Gernikazarra Historia Taldea. : Gernikarrok umetatik jaso dugu ahozko transmisio bitartez bonbardaketa zer izan zen

2012-04-20

SILLERO ALFARO, Maider

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Asko idatzi da zoritxarreko 1937ko apirilaren 26ari buruz, baina oraindik gertaera ikertzen jarraitzen da eta datu berriak ateratzen dira. Aurten, Gernika bonbardatua izan zela 75 urte betetzen dira, baita egun horietan bonbardatuak izan ziren beste herri askorena ere. Gerkinazarra Historia Taldeak 26 urte daramatza Gernikaren historia lantzen, eta bere arreta, bereziki, herri baten oroimena berreskuratzeko lanean ipiniz. Taldeko kide diren Juanan Carballo eta José Ángel Etxanizek erantzun dituzte gure galderak.

Zein helbururekin sortzen da Gernikazarra Historia Taldea?

Gernikazarra Historia Taldea 1985. urtean sortu zen. Historiarenganako eta, batik bat, Gernika-Lumoko historiarenganako sentsibilitate berezia bizi zuten pertsona talde baten hausnarketaren fruitua izan zen. Ezin ahantz dezakegu gure udalerriak bere historia grafiko eta idatzi gehiena galdu zuela 1937ko apirilaren 26an, egun tragiko hartan suntsiturik gertatu baitziren eraikinen % 75 baino gehiago eta, horien artean, Foru Hiribilduan zeuden hainbat artxibo ere bai: Udal Artxiboa, Judiziala, Erregistro Zibila, Eliz Artxiboa, Jabetzaren Erregistroa eta artxibo partikular gehienak. Gernikako zenbait enpresatako artxiboak baino ez ziren hondamenditik salbu atera. Hasiera batean bonbardaketaren gaiaren ingurukoak izan ziren ikerketa lanak, herriaren berreraikitzea etorri zen ondoren eta, horrekin batera, herriaren oroimena berreskuratzea. Garai haietako erakusketak eta argitalpenak ditugu egindako lanaren emaitzetako bat.

Bonbardaketarekin erlazionatutako argitalpen horiez gain, zein beste ikerketa egin dituzue?

G.H.T.-aren lanak Gernika-Lumo herriaren historia gordetzen dute, alderdi politikoan, sozialean, ekonomikoan, ohituretan... Erdi Arotik, gaur egunera bitarteko tartea hartuz.

Gernikak bere historia grafiko eta idatzi gehiena galdu zuen 1937ko apirilaren 26an, egun tragiko hartan suntsiturik gertatu baitziren eraikinen % 75 baino gehiago eta, horiekin batera artxiboak.

Herria kalez kale berreraikiz egundoko beharra burutu ostean, 1987an argitaratu genuen lehendabiziko lana: “Gernika Zaharra, 37-04-26 baino lehenagoko Gernikaren kale-izendegia, oharrak eta gertaerak”. Hainbat eta hainbat izan ziren liburu honetara bildutako gaiak: kirolaren alorrekoek, futbolaren eta pilotaren gaineko lanekin; erlijioarekin lotutako ohituren bilduma; eguneroko orduko bizimoduaren ezaugarriak; kulturaren arloko “Musika Banda” eta “Elai-Alai” dantza taldearen ingurukoak; Agustindarren Ikastetxeari buruzko datuak, edota orduko sasoian herrian famatu eta gizarte-bizitzaren ardatz ziren tabernetako istorioak.

Urte berean, 1987an, bonbardaketaren 50. urteurrena zelarik, “Sustrai Erreak” argitaratu genuen Aldaba herri aldizkariarekin batera. Historia lan hartan bonbardaketaren aurreko eta ondorengo argazkien bilduma oparoa egin zen, bertoko nahiz kanpoko pertsona ospetsuen ekarpenekin batera. Bonbardaketaren gaineko G.H.T.ren lehenengo erakusketa ere, benetan arrakastatsua, ordukoa izan zen, Batzar Etxean.

1989an beste lan bat argitaratu zen: “Gernika: Berreraikitze lanen argazkiak”. Argitalpen horretarako Madrilen aritu ziren materiala biltzen, Administrazioaren Artxibo Nagusian, “Eskualde Suntsituak” erakundearen fondoetan, udalerriaren berreraikipenari zegozkion planoak, argazkiak eta mota askotako dokumentuak berreskuratzen. Horrela itxi zuten gerra-aurreak, bonbardaketak eta berreraikipenak osatutako zikloa. Ikerketa-lan horien gailurra, ordea, 1991n etorriko zen, “El bombardeo de Gernika”. Urte luzez Gernika-Lumo Museoan izen bereko erakusketaren koadernotzat erabili zen. Berrituta. Hainbat hizkuntzetan aurkitu daiteke: euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa eta alemana.

