Martín Arregi San Miguel: "Euskal Herriko herri batzuek jada ez daukate hazteko lurrik ere"

2004-01-23

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 239 > Elkarrizketa -->

2004/01/23-30 Martín Arregi San Miguel

Lurralde Antolamenduko zuzendaria "Euskal Herriko herri batzuek jada ez daukate hazteko lurrik ere" Ismael Diaz de Mendibil

Itzulpena: Koro Garmendia

Versión original Lurraldearen antolamenduak zuzen-zuzenean eragiten du pertsonen bizitzaren kalitatean. Lurzorua modu arrazionalean erabiliz gero, garapen sozial eta ekonomikoa errespetagarria izango da ingurumenarekin. Gain-gainetik bada ere, ikus dezagun zein agiri eta plan diren euskal lurraldea antolatzen dutenak. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko zuzendaria zaitugu. Zein da, zehazki, Sail horren egitekoa? Hirigintzaren eta lurraldearen antolamenduaren artean dagoen ezberdintasun nagusia, lanean aritzen garen mailan dago. Hirigintzan, udalerri mailan egiten da lana, eta lurraldearen antolamenduan, berriz, gutxienez eskualde mailan. Zenbaitetan, autonomia erkidego osoa ere hartzen dugu. Eskuduntzak transferitu zitzaizkigunean, 1990ean, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldea antolatzeko lege bat onartu zen. Lege horrek lurraldea antolatzeko jarraibide batzuk jasotzen ditu, eta, jarraibide horiek garatuz, eskualde bakoitzeko plan partzial bat prestatu behar da; hamabost guztira. Nahitaez bete behar al dira lurraldea antolatzeko jarraibideak? Jarraibideak izapidatzeko denbora asko behar izan zen; 1997ra arte ez ziren onartu. Jarraibide hauetan, lurraldea antolatzeko ildo nagusiak jasotzen dira. Horietatik bost lotesleak dira (derrigorrean bete beharrekoak), eta gainerakoak, berriz, orientagarriak. Lotesle direnen artean, bat azpimarratuko nuke: Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru hiritarrezinean nekazaritzari lotuta ez dauden familia bakarreko etxeak eraikitzeko debekua ezartzen duena, alegia. Arau hori lurzoruaren kontsumoarekin daukagun arazoagatik onartu zen, eta gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiek betetzen dute. Beste arau lotesleetako batek esaten du udalerriek harrobien mugak finkatu behar dituztela. Lurraldea antolatzeko jarraibideak eta lurraldeko plan partzialak ez ezik, oker ez banago lurraldearen arloko planak ere existitzen dira. Zer aurreikusten dute plan hauek? Lurraldearen arloko planak, lurraldean eragina izango duten politikak garatzen dituzten sailek egin behar izaten dituzte, Gobernukoak edo Foru Aldundietakoak izan. Plan hauek mota ezberdinetakoak izaten dira: ingurumenari buruzkoak (eremu hezeak, itsasertza...), azpiegiturei buruzkoak (euskal trenbide sarea, parke eolikoak...), lurzoruaren politikari buruzkoak (etxebizitzen sustapen publikoa, jarduera ekonomikoak, merkataritzako ekipamenduak...), eta abar. Lurraldea antolatzeko dauden tresna ezberdinak zeintzuk diren jakinik, azter ditzagun lurraldeko plan partzialak. Adierazi diguzunaren arabera, hamabost daude guztira; eskualde bakoitzeko bat. Zeintzuk dira eskualde horiek? Gipuzkoan, Donostialdea-Bidasoa, Tolosaldea, Debagoiena, Debabarrena, Urola Kosta eta Goierri. Bizkaian, Bilbo Metropolitarra, Mungialdea, Enkarterria, Gernika-Markina, Durango eta Igorre. Eta, Araban, berriz, hiru eremu funtzional daude: Araba Zentrala, Arabako Errioxa eta Laudio. Zer jasotzen dute, nagusiki, lurraldeko plan partzialek? Lurzoru hiritarrezinari buruzko xedapenak. Batik