Jocelyne Verret. Québec-en sortu eta bizi den euskalduna: Altxorra eta leihoa da euskara, niretako

2004-12-03

BASAGUREN URIARTE, Ziortza, BLAZQUEZ, Kepa, HARLOUCHET, Xabier, MONTOYA, Aitor, ORBEGOZO ZIGARAN, Mireia, RODRÍGUEZ, Urko, USEREAU, Michel, VERRET, Jocelyne

KKosmopolita saioan jada 4 Québec-tar gazte aurkeztuak izan dira. Haiek zuten berezitasuna, Québec-en sortu arren euskaldun izaitea zen ! Ondorengo testoan irakurle euskaldunek preziatuko dute ikustea Jocelyne Verret Québec-tarrak zein ederki euskara erabiltzen duten. Elkarrizketa osoa euskaraz bakarrik izan zen, bai entrebistatzailearen galderak eta bai Jocelynen erantzunak. Bestalde, erdaldunek arrazoi ezin hobeak aurkituko dituzte euskararen ikasten hasteko edo segitzeko ! Irakurketa on bat opatzen dizuegu !

Aurkezpena

Québecen sortua, Jocelyne Iruñera bizitzera joan zen duela zortzi urte. Han ikasi zuen euskara. Iparraldea zein Hegoaldea ezagutu eta gozatu ondoren, Montréalera itzuli da aurtengo udaberrian eta dagoeneko, herri mina pairatzen hasi da...

Nola ikasi duzu euskara?

Hasieran, neure kabuz ikasi nuen, Bakarka metodoa erabiliz. Lehenbiziko liburukia amaitu eta izena eman nuen Nafarroako euskaltegi publikoan. Han, hiru urtez ibili nintzen: goizero klasera joan eta etxeratutakoan apunteak, gramatika eta hiztegia hartu eta segi. Hirugarren urtean, euskaltegiko irakasle batek, frantsesa landu nahian, elkartruke bat proposatu zidan: elkartu eta ordu bana egitea, frantsesez eta euskaraz. Hala egin genuen, irakasle eta ikasle txandaka. Mintzamena lantzeko berebiziko laguntza izan zen. Izan ere, Iruñean euskaltegitik at mintzatzeko aukerak ez ziren hain ugariak. Kalean, espainol hutsez egin behar bainuen gehien-gehienetan. Irakasle aparta harekin izandako solasaldiak, beraz, gogoz baliatu nituen. Harekin ohitu nintzen noka egitera; “Irakasle” esan dut, baina lagun bilakatu da. Euskaltegia utzi ondoren ere eta hona itzuli artio jarraitu genuen astero elkartzen, kontu kontari eta betiere, frantsesa eta euskara tartekatuz.

Entzun izan dut, eta ez gutxitan, euskara hizkuntza zaila dela. Ez dakit, bada... Errepikatzearen errepikatzeaz -ikastera ausart ez dadin?-, jendea kikildu egiten da. Dena den, hizkuntza ikasten inoiz amaitzen ez dugula esanen nuke. Ezta ama hizkuntza ere! Jocelyne Maulen.

Zergatik ikasi duzu euskara?

Hara joan baino lehen, banuen hango egoeraren berri eta, hortaz, garbi nuen euskara ikasiko nuela. Inozo samarra ere banintzen, uste bainuen heldu eta segituan hasiko nintzela ikasten. Baztango herri ttipi batera joan izan banintz, agian egin ahal izanen nukeen. Alta, Iruñean fite jabetu nintzen diglosia delakoaz: gaztelania erabili gabe ez dago moldatzerik. Beraz, hasieran, hura landu behar izan nuen. Etorkinei gaztelania irakasteko bazegoen dohainikako ikastaro bat. Esan beharrik ez dago euskarazko baliokiderik ez zegoela. Gauzak horrela, bakarka hasi nintzen euskara ikasten, euskaltegira joan bitartean. Hartu ninduen Herriari gutxieneko begirunea erakutsi behar nion. Québecen etorkinei frantsesez egiteko eskatzen badiegu (nahiz eta hona itzuli naizenetik ingelesa nonahi aditzen dudan... -kezkagarria benetan!-), bada, Euskal Herrian euskaraz! Eta Bretainian bretoiez; alegia, tokian tokikoa.

