Tere Irastorza: "Euskal literatura lo dagoen sorgin liluragarria da"

2002-04-19

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Elkarrizketa: Tere Irastorza Tere Irastorza, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria "Euskal literatura lo dagoen sorgin liluragarria da" * Beñat Doxandabaratz "Argazkietan ez dakit ze aurpegi jarri" diosku Terek. Hitzen bidez hobe islatzen dela bere irudia. Ez zaio arrazoirik falta, bere poesia irakurriz begiak ireki egiten direlako. Gure biziari naturari bezala begira diezaiogun. Baina ez hostoak jaiotzen eta erortzen direnean bakarrik, egunero baizik. Kontuak kontu, ez da laino artean bizi den poeta bat, Beasaingo Ikastolako zuzendaria izateak oin bat lurrean atxikiarazten dio eta. Baita Euskal Idazleen Elkarteko presidentea izateak ere, erronka polita bezain arduratsua baita euskal literaturaren trena gizarte zabalerantz doan trenbidean bideratzea. Zertan dira ezberdinak Teresita eta Tere? Ba, lehen neska aktiboa nintzela eta orain berriz, emakume aktiboa. Nire amets batzuk bete egin dira eta beste batzuk ez. Baina egia esanda, ama izateak bide berri bat ireki zidan, lehen nire harremanak lanaren ingurukoak izaten ziren eta, oso intelektualak, gehiegi akaso. Orain aldiz, Zaldibin bizi nintzenean ez bezala, nire ama eta izebengandik oso hurbil nago. Aurkitu al duzu zure bizitzako oasia? Familia eta lagunak dira nire oasia. Eta zertarako balio dizu poesiak? Entrenamendu bat da bizitzari tarte batekin begiratzeko. Perspektiba bat behar dut, izatez ekintzetan murgildutako pertsona naizelako. Baina aldi berean, ez dut nahi ekintza horiek nire bizitzaren ardatz bihurtzea. Beraz, idazteak iparrerako norabidea aurkitzen laguntzen dit. Txuri beltzezko poesia al da zurea? Pentsatu gabe neukan, baina beharbada bai, normalean gauez idazten baitut. Baina txuria eta beltzez gain, grisa ere asko agertzen zait. Ezkorra, baina bizinahi handia darie zure olerkiei. Bizitzak bi norabide dauzka : batetik adaptazioa, eta bestetik sorkuntza. Eta ni moldagarria banaiz ere, sorkuntza nahiago dut. Hain zuzen, gure gizartean sorkuntzari oso tarte eskasa uzten zaio. Ni sinistuta nagomakina bat arazo ez dela konpontzen perspektiba falta zaiolako. Poeta minimalista deitu izan zaituzte. Minimalista baino, esperientziaren poesia da nirea. Nik irakurri dudan poesian, Rainer Maria Rilke renean esaterako, hurbileko gauzen hausnarketa bat somatu izan dut beti; alegia, eguneroko bizimoduarekin lotuta zeuden gauzak. Eta nik ere hortik jo dut. Ibaian gora joatea gustatzen zaizu. Eta ibaiaren sorburura iristen ahalegindu. Filologia ikasten genuenean beti esaten ziguten ezin dela idatzita ez dagoen ezer idatzi. Baina ni ez nago ados; bakoitzak bere esperientzia du, poetak hor zulatu behar du, berari eta bere garaiari dagokion hatsa jarriz. Zure hatsean erlijioaren presentzia antzematen da. Bai, bere zama eta hegoekin. Barandiaranek zioen bezala : denik ez esan, eta ez denik ez sinestu. Baditut desadostasun ideologiko eta sentimental handiak erlijioarekin. Nire ustez erlijioak onak dira "batzea" dakarten neurrian. Baina ez naiz batere ikonoklasta, eta praktikan zama monolitiko bat ezartzen du erlijioak, uztarri batekin bezala bideratzen dute jendea. Adibidez? Ba, erlijioa gizonezkoen erlijioa izatea. Jainkoa da gizona, semea eta izpiritu santua, baina non dago ama ? Ama birjina XII. mendetik aurrera baino ez zaigu agertzen erlijio literaturan. Bestalde, nahiz