Juan Mari Totorika: "Baserrietan belaunaldiz-belaunaldiko ordezkapena ez dago guztiz bermaturik"

2002-05-31

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Juan Mari Totorika Juan Mari Totorika, Lea Artibai eta Urkiola (Durangaldea) Mendi Nekazaritza Elkarteetako arduraduna "Baserrietan belaunaldiz belaunaldiko ordezkapena ez dago guztiz bermaturik" * Estibalitz Ezkerra Baserriari etorkizun oparoa datorkiola uste du Juan Mari Totorikak, baina denborarekin etorriko zaizkion erronkak ez direla edonolakoak izango gaineratzen du. Izan ere, oraindik zer hobetu baduela uste du berak, eta horiek konpontzeko gazteen inplikazioa ezinbestekoa izango da. Zein egoeratan dago gaur egun nekazaritza mundua? Orokorrean hoberantz doala esan daiteke. Sektore jakin batzuk nahiko ondo doaz; beste batzuk, berriz, ez daude hain egoera onean eta horien inguruko kexak kalean daude haietarik gehienak produktu batzuek lortzen duten prezioari loturik daude . Baina oro har nekazaritza une onean dago. Momentu larriak pasa eta gero, aurrerapausoak ematen ari da. Zehazki zeintzuk dira hain ondo eta ez hain ondo dauden arloak? Bermaturiko kalitateari loturik dauden produktuak dira une honetan ondoen dabiltzanak. Hau da, eusko labelaren babesean dauden produktuak egoera ezin hobean daude. Aldiz, handizkako produktuak esne behia kasu nahiko makal dabiltza. Azken urteetan sektoreak egin duen apusturik handienetarikoa kontsumitzaileei kalitatea bermatzea izan da, eta horren ildotik abiatu diren produktuek emaitza ezin hobeak lortu dituzte. Nekazaritzak une larriak bizi izan dituela aipatu dituzu lehen, eta, nolabait, atzean geratu direla. Baina erabat gaindituta daude? Ez, ez. Inoiz baino zabalagoa den merkatu honetan, nekazaritza gainontzeko sektoreak bezala etengabeko birmoldaketa prozesuan murgilduta dago, eta, beraz, arazoak ez dira sekula behin betiko amaitzen. Nekazaritzan gabiltzanok hobetzea eguneroko erronka bihurtu zaigu. Batzuek helburua betetzea lortzen dute, baina beste batzuek, aldiz, ez dute lortzen. Ez modu hain errazean, behintzat. Zer dela eta helburuak lortzeko zailtasun hori? Baserriek baliabide edo dirulaguntzanahikoa ez dutelako ote? Europan herrialderik herrialde dirulaguntzak nahiko antzekoak dira. Europar Batasunak finkatzen ditu zein dirulaguntza eman behar diren, eta, alde horretatik, hemen ondo gabiltzala uste dut. Arazoa zera da: Europako beste zonaldetan dauzkaten baliabide naturalak hemengoak baino askoz hobeak dira. Alegia, hemengo lurraren orografiak zerikusi gutxi dauka Frantziako landetan aurki daitekeenarekin. Ildo horretan, ez da gauza bera esnea baserrietan egitea azpiegitura aldetik dauzkaten muga natural guztiekin , edo horretara preseski zuzendurik dagoen fabrika batean. Zailtasunetako batzuk muga natural horietatik datozkigu. Bestetik, ez dakit Europa mailan egoera berean aurkituko ote diren, baina gure kasuan baserrian geratzen diren profesionalak adinez nahiko zahartuta daude. Hots, belaunaldiz belaunaldiko ordezkapena ez dago guztiz bermaturik. Hura lortu ezean, hemendik urte batzuetara ez dakit zer gertatuko den. Baina gaur egun gazte jendea trebatzeko helburuarekin sorturiko hainbat eskola daude. Zer moduzkoa izan da haien ekarpena? Nekazaritza eskoletan jende mota bi daude: baserri mundutik datozenak batetik, eta kaletarrak bestetik. Orain arte nekazaritzaren mundua kaletarrentzat baserritarrentzat baino askozaz erakargarriagoa izan da. Eskoletatik nahiko ondo trebaturiko belaunaldiak atera