Martin Altzueta. Marrazkilaria: 1512. Nafarroa, amets urratua komikian gozagarria izan da ikuspuntu artistikotik gazteluak–eta marraztea

2012-06-08

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Betidanik irakurtzen ditu komikiak Martintxo marrazkilariak; baina ez da sekula super heroien zalea izan, bestelako gaiak gustuko baitzituen. Mafaldaren istorioek harrapatu zuten txikitan, eta zergatik ez esan, Mortadelo eta Filemónekin ere ongi igarotzen zuela aitortu digu. Eta irakurle huts izatetik, marrazkiak egitera igaro eta denborarekin teknika hobetzen joan da. Bere kasa edo enkarguz sortzen ditu lanak, azkena, 1512. Nafarroa, amets urratua Nafarroako konkistaren gaineko komiki historikoan parte hartu du.

Autodidakta omen zara marrazte kontuetan.

Bai, hain zuzen ere, txikitatik gustatu izan zaidan alorra da, eta poliki-poliki nire kasa teknika ezberdinak ikasten joan naiz, egiten nuena egunez egun hobetzen... Eta esan dezaket, nire ametsa bete dudala neurri batean, izan ere, honetatik bizimodua nahiko ongi ateratzeko aukera eduki dut, nahiz eta batzuetan beste zerbait egin behar izan dudan.

Ikusiko dugu zenbat irauten duen egoera honek, krisiak gogor astindu baikaitu denok, eta ogibide hau ez da batere egonkorra... Batzuetan enkargu ugari iristen zaizkit eta bestetan aldiz, ezertxo ere ez. Baina jende ugari ezagutzen dudanez, lantxoak ere irteten zaizkit, esaterako, taberna batetan lagunduz. Momentuz behintzat, ez naiz kexatzen!

Oro har, asko mugitzea eta kontaktuak edukitzea funtsezkoa da, eta are gehiago marrazketa kontu hauetan...

“Bizitza osoa eraman didala ikasteak eta teknika eskuratzeak.”

Eta diozun moduan, ez zaizu oso gaizki joan.

Hori bai, kontuan hartu bizitza osoa eraman didala ikasteak eta teknika eskuratzeak. Noski, momentu bakoitzean gauza batetara dedikatu izan naiz, komikiarekin hasi nintzen, gero pintura eduki nuen ardatz sasoi batetan, eta berriro itzuli nintzen ondoren komikira... Alor guztiak ukitu ditudala esango nuke, agian eskultura da probatzeko geratzen zaidana, baina garestiegia da nire poltsikorako! (barre)

Esparru ezberdinak landu izan dituzula aipatu duzu; sortzeko moduak ere desberdinak izango direla suposatzen dut!

Zalantzarik gabe. Ilustrazio alorrean, komikiak egiterakoan, eraginkortasuna eta entrega-epeak kontuan hartu behar dira, izan ere, lan egiteko modua baldintzatzen dute. Azkartasuna nagusi da, eta teknologia berriek laguntzen dute horretan; ni hasieran ez nengoen oso konbentzituta ordenagailua-eta erabiltzeko orduan, baina nola baliatu ikasi eta aitortzen dut ezinbestekoa ere bilakatu dela nire lanerako.

Bestalde, gauza artistikoagoak egiten ditudanean, eta denbora muga nik ipintzen dudanean, bestelako jarrerarekin egiten dut lan, askoz lasaiago, nire erara.

Garrantzitsuena, azken emaitzarekin kontent geratzea da; eta sortze prozesuan gustura aritzea ere funtsezkoa da, hori nabaritzen baita lana amaitutakoan. Adibidez, 1512. Nafarroa, amets urratua komikian nik badakit zein binetatan aritu naizen gogorik gabe lanean... Baina ez dizuet esango zeintzuk diren, sekretu hori niretzat gordetzen dut! (barre) Batez ere, lehen esan bezala, epe bat geneukalako gertatu zait, pentsa, enkargua jaso eta sei hilabete inguruko epean egina egon behar zuen!

Nolatan nahasi zinen proiektu honetan?

Joseba Asiron historialariak deitu ninduen. Aurretik ezagutzen genuen elkar, Amaiurreko gazteluari buruzko lan batetan lankide izan baikinen. Azken urteotan pertsona gutxi ari gara komikigintzan buru–belarri lanean, eta nigan pentsatu zuen proiekturako, eta noski, ni pozarren! Alde historikoaz gainera, gozagarria izan da ikuspuntu artistikotik gazteluak-eta marraztea.

Joseba izan da dokumentatu dena, eta baita gidoiaren egilea ere; nik eskuzko lana egin dut, eta abantaila bat izan da horrela jardutea, arduren banaketa horrek asko erraztu baitit egitekoa. Esan dezagun, autopistan zuzen gidatzea moduan izan dela.

Horrez gainera, kotxea hartu eta gertaerak jazo ziren lekuak ezagutzera joan gara, hau da, landa lana egin dugu: Xabierko gaztelura, Noain... Horrek, historiaz bustitzeko balio izan digula esango nuke.

Ondo pasatu dut komiki hau egiten, bene-benetan. Eta hori egunero ordu piloa sartu behar izan dudala. Baina ez zait axola, azken finean maite dudan zerbait egiten denbora hori eskaintzea gozagarria da; gehiago nekatzen nau bi orduz ostalaritzan lan egiteak, marrazten 12 ordu igarotzeak baino. Merezi du esfortzuak.

Eta gozatzeaz gainera, gertuko historia ezagutzeko aukera izan al da zuretzako?