bat, eremu babestuei buruzko arauak jasotzen dituzte (parke natural eta biotopoei buruz, adibidez), eta, gainera, paisaiaren edo hidrologiaren aldetik balio handikoak izateagatik babestu egin beharko liratekeen eremu berriak proposatzen dituzte. Ez hori bakarrik; korridore ekologikoak eta ibilbide naturalak egiteko gomendioak ere luzatzen dituzte. Beste alde batetik, azpiegituretan (trenbideak, errepideak...) hobekuntzak edo trazadura berriak egitea proposatzen dute, eta eskualdeetako ekipamenduei buruzko erabakiak hartzen dituzte (horniketa nola egin, hondakin solidoak nola kudeatu...). Hirugarrenik, hiri asentamenduak dauzkagu. Inguru erresidentzial eta industrialak zenbat hazi diren ikusi, eta muga batzuk finkatzen dira. Gainera, udalerriei norantz, zein aldetara, hazi behar duten ere adierazten zaie, eskualde eta hiri guztien artean oreka bat egon dadin. Udalerri batzuek zailtasun handiak dauzkate hazteko, dagoeneko ahituta daukatelako lurzoru guztia, eta beste batzuek, aldiz, nahi adina lur daukate. Lurraldeko plan partzialek, beste alde batetik, ekintza estrategikoak ere planteatzen dituzte. Esate baterako, Arabako Errioxan golf zelai bat zabaltzea. Eta nortzuk onartzen dituzte xedapen horiek? Txosten horiek prestatzeko, arkitektoak, ingeniariak eta ingurumenean aditu diren taldeak kontratatzen dira. Lantaldeek prestatu, eta, ondoren, administrazio eskudunak onespena ematen dio. Erabaki horiek lurraldeko plan partzial bat izapidatzen denean hartu behar izaten dira. Aipa dezadan Arabako Errioxako Lurraldeko Plan Partzialak aurreikusten duen golf zelaia zabaltzeko proposamena oso begi onez ikusi dela, turismoa erakartzen lagunduko lukeelako. Xedapen horiek derrigorrean bete behar izaten al dira? Hazkundeari buruzko xedapenak bai, lotesleak direlako. Adibidez, lurraldeko plan partzialak finkatzen baldin badu udalerriek ezin izango dutela, esaterako, 5.000 biztanle baino gehiago izan, udalerriek bete egin beharko dute agindu hori. Dena den, tarte bat uzten da beti: gehieneko kopuru bat eta gutxieneko beste bat finkatzen dira. Horrelako xedapenak prestatzean, kontuan izaten ditugu beste udalerri batzuetarako onartuta daudenak. Azken batean, alderdi guztiak pozik uzteko moduko akordioak lortzea da kontua. Eta, gainera, alegazioak aurkezteko aukera daukate. Ziur aski, egongo zen hautsak harrotu dituen xedapenen bat edo beste... Bai. Goazen pixkanaka. Gipuzkoan, kontrako jarrera gutxien sortu duen plan partzialen artean, Urola Kostakoa daukagu (Zarautz, Zumaia, Azpeitia eta Azkoitia hartzen dituena). Eta, gainera, harrera paregabea izan du. Jendeak oso ondo hartu du. Nahiko orekatuta dago. Debabarrenan, aldiz (Eibar, Ermua, Deba, Mutriku...), esaten zen barnealdeko udalerriek (Eibarrek eta Ermuak, esaterako) goia joa zutela hazkundearen aldetik, eta kostaldekoek, ordea (Deba, Mutriku), etxebizitza berriak egiteko nahikoa lur zeukatela. Hartara, Debari eta Mutrikuri, Eibarren eta Ermuan baino etxebizitza gehiago egiteko baimena eman zitzaien, eta erabaki horrek sumindu egin zituen azken bi udalerrietakoak. Beraz, zifrak zertxobait aldatuko ditugu, baina, hala ere, orekaren irizpideari heltzen jarraituko dugu. Eibarrek eta Ermuak zailtasun handiak izango dituzte hazteko. Hegoalderago, Debagoienan, antzeko arazoa daukate: ia ez daukate lurzorurik. Urkulu inguruetarako aurkeztu den proposamenak ika-mika handia sortu du, eta kritika ugari jaso ditu. Debagoiena, orain arte, oso