Sabina de la Cruz: "Blasen olerkietan gizakiaren alderdi guztiak azaltzen dira"

2002-05-24

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Sabina de la Cruz Sabina de la Cruz, Blas de Otero Fundazioko lehendakaria eta olerkariaren alarguna "Blasen olerkietan gizakiaren alderdi guztiak azaltzen dira" * Estibalitz Ezkerra Duela hiru urte, Blas de Oteroren heriotzaren hogeigarren urteurrenean, Sabina de la Cruzek egia bihurtuta ikusi zuen bere ametsik handienetariko bat: hain zuzen ere orduantxe jarri zen abian olerkariaren izena zeraman Fundazioa. Ahaleginak eta bi egin ondoren, katedradun eta ikertzaile ezagunak Bilbon bilduko dituen Oteroren inguruko lehenengo biltzarra antolatzea lortu du, azkenean. Egilearen obra osoa kaleratzear dagoela, belaunaldi berriak gaztelaniak inoiz eman duen olerkaririk handienetariko batengana hurbilduko balira poz handia hartuko lukeela aitortzen du. Luze eta zabal hitz egin da Otero sozialari buruz, `Pido la paz y la palabra', `Que trata de España' edo `En castellano' bezalako obren egileaz, baina gutxitan aipatzen da erlijioarekin hain lotuta egon zen olerkari existentzialista, `Ángel fieramente humano' edo `Redoble de conciencia' bezalako obren egilea (bi hauek, gerora, `Ancia' obran bilduko ziren). Nolakoa izan zen Blas de Otero olerkariaren ibilbidea? Blas txikitan hasi zen idazten. Zortzi urte zeuzkanetik hamabost bete arte, aitaren lana zela eta, Madrilen bizitu zen. Eta hango jendeak asko apreziatzen zuen, olerkiak idazten zituelako. Hemen ez zuketen hainbeste apreziatuko. Lagun batek, txantxetan, esaten zion Bilbon futbolean jokatzeko erabiliko zuketela bere burua. Blas bokazioz zen olerkaria, eta hori oso garrantzitsua da bere olerkietan islatzen den sufrimendua ulertzeko. Oso gaztea zen anaia zaharrena hil zitzaionean, eta handik hiru urtera, gainera, aita hil zitzaion. Hamabost urterekin, ama eta arrebak besterik ez zeuzkan. Jaio zenetik olerkaria izan nahi zuen, baina Zuzenbidea ikasi behar izan zuen. Amorebietako burdinola batean hasi zen lanean, abokatu bezala, eta, olerki batean dioenez, hantxe hasi zen bere lehenengo liburua idazten. Berez,San Juan de la Cruzen jaiotzaren laugarren urteurrenaren inguruan prestatu zituen olerki batzuk ziren. Cántico Espiritual izenburua ipini zien. Olerkietako batean dio "fabrikako entretenimendu" bat direla. Oso olerki erlijiosoak ziren, hezkuntza ere halakoa izan zuen eta. Baina beretzat oso traumatikoa izan zen aukeratutako bidea utzi behar izatea. Fabrikan, abokatu lanetan, gehiegi sufritzen zuenez, Burdinolak utzi eta Madrilera joan zen, Filosofia eta Letrak ikastera. Baina erabaki horrek ikaragarrizko erruduntasun sentimendua sortu zion eta bizitza guztian zehar ez zuen gainetik kentzerik lortuko. Gurasoek beretzat prestatutako proiektuari leial ez izate horrek depresio ziklikoak eragin zizkion. Nolabait familia ordezkatzen zuen pertsona ama zen bere kasuan. Aita baten aurka altxa zaitezke, baina ama baten aurka sekula ez. Eta ez baldin baduzu zure ustez berak nahi duena egiten, urtetan ordaindu behar izango duzu. Nik uste dut hortik etorri zirela Blasen krisiak, erlijio krisia baino gehiago, bokazio krisia zelako berea. Bokazioaren eta familiaren obligazioaren artean zalantzatan zebilen bitartean, kanpoan gerra bat amaitu orduko bestea zetorren: Espainiako Gerra Zibila lehendabizi, eta Bigarren Mundu Gerra handik gutxira. Bilbora erbesteratu asko iritsi ziren, hildakoz betetako irudien oroitzapenekin, eta Blas hain zen sentibera, denak eragiten ziola. Bere barneko mundua apurtzen zihoan bezala, behera zetorren inguruan zeukan mundua