José María Bastero: "Terrorismoa desagertzea, aurrerapen ekonomikoa solidarioa izatea eta egonkortasun politikoa lortzearekin batera, morala berrindartzea gustatuko litzaidake"

2002-03-22

LARREA, Koldo

Elkarrizketa: José María Bastero José María Bastero, Nafarroako Unibertsitateko Errektorea "Terrorismoa desagertzea, aurrerapen ekonomikoa solidarioa izatea eta egonkortasun politikoa lortzearekin batera, morala berrindartzea gustatuko litzaidake" * Koldo Larrea Unibertsitatean irakasle eta ikerlari izan baino lehen, itsasontzigintzan aritu zen lanean José María Bastero bermeotarra. Itsas Ingeniaritzan doktorea izanik, Mekanikako irakasle laguna izan zen hiru urtez, eta baita Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Ingeniari Industrialen Goi Eskolako Ikasketen zuzendaria ere. Ondoren Bizkaira jo zuen, eta 1977an Mekanikako katedra eskuratu zuen Bilboko Ingeniari Industrialen Eskolan. 1992an Nafarroako Unibertsitateko ikerketen errektoreorde izendatu zuten Iruñean, eta lau urte geroago, 1996an, unibertsitate horretako bertako errektore. Bertan darrai gaur egun. Bere hirurogei urteetan zehar pilatutako esperientzian oinarrituz, goi hezkuntza eta trebakuntza sistemari buruz mintzatu gara berarekin, eta baita unibertsitatearen, gazteriaren eta gizartearen alderdi desberdinen inguruan ere. Instituzio pribatu honetako autoritate gorena izanik, azal iezaguzu zein den unibertsitateen egitekoa, eta zeinek izan beharko lukeen, bi gauza desberdin baitira. Oso galdera konplexua da; ezingo nuke erantzun sinple bat eman. Edozein kasutan, lehenik eta behin esan behar da oso instituzio gutxik eskaini diotela gizarteari unibertsitateak eskaintzen duen zerbitzua; hain zuzen ere horregatik jarraitzen du bizirik hainbeste denboran. Unibertsitatea kultur inguruabarretara zenbatez hobeto egokitu, orduan eta erabilgarriagoa izaten da, baina betiere bere nortasuna mantenduz, hau da, alor zientifikoetan jakintza bilatu eta zabaltzen. Gaur egun ere eginkizun berbera izaten jarraitzen du: gizartearen beharrei erantzutea, ahal den neurrian egia aurkituz, inolako apriorismo eta aurreiritzirik gabe. Elitismo intelektuala berreskuratzeari begira, sistema unibertsitario zorrotzago baten beharraikusten al duzu? Alegia, unibertsitatean sartzea zailduz, ikasgaiak kolokan dauzkatenei ikasturte batetik bestera pasatzea galaraziz, ekainean edo irailean suspenditzen duten ikasleak kanporatuz... Ikasketa unibertsitarioetan porrot egiteak arazo bat dagoela adierazten digu, eta arazo horren jatorria, nire ustez, bigarren mailako irakaskuntzan dago nagusiki, ez duelako exijentzia pertsonala behar adina sustatzen. Unibertsitatean sartzen diren askok ez dauzkate benetako gaitasun eta interesa. Dena den, ez dago ikasketa unibertsitarioen bikaintasuna berma dezakeen sistemarik, eta gainera ez zait iruditzen hori gutxiegiak ipintzen lortzen lor daitekeenik. Unibertsitate baten arrakasta, eskaintzen duen irakaskuntzaren kalitatearen araberakoa da. Eskola onak ematen baldin badira, eta irakasleak laguntzeko prest baldin badaude, ikasleek ahalegin handiagoak egingo dituzte eta arreta handiagoa ipiniko dute. Nola itzul dakioke prestigio soziala "letretako" adarrari (hau da, Humanitateei, Giza Zientziei)? Inoiz aipatu duzu ez