Luis Gasca. Editorea: Komikigintzak erakarri ninduen gutxietsitako artea zelako

2011-03-11

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Komikien inguruko Europako bildumarik bikainenetakoa gordetzen duen tokian egin dugu hitzordua Luis Gascarekin. Baina pertsona bera horren interesgarria denez, bilduma bigarren mailara igaro da eta bere bizitzan sartu gara, pasioz, lanez eta ikasteko gogoz betetako bizitza batean. Laurogei urte betetzear dituela, “gauza berrietara irekita dagoen mutikoa” dela dio.

Luis, zure curriculuma beldurgarri luzea da. Nola labur dezakegu lerro gutxi batzuetan?

Bere hiria eta jendea asko maite dituen donostiarra naiz. Zinemaldiari hainbat garaitan eta munduko indar guztiarekin lagundu izanaren ohorea dut, eta hortaz harro nago, hasieratik sinetsi baitut Zinemaldian. Ia mende erdia eman dut, modu batera edo bestera, bertan lanean. Abokatu naizen arren, ez da nire lanbidea. Ikertzen aritzen naiz eta liburuak argitaratzen ditut, liburu ugari.

Herri kultura biziki maite duzula diozu, ezta?

Asko kezkatzen nau ahozko memoriak, jendea desagertuz joatea eta haiekin batera guri esateko zutena, adibidez, Aingeru Urdinaren sortzailea, Boticcelli edo Stravinsky. Obren sorrerako xehetasunek kezkatzen naute, biziki maite ditut. Egia esateko, kezka bizia da, dibertigarria, baina hein batean apur bat tragikoa bilakatzen da galtzen ari dela konturatzen naizenean. Etorkizunean gizakiak gordetzen dituen ezagutza guztiak transmititu ahal izango dira, denboraren poderioz galduz doazenak eta ahaztu egiten direnak denborarik ez dagoelako guztiak idatziz jasotzeko. Eta hori niretzat obsesioa da, atsegina bada ere.

Jose Antonio Sistiaga pintoreakin. Donostia-San Sebastián, 2002.

Liburuak idazten hasi eta lanaren inguruko materiala gorde beharrekoa zela konturatzean sortu al zitzaizun kezka edo obsesio hori?

Ez, alderantziz. Lehenengo bilaketa dator, ikerketa. Iragankorra den orok, latinez vanitas, vanitatis, galtzen den horrek, zaborrontzira botatzen denak... beti kezkatu izan nau. Berreskuratzen saiatzea, eta zaborrontzira kondenatutako hori etorkizunean norbaitek irakurri, entzun eta gozatu ahal izatea da nire nahia. Editore-lanean beti saiatzen nintzen hori guztia liburuetan jasotzeko denbora hartzen, baina batez ere hala eskatzen zidatelako. Garai hartan ez zen komikiaz, ez zinema fantastikoaz hitz egiten, orduan ez zen fikziozko zinemarik ezagutzen. Ni saiatzen nintzen bitartekoak eskaintzen etorkizunean ezagutza gehiagorekin ikertzea ahalbideratzeko, emandako datuetatik eta informaziotik abiatuta.

Ehunka liburu idatzi dituzu, baina zuk diozun moduan, komikiaz idazten hasi zinenean gaiari buruz ia materialik ez zegoen. Zerk erakarri zintuen komikiaren mundutik?

Artea zela, baina gutxietsitako artea, horrek erakarri ninduen. Adibide bat jarriko dizut: Agustí Villaronga, Pa Negre filmaren egilea, Goya sarietan sekulako arrakasta izan duena. Zuzendaria ez zen batere ezaguna, ez maitatua, baina bere lehen lana bikaina zen... ezagutzen ez duzuna ezin duzu maitatu; ez badago benetan herrikoia den kultura herrikoia, hau da, eskuragarria dena eta duen balioa agerikoa dena, orduan hil egiten da, landan galtzen den orburua bezain iragankorra da.

