Luix Mari Zulaika. EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakaslea: Jarduera fisikoa, haurtzarotik, gure bizitzan barneratzea beharrezkoa da

2007-06-08

SALABERRIA, Urkiri

Zarauzko Gaztelekuan geratuak gara, hirugarren solairuan prestatu diguten areto batean. Oinez igotzen gara, nola ez! Ariketa ona da-eta.

Duela jada ia 2000 urte Juvenalek zioen: “Mens sana in corpore sano”.

Bai. Topiko guztiek zenbait alderdi positibo eta negatibo atxikita dituzte eta testuinguruaren arabera moldatzen jakin behar dugu. Kirola, gorputz heziketa eta oro har aisialdia garaien arabera moldatzen joan izan dira. Garai batean topiko horiek balio batzuk, helburu batzuk izan zituzten...

Eta gaur egun?

Trantsizio momentu bat bizitzen ari gara. Krisi edo aldaketa une guztietan bezala, arazoak, talkak sortzen dira eta zenbait kolektiboei kosta egiten zaie ikuspegia aldatzea.

Topiko hitza aipatu duzula, “ona kiroletan baina txarra ikasketetan” eta alderantziz.

Tradizionalki umearen gaitasunak bilatzen ziren eta apartakoak zirenekin entrenamendu berezi bat egiten zen, goi mailara iristeko.

XXI. mendean, berriz, kirola, edo modu zabalago batean, jarduera fisikoa, guztientzako onuragarria dela ikusten dugu eta bizi estilo osasuntsu horiek haurtzarotik garatu egin behar dira, helduaroan hain sedentarioak ez izateko. Orduan, notak jartzeko modua ez da lehengo parametroekin egiten, horregatik posible duzu goi mailako kirolari izateko gaitasuna duen ikasle bat izatea, baina bere jarrera ona ez izan eta Derrigorrezko Hezkuntzan nota kaxkarrak ateratzea. Bestalde, hainbat ikerketek azaldu dute kirola egiteak eskolako errendimendua hobetzen duela.

Orduan mezua argia da...

Bai, zeren ez gara bakarrik itxuraz edo kanpoko aldeaz hitz egiten ari, baizik eta osasunaz, alde sikologikoaz, soziologikoaz, etab. Jarduera fisiko bat, haurtzarotik, gure bizitzaren zati bat bezala, barneratzea beharrezkoa da: bakoitzak ikus dezala zerekin gozatzen duen gehiago.

Esaten duzunaren arabera, jarduera fisikoa ez da kirolera mugatzen.

Ez. Abanikoa oso zabala da eta anitza da. Adibidez, kasu batzuetan lanera oinez edo bizikletaz joatea, terrazako loreak apaintzea, egurra moztea, eskailerak igotzea edo hondartzatik paseatzera joatea izango da jarduera hori. Guztiek, gizena, baldarra, mardula, traketsa, bizkorra, argala... edozeinek bilatu egin behar du ondo pasatzen duen bere tokia jarduera fisikoaren munduan.

Gaur egun “buelta bat ematera noa” esaten badugu, kotxean joatearekin lotzen dugu. Posible al da “chip” hori aldatzea?

Gero eta gizarte sedentarioagoan bizi gara, bere alderdi on eta txarrekin. Lan arloan, makinak neke fisikoa gutxiago eragitea ona da berez, baina gure gorputza osasuntsua mantentzeko erre behar ditugun kaloriak beste nonbait erretzen ikasi egin behar dugu. Gizakiak desfogatzeko, tentsioak liberatzeko behar bat dugu, bestela atrofiatu egiten gara. Gogoan dut batek esan zidana: Zeinek esango zigun kirola egiteagatik ordaindu egin beharko genuela. Gaur egun berriz, oso normala ikusten dugu kiroldegietako kuota ordaintzea.

Ez al da hori kontsumismo hutsa?

Beste balio batzuk aldarrikatzen ari gara. Neurriak hartu egin behar ditugu gure baliabideen kontsumoa eta gastu kalorikoa aldatzeko. Hirigintzatik hasita, arkitektura egokitu beharko genuke haurrak (eta guztiok) bizikletaz bidegorritik edo oinez bere kabuz lasai joan daitezen, aisialdia aire librean eta jarduera fisikoarekin lotzea, dieta egokiagoa... Hau da, natura, gorputzaren onarpena eta balorapena landu egin beharko genuke familian, eskolan eta gizarte osoan.

Txikitatik gaitasun bereziak dituztenak nola bideratzen dira?

Gai horretan berriz azpimarratu nahi dut, hasierak guztientzat gozagarriak, dibertigarriak eta politak izan behar direla, guzti, guztientzat; ezin ditugu batzuk aukeratu eta besteak “hondakinak” bezala tratatu. Lortu egin behar duguna hauxe da: umeak jarduera fisikoa zerbait atsegin bezala ikustea. Hortik aurrera, gerora, landuko dira beste horien gaitasunak.

Berez, halako kirolari apartekoak edo “crack” gutxi izango dira, ezta?