dela oso adar errentagarria... Ez dut uste hori egun batetik bestera konpon daitekeenik, espezializazio horiek ospea galdu izanaren arrazoiak gizartean bilatu behar direlako, ez unibertsitatean bakarrik. Baina etorkizuna itxaropentsua da alde horretatik. Nafarroako Unibertsitateak ikasgai humanistikoak sartu ditu bere ikasketa unibertsitario guztietan, eta hori oso begi onez ikusi du lan merkatuak, enpresentzat oso jakintza baliagarriak eskaintzen dituelako. Humanista, azken batean, gizakia ondo ezagutzen duen aditua da, eta enpresetako jardueraren ardatza gizakia da, gero eta hein handiagoan. Zeintzuk dira Nafarroako Unibertsitateak enpresaren eta trebakuntzaren aldetik dauzkan helburu nagusiak? Gure helburua unibertsitate on bat izatea da, besterik gabe, eta gure printzipio fundazionalekin bat etortzea, Nafarroako Unibertsitatea Opus Dei ren obra korporatibo bat da eta. Ikasleei prestakuntza profesional egoki bat eskaintzen saiatzen da, beren lana profesionaltasunez,irizpide etikoekin eta lanerako espirituarekin gara dezaten. Era berean, nazioarte mailan lehen mailako ikerketa lanak bultzatzen ditu, gizakiari aurrera egiten laguntzeko, eta esparru kultural eta soziala sakonetik ezagutzeko. José María Bastero, ezkerraldetik hasita bigarrena, Eusko Ikaskuntzaren XIV. Kongresuan. Zuzentzen duzun instituzioak hainbat kritika jaso ditu sektore batzuen aldetik matrikulen prezioa garestiegia izateagatik, eta bertan ikasi nahiko luketen batzuek horri aurre egiterik ez izateagatik. Ekonomikoki elitista izatea leporatzen dizuete. Honela dio zuen iragarkietako batek: "Ez omen da erraza Nafarroako Unibertsitatean sartzea. Zaila, ordea, bertatik joan behar izatea da". Zuzen al dabiltza kritika horiek? Gure irakaskuntzako kostuak, beste edozein unibertsitate estatalenaren parekoak edo txikiagoak dira, guk ez dugulako inolako laguntza publikorik jasotzen kostu horiek estaltzeko. Horregatik, eskubide konstituzional bat egikarituz, gurea bezalako unibertsitate batean ikastea erabakitzen duten ikasleak ez daude berdintasun egoeran goi hezkuntzara bideratutako baliabide publikoen aurrean beken programa orokorren kasuan izan ezik , nahiz eta beren familiek beste guztiek bezala ordaindu zergak. Desberdintasun egoera hau gainditzeko, Estatu batzuetan sistema unibertsitarioa txeke eskolarra ren sistemaren bidez finantzatzea erabaki dute. Baina Ordenazio Unibertsitarioaren Lege berriak ez du aukera hau jaso. Nolanahi ere, gure matrikulen prezioak oso ajustatuak dira, eta gainera unibertsitate pribatuen batezbestekoaren azpitik daude. Beste alde batetik, beken sistema propio bat daukagu, inor ez dadin arrazoi ekonomikoengatik Nafarroako Unibertsitatean ikasi gabe gelditu. Bestetik, gure unibertsitateko ikasleen gurasoen %85 errenta ertaina edo bajua dute. Familia horientzat, matrikularen kostuak sakrifizio bat suposatzen du, dudarik gabe, baina azkenean bere fruituak ematen ditu, trebakuntza on batean inbertitzea beti delako errentagarria. Zer eskaintzendu Nafarroako Unibertsitateak beste unibertsitateen aldean? Ez nuke konparazioetan sartu nahi, baina ezaugarriren bat azpimarratzekotan, lehen aipatutako ildo kristauaz gain, ikasleek unibertsitateko bizitzan duten protagonismoa aipatuko nuke. Ikaslea bere