Jorge Campanillas. Teknologia Berrietan abokatu aditua: Gure datu pertsonalak urre berria dira

2012-05-18

SILLERO ALFARO, Maider

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Jorge Campanillasi buruz jakin genuen aurreneko aldia astero teknologiaren gainean kolaboratzen duen irrati programa baten bitartez izan zen. Segidan, maiztasunez eguneratzen duen bere bloga eta sare sozialak jarraitu ditugu. Gaurkotasun handikoak iruditzen zitzaizkigunez Euskonewsen artikuluren batekin kolaboratu zezan eskatu genion. “¿Cómo debemos proteger el patrimonio cultural digital?”, “Que el dominio público siga siendo dominio público”. Gaur, Iurismática, Teknologia Berrietan espezializatutako abokatu bulegoan elkartu gara, eta delitu informatikoak, ahanztura eskubidea, Sinde Legea, datuen babesa eta abar izan ditugu hizpide.

Apur bat kokatu gaitezen, zer nolako gaiak eramaten dira Teknologia Berrietan espezializatutako abokatu bulego batetan?

Jabetza intelektualarekin, software eta web orrialdeen garapenarekin, Sinde Legearekin, deskarga eta lotura ilegalekin zerikusia dutenak, esate baterako. Baina gainera, industria-jabetzarekin erlazionatutakoak, ziberokupazioarekin, domeinu izenekin dauden arazoak, marken artean sor litezkeen auziak, izaera pertsonala duten Datuen Babeserako Legediarekin lotutako guztia, datu baseekin zerikusia dutenak eta abar. Eta sare sozialetan barneratzen baldin bagara, erabiltzaileen pribatutasun eta intimitatearekin egiten dugu topo.

“Sare sozialetan egiten ari zarenaz jakitun bazara, ez duzu zertan arriskurik izan behar. Zer nolako erreminta darabilzun jakin behar duzu, sarearen berezko ezaugarriak ezagutu eta interesatzen zaizunaren arabera erabili.”

Zuzenbideko adar hau berri samarra da. Oraindik gai asko zehazteke, bide asko egiteke geratzen da?

Asko. Kasu honetan legearen aurretik doa teknologia eta askotan toki juridikorik ez duten produktu eta zerbitzu berriak agertzen dira. Azkenean, zuzenbidearen baitan nolabaiteko kokapena bilatzea ahalbidetzen dizuten tresnak daude, baina teknologiak beti gainditzen du. Esate baterako, orain sare sozialak erregulatzeko saiakera ari dira egiten eta pare bat urte barru Datuen Babeserako Legedi Europar berri bat kaleratuko da, baina agian ordurako sistema guztia aldatuko da... Nork esan dezake zer gertatuko den urtebete edo bi barru teknologiari dagokionez? Oso denbora laburrak dira eta legegileak egunean ipini orduko, kontuan hartu ez den berrikuntza bat ateratzen da. Askotan badirudi gertatzen ari denaren ikuspegi global bat eduki gabe egiten direla legeak. Mundu honetan gabiltzanontzako teknologia ezagutzea, eta gainera, legedia ezagutu eta datorrenari sen onez aplikatzea erronka bat da. Lan egiteko orduan motibagarria da ideia berriekin beraien produktuek tokia non eduki dezaketen pentsaraztera behartzen zaituzten ekintzaileak gerturatzea. Batzuetan legedia bera horren “pasa den mendekoa” da proiektuak tokirik ez duela eta sentsazio txarrez geratzen zara norbaiti proiektua, pentsatua daukan moduan, ezin burutu daitekeela esaten diozunean.

Zeintzuk dira egungo delitu informatiko ohikoenak?

Duela pare bat urte phishingari buruz asko hitz egin zen. Iruzur informatikoak ziren, hain zuzen dirua oso modu errazean irabaziko zenuela esaten zizun mezu elektroniko bat jasotzen zenuen, eta horretarako zure kontu korrontean sartutako dirua beste batetara birbidali behar zenuen bakarrik. Pertsona askok irentsi zuen amua legezko negozio bat zela pentsatuz.

Gaur, egunero ikusten ditugun delituek zerikusi gehiago daukate sare sozialen bidezko irainekin edo kalumniekin, identitate ordezkapenekin, sekretuen ezagutaraztearekin... Orain ia mundu gehiena dago sare sozialetan, bertan kalean gertatzen den berdina ematen da, baina oihartzun handiagoarekin, eskolako irain edo hasiberri-saria Facebook edo Tuentin agertzen da eta umekeria izan zitekeena, zerbait larriagoa bilakatzen da. Kontuan hartu behar da sare sozialak arma bikaina direla, baina arduratsuak izan behar gara.