Ezagutzen nuen historia, baina nahiko gainetik. Nafarroa konkistatu zutela nekien baina komikia sortzeko prozesuarekin gertakari zehatzak ezagutu ditut, eta oso aberatsa izan da. Gainera, nire familian asko hitz egin izan da gai honen gainean, eta beti enteratzen zara zerbaitez, baina oraingo kasuan sakonago jo dut.

“Enbalatzeko kaxa bat margotu eta poema bat idazten baldin badiozu gainean, artista deituko dizute. Aldiz, komiki bat sortuz gero, babotzat hartzen zaituzte!!”

Bestalde, zure lanetan Nafarroak toki berezia duela entzun dut...

Bai, baina ez pentsa nahita egin dudanik! Uste dut nafarrok berezko dugun zerbait dela, gure herrialdea ederrena dela pentsatzea! (barre) Txantxak utzita, azken finean testuinguruak eragin dit lan egiteko orduan, eta nola ez dut ba Nafarroa ardatz izango!

Nahiz eta kasu honetan gai historiko batekin agertu, gai sozialak zein politikoak landu dituzu agerkari ezberdinetan, adibidez.

Noski ez da berdina zuk zeuk hautatzea gustuko duzun gai bat —horrek erosotasunez lan egitea ahalbidetzen baitizu—, edota umore tira bat lantzea, azken finean gaurkotasuneko gaiak eskatzen dituzte, eta eguneko albiste nagusitik tira eginez sortzen duzu istorioa.

Bestalde, badaude zuhurtziaz jokatzera bultzatzen zaituzten zenbait gai, gatazkak direla, indarkeria... Horiekin lan egitea delikatuagoa da. Eta ezbairik gabe, komikiekin lan egiteak ez du horrelako arazorik eragiten!

Marrazterako orduan, errealitatea islatzea edo fikzioa lantzea nahiago izaten duzu?

Biak egin izan ditut, lanaren eta momentuaren arabera bata ala bestea hautatuz, edota biak uztartuz.

Esaterako, 1512. Nafarroa, amets urratua oso lan fidela izan da eszenatokiei dagokienez, baina halere, fikzioa ere baliatu dugu zenbait tokiren berreraikitzean. Hau da, adibidez, udaletxeko plazaren erreprodukzioa egiterakoan, tokiak izan beharko lukeenaren arabera sortu dugu, ez dugu nolakoa izan zen erakutsi, zehatz-mehatz ere ez baitakigu.

Kreatibitatea sartzen da orduan eszenan, hau da, garaiko estetika, arkitektura eta bestelakoak errespetatuz nire erara sortzea lekuak, pertsonak, arropak... Eta modu horretan jarduteko aukera edukitzea ere bikain etortzen da, zure ukitua ematen baitiozu lanari.

Oro har, horretan aditu ez garenok, komikiak baloratzen ditugula esango zenuke?

Inolaz ere! Adibide bat ipiniko dizut: enbalatzeko kaxa bat margotu eta poema bat idazten baldin badiozu gainean, artista deituko dizute. Aldiz, komiki bat sortuz gero, babotzat hartzen zaituzte!!

Horrela iruditzen zait niri bederen, eta noski norbaiti komikiak egitetik bizi naizela esanez gero, arraro begiratu aurretik, “eta koadroak ere pintatzen ditut” gehitu behar izaten diot esaldiari. Eta izorratzen nauen zerbait da, azken finean nire afiziorik handienak komikiak baitira. Gainera, lan handia eskatzen du, dokumentatu egin behar zara, zirriborroak egin behar dituzu eta abar eta abar. Askotan, koadro bat egitea baino prozesu konplikatuagoa izaten da.

“Norberarentzako marraztu edota margotu behar da; arlo horretan profesional izatea denborarekin iritsiko zaigu agian, baina ez dugu burua berotu behar horrekin. Disfrutatzea da garrantzitsuena.”

Beraz, zer esango zenieke marraztea pasio duten eta horretatik bizi nahiko luketenei?

Oso gauza pragmatikoa esango dut; garrantzitsua da ikasketa batzuk edukitzea, baina benetan gustuko baduzu, saiatu zaitez eta ez ezazu etsi. Gure interesak garatu behar ditugu, eta horiengatik borrokatzea polita da. Baina norberarentzako marraztu edota margotu behar da; arlo horretan profesional izatea denborarekin iritsiko zaigu agian, baina ez dugu burua berotu behar horrekin. Disfrutatzea da garrantzitsuena.

Martintxo Altzuetaren webgunea

Euskonews Gaztean argitaratutako elkarrizketa:

http://gaztea.euskonews.com/0602zbk/elkar602.html Martintxo Altzueta (Iruñea, 1972)Formazio profesionalik gabe, bere kaxa ikasi du marrazten Martintxo Altzueta nafarrak. Berria, Egunkaria, Diario de Noticias, eta bestelako argitalpenentzako marrazkiak egin ditu, edota liburuak ilustratu ditu, komikiak sortu... 2011ko azaroan kaleratutako 1512. Nafarroa, amets urratua izeneko komikian egin du lan Joseba Asiron historialariarekin batera.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jost Gippert. Hizkuntzalaria: Gizakiok hizkuntzen inguruan izaten dugun jakin-mina asetu nahi genuke gure ikerketen bidez

 

Irakurri

Juan Miguel Gutiérrez. Zinemagilea: Egungo zuzendari askori esker egiazko euskal zinea egiten ari da

 

Irakurri

Jorge Campanillas. Teknologia Berrietan abokatu aditua: Gure datu pertsonalak urre berria dira

 

Irakurri

Margaret Bullen. Antropologoa: Tradizioak bizirik daude eta historian zehar gizartearekin batera moldatu dira

 

Irakurri

Alvaro Arrizabalaga. Arkeologoa: Arkeologia arloko arautegia gehiegikeriaz josita dago

 

Irakurri