Oso gutxi. Gogoan dut, ikerketa bat egin zela eta emaitzak zioen EAEko lurralde historiko batean, urte berean jaiotzen diren ume guztien artean bakarrik batek izango du aukera kirol diziplina horretan goi mailako kirolaria izateko.

Orduan, bere umea “izarra” bihurtu nahi duten gurasoei, zer esan?

Haur guztiek lortu behar dutela ondo pasatzea jarduera fisikoarekin, bere bizitzaren osagaia izan dadila, biharko egunean bere osasuna hobea izateko.

Dena den, kirolarien ibilbidea ezberdina da, aipatu dugun bezala, goi mailako kirolaria izateko gaitasun dutenak oso gutxi dira-eta. Horregatik, gurasoak bere seme-alabak goi mailako kirolariak bihurtzeko nahi horrekin tematzen direnean oso arriskutsua eta kaltegarria izan daiteke umeentzat.

Agian, gurasoek beharko lukete ikastaro berezi bat seme-alabengan halako presiorik ez egiteko...

Bi gauza horri buruz. Alde batetik, haurrek telebistan ikusten dutena, alderdi positiboei erreparatuta bakarrik: kirolari batzuk izarrak bihurtuta, dirutza irabazten dutenak. Eta noski, bizimodu distiratsu hori eredutzat hartzen dute. Bestetik, guraso batzuek islada hori azpimarratzen dute eta bere seme-alabengan nahiak, beharrak, edo hainbat gauzaren nahasketa proiektatzen dituzte. Kontu hori lantzen ari gara, ikastaro bereziak eginez, eta helburu desegokiak desagertzeko jardun dugu.

Seme-alabak aipatzen ari garela, neska eta mutilen artean diferentziarik al da?

Batez ere nerabezaroan, nesken partaidetza izugarri jaisten da. Badirudi, hamabost urte inguru horretan neskekiko gurasoen mezua honaxekoa dela: “zuk ikasi, eta ez galdu denbora beste zerbaitetan”, baina mutilei kiroletan jarraitzeko animatzen zaie, ondo ikusia dago.

Bukatzeko, matematikak bezain funtsezkoa ikusten al duzu jarduera fisikoa? Bai, horixe. Izan ere, bizitzari begira heziketa fisikoa oso garrantzitsua dugu eta bizitza osoan “ikasgai” horren emaitzen ondorioak izango ditugu: bihar etziko ohitura osasuntsuak. Hortik aurrera, bakoitzak egin dezala bere hausnarketa. Luix Mari Zulaika Isasti

(Zarautz, 1965) Hiru semeen aita eta mediku batekin ezkondua, Luix Mari Zulaikak jakin badaki zein funtsezkoa den txikitatik gorputz lanketa ongi bideratzea. Pedagogian Doktorea sikologia espezialitatean, Pedagogian Lizenziatua eta Heziketa Fisikoko Magisteritzan diplomatua dugu Zulaika jauna. Bere prestakuntza lantzeko heziketa fisikoko arloa, irakaskuntza eta kirolaren alderdi sikologikoan mugitu izan dela dio. Gaur egun dioten prestakuntza multidisziplinarra edo transbersala lantzen du, alegia, Boloniako erreformatik datorren joera, tronkalak eta kreditu libreen artean osatzen den prestakuntza, lan munduari begira “norberari hobeki egokitzen zaion perfila lortzeko”. Bibliografia Orokorra . ARRUZA, J. A. Nuevas perspectivas acerca del deporte educativo. Leioa. Euskal Herriko Unibertsitatea. 2002. . GIMENO, F. Entrenando a padres y madres. Zaragoza. Gobierno de Aragón. 2000. . GZLEZ. ARAMENDI, J.M. (2003) Jarduera fisikoa, kirola eta bizitza. Oreki Fundazioa. Lasarte-Oria. . GONZALEZ, Angel (2007) Eskola kirolean nesken parte hartzea sustatzeko neurriak. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo. . MAKAZAGA, A. . VIZCARRA, M. T. Análisis de una experiencia de formación permanente en el deporte escolar a través de un programa de habilidades sociales. Bilbao: UPV/EHU (serie tesis doctorales) 2004. . ZULAIKA, L. M. eta MUÑOA, M. (editoreak). 30 ARRAZOI KIROLA EGITEKO. Onura fisikoak osasunean. 2002.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Pablo Malo. Zinemagilea: Kalitatezko eta ikustea merezi duten lanekin lotuta ikusi nahi dut neure burua

 

Irakurri

Ingrid Kuschick eta Raphaël Parejo-Coudert. Antropologoa eta etnomusikologoa/soziologoa: Etnografia eta antropologia garaikidea ez da gaur egun gertatzen denaz arduratzean

 

Irakurri

Aita Imanol Murua. Oñati Abesbatzako zuzendaria: Aita Madina musikaria izateaz gain, idazle eta marrazkilaria genuen

 

Irakurri

Patxi Baztarrika. Hizkuntza Politikarako Sailburuordea: Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena izango du xede

 

Irakurri

Iciar Astiasaran. Nafarroako Unibertsitateko Farmazia Fakultateko dekanoa: Aniztasunaren defendatzaile sutsua naiz

 

Irakurri