Oraindik badaude, nahiz eta Interneteko ohiko erabiltzaileak izan, beraien intimitate eskubidea mantendu asmoz, sare sozialak erabiltzeko mesfidantza duten zenbait pertsona. Epe luzera, arrazoia emango al diegu?

Dena bezala, bai eta ez. Erabilera kaltegabea eginez gero, edo behintzat sare sozialetan egiten ari zarenaz jakitun bazara, ez duzu zertan arriskurik izan behar. Zer nolako erreminta darabilzun jakin behar duzu, sarearen berezko ezaugarriak ezagutu eta interesatzen zaizunaren arabera erabili. Nahiz eta sare sozialetan ez egoteagatik jende askok libre dagoela pentsatu... ez da horrela. Zu egon ez arren, norbaitek etiketatu zaituela edo zuri buruzko komentarioren bat egin duela gerta daiteke, horregatik interesgarria da behintzat egotea, zutaz esaten dena kontrolatu ahal izateko eta momentu jakin batean horri aurre egiteko. Begi bistan da, sare sozialak gustuko ez badituzula ez duzula zertan egon, baina nahi izanez gero beldurrik gabe egin dezakezu, ezaugarriak ezagutuz eta sen ona baliatuz.

Hori pertsona helduei dagokienez, baina zer gertatzen da adingabekoekin?

Adin txikikoekin arrisku handiagoak aurkitzen ditugu. Gehiago desinhibitzen dira, adin jakin batzuetan normala den moduan eta nahiz eta gai hauei buruz gurasoek baino gehiago jakiten duten, komeni da beraiekin eseri eta zer nolako garrantzia eta ondorioak izan ditzakeen ikustaraztea.

Duela gutxi, giza baliabideetako arduradunen %80ak langileak aukeratzeko sare sozialak erabiltzen dituztela irakurri nuen artikulu batetan.

Hori horrela da, kontratatzen ari baldin bazara, curriculumagatik gidatuko zara aurrena, baina gero Googleera joango zara hautagaiaren curriculuma sare sozialek diotenarekin kontrastatzeko. Giza baliabideen departamentuetan sare sozialen erabilera debekatzea xede zuen legedi bat atera zen Alemanian, baina debekuak izanik ere, beti dago azkenean haietara sartzeko modua. Gure bizitzetan bezala, sare sozialetan ere zorakeriarik egin gabe jardun behar dugula ohartu behar gara, eduki dezakeen eraginagatik. Hain zuzen, dagoeneko kaleratzeak eman dira bajan zeundela suposatu eta sare sozialetan festan zaudela esateagatik. Gertatzen diren gauzak dira, eta are gehiago sare sozialen eklosioarekin. Edozer gauzatan bezala, sen ona aplikatu behar da.

“Intimitatea zenbait aspektutan babestuko duten zentzudun zerbaitetara iritsi behar gara, baina ez dezala prentsa edota adierazpen askatasunetan interferitu...”

Azken aldian asko entzuten den termino bat “ahanztura eskubidea” da. Zertan datza?

Askok nahi dutena, sarean agertzen denak inongo oihartzunik ez edukitzea da, bilatzaileek ez ditzatela zure datuak aurkitu. Audientzia Nazionalean, ebazpen baten zain Espainiako Datuen Babeserako Agentziaren eta Googlen arteko auzi bat dago, non izaera pertsonala duten datuak kentzea eskatzen zaion bilatzaileari. Googlek dio, webaren jabea dela datu horiek kendu behar dituena. “Ahanztura eskubidea” deitzen dena da, ez zaitezela agertu, momenturen batetan ez zaitezela egon.

Web mota batzuetan zentzua eduki dezake, baina egia da baita ere lehen hemerotekak existitzen zirela. Uste dut arazo teknologikoa dela juridikoa baino, eta robots.txt moduko sistema teknologikoak ematen ari dira bilatzaileek ez dezaten estekatu. “Ahanzturaren eskubidea” defendatzeak oroimenean balizko zulo bat sortu dezake. Momentu batetan zoritxarreko informazio batetan agertu bazara, negatiboak indargabetzea ahalbidetuko duten albiste positiboak sortu beharko dituzu. Egia da posible dela zure izena benetakoa ez zen albiste bati lotuta agertzea eta sarean zabaltzerakoan zure bizitza jasanezina egitea, baina horretarako da lehen hedabideetan zegoen zuzenketa eskubidea. Agian XXI. mendera ekarri beharko ditugu aurretik zeuden hainbat lege.