Komikia arte osoa iruditzen zitzaidan, bai bisualki eta baita semantikoki ere; irudiak, testuak, horren guztiaren arteko fusioa, hizkera herrikoia, slanga... biziki maite nuen komikia irakurriz ezagutzen zen guztia. Zinemak edota eleberriak ematen ez zidaten irakurketa eskaintzen zidan, izan ere, atzera egiteko aukera ematen zidan, ordenagailurik, bideorik edo telebistarik ez zegoen garaian. Orduan filmak zinema-aretoetan ikusten genituen, eta ez zegoen aukerarik gustuko zenuen irudi hura berriro ikusteko; horretarako berriro ere filma ikustera joan behar zenuen, eta bat-batean, segundo batez, demasa iruditzen zitzaizun flash hura begien aurrean zenuen berriro. Komikiak, aldiz, aukera ematen dizu irakurketan atzera edo aurrera egiteko, eta ez hori bakarrik, bineta barrura sar zaitezke, Alizia Herrialde Harrigarrian ispiluaren beste aldera igarotzen denean bezalaxe. Geldi zaitezke, xehetasunei erreparatu, irudia poliki aztertu edota lasai irakurri, merezi badu, noski. Binetak elikagai espirituala eskaintzen du.

Gogoan al duzu zein izan zen irakurri zenuen lehen komikia?

Bai. Amak La Semaine de Suzette frantziar aldizkariaren liburuki bat zuen koadernatuta. Haurra nintzen eta Becassine protagonista oso dibertigarria iruditzen zitzaidan; neskame bretoia zen, eta Mary Poppins idatzi baino askoz lehenago hark bazuen gauza guztietarako erabiltzen zuen aterkia. Mutil-laguna jendarmea zuen, bizikletan ibiltzen zen, landan, eta Grand’Air markesarentzat egiten zuen lan; markesa hura agintzailea eta dibertigarria zen, Mari Errauskinen amaordearen antzekoa. Orduan ez nuen frantsesa ulertzen, baina biziki maite nuen irudiei begiratzea.

Eta azkena?

Ba atzo bertan Rocketeer berrirakurtzen egon nintzen. Pertsonaia amerikarra da, eta zorionez, Dave Stevens egilea ezagutzeko aukera izan dut. Ia handi guztiak eta ertainak ezagutzeko fortuna izan dut, eta azkenean handi bilakatu zirenak, eta aukera izan ez zutelako handi izatera iritsi ez zirenak ere. Horiek guztiak marrazten ikustea zoragarria da; pentsa Migel Angel margotzen ikusteko aukera dugula, izugarria litzateke. Komikiaren kasuan oso gutxitan ikusten da, ez baitago ikastarorik komikiak marrazten irakasteko eta egile handiak bertatik bertara marrazten ikusteko, bakoitza bere estiloan.

Alde handia al dago komiki aleman baten eta japoniar baten artean, adibidez?

Bai. Doll komikia dago batetik, eta haren ezaugarriak denborarekin bateratuz joan dira; bestalde, manga edo komiki japoniarra dago. Komiki europarrak, orokorrean, eta amerikarrak sustrai ezberdinak izan dituzte. Hau da, alemana lerro finekoa zen, didaskaliak zituen (testuak binetaren azpian) eta ia ez zuen bunbuilorik; ingelesezko komikietan bunbuiloak ixten ez ziren lainoen modukoak ziren, beranduago etorri zen testua eta pertsonaiak erabat uztartzearena. Estatu Batuetan onomatopeiak bestelakoak dira; komiki latinoak, orokorrean, sustrai herrikoiak bilatzen ditu, familia du ardatz, gosearen arazoa umorez lantzen du eta garai bateko hizkera herrikoia berreskuratzen saiatzen da, gaur egun hiztegietan bakarrik azaltzen den hori.

Ondareko aleak.

Argazkia: Ricardo Iriarte.

Duela urte batzuk gurasoek ez zuten begi onez ikusten seme-alabek komikiak irakurtzea. Eleberria irakurtzea, aldiz, ondo ikusia zegoen. Gaur egun komikia irakurtzea ohikoa da, baina, zerk eman dio izen ona?

