Manuel Carreiras. BCBLko zuzendaria (Basque Center on Cognition, Brain and Language): Egun jada ez da eztabaidatzen hizkuntza kultura edo genetika den

2010-06-11

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Donostiako BCBL zentrora hurbildu gara, Basque Center on Cognition, Brain and Language delakora. Zentroko instalazioak izugarriak dira: laborategi handi batean gaude, ia ahoskatu ezinezko izenak dituzten tramankuluz eta filmetatik baizik ezagutzen ez ditugun makinez inguratuta. Dena dela, benetan izugarria dena, zentro honetako gauzarik interesgarriena, bertan lan egiten duen giza taldea da. Talde horren buru egiten duen pertsona elkarrizketatuko dugu, Manuel Carreiras jauna, hizkuntzaren misterioei buruz zerbait gehiago ikasteko eta, besteak beste, haren alderdi pertsonalena ezagutzeko.

Lengoaia, hizkuntza, hizketa...

Gauza desberdinak dira. Hizketa lengoaia-mota bat da, baina keinu-hizkuntza ere beste lengoaia-mota bat da. Guk, geure pentsamenduak adierazteko, euskara, frantsesa, gaztelania, ingelesa..., edota beste edozein hizkuntza erabiltzen dugu, baina beste lengoaia-mota den keinu-hizkuntza ere erabil dezakegu.

Begiradarekin ezin daiteke adierazi pentsamendua?

Giza hizkuntzaz ari bagara, ezaugarri jakin batzuk dituen sistema artikulatu batez ari gara: errekurtsibitatea, adibidez. Hau da, nik esan dezaket: “Bloga ikusi dut”; eta beste batek —Mariak, adibidez—, etorri eta esan dezake: “Manolok esan du bloga ikusi duela”. Baina etor daiteke beste bat eta esan: “Mariak esan du Manolok esan duela bloga ikusi duela”; eta horrela hurrenez hurren. Badira ezaugarri batzuk giza lengoaiak bakarrik dituenak. Beste guztia komunikazioa da. Hor dago begiraden hizkuntza, hor dago ere gorputz hizkuntza delakoa, animalien hizkuntza... baina ez dute zerikusirik giza hizkuntza deitzen dugun horrekin.

Errekurtsibitateaz gainera, zer ezaugarri ditu giza hizkuntzak beste hizkuntzek ez dituztenak?

Adibidez, giza hizkuntzaren bidez oraindik gertatu ere ez diren gauzez hitz egin daiteke. Kontrafaktual deritze halakoei. Hau da, “Euria egin izan balu, zineman sartuko nintzen eta, irteerakoan, euritakoa erosiko nuen”, baina ez euririk egin du, ez zineman sartu naiz, ez euritakorik erosi dut. Animalien hizkuntzan ez da halakorik gertatzen. Propietate konbinatorioa etab.

Beraz, gauza bat da hizkuntza, eta beste bat, desberdina, komunikatzeko seinaleak...

Hori da. Oraintxe egiten ari garen hau, hauxe eta ez besterik da giza hizkuntza: nik igortzen eta zuk jasotzen eta deskodetzen duzun soinu-katea baten bidez pentsamenduak komunikatzea alegia. Giza hizkuntzak sistema konputazionalak dira, oso konplexuak eta irekiak, eta gutxieneko elementu batzuekin, konbinazio kopuru infinitua sor dezakezu. Eta keinu-hizkuntza giza hizkuntzen barruan sartzen da, pantomimatik harago doalako, hizkuntza mintzatuaren gaitasun berak dituelako.

Zer esan nahi du gutxieneko elementu kopuru batekin infinitura irits zaitezkeela?

Fonema kopuru mugatu batekin, esanahi kopuru amaigabe bat sor dezakezula. Pentsa zenbateraino den konplexua gure sistema: nahiz eta zuk, nik edo beste edozeinek igorritako fonemen artean desberdintasun fisikoak egon, “etxe” hitza ahoskatzen dugunean, elkar ulertzen dugu. Hizkuntzaren kategoria-pertzepzio deritzo horri. Hau da, guk “b” edo “p” entzuten dugu, hau da, kategoria fonemiko bat izendatzen diogu hautematen dugun seinale fisikoari. Sintaxia hizkuntza barruko beste konbinazio-sistema bat da, elementu sistema mugatu batetik enuntziatu kopuru mugagabea sortzeko aukera ematen duena.