gaizki komunikatuta egon da azpiegituren aldetik. Eskulana kanpotik ekarri behar izan da. Langabeziarik ez dago, baina jendea ez da bertan bizitzen gelditzen. Eta kontuan izanik hemendik gutxira inguru horretako azpiegiturak hobetu egingo direla (Eibar-Gasteiz, Beasain-Durango, eta, denborarekin, abiadura handiko trena), despopulatzeko arriskua handitu egin da. Hain zuzen ere, horregatik planteatu zen Urkuluko habitat alternatiboa. Aretxabaletan dagoen arren, Eskoriatza eta Arrasateri ere eragiten die. Inguru horrek oso balio handia du naturaren aldetik. Proposamenak urtegiaren inguruan 1.000 etxebizitza egitea aurreikusten zuen, batzuk luxuzkoak, eta beste batzuk babes ofizialekoak. Baina kritika ugari jaso ditu, eta hiru udalek ezezko biribila eman diote. Horrez gain, urtegian aisialdirako ekipamendu batzuk ezartzea proposatu zen (ontziratzeko leku bat, parke akuatiko bat, eta abar), ondo etorriko liratekeelako inguru horretan. Baina, berriro diot, proposamenak ez du aurrera egiterik izan. Udalerri guztiek hazi nahi dute, asko gainera, baina bakoitzak bere jurisdikzioan. Oso aukera gutxi dauzkate, ordea. Lurzoru industrialari dagokionez, aipaturiko hiru udalerriek diote oso tarte txikia ematen diegula garapen industrialerako, baina kontua da lurrak ez duela askoz gehiagorako ematen. Harrera ona izan duena, Debagoieneko herriak lotuko dituen tranbia bat ezartzeko proposamena izan da. Eskualde honek asko nabarituko du Eibar-Gasteiz eta Beasain-Durangoko azpiegituren eragina. Ezer erantsi nahiko zenuke Donostialdea-Bidasoa, Tolosaldea edota Goierriko planen inguruan? Goierriri buruzko planak, oro har, nahiko harrera ona izan du, baina badira bi proposamen, kritika batzuk jaso dituztenak. Lehenengoak planteatzen du eskualde horretako lurzoru industrial handiak Beasain-Zumarraga korridorean kokatzea, hain zuzen ere hortik pasako delako Beasain-Durango errepidea, eta, hasiera batean behintzat, abiadura handiko trenak geltoki bat izango duelako bertan. Baina udalerri batzuek kritikatu egin dute neurri hori, ez zaielako industria garatzeko aukerarik eman. Bigarren proposamenak Beasain-Ordizia-Lazkao hirukia sortzea planteatzen du, hiru udalerri hauek hiri bakar bat osatzeko. Proposamen honek desbideratu egingo luke trenbideak egun duen ibilbidea, eta errepide sarrera berri batzuk egin beharko lirateke. Kontuan hartu behar da inguru horretan 45.000 pertsona inguru bizi direla. Araban hiru Lurraldeko Plan Partzial besterik ez daude: Araba Erdialdekoa, Arabako Errioxakoa eta Laudiokoa. Hiru hauen arten, lehendabizikoa izan da ika-mikarik gehien eragin duena. Hain zuzen ere. Besteak beste, lurzoru gehiegi kontsumitzen duela eta nekazaritzarako eremuetan modu neurrigabean hazten dela leporatu zaio... Udalerri guztiei etxebizitzen kopurua bikoizteko baimena ematen zien, eta, zenbait kasutan, baita hirukoizteko ere, baina aurrerantzean, legeak esaten duenaren arabera, etxebizitzen kopurua bikoiztu bakarrik egin ahal izango da. Gainera, dentsitate maila jakin bat finkatuko dugu, azkenaldian gailentzen ari den etxebizitza mota (familia bakarrerako txaleta, inguruan lurrak dauzkala) ez delako jasangarria... Ahal dela behintzat, ez genituzke Sarrian edo Argomanizen dauden moduko kolonizazioak sortu nahi. Bestetik, berrikuntzaren arkuak kritika ugari jaso ditu. Arku horrek aukera paregabea ematen die Forondako aireportuaren inguruan (Legutianotik hasi eta Armiñoneraino) dauden lurzoruei, jarduera