ere. Horixe da Ángel fieramente humano eta Redoble de conciencia n jasotzen duen inpresioa: "Dónde estás, oh Dios, oh Padre, dónde estás que abandonas a tus hijos", "poderoso silencio, alzo la mano y tú me la cercenas, abro los ojos, me los ajas vivos". Babesa eskaini beharko liokeen Aitari laguntza eskatzen dio, baina ez zaio iristen. Hala ere, hori ez zitzaion Blasi bakarrik gertatu; adin bereko beste batzuei ere entzunak dizkiet horrelakoak. Baina Blasentzat izugarrizko kataklismoa izan zen. Horrela sortu zituen Ángel eta Redobleko olerki hunkigarri zoragarri horiek. Bide berri bat zabaldu zuen, bizitzarako plan berri bat. Bitxia zen bere fedea. Berak espero bezalakoa ez izan arren, eta erantzunik ez jaso arren, objektua aldatu eta mantendu egin zuen: gizaki guztiak zituen anai arrebatzat. Horixe dio Pido la paz y la palabra n, eta baita ere ángel fieramente humano n ("surto un agua, hermanos, eterna no, parada ante la casa"). Goitik ez zaigu erantzunik etortzen, baina sakrifizioak eta minak batu egiten gaituzte. Horrela hasten da Blas bere olerkia besteengana zabaltzen. "Salí un día echando espuma por los ojos, ebrio de amor, mirando sin saber a dónde". Begirada hori da besteei, anai arrebei, zuzentzen diena. Olerki soziala bereziki... Olerki soziala deituriko hori hiru liburutan agertzen da bereziki: Pido la paz y la palabra, En castellano eta Que trata de España n, baina bere liburuetan beste gai batzuk ere ukitzen ditu beti, gai intimoak, maitasunezkoak, existentzialak, tristeak. Olerki batean, zera dio: "Yo entre álamos y ríos, ¿cómo es posible que yo, tan triste como estoy, pueda estar disfrutando aquí del canto del río, del sonido de los pájaros?, ¿cómo es posible?". "¿Qué haces ahí, qué haces ahí? Anda, no sufras, anda, ya vendrá mañana. Iremos de verdad a ver el río". Munduarentzako bakean pentsatzen egon arren, ezin zituen barruan zeramatzan minak ahaztu. Bere olerkietan, gizakiaren alderdi guztiak agertzen dira: gizakiaren alderdi soziala, eta barnean sufrimendua daraman gizakiaren alderdi intimo eta existentziala. Gerraostea oso latza izan zen Espainian. Gerra zibilak oso gogorrak izaten dira, anaien artekoak direlako: gorrotoa, kartzela, heriotza... Eta, gerra amaitu ondoren, etxe berdinean bizitzen jarraitu behar dute. Gerraostean gerran baino askoz ere jende gehiago hil zen. Eta hain zuzen ere panorama horrekin egin zuen topo Blas gazteak: bizitzen hasi orduko, askatasunik gabeko egoera bat zuen aurrean, gauza guztiak debekatzen zituen diktadura bat, eta hasteko liburuak. Egoerahorrek, hitzaren bidez jendearen duintasun eta askatasunaren alde borrokatzera eraman zuen. Blasek ondo baino hobeto zekien jende horrek ez zuela olerkirik irakurtzen, baina ziur zegoen egoera historiko eta soziala aldatzerakoan irakurri egingo zuela. Jende hori guztia bere olerkietako protagonista bihurtzen du, eta horien guztien izenean mintzatzen da duintasun eta askatasuna lortzeko. Askotan galdetu didate zergatik zeukan Blasek bere olerkietan bakearekiko halako obsesioa. Baina kontua da bera gerraz gerra bizitu zela. 1916an jaio zen, Lehenengo Mundu Gerra hasi zenetik bi urtera; hemeretzi urte zeuzkanean, gerra zibila piztu zen; eta, hau bukatu bezain pronto, Bigarren Gerra Mundiala hasi zen. Eta, gero, gerraosteko espainiar latz hura etorri zen. Ni gerraosteko haurra naiz, eta ondo dakit hori zer den. Beti horrelako egoeratan bizitu den pertsona batek, halabeharrez, bakea opa dei denei. Baina bakeak ez du gerrarik gabeko egoera bakarrik adierazi nahi. Bake mota gehiago daude: etxe barruan zaren bezalakoa izateko eta pentsatzen