Jose Maria Satrustegi: "Bakegintzan gerra erabiltzeak espirala haunditu besterik ez du egiten"

2001-10-05

LARREA, Koldo

Elkarrizketa: Jose Maria Satrustegi Jose Maria Satrustegi, etnologoa, antropologoa, idazlea eta euskaltzaina "Bakegintzan gerra erabiltzeak espirala haunditu besterik ez du egiten" * Koldo Larrea Nafarroako Arruazu herrixkan, Jose Maria Satrustegi etnologo eta antropologoa, munduak 2001eko irailaren 11z geroztik bizi duen egoerari buruz mintzatu zaigu. Egun horretan, aro modernoko atentaturik handien eta odoltsuena izan zuten Estatu Batuetan. Azaroan 71 urte beteko dituen apaiz honentzat, eraso hori gainbehera doan gizarte desorekatu baten isla da; izan ere, jendea gero eta gauza gehiago edukitzeaz arduratzen da, ez bere izaeraz, eta ekonomia bihurtu da balio nagusi, norbanakoa azken maila batean utziz. Pertsona horrek, gainera, ez du deus balio botere ekonomikoaren hariak maneiatzen dituen gutxiengoarentzat. Nola bizi zenuen Estatu Batuen aurkako erasoa? Komunikabideen bidez izan nuen erasoaren berri, telebistaz. Ez zuen benetan gertatzen ari zenik ematen; pelikula bateko efektu bereziak ziruditen. Sinestezina zirudien hain eraikin handiak horrela eror zitezkeenik. Zientzia fikzioa zirudien: hegazkinak eraikinen aurka lehertzen, jendea dorreetatik bere burua botatzen... Gezurra dirudi astakeria horiek egitera irits daitekeenik. Sarraski horren ostean, une horrek iragana eta geroa bereiztuko zituenik pentsatu zenuen, hots, egun horretatik aurrera gauzak aldatu egingo zirenik? Pentsatzeko modua behintzat ez da aldatuko, zeren nola goazen ikusita, gauza asko gerta daitezke oraindik. Atentatua oso ondo antolatuta zegoen, zehaztasun handiz, atzean potentzia handi bat balego bezala. Eta, gizartea nola dagoen ikusita, hondapen hori ez da azkena izango. Horrelako besterik ez da izango, baina desegonkortasuna edozein alderditatik etor daiteke. Gaur egun munduko botere ekonomiko guztia gehiengoaren hariak maneiatzen dituzten gutxi batzuren esku dago. Diruak ez ditu gauza guztiak konponduko. Munduak ezin du desoreka honekin jarraitu. Inoiz baino gehiago ekoizten da, bainainoiz baino miseria handiagoa dago. Ez dago horrela jarraitzerik. Baloreak krisian daude. Zibilizazio jaiskor batean bizi gara; hor dago koska. Nahiago nuke ezer gertatuko ez balitz, baina kontua da egunero milioika pertsona hiltzen direla gosez, eta munduak ez du hori aldatzeko ezer egiten. Egoera horren aurrean geldotasuna azaltzen dugu, eta aldiz beste arlo batzuetara baliabide piloa bideratzen dugu; esate baterako, estazio espazialera. Gastu neurrigabe horrek arazo pila bat konpon litzake, gosea adibidez. Izugarrizko ezkortasuna darie zure hitzei. Ez naiz ezkorra, errealista naiz. Ni datuekin aritzen naiz lanean, ez iritziekin. Oso aldaketa handiak etorriko zaizkigu. Dagoeneko hasiak gara batzuk ikusten, eta gehiago ere ikusiko ditugu; horrek ez dauka atzerabueltarik. Herrialdeak ez dira desagertu beste batzuek txikitu dituztelako, baizik eta beste berri batzuk sortu direlako. Balorerik gabeko gizarte beheranzko batean, dena interes ekonomikoen esku dagoenean, pertsonak ez du ezer balio. Hori da gure patua. Bakoitzak, erein duena jasoko du. Hekatonbea datorkigu. Hori duela hogei urte esaten nuenean, jendeak barre egiten zidan. Jaiotze tasaren azpitik dagoen gizarte batean hutsuneak sortzen dira. Etxeak egingo ditugu, bai, baina hutsik geldituko dira. Europa kontinente dekadente bat da. Bere kultura hondamendirantz doa, eta gutxi falta zaio bukatzeko. Adibide bat ipiniko dut. Duela hilabete bat Armenian izan nintzen. Turkiak XVIII. eta XIX. mendeetan inbaditu zuenean, Armeniak bere lurraldearen bi herenak galdu zituen. Genozidioak erabateko triskantza eragin zuen. Turkiarrek suntsitu egin dituzte hango antzinako monumentuak, batzuk milaka urte zituztenak. Hori izugarrizko tragedia da. Guztiz desagerrarazten ari dira aitzinako kultura hori, hilerriak eta guzti. Ez dute kristautasunaren aztarnarik txikiena ere utzi nahi. Eta trukean zein kultura ari dira aportatzen? Ezta bat ere. Europakoak ez du zertan tragedia hau bezalakoa izan behar, baina martxan dago. Bainazer espero daiteke hedonista egin den jendearengandik, diruan eta gozamenean besterik pentsatzen ez dutenengandik? Ezer ez. Krisi honen aurrean, Estatu Batuak terrorismoari aurka egiteko ekintza baketzaile bat garatzearen alde agertu dira. Zenbaiten