Hizkuntza, beraz, ideiak transmititzeko sistema artikulatu bat da...

Bueno, hizkuntza gauza asko dira. Errepresentazio-sistema bat da, eta komunikazio-sistema bat ere bai, baina, noski, batez ere, espezie gisa eboluzionatu dugun bezala eboluzionatzeko aukera eman diguna da hizkuntza.

Zer da kultura?

Galdera ona... Kultura bere baitan esanahi asko hartzen dituen termino zabala da. Gastronomia, adibidez, kultura da; sinesmenak, estetika, pinturaren bidezko munduaren errepresentazio sinbolikoa, idazketa eta gainerako arte-motak, hori dena da kultura. Hizkuntzak zerikusi handia du kulturarekin. Adibidez, irakurketa-idazketaren asmaketa izugarrizko aurrerapausoa izan zen kulturaren transmisioan.

Eta hizkuntza?

Bai, kulturaren barruan sartzen da. Baina ez nuke esango hizkuntza kultura denik. Lehen esan dugun bezala, hizkuntza irudikapen-sistema bat da, eta komunikazio-sistema bat ere bai, eta kulturak, beraz, hizkuntzaren eragina du. Hizkuntza naturalean ez dago ikaskuntza arautu baten beharrik, eta, aldiz, irakurketa-idazketaren ikaskuntzan, bai. Aski da hizkuntza-komunitate batean murgil egitea hizkuntza garatzeko. Buruko zirkuiteria prest dago, gertu, aldez aurretik ere, hizkuntzaren gaitasuna garatzeko. Hizkuntza ez da gaitasun sozial bat, gaur egun jada ez da eztabaidatzen hizkuntza kultura den edo genetika den. Gu hizkuntza geureganatzeko prestatuta iristen gara mundura, armiarma armiarma-sareak ehuntzeko prestatuta iristen den bezala. Manuel Carreiras, pertsona

Lugon jaio zinen...

Sobradan, mendiez inguratutako herrixka batean; baratze koxkor bat, esne-behiak eta abar zituen etxalde batean.

Seme bakarra zara?

Ez. Lau senide gara. Ni, hirugarrena. Bi zaharrenak neskak dira eta gazteenak, berriz, mutilak. Sobradan jaioak denak. Baina nik bi urte nituela, nire anaia txikia jaio zenean alegia, beste herri batera mugitu ginen. Amabitxiarekin bizitzera bidali ninduten, beste herrixka batera, nire amak jaioberria artatu ahal izan zen. Hala, bi urte eta erdi geroago, lau urte eta erdi nituela, herrira itzuli nintzen, Castro de Ribeiras de Leara. Han nituen gurasoak, eta han hasi nintzen eskolan.

Zer gogoratzen dugu garai horretaz?

Ez dakit ba. Asko gustatzen zitzaizkidala letrak eta zenbakiak. Dena dela, ez naiz askotaz gogoratzen. Eskolara eraman nindutenean hasi omen zen dena. Uste dut, hemen banago, nire lehen maisu-maistrei esker dela.

Nola zuten izena?

Emilio eta Caridad. Pertsona maitagarriak ziren. Ikasteko aukera eskaini zioten herrietako jendeari, herrixketako jendeari, inguruan ezer ez zegoen garai batean. Gogoan dut nire aurreko belaunalditik mediku bat edo beste atera zela. Eragin handia izan zuten niregan, gurasoek ez baitzuten bitartekorik guri ikasketak emateko. Nire arrebek, adibidez, ez zuten ikasteko aukerarik izan.

Nola moldatu ziren orduan zuri ikasketak emateko?

Irakasleek diru-laguntza eskatu zuten niretzat, eta horri esker, batxilergoa ikastera joan ahal izan nintzen, Lugora. Gogoan dut nola esan zidan behin aitak, behar izanez gero irakasleek ordainduko zizkidatela ikasketak, beraiek ezin zutela eta, ez zutela bitartekorik. Eta hori eskertzekoa da.

Egun, gauden gizarte honetan, zaila egiten zaigu horrelakorik imajinatzea.