duzuna esateko askatasuna izatea, adibidez. Blasek horrelako bakea ere nahi zuen. Eta bada beste bake mota bat ere: zeure buruarekin pozik egoteak ematen duena. Blas bake horren bila ere aritu zen denbora batean. "Yo doy todos mis versos por un hombre en paz" esaten duenean, bake mota horiei guztiei buruz ari da hitz egiten. Bada beste oso gauza bitxi bat, inork esan ez duena, eta ez dakit zergatik. Esate baterako, bere liburu batek En castellano du izenburua. Zergatik? Liburuaren hasieran, Menéndez Pidal en obra batean aipatzen den Poema de Fernando González azaltzen da: "estos castellanotes, decían los fieles al rey, son apartadizos y rebeldes. Parecen vascos". En castellano horrek, garbi hitz egitea esan nahi du. Liburu hau ezin izan zenez Espainian argitaratu, Frantzian atera zen, Parler clair izenburuarekin. Que trata de España liburuko olerki gehienak Espainiatik kanpo idatzi zituen, Parisen, Moskun eta Txinan, 60 61 urteetan, etxetikurrun, bertoko hizkuntzak ezagutu ere egiten ez zituen lekuetan. Izugarrizko herrimina sentitzen zuen. Hantxe idatzi zituen Bilbo eta Orozkori buruzko olerki gehienak. Olerki batean dio "recobrar a golpe de palabra la tierra que está lejana". Espainia herri modura irudikatu nahi du. Horregatik idazten du minuskulaz, eta ez maiuskulaz, erregimen frankistak bezala. Beste Espainia bat azaldu nahi zuen, herria bera, benetakoa. Dámaso Alonsok Gabriel Celaya eta José Hierro bezalakoen artean sartu zuen Oteroren gerraosteko olerkia, sustraitu gabeko olerkia deitu izan den horretan. Nolanahi ere, Oterok maitasun eta gorrotozko harremana zeukan bere jaioterriarekin, eta ahal zuen guztietan itzultzen zen hara. Zenbateko eragina izan zuten Bilbok eta Orozkok bere olerkian? Gerraosteko olerkiari dagokionez, Dámaso Alonso izan zen Espainian bizi zen egoera larriaz jabetu zen lehenengoa. Benetako errealitateaz hitz egiten eta idazten hasi zirenei, sustraitu gabeko olerkari deitu zien. Baina, sustrairik gabeko olerkiak al dira? Zer da sustrairik gabeko olerkia? Nire ustez, justu kontrakoa da: egoera historikoan errotuta dagoen olerkia da, une horretan bizi den sufrimenduaz hitz egiten duen olerkia. Hauek ez ziren ameskerietan ibiltzen, garcilazistak bezala. Blasek Bilborekin izan zuen lotura, berriz, nik uste dut nahiko garbi gelditzen dela Poemas vascos irakurrita. Zer da pertsona bati minak eta krisiak eragiten dizkiona, eta bizitzaren aurrean izango duen jarrera markatzen diona? Bere ingurua. Blas Bilbo burgesean jaio zen, baina bere aita dirurik gabe gelditu eta gero ezagutu zuen burgesia hori. Eta hori oso garrantzitsua da, bokazioa bideratzeko modurik gabe ikusi zuelako bere burua. Izugarri sufritu zuen kontu horrekin. Poemas vascos en, benetan gogorrak diren olerki batzuk dauzka: "Me diste hasta el fondo del alma". Borrokatzen jarraitzeko, eta bera izaten jarraitzeko, kanpora joan behar izan zuen, garai hartan jende gehienak egin zuen bezala. Hori bai dela sustraiak uztea.Dena den, zera zioen Que trata de España n: "no estoy desarraigado aunque ande asido, más bien como una rama asida con las dos manos a su raíz". Eta horrelakoak ere bai: "esta tarde oigo el golfo de Vizcaya aquí, en estos mares de China jadeantes de nocturno marfil". Berdin zuen Shangaien edo La Habanan egon; zegoen tokian zegoela, bere lurraren oroitzapenak etortzen zitzaizkion gogora. Hori maitasunaren fruitua da. Asko borrokatu behar izan zuen maitasun horren alde, baina beti eraman zuen barruan. Madrilen bizi ginenean, hiru egun libre geneuzkan bezain laster, Bilbora etortzen ginen. Uda ere hemen pasatzen genuen, hementxe