Egia esan, neure buruarekiko erronka ere izan zen. Lehenbiziko bi urteak aski ziren euskaraz bizitzen ahal izateko, baina nire ikaskide gehienek EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) atera nahi zutela ikusirik, neure buruari zera galdetu nion: “Eta hik zer egin behar dun? Bada, aitzina!”, deusetarako behar ez nuen arren. Izan ere, administrazioan edo irakaskuntzan lana lortzerik ez nuenez, agiriak ez zidan onura handirik emanen. Baina euskaltegia ezin utzirik, edo familia bilakaturik nonbait, han aritu nintzen hirugarren urtean, buru-belarri, azterketak prestatzen.

Zer ekarri dizu euskarak?

Altxorra eta leihoa da euskara, niretako. Altxorra, antzinako hizkuntza hau oraindik ere eta euskaltzaleen ahalegin itzelak gorabehera, galtzeko arrisku gorrian dagoelako. Altxorra, bere baitan gorde dituen kultura, azturak, munduari behatzeko berezko moduagatik. Ohore handia da altxor hau gordetzen laguntzea...

Leihoa, gaur egungo mundua aditzeko era hau ireki zaidalako. Hots, barrutik, euskaratik bertatik hango gizartean murgiltzeko, bizitzeko parada izan nuelako.

Zer duzu gogoko Euskal Herrian eta zer ez?

Zaila da galdera horri erantzuten topikoetan erori gabe. Esan nezake mendiak zoragarriak direla, Zanpantzarrek zirrara eragiten didatela, bere nortasuna atxikitzeko borroka egin behar duen Euskaldun adoretsua miresten dudala... Eta halaxe da. Halaber esan nezake euskalduna serios eta harroa dela, itxia batzuetan... Baina halaxe al da, benetan? Hertsia, hartu ninduen gizartea? Seriostasuna eta harrotasuna, berriz, aski eztitzen ditu Euskaldunaren umore-senak, bere buruaz trufatzen ahal izateak. Québecen ere horrelako zerbait gertatzen zaigu, geure burua barregarri hartzen dugularik: gutxitua izatearen ondorioa ote? Geure burua babesteko hartu behar izaten ditugun nekeen aringarri?

Euskal gizartea askotarikoa da. Aukeran, hoberena hartu nahi dut gogoan.

Etorkin gehienen antzera, sorlekutik urrun biziz, atzean utzitakoa ederresten nuen. Zoriontsu batzuetan, herri minak jota bestetan. Eta orain, alderantziz... Nire bizi puska bat Euskal Herrian egin dut eta hemendik puska horixe falta dut: herri mina, berriro ere...

Euskal Herriaren eta Québecen arteko (des)berdintasunak.

Eguneroko bizitzan, nik ez nuen alde handirik sumatu. Denden ordutegiak, piperrak erretzeko gisak eta tankerako txikikeriak alde batera utzirik, bietan bizi-maila antzekoa dela esanen nuke. Zerbait aipatzearren, arrotz egin zitzaidan, batik bat hasieran, gauzak egiteko moldea. Baina ez dakit Euskal Herriaren eta Québecen arteko aldea den, ala oro har Europaren eta Ameriken artekoa ez ote den. Iduritu zitzaidan itzulinguruka funtzionatzen zutela han eta Ameriketan, aldiz, zuzen jokatzen genuela, gauzak errazago egiten zirela. Zailtasunak, kontinente zaharraren tradizioen zamari egotzi izan nizkion. Hala eta guztiz ere, hona heldutakoan berriro bizitza antolatzeari ekin diodanean, itzuli-mitzuli galantak egin behar izan ditut, non eta neure herrian! Usteak erdia ustel...

Bestalde, gatazka politikoa hagitz latza da Euskal Herrian. Québecen ere, badakigu zer den zapalkuntza (ikusi nahi dugunok, bederen...). Burujabetasunaren aldarrikapena, estatu zentralistak, baita borroka armatua ere, hori guztia ezagutzen dugu. Baina ez hain gordinki. Euskararen aldeko kale-agerraldietan, esate baterako, ia manifestari adina polizia ikusi izan nuen, hauek aurpegia estalirik eta metraileta eskuan zutela... Mireia, Jocelyne eta Kepa.