Beste garai batzuk ziren, bikote hark oso maite zuen bere lana, hezkuntza benetan maite zuten maisu-maistrak ziren. Itzal handia zuten herrian. Gogoan dut nola, Lugon egonda, ikasturtea bukatzean, notak erakustera joan behar izaten genuen; gure ikasketen jarraipena egiten zuten, nahiz eta ordurako gu eskolatik kanpo egon.

Eta behin institutua bukatuta, karrera hautatzeko ordua iritsi zitzaizun. Zergatik aukeratu zenuen Psikologia?

Bueno, UBI letretan egin nuen, egon nintzen tokian ez baitzegoen beste aukerarik, eta gero Santiagora joan nintzen. Beraz, zertan matrikulatuko nintzen jakin gabe joan nintzen Unibertsitatera, eta ez zegoenez numerus claususik, nahi nuen karrera aukeratu ahal izan nuen. Nire aukerak Medikuntza, Filosofia edo Psikologia ziren. Egia esan, ikasle garaian, irakasleek eragin handia dute zure hautuan, eta nire filosofia irakaslea oso ona zenez, Filosofiarekiko interesa piztu zitzaidan.

Eta Medikuntza?

Oso gustukoa nuen, eta, egia esan, Medikuntzan ez banintzen matrikulatu, lagun batek estatistika oso-oso zaila esan zidalako izan zen (gero, niri tokatu zait estatistika-eskolak eman beharra: zenbat buelta ematen dituen bizitzak!). Eta behin Medikuntza baztertuta, Psikologian matrikulatu nintzen, baina baita Filosofian ere.

Bi karrera aldi berean?

Bueno, lehenengo hiru urteak berdinak ziren bi karreretan. Eta gero aukera egin behar izan nuen... Eta han egon nintzen, erabaki ezinik berriro, bai metafisikan bai biologiaren oinarrietan, oso irakasle onak izan bainituen.

Eta nola erabaki zenuen auzia?

Biologiaren oinarrietako irakasleak liburu bat eman zidan opari, Sarasonen “Psikologia Anormala”, eta liburuak Psikologiaren alde egitera bultzatu ninduen. Egia esan, batzuetan, oinarri handirik gabe hartzen ditugu erabakiak, edo, hobeto esanda, informazio handirik gabe. Orain, berriz, informazio handia dugu eskura. Hautua egiteko orduan, ondo informatuta egotearen aldekoa izan naiz ni beti.

Orain informazio asko dugu, “gehiegi” eta guzti beharbada, ez baita erraza iturri fidagarriak bereiztea.

Bai, baina lehen ez zegoen inolako iturririk: ez fidagarririk, ez bestelakorik. Begira, nik bizitzan zehar hartu ditudan erabaki garrantzitsuetako asko, informazio nahikorik gabe hartu ditut, are okerreko informazioan oinarrituta ere. Hala egin nuen, adibidez, unibertsitate-karreraren hautua.

Ziur?

Ez dut esan nahi okerreko erabakiak izan zirenik, are gutxiago haiek hartu izanaz damutzen naizenik. Bakarrik esan nahi dut informazio nahikorik gabe hartu behar izan nituela. Hau da, Medikuntza ez egiteko nire erabakia okerreko informazio batean oinarrituta zegoen. Gero gauzak ongi atera izana... Ongi atera baitira, dudarik gabe! Beste erabaki bat hartu izan banu, berdin asmatuko nuen beharbada, baina hori beste kontu bada.

Ez al dugu, pertsona gehienok, hartutako erabakia beti hoberena dela pentsatzeko ohitura?

Nik bizitzaren ikuspegi positiboa dut. Aurrera begiratu behar da beti, ez atzera. Bide desberdinek helburu desberdinetara daramate, baina badago ere bide desberdinak hartuta helburu berdinera iristerik. Zentro honetan egiten ari garen lanak lotura estua du bio-medikuntzarekin. Beraz, zerbait gustuko duzunean, beti iristen zara zerbait horretaraino, bide desberdinetatik bada ere.

Eta nola iritsi zinen ikerketaren mundura?

Ba, ikerketa benetan gustatzen zaidalako. Karrera ikasten ari nintzen garaian, konduktismoa zegoen boladan, psikoanalisiaren kaltean. Irakasle batek psikologia kognitiboaz hitz egin zigun orduan, psikologiari buruzko ikusmolde berri batez.