Komunikabideek. Duela urte gutxi pentsaezina zen Le Monde edo El País egunkariek komikiari buruzko informazioa argitaratzea. Egun, tirada handiko zein txikiko egunkariak aztertzen baditugu, komikiaz ere ari direla ikusiko dugu. Normaltasun hori ez da bakarrik prentsa idatzian nabaritzen, irratian ere komikiari buruz hitz egiten da eta horrek ezagun bilakatzen du, herrikoi, eta duintasuna ematen dio nolabait. Gainera, duela 60 urteko gurasoek ez zuten ia komikirik irakurtzeko, interesik gabeko zerbait zen. Orain ez dago komikirik irakurri ez duen 14 urteko neska edo mutikorik.

Komikia, tebeoa, eleberri grafikoa... gauza bera al dira?

Niretzat bai. Hemen komikiari tebeo esaten zitzaion aldizkari aitzindarietako batek izen hori zuelako, Argentinan, berriz, historieta zen eta Frantzian bande dessiné. Terminoak bateratzerako orduan cómic edo komiki generiko bilakatu da. Egun asko hitz egiten da “eleberri grafikoaz”, eta hori lagungarri izaten ari da lan bikainak ezagutzera emateko, baina eleberri grafikoak Bruguerak argitaratzen zituen jada 50-60ko hamarkadetan. Bunbuilorik ez zuten, baina bai ilustrazio-irudiekin lotutako testuak. Lehenago ilustraziodun liburua zenaren aldagai zabalagoa, nolabait esateko, betidanik egin izan da herrialde guztietan.

Zure bizitzako beste alderdi batzuei erreparatu nahi diet, telebista eta irrati ekoizlearenari, esaterako.

Irratia asko maite dut eta pozik hartzen dut parte saioetan. Fikziozko saioak eta irrati-nobelak ere egin ditut (irratiz entzuten ziren melodramak, etxekoandreen, gazteen eta jende guztiaren elikagai espirituala zirenak). La Ser irrati-katean “Las ilusiones de Marta” izeneko irratsaioa egin nuen urte askoan, eta bertan bi neskaren abenturak kontatzen ziren; bata donostiarra zen eta bestea katalana, eta Frankensteinekin egiten zuten topo, edo James Bondekin batera egiten zuten borroka... ekintza zen nagusi, eta horri laguntzen musika herrikoia, abesti frantziarrak edo amerikarrak, musika horiekin egiten bainuen nik dantza garai hartan. Irakurketa, ekintzaren osagarri zen musika, eta bi nesken une erromantikoak uztartzen zituen saioak.

Gerora irratsaioak egin izan ditut Javier Gurrutxagarekin batera eta bakarrik ere, eta berdin telebistan. Ahotsa maite dut, oso iradokitzailea dela uste dut. Beste aldean duzun pertsona ez ikustea, eta kabinan isolatuta zaudela hitz egiten hasi eta dena kontatzea, konfesatoki batean bezala. Ahotsa oso garrantzitsua da, bai mikrofono aurrean hitz egiten gozatzen duenarentzat eta bai entzulearentzat, batez ere ordu txikietako irratsaioetan. Bartzelonan bizi nintzeneko garaian, irratsaio batetik goizaldeko 3etan edo 4etan elkarrizketatzen ninduten, eta jende piloa dago ordu horretan jaikita, irratia ondoan duela... Bizi beharreko esperientzia da.

Luis Gascaren bilduma aurkitzen den kalea.

Argazkia: Ricardo Iriarte.

Donostiako Zinemaldiaren zuzendari izan zara, eta baita idazkari ere luzaroan.

Esperientzia oso polita izan zen. Bigarren urtetik aurrera gauzak artxibatzen laguntzea egokitu zait, zinema-jaialdietan gai baten inguruko erakusketarik egiten ez zen garaian erakusketak proposatzea, atzera begirakoa sortzea, mahai-inguruak, eta baita etortzen ziren aktoresekin dantza egitea ere. Eta, noski, oso ondo pasatzea eta film mordoa ikustea.