eta modernizatua egon, guri erakutsi diguten erlijioa pekatuan oinarritzen da eta, lapurreta ordez, mundu guztia kateatuko duen zerbait pekatutzat jo dute : plazerra eta sexualitatea. Horregatio, oso mingarria iruditzen zait emakume asko eta asko hegoak ezin atereaz hil izana erlijioaren erruz. Ahozko literaturaren eragina ere igartzen zaizu. Funtsezkoa delako. Ahaztu egin zaigu gure altxorra den euskara ahozko tradizioari esker gorde dela. Daukagun literatur tradizioak berriz, ez du daukagun altxor horren berri ematen. Zure poema batean diozu: ustezko portua ez zen zuk uste zenuena; izatekotan urrutiago zela. Ametsak bilatzen jarraitzeko iradokizuna da. Konparazio batera, utopia politikoek beheraegin duten garai honetan, indibidualismoa saldu nahi digute. Baina nire iritzian, interesean oinarrituta ez dagoen bizimodu bat bilatu behar da besteekin bizitzeko. Noiz hasten da benetako maitasuna? Maiteminaren idealizazioa amaitzen denean edo orduantxe ahitzen da? Benetako maitasuna emateko borondatea daukazunean hasten da. Hor dago gakoa. Azken finean, maitasuna beste pertsona batekin etorkizuna asmatzeko gogoa edukitzea da. Baina ziur egon maitasuna ez dela literaturak erakutsi digun bezain arrosa edo dramatikoa. Mitologia handia dauka maitasunak literaturan... Eta aldatzen doa. Oso ezberdina da errenazimendu, erromantizismo edo gaur egungo maitasuna. Ertaroko poesian esaterako, bi harreman mota zeuden : bata neskameek jauntxoekin zutena, eta bestea beraiek amodiotzat jotzen zutena. Baina haien inkonszientean emakumea hain lurrazpian zegoenez gero, emakumea idealizatu behar zuten maitagarri bihurtzeko. Ondoren etorri den literaturak ere obsesio hori landu du. Gaur egun berriz, gure artean behintzat, gizonak eta emakumeak parean gaudenez, idealizazioak bere zentzua galdu du. Amodioa errealistagoa da orain, alegia, antzekoen arteko adostasuna. Eta norantz doa zure poesia? Pasadizotik esperientziara doa. Orain birpasatzen ari naizen nire azken liburuan pasadizo asko bildu ditut, batzuk Elhuyar Hiztegitik ateratakoak, iruditzen baitzait gaur egungo zientzia errealitatetik oso urruti dagoela, ez teknikoki, ulermen mailan baizik. Letretakoa den ni bezalako pertsona batek zaila dauka Hawking edo halako baten tesiak ulertzea. Horregatik uste dut hizkuntza eta zientziaren arteko zubi bat eraiki beharko litzatekeela; eta zergatik ez? Poesiak zeregin hori har lezake. Eta Cupidoz idazteari utzi. Hori da. Jadanik ez du zentzurik. Jendeak ez baditu ia Bibliako pertsonaiak ezagutzen, are gutxiago Grezia klasikoko literatura. Hau da, esan nahi nuke ionizazioari buruz idatz genezakeela, ez azalpen zientifikoak emateko, baizik eta zientziak emandako frogak gure begietan jartzeko. Poesiatik eleberrira dagoen zubia ikusi al duzu? Ikusi bai baina ez dut zeharkatu nahi. Ipuinak eta idatzita baditut ere, gauzak narratibizatzen aspertu egiten naiz: etxetik atera, geltokira joan, bost minutu itxoin eta autobusa etorri zen.... uff ! Ze aspergarria!. Eta beste hainbeste elkarrizketekin. Baina aldi berean deskribapena gustatu egiten zait. Elipsia ere aukeran duzu. Bai, baina horretarako nahiago nuke antzerkia idaztea eleberria baino. Bizimodu errealeko elkarrizketak hain zozoak izaten dira, non literaturara pasa eta barregarri geratzen diren. Literaturan elkarrizketa onak egiteko modu bakarra antzerkia eta tragedia dira. Baina hori ere bizimodu errealetik urruti geratzen zaidanez, poesian