esanetan, gerra santuaren aldeko sektore islamikoekiko mendekua izango litzateke. Hau guztia ez al da azken batean globalizazioaren beste aurpegi bat? Gizakia misterio ulertezin bat da. Nahiago dut iritzirik ez eman. Baina honen erdian bada garrantzi handia daukan elementu bat: erlijioa. Gerraren arma proselitista balitz bezala erabiltzen da. Egia esan, hau guztia bigarren mailako elementuei buruz hitz egitea da, zeren eta bakegintzan gerra erabiltzeak espirala handitu besterik ez du egiten. Bakea lortzeko oinarria justizia da, baina agintariak ez dira justizia lortzeaz kezkatzen, baizik eta helburu ekonomikoak betetzeaz. Zer irizten duzu globalizazio termino berriaz? Termino hori ulertzeko bi modu daude. Bata, nire ustez inposatu nahi digutena, desberdintasunak desagerraraztera bideratua dago. Gutxiengoak gehiengoa dominatuko duen ekonomia global baterantz doa. Baina nik nahiago dut beste adiera: guztiok guztion anai arrebak izango garen mundu global bat, pertsona guztiak bata bestearen zerbitzura egongo direla. Lehentasuna ez dute gauzek izango, baizik eta pertsonek. Mundu global gizatiar bat izango litzateke, ez materialista. Gertaera hau arriskutsua izan daiteke herrialdeek biziraun izateko, Euskal Herriarentzat adibidez. Baina, existitzen al da euskal herria? Euskal herria existitzen da, bai. Oraindik bai. Baina, zoritxarrez, inguratzen duenaren ondorioa da. Lehen errotuta sentitzen ginen, pozik geunden gure izateko erarekin. Legeen gainetik zegoen gure morala, baina gaur egun ez da hain herri idealista, materialistagoa da. Diruak aldatu egin gaitu. Herri bati trinkotasuna ematen dion elementuetako bat hizkuntza da. Existi al daiteke hizkuntza propiorik ez daukan herririk? Bai, noski. Norbait leku edo herrialdebatekoa senti daiteke, bertako hizkuntza ezagutu gabe. Hala ere, garbi dago hizkuntza, gure kasuan euskara, herriaren gorputza dela. Mendez mende joan da osatzen, esperientziez aberasten, eta sentimendu oparo bat da. Baina hizkuntzalariek diote gaur egun munduan dauden bost mila hizkuntzetatik bostehunek bakarrik iraungo dutela. Honek behin zientzialari iparramerikar batek komentatu zidana gogorarazten dit. Ez zeukan arbaso euskaldunik, eta beraz ezin esan chauvinista zenik. Iraungo duten bostehun hizkuntza horietako bat euskara izango zela esan zidan. Nolanahi ere, inoiz desagertu egingo al da euskara? ... Ez nuke egun hori ikusi nahi, baina ez dut uste. Bukatzeko, esaiguzu desio bat. Globalizazioa gizakion familia handi bat izan dadila. Jose Maria Satrustegi Nafarroako Arruazu herrixkan jaio zen, 1930eko azaroaren 15ean, "aspaldi", berak dioen bezala. Iruñako Seminarioan egin zituen ikasketak. 1955ean apaiztu zen. Euskaltzaina da, eta hamalau urtez bertako idazkari nagusi izan zen. Buenos Airesko Instituto Americano de Estudios Vascos eko kide ere bada, eta Armeniako Nazioarteko Hizkuntza Akademiako ohorezko akademikoa. Etnologo eta antropologo ezagun eta idazle jori honek hogeita lau liburu eta mila ehun artikulu argitaratu ditu bere bizitzan zehar. Bere liburuen artean, honakoak azpimarra genitzake: "Mitos y creencias", "Comportamiento sexual de los vascos", "Solsticio de invierno", "Euskal texto zaharra", "Ekaitza", eta "Mattin Mottela". Era berean, "Fontes Linguae Vasconum" en eta "Cuadernos de Etnografía y Etnología de Navarra" ren sortzailea dugu. Argazkiak: Koldo Larrea. Txuri beltzezko argazkia ARGIAn argitaraturik dago (1992ko hemeroteka: Jose Maria Satrustegiri elkarrizketa) Euskonews & Media 138.zbk (2001/10/5 11) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Joane Somarriba: "Lortu dudanarekin, txirrindularitzan eman ditudan urte guzti hauek benetan merezi izan dute"

 

Irakurri

Xabier Isasi: "Unibertsitateak euskararen normalkuntzarako erantzukizun handiagoak dauzka, bere gain hartu dituenak baino"

 

Irakurri

Juan Bautista Berasategi: "Nik ez ditut nire gogoko istorioak kontatzen, saldu daitezkeenak baizik"

 

Irakurri

Jose Luis Zumeta: "Emozionala da hasiera eta koloreak esaten dit nondik jarraitu behar dudan, zer egin, zer jarri eta zer kendu. Kolorerik gabe niretzat oso zaila da sinistea. Sentitzea, sinistea... dena da berdina niretzat"

 

Irakurri

José Ignacio Tellechea Idígoras: "Historialariaren lana plazer bat da niretzat, egin ditudan aurkikuntzak besteei ezagutarazteak poz handia ematen didalako. Historia aberasteko modu bat da"

 

Irakurri