abar. Bestalde, eskaera militarra ere bada, helikopteroak, eta abar. Motorren inguruan hitz egiterakoan, hiru fabrikatzaile handi bereiz daitezke: Rolls-Royce, Pratt & Whitney eta General Electric. Gauza bera esan genezake sistema, ekipo eta mantenuaren inguruan. Sektore horiek hegazkin eta motorren fabrikatzaileek eta zenbait ingeniaritza handiek bereganatu dituzte, abiazio konpainia nagusiek eta kontratista militar handiek ere esku hartzen dutelarik.

Enpresa guzti horiek lehen mailako hornitzaileekin lan egiten dute (TIER 1 izenez ezagunak). Horien artean aipa ditzagun Sener, ITP eta Aernnova (Gamesa Aeronautica enpresaren izen berria. Aciturri eta Alestis ere talde horretan sartzen dira. Horien azpitik aldiz, bigarren mailako azpikontratatzaileak ageri dira (TIER 2 izenez ezagunak), besteak beste, Burulan, DMP, Metraltec, Novalti, Nuter edota WEC Euskal Herriko enpresak.

Kluster honen arrakastaren zergatiak zeintzuk diren laburki azal ditzakezu? Horietariko bat giza kapitala dela suposa dezaket ...

Hala da, prestakuntza handiko langileak behar dituen teknologia maila handiko sektorea da, beraz kasu gehienetan trebezia handiko lanak burutu behar dira: teknikariak, ingeniariak ... Esan beharra dago, lanpostuei dagokienez kopurua ez dela oso altua, guztira 12.000 pertsona baitira (2011ko datuen arabera), baina aeronautikaren sektorean ematen den enplegu bakoitzaren bitartez zuzenekoak ez diren 3,4 lanpostu berri sortzen dira. Eragina garrantzitsua da.

Arrakastaren arrazoiei buruz hitz egiterakoan, sektore oso berezia dela esango nuke. I+G alorrean asko inbertitu beharra dago luzera begira: 15 urtez etenik gabe I+G-ean inbertitu da, bataz beste fakturazioaren % 18a erabiliz. Oso multzo txikietan oinarrituriko sektorea da, oso gutxi produzitzen da eta ekoizpen hori hornitzaile orokorrentzako izaten da, baina produzitutakoak balio erantsi handia dauka.

“Era guztietako hegazkinak behar dira, bai mundu garatuan, baita suspertzen ari diren ekonomiatan ere. Produkzio kate nagusietan parte hartu behar da, hegazkin nahiz motorren fabrikatzaile handien esku badaude ere, aukera eta merkatu horiei etekina atera ahal izateko”.

Argazkia: CC BY - ell brown

Krisi egoerak eta gizarte gertaerek (M11n gertatu zen antzera) oso eragin handia duten sektore batean, botere politikoaren menpe egoteaz gain, nola gobernatu daitezke halako ziurgabetasuna sorrarazten duten eragileak?

Jendeak sektorea oso ziklikoa dela ikus dezake, gorabeherekin, flota berritu egiten delako, zenbaitetan gertakariek eragina dutelako. Baina abiazioa beharrezko zerbait da eta hala izango da beti. Irailak 11z gain, edota aldiko ikara egoerez gain, hegazkinak hor daude eta hor egongo dira denbora luzez. Era guztietako hegazkinak behar dira, bai mundu garatuan, baita suspertzen ari diren ekonomiatan ere. Produkzio kate nagusietan parte hartu behar da, hegazkin nahiz motorren fabrikatzaile handien esku badaude ere, aukera eta merkatu horiei etekina atera ahal izateko.

Etorkizunari begira, zuen ondorioen arabera, Euskal Herria “aeronautika arloan bikaintasun gune bihur daiteke” Zer egin beharko litzateke hori lortu ahal izateko?

Horixe da klusterrak dituen desafioetako bat eta errazagoa da esatea egitea baino. Hasteko, hartutako bideari jarraipena eman behar zaio eta horrek guztiak, besteak beste, zera suposatzen du: I+G programetan inbertitzen jarraitzea, pertsonen gaitasuna eta heziketa zaintzea eta nazioarteko ekimenetan esku hartzen jarraitzea. Agian jendeak zera pentsa dezake, nazioarte mailan aritzen diren Euskal Herriko enpresek Euskal Herrian bertan aberastasuna ekoiztu eta lanpostuak sortzeari uzten diotela. Baina hori ez da hala izaten. Gure artean nazioarte mailan jardun duten enpresek prozesu hori jarraitzen ez duten beste enpresak baino lanpostu zein aberastasun gehiago sortzen dute.

Laburbilduz: I+G, heziketa eta nazioarteko bihurtu. Apustu hirukoitz horrek, kluster-erakundearen hitzetan, osagarri guztien eta fabrikatzaile ezberdinen “baloreen katea indartzeko” balio izan behar du, baita horien jarrera lehiakorra ere. Horixe da garrantzitsuena. Jesús Mª Valdaliso Gago (Eibar, 1964) Historian Doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresa eta Ekonomia Zientzietako Fakultatean Historia Ekonomian Katedraduna. Bere ikerketa ildoa Euskal Herriak XIX. eta XX. mendeetan zehar jasandako industrializazio prozesua, enpresaren historia ekonomikoa eta estrategia nahiz lehiakortasun politiken inguruan bideratzen da. Aldizkari nazional nahiz nazioarteko aldizkari ezberdinetan argitaraturiko artikulu ugariez gain, Euskal Herriko enpresa eta ekonomia historia lantzen duten zenbait liburuen egile da: Los Navieros Vascos y la Marina Mercante en España, 1860-1935: una historia económica (Bilbo, 1991), La navegación regular de cabotaje en España en los siglos XIX y XX: guerras de fletes, conferencias y consorcios navieros (Gasteiz, 1997), La familia Aznar y sus negocios (1830-1983): cuatro generaciones de empresarios en la España contemporánea (Madril, 2006), eta BBK 1907-2007. Cien años de compromiso con el desarrollo económico y el bienestar de Bizkaia (Bilbo, 2007), besteak beste. Historia económica de la empresa (Barcelona, 2007) liburuaren egileetako bat da, eta ¿Que inventen ellos?: tecnología, empresa y cambio económico en la España contemporánea (Madril, 1997) obraren editore literario. Bi obra hauek S.M. Lopez Garciarekin batera sinatu zituen. Gainera, estrategia eta lehiakortasun politikoa gaiaren inguruan, Maria Jose Aranguren, M. Navarro eta E. Magro-rekin batera Estrategias para la construcción de ventajas competitivas regionales. El caso del País Vasco (Madril, 2012) liburua argitaratu berri du.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Bernat Vidal. Arbaso Elkarteko lehendakari eta artisaua: Artisau eta diseinatzaileak bat egin behar dute elkar-lanean aritzeko

 

Irakurri

Jesus Mari Ugalde. Jakiundeko Lehendakaria: Oraingo disfuntzionamendua berbideratzeko etika izango da irtenbidearen zati bat

 

Irakurri

Ainhoa González Sanchiz. Media Antena Euskal Herria: MEDIAk Europako aniztasun kulturala bultzatzen du zinearen bitartez

 

Irakurri

Tilbert Stegmann. Katalanista: Elebakartasuna sendatu egiten da

 

Irakurri

Manuel Delgado. Hiri-Antropologoa: Gizarte eta politika ekintzen ikuspuntutik, kalea osasun onekoa da

 

Irakurri