dira, baina behin ikasketak amaiturik ikasitakoa non aplikatu ez daukatela ohartu dira. Nekazaritza lurrari lotuta dago, eta nahiz eta formazio ona jaso, lurrik ez baduzu ezin duzu hura aprobetxatu. Ez da industrian bezala, non espazio txiki batean bada ere gura duzun enpresa edo bulegoa aurrera atera dezakezun. Nekazaritzan lurrak behar dira. Asko dira nekazaritzara hurbildu direnak eta normala da lur eske ibiltzea. Ez dakigu zergatik baina hemengo lur jabeak nahiko lotuta daude beren lurrei. Agian bere garaian herentziaz jaso zituztelako edo etorkizunean espekulazioan aritzeko asmoa dutelako, kontua da lurrarekiko atxikimendua nahiko handia dela hemen.Baserrimundutik datorren jendeak, dela gurasoen baserrietan dela beste senide batzuen lurretan, badute non lan egin. Baina denek ez dute aukera hori. Alde horretatik, nekazaritza eskolek arazo bat dute. Lur falta aipatu duzu. Urteekin industri guneek geroz eta esparru zabalagoak eskuratu dituzte, eta eremu gutxi utzi dira nekazaritza jarduerentzat. Une honetan, horri konponbiderik emateko modurik dago? Arazo horri nondik heldu ahal zaion ez dakit. Egia esan, baserritar zein profesional gehienak beren esplotazioak hobetzeko lur falta dutela eta kexaka daude beti. Hemengo baserriak nahiko txikiak dira, eta esplotazioa errentagarria izatea gura badute lurrak eduki behar dituzte nahitaez. Hala ere, ez dakigu zer egin daitekeen gabezia hori konpontzeko. Jakin badakigu baserritar asko jubilazioa hartuta edo hartzeko bidean daudela, baina kasurik gehienetan horrek ez du erretiroa ekartzen. Jubilazioa iritsi aurretik esne behien profesionalak izan badira, haiek kendu eta okela behiak jartzen dituzte askozaz lan gutxiago ematen dutelako. Alegia, modu batera edo bestera euren lurrei lotuta jarraituko dute. Ziur aski denborarekin geroz eta lur gehiago egongo dira, baina une honetan dauden arazoei konponbidea bilatu nahi bazaie arlo askoren konpromisoa beharko da. Lur eremu txikiak izanik, teknologia sartzea erraza da? Teknologia aldetik ez dut uste arazorik dagoenik. Lur gehien behar dituzten esplotazioak esne edo okela behiak dituztenak dira, eta kasu horietan aplikatzen den teknologia nahiko sinplea da. Baina makinerian egiten diren inbertsioak errentagarriak izateko geroz eta lur gehiago behar dira, eta hortik dator arazoa. Bestalde, landaretzan ez dago hainbeste zailtasunik. Negutegietan dabiltzanek esplotazioak nahiko ondo dimentsionatuta dituzte. Une honetan, teknologiaren egoera zer moduzkoa da? Hemengo baserrietan aplikatzen den teknologia punta puntakoa da. Baserritarrak asko mugitzen dira, bai sindikatu bai administrazioaren bitartez. Nekazal turismoak ate berriak irekidizkio baserriari. Esparru horretan orain arte egindakoaren gainean balorazio ona egin daiteke? Bere garaian nekazal turismoa baserriaren jarduera osagarri legez planteatu zen. Hemengo baserriak nahiko txikiak zirela ikusita, eta lanpostuak errentagarriak izateko inbertsio handiak eta lur asko behar zirela jakinda, Europako zenbait zonaldetako eredua aplikatzea pentsatu zen. Haietan turismoaren bidez etekin nahiko interesgarriak lortzen zituzten, eta gurean gauza bera egin zitekeela konturatu ginen. Modu horretan, baserritar txikiek eta hain "profesionalak" ez direnek inbertsio onak eskura ditzakete. Urte hauetan hor alternatiba interesgarria dugula ikusi dugu. Euskal Herriak nekazal turismoan duen potentzialitatea ez dago guztiz garatuta, eta horrek bideak urratzen jarraitzeko aukera eskaintzen digu. Ereduak