Aurrerago hautatzaile izan nintzen, eta gaur egungoekin zerikusirik ez zuten aurrekontuekin egiten genuen lan. Orduan, bigarren mailako txartela hartu eta Parisera edo beste hainbat tokitara joaten ginen, eta pate-ogitartekoak bakarrik jaten genituen, aukerarik merkeena zelako. Egunean 8 edo 9 film ikusten genituen ogitartekoa eskuetan eta besaulki deserosoan eserita. Aretoak ez ziren gaur egungoak bezalakoak, eta soinua ere ez. Hori guztia bizi ondoren idazkari izatera igaro nintzen eta, besteak beste, Antonio Zuluetarekin egin nuen lan, Ivan Zuluetaren aitarekin. Garai ederrak bizi izan nituen, handienekin harremanetan, haiekin paseatzera eta bazkaltzera joanaz, Hitchcock hilerrira eramanez argazkiak egitera, horrek duen morboarekin... Hori guztia esperientzia oso ona izan da. Eta batez ere, zuzendari zarenez, zure hiriaren alde zerbait egiten ari zarela pentsatzea, jendeak gozatzeko eta urte zailenetako xarma berreskuratzeko. Xarma edo glamour hori galdua zen hirian, eta dendek behar zuten; boutique direlakoek, ile-apaintzaileek, zapata-saltzaileek, orkestrek, cateringek (nahiz eta garai hartan halako hitzik existitu ez). Ba hori guztia oso interesgarria izan da, oso ederra.

Zein harreman duzu orain Zinemaldiarekin?

Jaialdia utzi nuen nire familiak eta lanak bizirauteko behar nindutelako. Ezin nintzen egon alde batetik irabazten baina ekonomikoki ordu piloa galtzen egunero urte osoan zehar, behar bezalako lantalderik gabe, eta nik neuk ahal nuen moduan aurrera egiten. Eta utzi nuenetik jaialdiak bere bidea egin du eta nik prentsaren bidez bakarrik izan dut haren berri. Behin bakarrik itzuli naiz, 50. urteurrenean Kursaalen egin zen ekitaldiaren kontura. Hori amaituta ez naiz jaialdira itzuli, jende berria egon delako eta, noski, haientzat iragana iragana delako, besterik ez. Aurten sekulako ilusioa dut Jose Luis Rebordinosek hasiko duen garai berria dela eta. Izan ere, Rebordinosekin harremana izan dut, nitaz gogoratu da, Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaren astera gonbidatu nau eta nire herriko zinemaldia ikusteko gozamenera itzultzeko beta eman dit. Zinema fantastikoaren eta beldurrezkoaren jaialdian izan duen espiritu ludikoari eta aldi berean zorrotzari zinema handian eutsiko diola espero dut. Arrakasta izango du; lehenengo urtean ez bada segituan ikusiko dugu benetako berrikuntza jaialdian. Gasca bilduma

Gipuzkoako Foru Aldundiak gordetzen du zure bilduma pribatua, 8.000 dokumentu baino gehiago biltzen dituena. Komikiari buruzko lehen fondoa da Estatuan eta onenetakoa Europan. Hori guztia jendearekin partekatzeko gorde duzula kontuan hartuta, pentsatzekoa da zuretzat ametsa izango dela zure bilduma ikusleentzako eta ikertzaileentzako zabalik ikustea.