baitzeuden bere ama eta ahizpak, eta nire familia. Zergatik eragiten zion Bilbok halako haserrea? Ba bere gaztaroko Bilbo bera zelako, borrokatzen ibili behar izan zuen garaiko berbera. Orozko, aldiz, oporrekin, zelaiekin, amonarekin eta askatasunarekin lotzen zuen. Hori da leku idilikoekin gertatzen dena. Nolako harremana izan zuen euskal olerkari eta sortzaileekin? Eta euskararekin? Hainbat olerkitan, eta Lourdes Iriondori eskainitakoan bereziki (`Euskera egin dezagun'), Oterok aspalditik daukagun zor bat kitatu beharra aldarrikatzen zuen: euskara berreskuratzea. Pido la paz y la palabra idatzi zuenetik, beti aipatzen zituen euskal olerkariak: Lauaxeta, Lizardi, Etchepare... Koldo Mitxelena ezagutzen genuen, eta Oteizarekin ere bagenuen traturik hilabete inguru eman genuen Arantzazun berarekin bizitzen . Nik uste dut Blasek beti izan zuela "ordaindu gabeko letra" deitu zuen horren inpresioa. Barru barruan zeraman sentimendu hori, eta euskal olerkariak aipatzen zituenean azaleratu egiten zuen. Ikurrina Espainia guztian zehar zintzilikatzen zen garaian idatzi zuen Lourdes Iriondori eskaini zion olerkia, 68. urtean. Borroka betean zebilen herri euskaldunaren aldeko aldarrikapen bat zen. Blas Gabriel Aresti ezagutu zuenean jabetu zen bere euskalduntasunaz. Arestik Bilbon ikasi zuen euskara, eta Blasek ikaragarrizko inbidia zuen hark bazekielakoeuskaraz egiten, eta berak ez. Euskarak Orozkoko Pepita amonaren oroitzapenak ekartzen zizkion gogora. "Al nacer me mutilaron la lengua", esaten zuen Orozkoko eta Durangaldeko bere arbasoen hizkuntzari buruz. Beste alde batetik, oso interesgarria iruditzen zitzaion euskararen eta gaztelaniaren arteko harremana, hizkuntzaren teoria. Bere pentsaera berezia, hain zehatza, hain laburra, "corto en palabras como el hierro vizcaíno", oso lotua zegoen bere izaerarekin. Eta olerkariek hizkuntzan islatzen dute beren izaera. Blas hitzen artean bizi zen, sortzaile guztiak bezala. Hori zen jasotako oinordetza. Euskararik ez zekien arren, euskarak eragin handia izan zuen gaztelaniaz idazteko moduan. Hizkuntzak sortzaile guztiengan du eragina. Eta Blas konturatzen zen horretaz. Nola ezagutu zenuten elkar? 1971ko irailean izan zen, nire etxean. Agustín Ibarrolarekin eta, bera bezala, Paristik etorritako beste margolari batzuekin etorri zen. Bere olerki batean dio: "en septiembre del 71 salí del oui y entré en el bai de mi país". Garai hartan buruz nekien Blasen obra guztia. En castellano argitaratu berri zuen, eta Frantziatik ezkutuan ekarri genuen, muga zeharkatzeko. Blas de Otero zela esan zidanean, txundituta gelditu nintzen. Oso gizon erakargarria zen. Gure harremana benetako amodiozkoa izan da. Une asko bizitu ditugu elkarrekin, gaixotasunak tartean Blasek nahiko osasun kaskarra zeukan , baina beti poz eta maitasunez beteta. Oso gazterik hil zen, 63 urterekin ez baita hiltzeko garaia, baina behintzat bat batean hil zen, ezer sentitzeko astirik gabe. Filologia Erromanikoan doktorea zara, eta urtetan euskarazko klaseak ematen aritu zara Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Madrilgo Complutense Unibertsitatean euskarazko klaseak baldin badaude, horien ardura nik hartu nuelako da. Nire tesina euskara eta gaztelaniaren arteko harremanari buruz egin nuen, Mitxelenarekin, baina ez nekien euskaraz hitz egiten. Beraz, lanpostua eskaini zidatenean, hasieran erokeria iruditu zitzaidan.Hala ere, ordurako ikasle dezente zeudenez klaseetarako apuntatuta, baiezkoa eman nuen, baina baldintza batekin: euskara menperatzen zuen norbait azaldu orduko, nik utzi egingo niola eskolak emateari. Eta horixe egin