esne mamitan nago. Euskal Idazleen Elkarteko makinista zaitugula, nola dago trena? Bidaiariek adorea dute eta makina ere ondo dago, baina trenbideak "Ibertren" dirudi: borobila da. Hau da, erdarazkoen ibilbide bera egin dezakeen arren, ez du ezta aldiriko tren baten zerbitzua ere egiten. Nahiz eta hor kanpoan egon, trenbide izoztuan geldi dagoen literatura da gurea. Trenari beste bagoi bat gehitu diozue. Bai, kazetariak ere gurekin etor daitezen; azken batean, kazetariak eta idazleen arteko marra oso fina da, eta batzuetan ezta hori ere, eskutik helduta baitoaz. Baldintza bakarra, jarraipen batekin 50 artikulutik gora idatzi izana da Eta zer egin trenbide nagusira heltzeko? Lehenik, literatura eta euskal liburuaren arteko zubia sendotu behar dugu. Jakina dibulgazio arloan berealdiko aurrerapena egin dela, zientzian, legedian, eta abar. Baina euskaraz hain eskaintza zabala egoteak ez du esan nahi euskaldunok ghetto batean sentitzen ez garenik. Gizartearen interesa piztu ala ghettoan jarraitu. Hori da gure erronka nagusia. Zentzu horretan, komunikabideen eragina izugarrizkoa da. Garbi dago ez dela nahikoa euskaraz plazaratzen diren egunkari, aldizkari, telebista edo irratsaioekin. Harantzago joan behar da gizartearen interesa pizteko : erdarazko komunikabideetandago koska, folklore egiteari utzi eta euskaraz idazten denari pisu bat eman diezaioten. "Eusko labela" egin liteke liburuekin ere. Ondo legoke hori. Izan ere, hain inguru euskalduna den Goierriko merkatal gune handi batera joaten bazara, liburuak esnea eta porruak bezala eros ditzazun jarrita daude. Baina "Eusko labela" duten barazkien aukera zabala dagoen bitartean, euskal liburuen presentzia hutsaren hurrengoa da. Eskaria edo eskaintza, zer dator lehen? Eskaintza, dudarik gabe. Euskaldun jende gehienak erdaraz irakurtzen du, baina ez da euskaraz irakurtzeko ohitura falta dutelako soilik, baizik eta ez dakitelako halako aukera euskaraz dagoenik ere. Gainera, oso liburu gutxi berrargitaratzen da. Hori da bestea. Plazaratzen denari, nahiz eta ona izan, hain jarraipen gutxi egiten zaionez gero, gutxieneko salmenta ez badu lortzen, erretiratu egiten da salmahietatik. Badira liburu batzuk denboran zehar eskola sortzen dutenak, "Txepetx" enak, esaterako. Eta gainera zer gertatzen da ? Ba, gure argitaletxe eta banatzaileek ez dutela Estatu mailakoen indarra. Banaketa eta promozio hobea izango bagenu.... Lanen kalitateaz mintzo, bada jendea zera dioenik: euskaraz argitaratzen diren lan gehienek ezingo lukete argia ikusi erdaraz. Ez nago batere konforme. Are gehiago, kontrakoa esango nizuke, erdaraz arrakasta izan duten literatur lan ugari euskaraz plazaratuko balituzte, ez lukete bizitza luzerik izango. Oso kaskarrak dira eta. Konplexua dugu, beraz. Handia, gainera. Euskal literatur idazleok normalean gutxitasun konplexua izan dugu. Etxeparez geroztik, konplexu handiz idatzi izan dugu, nahiz eta idatzi aurretik erdal idazle batzuek baino dexente gehiago ilustratu garen. Euskal liburu bat egiten zen bakoitzean euskara beste hizkuntzen parekoa zela aldarrikatzen zen. Arazoa da ez garela jabetzen literatura ona egiten dugula. Kontuak atera, Lauaxeta eta Lizardi orain ulertu egiten dira, baina bere garaian oso jende gutxi zen haien lanak konprenitzeko gauza. Konplexua daukagulaonartzea, bada zerbait. Eta zailena. Denok idatzi nahi dugu Antonio Galak bezala, baina hori ezinezkoa da. Hortaz, konplexuak alde