edota konponbideak bilatzeko orduan, kanpora jotzen da? Beste herrialdeetan egiten dena aintzat hartu ohi duzue? Hartu emana egon badago. Kooperatibak, sindikatuak, elkarteak eta kanpotik asko mugitzen dira beste garapen eredu batzuk ezagutzeko. Mendikoi ren bitartez, adibidez, Europako zonaldeekin harreman ona dago. Dena den, ezin daiteke esan kanpoan ikusitako guztia hemen aplikatzen denik. Beste batzuek egindakoa aztertzen dugu, bai, baina gero geure egoeretara moldatu behar dugu. Aplikaturiko oro, garapena bera, autoktonoa izaten ahalegintzen gara. Teknikek ditugun baliabide eta premiei erantzun behar diete. Europako Alpeetan egiten dena ezin da hemen aplikatu nahiz eta egoerak antzekoak izan. Mendikoi aipatu duzu, nolakoa da nekazaritzari begira dauden erakundeen betebeharra? Baserritar gehienak elkartuta daude. Beraien moduko ekintzak egiten dituzten baserritarrak elkartuta daude, hortik ere sindikatuak daude, aldi berean erakunde horiek beste esparru batzuetan bilduta daude, zonalde bakoitzean mendi nekazaritza elkarteak daude... Hainbat elkarte daude mundu honetan, eta elkarren arteko komunikazioa oso ona da. Mendi nekazaritza elkartekook, adibidez, hirueratako lana egiten dugu. Aldi batetik, guk geuk elkarte moduan egiten ditugun proiektuak daude. Bestetik, baserritarren eta administrazioaren arteko bitartekari lanak egiten ditugu. Gainera, gobernuaren zein aldundiaren laguntzak kudeatzen ditugu eta baserritarrei euren inbertsioetan laguntzen eta aholkatzen diegu. Baserri munduak oraindik erronka handiak dituela zenioen elkarrizketa hasieran. Erronka handiak bai, baina funtsean etorkizun ona opa zaio baserriari? Nire ustez baserritar bakoitzak bere kabia topatu behar du, eta hori lortzeko lan handia egin behar du: bai formazio aldetik bai kalitateari dagokionez. Produktu gehienetan defizitarioak gara, eta horrek esan nahi du merkatuari begira aukera handiak ditugula. Hori bai, kalitateari loturik joan behar dira emaitza horiek. Bai, une honetan bada etorkizunik. Kanpoko merkatuak, ordea, min handia egin diezaieke hemengo baserritarrei. Merkatua zabala da, eta kanpoan aukera hobeak badaude hemengoentzat mingarriak izango dira beti. Horregatik diot gure erantzuna kalitateari eta hemengo produktuei jarraiki joan behar dela. Jakin badakigu kontsumitzaile askok hemengoak direlako soilik erosten dituztela produktuak. Eta hori aprobetxatu behar dugu. Hemengo produktua kalitatearekin zein jatorrizko izendapenarekin identifikatu behar dute. Juan Mari Totorika Nekazaritzako Ingeniaria teknikoa ikasi zuen Leonen eta 1983an lizentziatu zen. Ingeniaritza ikasketak ere hasiak ditu, eta proiektua aurkeztea besterik ez zaio falta titulua eskuratzeko. Bizkaiko Nekazal Ganbararako lan egin izan du, eta duela hamahiru urtetik hona Mendi Nekazaritza Elkarterako egin du, bai Durangaldean bai Lea Artibain. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra. Baserriak, learjai.com Euskonews & Media 169.zbk (2002 / 5 31 / 6 7) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Sabina de la Cruz: "Blasen olerkietan gizakiaren alderdi guztiak azaltzen dira"

 

Irakurri

Jose Antonio Fiestras: "Arte galeriek odola zurgatzen diote artistari"

 

Irakurri

Felix Goñi: "Orain bertan erabat ezinezkoa iruditzen zait gizakiak klonatu ahal izatea"

 

Irakurri

Natalia Díez Caballero: "Familiak ez daude modan"

 

Irakurri

Ramon Saizarbitoria: "Agian, kultura txiki batean jaio izan ez banintz ez nuke sekula idatziko"

 

Irakurri