Bai, baina oso burugogorra eta neure buruarekin oso zorrotza naizenez, helburu batzuk finkatzen ditut pentsatuz tinkotasunez ekiten badiot aurrera aterako direla. Horrela gertatu zen Zinemaldiarekin, adibidez. Hasieratik banekien egunen batean emaitzak ekarriko zituela. Gauza bera gertatzen zait honekin ere, beti pentsatu izan dut gauza ez dela botatzea, berreskuratzea baizik, bilatu egin behar dela, ahaleginak egin, eta batzuetan ogitartekoaren ordez aurkitzeko zaila den pieza hori erosi behar dela, gero ikertzaileek ikertu dezaten eta ikertzaile ez direnek irakurriz goza dezaten. Atsegina da ikustea jendeak nola gozatzen duen haurtzaroko pertsonaiak gogoratzean, izan ere, garai hura gure bizitzetako onena baita. Haatik, ez dago amabitxien ipuinetako pertsonaiei buruzko hiztegi onik, adibidez, edo jendeak ez daki Erpurutxo euskaraz idatzitako pertsonaia batetik sortu zela, edo Edurne Zuri Indiako mitologiako pertsonaia dela, edo Jon Beldurgabe Erdi Aroan erregea izan zela Frantzian... hori guztia jakiteak gosea pizten du.

Bildumaren zati bat gordetzen dituzten agiritegiak.

Argazkia: Ricardo Iriarte.

Nola mamitu zen Luis Gasca Fondoaren egitasmoa?

Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara foru diputatuarekin izandako elkarrizketa izan zen zentroa sortzeko abiapuntua, lehen aipatu dizudan Zinemaldiaren 50. urteurreneko afarian. Hari otu zitzaion nire fondoa Donostian kokatzeko ideia, eta niri primeran iruditu zitzaidan. Ni Bartzelonan bizi nintzen eta ekonomikoki ezin nuen guztia gordetzen jarraitu. Bi aldeak berehala jarri ginen ados, baina krisiaren ondorioz guztia atzeratu egin zen. Koldo Mitxelena Kulturuneak hartu du fondoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura-lanaren barruan. Materiala artxibatu behar izan zen, nahiz eta nahiko ondo artxibatua zegoen Bartzelonan izan nituen hiru laguntzaile apartei esker. Esperimentatuz artxibatzen genuen, ez baitzegoen gaiari buruzko zentrorik edo museorik eredutzat har genezakeenik.

Hemen guztia digitalizatu egin da, fitxa guztiak osatu dira, bai pertsonaiei buruzkoak eta baita aldizkarienak ere, eta orain irudi bakoitzaren fitxak, jatorrizko marrazkienak, olioenak, akuarelenak, zirriborroenak eta abar prestatzen ari gara, mila eta piku baitira. Gero pertsonaiei buruzko bideoei eta irrati-grabazioei helduko diegu, eta baita irratsaioei ere: El Coyote, Tres hombres buenos, Diego Valor... pertsonaia horiek guztiek irratsaioak izan dituzte 30eko eta 40ko hamarkadetan, eta aldi berean komikietan bizi ziren. Aurrerago aldizkarien edukiarekin hasiko gara, izan ere, gauza bat da Pulgarcitoren hirugarren etapako 420. zenbakia existitzen dela jakitea eta beste bat horren edukiaren berri izatea; jakitea zenbaki horretan azaltzen dela estreinakoz Mortadelo. Hori guztia jaso egin behar da ikertzaileek aurki dezaten. Argitaletxeek ere ez dakite zein fondo duten, bere garaian ez zelako katalogatu. 60 urtez lan hori egiteko aukera izan dut, zorionez; gaur egun horretan hasteko eta lan hori guztia egiteko izugarrizko lantaldea beharko litzateke. Ezinezkoa litzateke.

Hemen dagoen material guztia bakarrik bildu duzu ala partikularren baten dohaintza jaso al duzu?

Neurtzekotan esango nuke % 90 nik eman diodala hiriari, eta gero, oso eskuzabala den jendeak ere ekarpenak egin ditu: Pere Oliver ilustratzaileak hona ekarri ditu bere orijinalak, Carlos Navarro, El Papusen sustatzaile eta editoreak opari interesgarriak egin ditu, Paco Camarasa, Ediciones de Ponent argitaletxeko editoreak euren lan berriak bidaltzen dizkigu, eta etxean aurkitutako gauzekin betetako poltsa dakarren jendea ere badago. Vivien Leigh-ek “Un tranvía llamado deseo” (A Streetcar named Desire) filmean zioen moduan, asko sinesten dut jendearen eskuzabaltasunean.