batera utzi eta konturatu nor garen. Euskal Literatura lo dagoen sorgin liluragarria da, erratza gainean hegan egiten dakiena. Sortu eta egin: sorginaren gurpilean sartzen garenean jendearen interesa piztuko dugu, eta gero, irakurleak sorginduko. Eta zein printzak eman diezaioke musua esna dadin? Bakarrik esnatuko da, gutxitasun konplexuak lokartu baitu. Oso konsziente izan behar dugu mundu globalizatu honetan gurea bezalako herriek munduari beste begirada eman diezaiokegula. Herri garatua izateaz gain, judutarrek bezala badugu idatzi gabeko historia bat, etekinik atera ez dioguna, eta ez naiz sionista (barreak). Ez gara besteak baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. "Harry Potter" bezalako best sellerrak euskaraz ere arrakasta izateak zer ikustarazi dizue? Itzulpenen kalitatea oso ona dela. Baita umeek euskaraz irakurriz ondo pasatzen dutela. Baina aldi berean pena dela, askoz gutxiago saltzen diren Mariasun Landaren ipuinak hobeak direlako. Baina ez al lirateke best seller gehiago beharko euskaraz? Noski! Best sellerrak ere behar dira gure irakurlegoa zabalduko luketelako. Baina beti ere jakinda best sellerrak gutxitan direla kalitate handiko lanak. Atxaga, Lertxundi eta Saizarbitoriaren liburuak ez dira best sellerrak, baina prestigioa ematen digute bai kanpora begira, bai gure autoestimari begira. Beasaingo ikastolako zuzendaria izanik, ongi ezagutuko duzu gaztetxoen joera "euskañolez" mintzatzeko. Baita sufritu ere! Nahiz eta Beasainen hori gutxiago gertatu. Garbi ikusten dut euskarak aurrera egin duela eskolan baina ez aisialdian. Irakaskuntza sistemari bidean umeen mundua eta fantasia ahaztu zaio. Antzerkia, adibidez, ez da batere landu. Bestalde, irakaskuntza sistemari beste kritika bat eginez, esan nahi nuke umeei oso gutxi idatzarazten zaiela, fotokopia eman eta kitto!. Ondorioz, hizkuntzaren inguruko hausnarketa egiteko aukerarikez izatean, azkenean gaztetxoek errazera jotzen dute beren fantasia elikatzeko: inguratzen gaituen erdal mundura. Tere Irastorza (Zaldibia, 1961) Tere Irastorza gazte gaztetatik hasi zen bere lanak kaleratzen, Euskal Filologia eta Filologia Hispanikoa ikasten ari zela, hain zuzen. Geroztik honako olerki liburuak idatzi ditu: "Gabeziak" (1980), "Hostoak. Gaia eta gau aldaketak" (1983), "Derrotaren fabulak" (1986), "Osinberdeko kantoreak" (1986), "Manual devotio gabecoa" (1994), "Gabeziaren khantoreak" (Antología, 1995) eta "Izen gabe, direnak" (2000). Itzulpen lanak ere eginak ditu: Marià Manent en "Basa akaziak", Edmond Jabès en "Itaunen liburua" eta Marina Tsvietaieva ren "Nere anaia andrazkoa". Argazkiak: Beñat Doxandabaratz Euskonews & Media 163.zbk (2002 / 4 / 19 26) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jean Fagoaga: "Iparralde honetan euskal kulturak bizirik iraun dezan oraindik ere lan izugarria egiteko dago"

 

Irakurri

Javier Aguirresarobe: "Secretos del Corazón filmak bereziki hunkitzen nau. Filme biribila da eta nik guztia eman nuen"

 

Irakurri

José María Bastero: "Terrorismoa desagertzea, aurrerapen ekonomikoa solidarioa izatea eta egonkortasun politikoa lortzearekin batera, morala berrindartzea gustatuko litzaidake"

 

Irakurri

Javier González de Durana: "Artium eta Guggenheim alderatuz, lehena delicatessen bat litzateke eta merkataritza gunea bestea"

 

Irakurri

Juan Mari Beltran: "Fusioa ere etxean dago: Aralarko artzainen doinu zaharrek arabiar musika dirudite"

 

Irakurri