Calzada Egoitzaren inguruko historia-ikerketa bikaina burutu genuen 1992an. Lan horren emaitza atalka argitaratu zen Alsaban eta 1993an “Gernikako Calzada Egoitza 1892-1902” liburua plazaratu zuten.

1997an, bonbardaketaren 60. urteurreneko oroigarri, “Gernika eta Gerra Zibila” sinposioa antolatu genuen. Gaian adituak direnen partaidetzaz, izen bereko liburura ekarri ziren bilera haien emaitzak 1998an. Alkatearen proposamena jaso zuten 1999an “Lumoko elizatearen historia”ren azterketa-lana burutzeko, bai eta egin ere, bostehun orritik gorako liburu mardula izanik agindu horren fruitua.

2000. urtekoa da “Archivo del Convento de la Merced”. I eta II tomoak. 2001.nean “San Fidel 100 urte” argitaratu zen, San Fidel de Las Carmelitas Ikastetxearen 100. urteurrena ospatzeko.

2003.an “Gernika-Lumo kalerik kale”. Urte berekoa da “Morir a Euskadi, 1938-1940. Catalans a Gernika-Lumo” (Quadern, 2003). Lan honetan Gernikako Hospitalean hidako preso errepublikanoen inguruko ikerketa burutzen da. 1938-1940 bitartean 265 presoak bertan hil ziren. 2004an Arkupe Pilota Taldeako 25. urteaurrena zela eta “Bere Historia. Gernika-Lumoko Arkupe Pilota Taldea (1979-2004). Su Historia” argitaratu zen. 2005. urtekoa da “San José-Jesuitak Ikastetxea (Durango, 1880-2005)” 125 urteurrena zela eta. Urte berekoa da Alberto Iturriartek burututako “Errenteria”, non auzoko ibilbide historikoa egiten den.

70. urteurrena oroitzeko 2007. urtean argitalpen grafikoa kaleratu zenuten...

2007. urtean argitaratu zen “Gernikako bonbardaketa: oroimen grafikoa. El Bonbardeo de Gernika: Memoria gráfica”. Gernikazarra Historia Taldeak modu honetan bere ekarpena egin zuen herriaren memoria grafikoa berreskuratuz. 2010.nean gure 25.urteurrena ospatzeko “Apuntes para la Historia de Gernika-Lumo” argitaratu genuen. Bertan Aldaba aldizkarian argitaratutako artikuluen selekzioa ikus daitezke.

“Sustrai erreak 2. Guernica 1937” liburua Gernikako bonbardaketaren inguruko azterlan zabala da.

Eta azkenean “Sustrai erreak 2. Guernica 1937”. Gernikako bonbardaketaren inguruko azterlan zabala da. Aldaba aldizkariaren zuzendaritzak eta Gernikazarra historia taldeak egina da, 1937ko apirilaren 26an Gernikak jasandako bonbardaketaren 75. urteurrena betetzen den honetan. Gernikan gauzatutako eraso basatiaren funtsezko gaiak eta haien ondorioak aztertzen dituzten zortzi kapituluk osatuta dago obra. Hainbat pertsonaren (Steer, Labauria, Onaindia, Elosegi, bonbardaketatik bizirik irtendakoak...) testigantzez gain, bereziki aipatzekoak dira abiazio alemaniarraren eta italiarraren partaidetzaren eta erantzukizunaren analisia eta, historian merezia duten lekua emate aldera, biktimei dagokienez egindako ikerlana ere. Jesús Mari Lazkanori, azala eta liburua ixten duen barruko lamina egin dizkigu. Julen Munitis, grafikoak egin eta, antzinako argazkiak oinarri hartuta, lehenagoko Gernika koloretsua koloreetako laminen bidez hurbildu.

Bi hilerik behin ateratzen den Aldaba aldizkarian argitaratu ohi dituzten historia-lanak ere gehitu behar zaizkio aurreko guztiari. Hedabideekiko (irratia, telebista) lankidetzan ere aritzen dira, eta denbora asko ez dela, eskualdeko Urremendi aldizkariaren kolaboratzaile ere. Oroimen Historikoa Berreskuratzearen aldeko lanetan, Gerra Zibilarekin lotutako hainbat proiektutan da partaide GHT, honakoak izanik aztergai eta ikerketagai: errepresioa, kontzentrazio esparruak, kartzelak, hobi komunen kokapena penintsula osoan...

Sortu zenetiko 26. urteurrenaren ospakizunetarako ekitaldiak ari dira prestatzen G.H.T.koak: Gernika-Lumoko historiaren berri zabaltzeko hitzaldiak, jardunaldiak...

Geratzen al dira oraindik datuak argitzeke?

Bistan da baietz. Biktimen zenbatzea behin-behinekoa izan da eta izango da. Urteak daramatzagu gai honekin bueltaka eta urtero egiten dute gora zifrek.