Zein egiteko izango duzu Dokumentazio Zentroan?

Ba nik neure buruari jartzen diodana. Etxean gera ninteke, lasai asko, edo hegoaldeko itsasoetan palmera azpian egon ninteke, diruagatik ez balitz, baina nik ez dut horretarako balio. Almodovarrekin (Pedro) hitz egiten dudanean esaten dit ez nauela irudikatzen etxean, atzera eta aurrera, bizarra egin gabe eta felpazko zapatilak jantzita. Nik ez dut balio erdi lo egoteko, telebista aurrean orduak eta orduak emateko; nik jarduera jarraitua izan behar dut, eta horixe egiten dut hemen, jendeari azalpenak ematen eta prestatuz. Baina berriro diot, krisiak langile kopuru ahalik eta txikiena izatera behartzen gaitu; une honetan 8 lagun faltako lirateke honek guztiak ondo funtzionatzeko. Joko Olinpikoetan ari den atleta baxua sentitzen naiz, eskuak erretzen dizkion suzia eskuetan duena eta nori pasako dion begi aurrean ikusten ez duena.

Non gorde duzu material hori guztia hainbeste urtetan?

Ba modu arraroan gorde dut, ezagunen eta familiartekoen etxeetan... Bartzelonan izan nuen azken etxebizitzak 400 metro zituen, eta txoko txiki bat prestatzen baduzu bizitzeko eta gauzak sukaldean ere gordetzen badituzu... ba sartuz doaz, nahiz eta zaila izan. Hemen guztia hobeto sartzen da, baina agian laster ez dugu leku nahikorik izango. Luis Gasca Burges (Donostia, 1933) Editore eta komiki- eta zinema-ikertzaile. Zuzenbidean lizentziatu zen Zaragozako unibertsitatean eta hainbat liburu idatzi ditu, Tebeo y cultura de masas (1966), esaterako. Komikiei buruzko Espainiako lehen aldizkaria plazaratu zuen, Cuto (1967), eta horrenbestez, gaiari buruzko lehen ikertzaileetako bat izan da. Komiki Kritikoen Nazioarteko Elkarteko eta Komikiak Ikertzeko Zentroen Nazioarteko Federazioko alboko idazkari orokorra izatera iritsi zen. Hirurogeita hamarreko hamarkadan kolaboratzaile izan zen Bang! aldizkarian eta Buru Lan eta Pala argitaletxeak zuzendu zituen. Horrela, Estatu Batuetako komiki klasikoen eta Dracula aldizkariaren berrargitalpenen arduradun izan zen, besteak beste. Aldi berean, Donostiako Zinemaldiko zuzendari izan zen eta hari lotuta egon zen urte askoan. 1983an El erotismo en el cine zinema erotikoari buruzko entziklopedia aurkeztu zuen. Roman Gubernekin batera El discurso del cómic (1988) eta Diccionario de onomatopeyas del cómic (2008) monografikoak argitaratu zituen. Luis Gascak ia 70 urte daramatza komikiarekin zerikusia duten dokumentuak biltzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak gordetzen du fondoa, Europako onenetakoa dena.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Maite Idirin. Abeslaria: Egin ditudan lanak beti plazerarekin burutu ditut

 

Irakurri

Alfonso Gómez. Piano-jolea: Uneoro musika entzutearen ondorioz hutsal bihurtu dugu soinu-fenomenoa

 

Irakurri

Iñigo Arregi. Eskultorea: Sortu gabe ez dut bizitza ulertzen, ez harremanak, ez ezer

 

Irakurri

Iñigo García Odiaga. Arkitektoa: Iruditzen zait arkitektura artetzat definitzea arriskutsua dela

 

Irakurri

Karmele Artetxe Sanchez. Historialaria: Nahiko fenomeno normala da unibertsitatean egotea eta lukuru asmorik gabeko erakundeetan parte-hartzea

 

Irakurri