trebakuntzaren gidaria izatea nahi dugu, bere nortasuna ahalik eta gehien gara dezan. Gure irakaskuntzaren helburua ikaslea aktiboki garatzea da, ikasten ikastea, horrek gero eta garrantzia handiagoa daukalako lan munduan, etengabe erronka berriak sortzen ari direlako. Horretarako, ikasle eta irakasleen arteko harremana estua izaten saiatzen gara. Lan merkatuan sartzeko prest ateratzen al dira lizentziatutako ikasleak? Lanean hasten den jendearen indize onak dauzkagu, eta titulazioaren arabera desberdintasun batzuk dauden arren, gure lizentziatuek nahiko azkar aurkitzen dute lana. Baina datu hauek onak izan arren, ez gara besoak gurutzatuta gelditzen, baizik eta gure trebakuntzaren kalitatea hobetzen eta enpresa nahiz instituzioekin dauzkagun harremanak zabaltzen saiatzen gara, gure ikasleek lana lehenbailehen aurkitzeko, eta ahalik eta kalitaterik oneneko lanpostuetan gainera. Eta ekimen berriak izateko ere bultzatzen ditugu, eurak izan daitezen lanaren sortzaileak. Karrera batzuen kasuan, hala nola Medikuntzan edo Informazio Zientzietan, Nafarroako Unibertsitatearen tituluak balio gehigarri bat izan du lan munduan. Hala izaten jarraitzen al du? Eta, hala izatekotan, zein espezialitatetan? Bai aipatu dituzun titulazioetan, bai beste batzuetan, gure Unibertsitateak zorionez ospea izaten jarraitzen du. Baina gure helburua da Nafarroako Unibertsitatearen edozein titulu izatea kalitatezko trebakuntzaren sinonimo. Masifikazio arazorik ba al duzue? Ez, ez daukagu. Baina oso litekeena da jaiotze tasaren beherakadarekin unibertsitateetako masifikazioaren arazoa desagertzea, behintzat titulazio gehienetan. Hain justu alderantzizko arazoa izateko arriskua dago. Nafarroak milioi erdi biztanle inguru dauzka, eta herena bainogehixeago hiriburuan bizi dira. Gehiegizkoa al da Foru Erkidegoan bi unibertsitate egotea, ala beharrezkoak dira bertako trebakuntza eskariari erantzuteko? Garai hauetan, zaila egiten zait unibertsitate baten beharra irizpide geografikoaren edo biztanle kopuruaren arabera planteatzea. Ez da ahaztu behar unibertsitateak, berez, ez duela mugarik. Eta unibertsaltasun hori areagotu egin da komunikabideek hartu duten abiadarekin eta unibertsitate munduaren nazioartekotzearekin, batez ere Europan, goi hezkuntza bateratze aldera goazela. Zein da errektoreak Nafarroako kultura eta hezkuntzaren arloan daukan zeregina? Barkaidazu, baina ez zait bidezkoa iruditzen nire egitekoa aztertzea. Esan diezazukedana da Nafarroan maitatua eta errespetatua sentitzen naizela. Sektore batzuetan esaten denaren arabera, Nafarroako Unibertsitatea Foru Erkidegoan egon arren, ez da nafarrena. Zenbat ikasle dauzka guztira, eta horietako zenbat dira nafarrak? Nafarren presentziak konstantea izan beharra garrantzitsua iruditzen al zaizu? Unibertsitateak 12.000 inguru graduaurreko ikasle dauzka, eta horietako %38 dira nafarrak. Proportzio horrek garbi uzten du Nafarroako Unibertsitateak ez duela bere izena kasualitatez hartu, eta lurralde honetan ondo errotuta dagoela. Unibertsitatea 1952z geroztik leialtasun osoz ari da Nafarroari bere zerbitzua eskaintzen, eta azken mende erdiko aurrerakuntza sozioekonomiko eta kulturalaren parte izan da. Oso eskertzekoa iruditzen zaigu Nafarroak instituzio honengan ipini duen