Edozein modutan, nahi duten moduan izaera pertsonala duten datu guztiak desagerrarazteko “ahanzturarako eskubidea” ezartzea gehiegizkoa dela deritzot, bestelako arazoak sor baitaitezke, zentsura kasu. Intimitatea zenbait aspektutan babestuko duten zentzudun zerbaitetara iritsi behar gara, baina ez dezala prentsa edota adierazpen askatasunetan interferitu...

Zer nolako garrantzia ematen diote enpresek beraien bezeroen datuen babesari?

Espainiako Datuen Babeserako Agentziaren estatistikak begiratzen baditugu, oraindik ere legea betetzen duten enpresen portzentajea baxua dela ikusten dugu. Edozein modutan, Euskal Herrian Datuen Babeserako Euskal Agentzia daukagu, eta nahiz eta administrazio publikoari bakarrik eragin, baliteke horrek legediaren ezagutza handiagoa ekartzea. Egia da oraindik ezjakintasuna dagoela eta askotan pentsatzen da soilik betebehar batzuekin kunplitu behar dela; esaterako fitxategien izen-ematea edo segurtasuneko dokumentu bat edukitzea, agian garrantzitsuena hori barik, legediak eskatzen dituen printzipioak betetzea izanda: datu pertsonalak biltzen direnean jakitera ematea, baimenak eskatzea... Azken finean, enpresak zure datu pertsonalekin zer egin behar duen jakitea, ez daitezela saltzeko edo beste enpresa batzuei uzteko izan, ez eta beste produktu batzuen spama bidaltzeko ere... Hau da, zure datuen legezko erabilera egitea.

“Eztabaida hutsaletan denbora asko galtzen dela da arazoa, diru asko gastatzen da Ministerioaren baitako komisioetan, gauzak beste modu batzuetara eraldatu daitezkeenean.”

Baina askotan erabiltzaileak gara, konturatu gabe, mota jakin bateko baimenak sinatzen ditugunak gure datuen gaineko erabilera egin dezaten...

Izan ere, nork irakurtzen du letra txikia? Abokatuek eta lanbidearen ajeagatik... Egia da askotan ez dela pribatutasun politika irakurtzen eta gero “atsekabeak” izaten ditugu. Jakinaren gainean egon behar dugu eta letra txikiak ez bagaitu konbentzitzen, ez genuke zerbitzu jakin bat kontratatu edo aplikazio bat deskargatu behar. Eta batez ere, doakoak diren zerbitzu asko, produktua gu geu, gure datuak direlako dela pentsatu behar dugu. Oso erraza da: nik zerbitzu hau ematen dizut, eta zuk zer ematen didazu trukean? Lehen dirua ematen zen, eta orain datuak ematen dira. Aplikazio edo webguneen garatzaileek datuak eskuratzen dituzte, sare sozialek, neurri batean, dirua egiten dute gure datuak publizitate enpresei salduz, esaterako. Datuak urre berria direla esan ohi da. “Onartu”, “onartu” botoiari begiak itxita sakatzen diogu... doakoa bada, gure intimitatearen zati bat galtzen ari gara. Duela gutxi, web ezagunenetako lege jakinarazpen eta pribatutasun politika guztiak irakurtzeko hilabete beharko genukeela zioen albiste bat atera zen Frantzian.

Hitz egin dezagun orain jabetza intelektualari buruz, Sinde Legea...

Jabetza intelektualari buruz hitz egiten dugunean, normalean kudeaketa entitateen orrialdeei buruz ari gara, deskarga webei buruz... horrelako zerbitzuak Interneten arrakasta gehien dutenak dira, bai eta tirabira gehien eragiten ari direnak ere. Orain, Amerikako Estatu Batuek Espainia 301 zerrendatik atera dute, herrialde piratenen zerrenda famatutik, Sinde Legearen harira, jabetza intelektuala babesteko puntako legedia baitaukagu, ustez. Gauza bat hedabideetan esaten dena eta zerrenda batetik kentzea zein polita geratzen den da, eta gero errealitatea dago, non nahiz eta legedia bat egon, esteken web orriek funtzionamenduan jarraitzen duten, eta deskargak ez diren geratu. Ez baldin bada legedia bere oinarritik aldatzen, Interneten egiten diren gauza askok legalak izaten jarraituko dute, esteken orrialdeak kasu. Legediak edo Babes Intelektualerako lege batek deskarga ahalbidetzen duen esteka bat legez kontrakoa eta “ilegala” dela esaten ez duen bitartean, ekintza legala da. Gobernuek jarduera horiek ilegalak direla esaten dute, baina gero tribunalek ez diete arrazoia ematen, oinarria aldatu bitartean, kasu honetan Babes Intelektual Legea, ez baita zuzena izango. Epaileek hori ez zela delitu adierazi zuten penalean, zibilean tribunalek ez dela inongo arau-hausterik eta orain gaia administratiboan dago, eta ikusiko dugu non amaitzen duen Sinde Legearen Komisioari buruzkoak.