Zertan datza psikologia kognitiboa?

Gure makineriak nola funtzionatzen duen asmatzen saiatzean. Gaiak liluratu egin ninduen. Beraz, bost urtez psikologiaren ikuspegi desberdinak aztertu nituen, eta zerbait esperimentala egiteko gogoz iritsi nintzen karrera bukaerara. Santiagon ordea ez zegoen bide horretan gida nintzakeen inor. Gainera, azken urteak oso nahasiak izan ziren, greba askorekin eta.

Eta zer egin zenuen?

Diru-laguntza eskatu, ikasten jarraitzeko. Ikerketa esperimentalaren munduan sartu nintzen orduan, irudikapen espazialaren inguruan lanean. Hau da, geure burua espazioan nola irudikatzen dugun aztertzen. Horri buruzko tesia egin nuen. Beste herrialde batzuetan ere hasiak ziren gaia lantzen, Estatu Batuetan eta Suedian, besteak beste.

Nola iritsi zitzaizun horren berri?

Ba, badakizu, bat-bateko erabaki horietako batengatik... Lehen soldata eskuratu bezain laster, Oxfordera joan nintzen, lagun baten etxera, ingelesa ikastera. Aurrena, lana bilatu behar ordea, eta gaztelania-eskolak ematen nituen, eta platerak garbitu nituen jatetxe batean. Gero, Edinburghera kongresu batera joateko aukera sortu zitzaidan. Han ezagutu nuen Suediako ikerlari batek hiru hilabeteko egonaldia eskaini zidan bere herrian. Egin behar nuen gauza bakarra bidaiarako dirua lortzea zen... Bai eta lortu ere. Gero, hor ibili nintzen, “nora ezean”, munduan zehar: Ingalaterra, Estatu Batuak, Australia... Baina pixkana-pixkana hizkuntzaren gaiak liluratu eta bete-betean sartu nintzen mundu horretan.

“Gatazka guztien oinarrian elkar ez ulertzeko borondatea dago. Hizkuntza tresna bat da, eta mailua iltzea sartzeko erabil dezakezun bezala, norbait hiltzeko ere erabil dezakezu. Era beran, hizkuntza elkartzeko edo banatzeko erabil dezakezu”.

“Egia batzuk behin-behinekoak dira, zientzian ez dago egia finkorik. Izan ere, biharko egunean esperimentu baten emaitzak gezurtatu egin ditzake aldez aurreko teoriak. Hori da txundigarriena, zientziaren gauzarik ederrena: erantzunen bila zabiltzala eta erantzunen ordez galdera gehiago topatzen dituzula”.

“Zentro honetan langai dugu hizkuntza, baina ez kanpoko elementu gisa; garunak hizkuntza nola prozesatzen duen ulertzen, ikertzen saiatzen gara. Hizkuntza nola eskuratzen dugun, nola aditzen dugun; soinu-kate baten bidez ideia bat nola uler dezakegun, edo ideia batek soinu-kate hori nola sor dezakeen...”.

Manuel Carreiras (Lugo, 1959) Psikologian doktore da La Lagunako Unibertsitatean (1984), eta bertako katedraduna izan da. Hogeita bost urte baino gehiago daramatza ikerketan lanean, Espainian, Estatu Batuetan, Britainia Handian, Suedia eta Australian. Neurozientzian eta hizkuntzan aditua, alorreko zientzialari entzutetsuenetako bat da. Egun, zuzendari zientifikoa da Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroan.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Nestor Basterretxea. Eskultorea: Erakartzen ninduten gaietan gizon jantzia izaten ahalegindu naiz

 

Irakurri

Jota + Ge / Juana Ruiz eta Garbiñe Urdampilleta. Moda diseinatzaileak: Bilboko ibaiadarrak kolore desberdina hartzen du egunero, eta guretzat inspirazio-iturri izan da beti

 

Irakurri

Txomin Peillen. Idazlea: Bake zaletasuna Algeriako gerrak eman zidan

 

Irakurri

Santi Eraso. Kultur sustatzailea: Pasioagatik eta desioagatik jardun naiz beti

 

Irakurri

Karmele Jaio. Idazlea: Zoriontasuna azkenean uneak dira, ez gauza absolutua

 

Irakurri