konfiantza. Bere ikasgeletatik 25.000 nafar baino gehiago igaro dira, eta gero beren prestakuntza, esfortzu eta ekimenari esker aurrerakuntza ikaragarri horren protagonista izan dira. Nola ikusten dituzu Nafarroako gazteria eta gizartea? Ikasturtearen irekieran, gazte askoren isolamendu pertsonalak eragiten didan kezka azaldu nuen. Isolamendu paradoxikoa da, zeren inoiz ez dituzte gaur egun bezainbeste bitarteko izan elkar komunikatzeko. Beren aisialdian, adibidez, askotan giro itxi etaindibidualista batean murgiltzen dira. Baina, hala ere, nahiago dut begirada beste balio batzuetara zuzendu: justizia, naturarekiko errespetua, tolerantzia, egiaren aurrean duten rezeptibitatea, solidaritatea... Urtetik urtera, ikasteko gogo handiak eta proiektu asko dauzkaten gazteak etortzen dira unibertsitatera, eta nire konfiantza guztia berenganatzen dute. Galderaren bigarren zatiari dagokionez, terrorismoa desagertzea, aurrerapen ekonomikoa solidarioa izatea eta egonkortasun politikoa lortzearekin batera, morala berrindartzea gustatuko litzaidake, batez ere familiaren arloan, elkarbizitza sozial guztia horren menpe dagoelako. Amaitzeko, nola bukatu nahiko zenuke Nafarroako Unibertsitateko errektore etapa? Hasi nuen bezalaxe: ahalik eta gutxien estorbatuz. Unibertsitate batean ikasle eta irakasle apartak daudenean, zuzendaritza taldeak egin behar duen guztia beren eguneroko lanerako ahalik eta baldintzarik onenak eskaintzea da, eta beren ekimenak bideratzeko aukera ematea. José María Bastero Bermeon (Bizkaian) jaioa 1942an, Bastero irakaslea Untzi Ingeniaritzan doktorea da. Untzigintzan aritu ondoren, irakaskuntza eta ikerketa munduan murgildu da. 1977an Bilboko Industri Ingeniaritza Eskolako katedradun izendatu zuten. Nafarroako Unibertsitateko Ikerkuntzako errektoreorde ohia. Donostiako Industria Ingeniaritzako Goi Eskolako eta Centro de Estudios e Investigaciones Técnicas de Guipúzcoa (CEIT)eko zuzendari izan da. Doktorego tesi ugari zuzendu ditu eta makina bat ikerkuntza lan argitaratu du aplikazio mekanikorako modelo matematikoen arloan eta baita haustura arazoetan ere. Era berean, Mekanika Aplikatuko departamenduak europar finantzaketari esker aurrera eramaten dituen hainbat proiektuetan parte hartu du. Unibertsitate munduan ezaguna da batez ere Ingeniaritza Eskoletan klasikoa den mekanika eskuliburuagatik. Bestalde, Bastero irakasleak Nazioarteko Kongresu askotan parte hartu du eta ikerkuntza lanak garatu ditu Londresko Imperial College eta Oxfordeko Unibertsitatean.Argazkiak: Arantza Cuesta Ezeiza eta Luis Azanza (Eusko Ikaskuntzaren Kongresua) Euskonews & Media 160.zbk (2002 / 3 22 / 4 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Javier González de Durana: "Artium eta Guggenheim alderatuz, lehena delicatessen bat litzateke eta merkataritza gunea bestea"

 

Irakurri

Juan Mari Beltran: "Fusioa ere etxean dago: Aralarko artzainen doinu zaharrek arabiar musika dirudite"

 

Irakurri

Jose Mari Muxika: "Topagunean biltzen diren jarduerak euskal gizarteak eskatzen dituen jarduerak dira"

 

Irakurri

Miguel Sánchez Ostiz: "Idazle batek ezin dio gizateriari bizkarra eman"

 

Irakurri

Olivier Ribeton: "Euskal Museoa eta Baionako historiaren museoa zabalik: abiaburua edo helburua"

 

Irakurri