Nahiz eta guneari ateak ipintzen saiatu, teknologiek azkarrago egiten dute aurrera. Megaupload itxi zen horrela pirateriarekin amaituko zelakoan, baina berriro ere Peer to Peer deskarga sareak igo ziren jendeak edukietara nola sartu dakielako. Majorsak erabiltzaileei interesatzen zaiena horrelako edukiak Interneten modu azkar, erraz eta arrazoizko prezioan edukitzea dela konturatzen direnean, erabiltzaileak badaude. Edo agian kritikoagoak izan behar dugu eta pentsatu, eskaintza erakargarririk ez dagoen bitartean ez dela arazoa konponduko, izan ere, industriak berak sortzen dituen web batzuetan sartuz gero, produktuen eskaintza nahiko mugatua dela eta neurrigabeko prezioak dituztela ikusiko duzu. Eta ez da dena doakoa izatearen kulturaren bila gabiltzala, izan ere Applek erakutsi zuen jendea oso gai dela abesti batengatik euro bat ordaintzeko. Zertarako bila ibili 0.99? ordainduta jaitsi baldin badezakezu, jakinda originala dela eta bere kalitatea onargarria? Agian ez dituzu 20? ordainduko disko batengatik. Baina azkenean beti esaten dena da, arazo juridiko bat baino, negozio eredua dela auzia, baina hori ikusten ez duten bitartean ilegalizatu eta internautak beldurtzeko bidetik joango dira.

Zer gertatzen den ikusteko itxaron beharko dugu...

Ikusiko dugu, urteak daramatzate eta auzia ez da konpondu inongo bidetik. Eztabaida hutsaletan denbora asko galtzen dela da arazoa, diru asko gastatzen da Ministerioaren baitako komisioetan, gauzak beste modu batzuetara eraldatu daitezkeenean. Denbora eta dirua galtzen da beraiek nahi duten bidetik konponduko ez den arazo batetan. Maiz terminologia agertzen da pirateriaren aurkako lege berrientzako, SOPA, ACTA, CISPA, eta terminologia askogatik ere, ez dute gatazka konpontzen. Jorge Campanillas (Donostia, 1976) Jorge Campanillas Zuzenbidean lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Zuzenbide eta Informatikan Masterra eta Doktoratua Madrilgo Complutense Unibertsitatetik eta Enpresa Zuzenbide Ikasketa Aurreratuetan Diploma Ikerketa-nahikotasuna, Euskal Herriko Unibertsitatean. Egun, Valentziako Unibertsitatean doktore tesia egiten dihardu. 2003tik sektore publikoa nola pribatua aholkatzen ditu izaera pertsonala duten datuen babesaren, merkataritza elektroniko, jabetza intelektual, administrazio elektroniko eta bestelako gaien inguruan. Duela 6 urte baino gehiagotik “blog de Iurismática” izenekoan publikatzen du, espezializatu den gaien inguruan baina arreta berezia ipiniz domeinuen izenetan, eta horien erregulazioan, bai eta gobernu irekietan (open government): gardentasuna, informazio publikoaren berrerabilera (opendata) eta parte hartzea. “Iurismática Abogados, S.L.P.” abokatu bulegoaren fundatzailea da eta “Domain Protect, S.A.” enpresako CEO, era berean, “Derecho en Red” teknologia berrien eskubidearen dibulgaziorako elkartearen bazkide-sortzailea, eta laugarren presidente ordea “ENATIC – Asociación de Expertos Nacionales de la Abogacía TIC”. Iturria: www.iurismatica.com
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Margaret Bullen. Antropologoa: Tradizioak bizirik daude eta historian zehar gizartearekin batera moldatu dira

 

Irakurri

Alvaro Arrizabalaga. Arkeologoa: Arkeologia arloko arautegia gehiegikeriaz josita dago

 

Irakurri

Itziar Aguirre. Sukaldaria: Kozinatzen dudanean kulturak, ezagutzak, bizipenak, sentsazioak fusionatzen ditut

 

Irakurri

Gernikazarra Historia Taldea. : Gernikarrok umetatik jaso dugu ahozko transmisio bitartez bonbardaketa zer izan zen

 

Irakurri

Francisco María Escudero. Francisco Escuderoren semea: Escuderok musika katarsi pertsonal eta kultural modu bat bezala erabiltzen zuen

 

Irakurri