genuen. Lagun asko egin nituen garai hartan, eta batzuk oraindik ere oso adiskideak ditut gainera. Aukera izan bezain laster, nire ikasle izandako baten esku utzi nituen klaseak, Pilar Muñoa donostiarraren esku. Urtetan izango zen euskarazko irakasle. Nire ikasle izandako batzuk euskal hizkuntzalaritzako ikertzaile ezagunak dira orain, Maite Etxenike adibidez. Argitaratu dituzun lanen artean, Oteroren obrari buruzko hainbat azterlan dauzkazu. Pertsonalki ezagutu izanak izan al du eraginik zure lanean? Gaztea nintzenean olerkiak idazten nituen, eta hor bai izan zuela eragina Blas ezagutu izanak. Halako olerkari on bat ezagututa, nor ausar daiteke olerkiak idaztera? Dena den, badauzkat oraindik argitaratu ez diren olerki intimo batzuk. Sukaldean, egin beharreko erosketen orrien artean uzten nituen olerkiak dira. Noizean behin olerkiren bat edo beste idazten nuen, eta hurrengo egunean Blasek berak idatzitako bat aurkitzen nuen nirea utzitako lekuan. Gero kritika lanetan aritu nintzen, testu iruzkinak egiten. Klaseak prestatzeko denbora asko behar izaten nuen. Eta, gainera, emakume guztiek bezala, etxeko lanak ere egin behar nituen. Nire doktore tesian, bere obrari buruzko edizio kritiko bat egin nuen, berarekin askotan hitz egiten nuelako bere testuei buruz. Edizio kritiko bat egin ahal izateko, oso garrantzitsua da sortzaile batek lana nola egiten duen jakitea, eta are gehiago sortzaile hori olerkaria bada, olerkariak oso sortzaile bereziak direlako. Ez dute, eleberrigileek bezala, lana egunero egunero egiten, baizik eta ia oharkabean iristen zaien uhin erritmiko moduko batean murgilduta. Egun batzuetan erabat joanda egoten dira, gainerako guztia existitu ere egingo ez balitz bezala. Blasen kasua oso bitxia zen, epealdi horietan oso lasai egoten zelako,bakean. Gauez idazten zuen, eta egunez, berriz, lo kuluxka bat egin eta musika entzuten zuen. Isila zen, zoriontsua. Epealdi hori pasatakoan, olerkiak makinaz pasatzen hasten zen. Blasek esertzeko eta entzuteko eskatzen zidan arte, sekula ez nuen bere olerki bat bera ere irakurtzen. Ez nintzen bere intimitatean sartzera ausartzen. Hainbeste maite nuen, ez nuela bere intimitatea urratu nahi. Olerkiak irakurri ondoren, elkarren artean komentatzen hasten ginen. Asko ikasi nuen Blasekin. Askotan aipatu izan da Blas de Otero lotsatia eta barnerakoia zela, baina nolakoa zen egunerokotasunean? Oso erraza zen berarekin bizitzea. Inoiz ez zuen ezer eskatzen. Baina jakin egin behar zen zergatik hitz egiten zuen hain gutxi. Batzuetan pentsatzen nuen agian ez zegoela gustura, baina denborarekin konturatu nintzen isilune horiek bakez beteta zeudela, inoiz edo behin olerkiren batean esan zuen bezala. Nire ustez, oso harreman aberatsa izan genuen, niretzat batez ere. Eta badakit Blasi etxe barruan behar zuen askatasuna ematen jakin nuela. Etxean nahi zuen guztia egiten zuen, jakinik egiten zuena egiten zuela, beti begi onez ikusiko nuela. Eta hori oso garrantzitsua da olerkari batentzat. Askotan esaten nion guk ez geneukala errurik nik nire klaseekin berak bere olerkiekin baino diru gehiago irabazteagatik. Oso harreman ona izan genuen, oso lasaia. Hori zen berak behar zuena. Hemendik gutxira, Blas de Oteroren obra guztiak bilduko dituen edizio bat kaleratuko da. Olerkaria hil zenetik 23 urte igaro direnean, zer dauka bere obrak eskaintzekorik? Oso garrantzitsua da, Blasen obrako pasarte batzuk argitaratu gabe daudelako oraindik: Hojas de Madrid Madrilera itzuli zenean hasi zelako idazten darama izenburu hori eta La galerna, Kantauri itsasoko ekaitzari buruzko liburu bat, Blasek izaten zituen