Ezin izango da zifren kopurua kuantifikatu?

Sekula ez erabat. Guk beti egiten dugu berba behin-behinekotasunari buruz. Gure publikazioan 153 hildako zenbatu ditugu. Egun, sei gehiago ditugu analisi eta egiaztapen prozesuan.

1937ko apirilaren 26a. Zer adierazten dio data horrek gernikar bati?

Gernikarrok umetatik jaso dugu ahozko transmisio bitartez bonbardaketa zer izan zen eta zer nolako tragedia eragin zuen, eta bistan denez, gogoratzeko eta ospatzeko egun bat da.

75 urte betetzen dira. Zer espero duzue gertatzea?

Historiografiaren ikuspuntutik, liburuen tituluak areagotuko dira, ezer berririk ekarriko ez duten berrargitalpenak izango dira ia guztiak. Nobedade bakarrenetarikoak guk “Sustrai Erreak 2” lanean aurkezten ditugula iritzi dugu.

Zer nolako ekitaldiak daude antolatuta hilaren 26rako, eta 75. urteurrena gogoratzeko urte osorako?

Desberdinak eta anitzak dira, nazioarteko parte hartzea eta prestigioduna den Historiako Jardunaldietatik hasita; musika kontzertuak, antzerkia, inaugurazioak, eta abar. Zerrenda luzeegia da zehaztu ahal izateko.

Bonbardaketaren gertaera eta memoria historikoa berreskuratzeko proiektu bat da Gernikazarra. Bakea erdiestea bilatzen duen proiektua ere bada?

Gernikazarra tokiko historia talde bat da, bere helburua ikertzea eta bere lanak dibulgatzea delarik. Noski, ez gara hiritarrei orokorrean arduratzen dieten eguneroko gaietatik kanpo geratzen, bakea kasu, baina historia da gure oinarrizko xedea, aurretik aipatu dugun bezala.

Gai honetaz asko idatzi da, ikuspuntu ezberdinetatik... baina, oraindik idazteko asko geratzen al da?

Beti dago zertaz idatzi, nahiz eta artxiboen suntsiketaren ondorioz zaila izan. Edozein modutan, beti izan da erronka bat guretzako, eta dagoeneko 26 urte daramatzagu lan horretan eta jarraitzeko gogoz...

“Bakearen eta adiskidetzearen Gernika Saria” 2011 urtean. 25 urteetako lanaren eta ikerketa aintzatesteko modu bat?

Hori sinetsi nahi dugu. Gure lana aintzatesten duen jende asko dago, nahiz eta historia eta kultura egitea ez dagoen oso hedatua. Gernikazarra Historia Taldea (1985) Gernikazarra Historia Taldea 1985. urtean sortu zen. Historiarenganako eta, batik bat, Gernika-Lumoko historiarenganako sentsibilitate berezia bizi zuten pertsona talde baten hausnarketaren fruitua izan zen. Ezin ahantz dezakegu gure udalerriak bere historia grafiko eta idatzi gehiena galdu zuela 1937ko apirilaren 26an, egun tragiko hartan suntsiturik gertatu baitziren eraikinen % 75 baino gehiago eta, horien artean, Foru Hiribilduan zeuden hainbat artxibo ere bai: Udal Artxiboa, Judiziala, Erregistro Zibila, Eliz Artxiboa, Jabetzaren Erregistroa eta artxibo partikular gehienak. Gernikako zenbait enpresatako artxiboak baino ez ziren hondamenditik salbu atera. Hasiera batean bonbardaketaren gaiaren ingurukoak izan ziren ikerketa lanak, herriaren berreraikitzea etorri zen ondoren eta, horrekin batera, herriaren oroimena berreskuratzea. Garai haietako erakusketak eta argitalpenak ditugu egindako lanaren emaitzetako bat.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Francisco María Escudero. Francisco Escuderoren semea: Escuderok musika katarsi pertsonal eta kultural modu bat bezala erabiltzen zuen

 

Irakurri

Carmelo Ortiz de Elgea. Margolaria: 60. hamarkadako gure arte mugimendu hark ez zuen Europan parekorik izan

 

Irakurri

Mónica Míguez. medicusmundi gipuzkoa erakundeko komunikazio arduraduna: Eskubide bat unibertsala izatea lortzen baduzu, ezin izango dizute ez zuri ez beste inori kendu

 

Irakurri

Thierry Truffaut. Antropologoa: Neguko jai ugari iragaite ohiturak dira: urte zaharra ‘hil’ behar da berria etorrarazteko

 

Irakurri

Idoya Otegui. Topic zentroko zuzendaria: Haserretu egiten naiz txotxongiloak tradizionalak ez direla esaten dutenean

 

Irakurri