Hizkuntzari dagokionez, han -Hegoaldeaz ari naiz- berrogei urtez diktadurapean bizi ondoren, non euskara debekaturik zegoen, transmisio katea eten egin zen familia anitzetan. Alde horretatik bederen, nekez erkatuko dugu Quebeceko egoerarekin, non geure hizkuntza familia barruan jasotzen dugun eta ofizialki aitortua den. Halaber, kontuan hartu behar dugu euskara eremu txiki bateko hizkuntza dela, hiztun gutxi duela; Québecen, aldiz, Ipar Amerikan ingelesez inguraturik bizi bagara ere, gure hizkuntzak badu itzala nazioartean: hor daude Frantzia, Belgika, Suitza eta horrek gure kultura (bere berezitasun guztiekin) zabaltzeko erraztasunak ematen dizkigu.

Ofizialtasuna aipatu dudanez, ezin utzi isilpean Nafarroako gobernuaren jokaera.

Euskararen sehaska izan zen lurraldeko gobernua bere hizkuntza zokoratzen ahalegintzen da, denon ondarea izan behar lukeena babestu beharrean. Euskal Herri osoari begiratuz gero, arrunt nahasia da egoera: Hegoaldean bi autonomiatan zatitua eta Iparraldean, aldiz, departamendu batean itoa. Québectar gehienok aintzat hartzen ditugun ofizialtasuna eta frantsesa babesteko 101 Legea (nahiz eta zuloak izan, baina horretan ez naiz sartuko...) bezalakorik hiru administraziorengandik lortzea ia miraria litzateke...

Baina alde horiek guztiak ongi azaltzeko, noski, gure Herrien historiei begiratu beharko genieke... Jocelyne Sorogainen.

Euskaldun egoiteko zer molde dituzu Québecen?

Hartu-eman zuzen gutxi dut Euskal Herriarekin, gehienbat postaren eta Interneten bidez. Arestian aipaturiko adiskideak eta biok elkarri idazten diogu. Horrek ez du gure solasaldiak ordezkatzen ahal, baina besterik ezean... Nire ikasle ohiekin (frantses eskola partikularrak ematen nizkien) ere lotura gorde dut. Horrez gain, literaturaren inguruko elkarte baten kidea nintzen eta posta elektronikoari esker, taldekide birtuala bihurtu naiz... Haiek irakurtzen dituzten liburuak neronek ere irakurtzen ditut eta galderak eta iruzkinak igortzen dizkiet. Kasu honetan ere, faltan ditut gure afariak eta idazle gonbidatuen mintzaldiak.

Orokorrean, hango berriak Interneten bilatzen ditut, Berria egunkariaren edizio elektronikoan eta zenbait aldizkari eta web-gunetan. Duela gutxi artio, beraz, idatziaren bidez baino ez ditut atxiki Euskal Herriarekiko harremanak eta mintzamena atzenduko ez ote zitzaidan beldur nintzen. Ustekabe atsegina izan da Montréaleko Euskaldunak (www.euskaldunakquebec.com) elkartearen berri izatea: Euskal Herritarrak eta Québectarrak elkartzen dira eta euskara ikastaroaz gain, kultur ekitaldiak ere antolatzen dituzte. Hemendik aitzina, dakidan apurra haiekin partekatzen ahal izanen dut. Euskararekiko eta euskararen lurraldearekiko lotura estutzeko eta mihia dantzatzeko aukera polita!
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Soko Romano. Ontzi Museoko zuzendaria: Museoak organismo bizia izan behar du, etengabe mugitzen aritu

 

Irakurri

Jakes Casaubon. Ikerlea: Ni naiz ikerle xume bat, euskal kultura maite dut, ene bizi guzia hortan lehiatzen naiz, bainan egiten dut apalki

 

Irakurri

Javier Zuriarrain. Bide Azpiegituretarako diputatua: Mugikortasuna, joan-etorrietarako erraztasuna eta komunikazioa funtsezko faktoreak dira bizi-kalitatea neurtzeko

 

Irakurri

Laura Mintegi. Idazlea: Askotan, sufritu egiten da idaztean, norberaren barnea arakatu behar delako eta gauza mingarriak topatzen direlako

 

Irakurri

Oscar Álvarez Gila. Historian doktorea eta Ameriketako Historiako irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsitatean: Diasporarena, ezezaguna zaigunaren exotismoa eta ondo ezagutzen dugunak ematen digun ziurtasuna konbinatzeko aukera ematen digun gai gutxietako bat dugu

 

Irakurri