depresioak sinbolizatzen dituena: "a lo lejos ya viene la galerna, la espero a pecho descubierto, pecho como la guitarra de Bob Dylan". Depresio horiek bere obran jasotzeak on handia eginzion, horiek gainditzen lagundu ziolako. Hil aurreko urteetan oso ondo egon zen, ez zen lehen bezainbeste deprimitzen. Oso gizon bizizalea zen. Izugarri gustatzen zitzaion zinera joatea, kalean paseatzea, eta lagunekin egotea lagun minekin esan nahi dut, jendetzak ez baitzitzaizkion batere gustatzen . Beste alde batetik, lehenengo hauteskundeetako kanpainan parte hartu zuen, eta uste dut ia ezin zuela sinistu ere egin. Askatasun eta duintasunaren alde hainbeste borrokatu ondoren, izugarrizko poza eman zion demokrazia bazetorrela ikusteak. Franco bera baino lehenago hil zen. Obra honen edizioan, azterketa zientifikoan prestatutako testua joango da, baina ez da edizio kritiko bat izango. Aurrerago bai, argitaratuko dugu edizio kritikoren bat, oso garrantzitsuak izaten direlako ikertzaileentzat. Obra honi esker, Blasen obra guztia irakurri ahal izango dugu: bai argitaratu gabe dagoena, bai agortuta dagoena. Irakurleak Blasek idatzi zuen guztia irakurtzeko aukera izango du: lehenengo olerkitik hasi eta azkenekora bitarteko guztia. Jende guztiarentzako moduko edizioa izango da. Blasek irakurleentzat zenbateko garrantzia duen ikusi ahal izango da, beti zeukalako irakurlea gogoan, irakurle gaztea batez ere. Horrela dio Poemas vascos en hasieran: "pero yo llamo a mi puerta, y su sonido sé que responde, no por sí sola, sino a golpes de otras manos seguramente jóvenes". Nahiko nuke esku horiek gazteak balira. Blasek hitzetan oinarritu zuen bere bizitza guztia. Zuek olerki horiek irakurri eta zaindu egin beharko dituzue, horiek dira eta utzi dizkigun seme alabak. Sabina de la Cruz Sabina de la Cruz, Blas de Otero Fundazioko lehendakaria da 1999az geroztik (sortu zen urte beretik). Filologia Erromanikoan doktorea, Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea izana da. Filologia Erromanikoa, Dialektologia Italiarra, Euskal Hizkuntzalaritza eta Espainiar Literatura Garaikideko klaseak eman ditu unibertsitatean. Real Academia de la Lengua Españolako Lexikografia Mintegian ikertzailegisa parte hartu du. Blas de Oteroren literatur obran eta biografian aditua da. Hainbat lan idatzi ditu bere inguruan, eta hitzaldi ugari eman ditu Espainian zein atzerrian. Bere lanean artean, aipatzekoak dira: "Contribución a una edición crítica de la obra literaria de Blas de Otero". Madril. Universidad Complutense. 1983 "Historias fingidas y verdaderas" en edizioa, sarrera eta oharrak. Madril. Alianza ed. 1980 "La erotización del espacio en los poemas de amor de Blas de Otero" artikulua. Eros literario. Universidad Complutense. 1989 "Blas de Otero, mediobiografía" edizioa, Mario Hernández ekin batera. Madril. Turner "Poesía escogida de Blas de Otero". Vicens Vives. Sabina de la Cruz eta Lucía Montejo ren edizioa. Bartzelona. 1995 Argazkiak: Estibalitz Ezkerra (Blas de Oteroren omenez Bilbon egindako erakusketan hartutako argazkiak dira) Euskonews & Media 168.zbk (2002 / 5 / 24 31) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jose Antonio Fiestras: "Arte galeriek odola zurgatzen diote artistari"

 

Irakurri

Felix Goñi: "Orain bertan erabat ezinezkoa iruditzen zait gizakiak klonatu ahal izatea"

 

Irakurri

Natalia Díez Caballero: "Familiak ez daude modan"

 

Irakurri

Ramon Saizarbitoria: "Agian, kultura txiki batean jaio izan ez banintz ez nuke sekula idatziko"

 

Irakurri

Tere Irastorza: "Euskal literatura lo dagoen sorgin liluragarria da"

 

Irakurri