ekonomiko eta logistikoetarako, baina horrek ez du esan nahi lur horiek guztiak hormigoiez bete behar direnik; egin behar dena, nekazaritzako erabilerak eta erabilera industrialak bateratzea da. Tamalez, jendeak ez du proposamena ondo ulertu, eta ekologisten taldeek, sindikatuek eta udalbatzek kritikatu egin dute. Beste alde batetik, Arabako Errioxako Lurraldeko Plan Partzialean azpimarratzeko modukoa da nekazaritzarako lurzoruaren balioa, beste eremu batzuetako lurzoru erresidentzialaren parekoa edo handiagoa dela. Horrek esan nahi du Arabako Errioxako lurzoruaren %75ak oso balio handia daukala nekazaritzaren ikuspuntutik. Araban, azkenik, Laudioko plana daukagu. Lehendabiziko fasean, aurrerapena egin zenean, pare bat proposamenek polemika handia piztu zuten. Hasiera batean, RENFEren linea lekuz aldatzea planteatu zen, baina, azkenean, lurperatzea erabaki da. Beste alde batetik, Laudion erabilera industrialerako lurrik ez zegoela ikusita, pixkanaka Amurriorantz jotzea aurreikusi zen, baina erabaki hori ez zitzaien batere gustatu Laudioko biztanleei, eta orduan, bigarren agiri batean, udalerri bakoitzak bere erabakiak har zitzala finkatu zen. Enpresak udalerri batetik bestera eramatea ere planteatu zen, baina asmo horrek ez du jarraipenik izan. Inork ez du ezer galdu nahi. Baina guk lortu nahi duguna, ordea, oreka da. Gu udalerriak baino gorago dagoen ikuspegitik aritzen gara lanean, eta eskala horretan aztertzen dugu lurzoru bakoitzarentzat erabilerarik egokiena zein izan daitekeen. Bizkaiko plan nagusia, Bilbo Metropolitarrari dagokiona da. Kontuan hartu behar da eremu funtzional horretan Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen erdia biltzen dela. Baina lur horietan garatzen diren ekintza asko eta asko zaharkituta daude erabat. Epeak luzatu egin direnez, plana jendaurrean dago oraindik. Estrategia batzuk bista-bistakoak dira; adibidez, ibaiaren eskuinaldea dentsifikatzeko asmoa. Izan ere, alde horretako dentsitatea oso baxua denez, etxebizitza gehiago egingo dituzte. Beste erabaki bat ere hartu da: lur eraberrituek erabilera mistoa izan beharko dutela. Gure politikaren helburuak ez du izan behar lehen lurzoru industriala zegoen lekuan orain etxeak bakarrik egitea; ez, lur horiei erabilera tertziarioa, erresidentziala eta industriala eman behar zaie. Jendeak lantokitik gertu bizi behar du. Erabilera industriala esaten dudanean, ez naiz industria kutsatzaileez ari, jakina. Beste alde batetik, Planak hazkundea Loiuko aireportuaren inguruan egitea ere proposatzen du (Derio, Zamudio, Larrabetzu...). Bizkaiko gainerako planei dagokienez, Gernika-Markina, Durango eta Igorreko aurrerapenek, jendaurrean egon direnean, harrera ona izan dute, eta, gauzak okertzen ez badira behintzat, laster emango zaie hasierako onespena. Dena den, ingurumenari buruzko dekretu berri bat sartu da indarrean, eta izango ditu bere ondorioak. Zer dio ba dekretu horrek? Dekretuak agintzen du plan eta agiri horiek guztiek inguramenaren gainean zer-nolako eragina izango duten zehazten duen txosten bat eraman beharko dutela. Hau da, plan guztiek, elkarrekin hartuta, ingurumenari nola eragingo dioten aztertu beharko da. Orain arte, egitasmo zehatz bakoitzak izango zuen eragina aztertzen zen -esate baterako, golf zelai batek, edo errepide berri batek-, baina ez guztiek batera hartuta. Egia esateko, azterketa horiek zenbat eta lehenago egin, hobe, betiere erabilgarriagoak izango direlako planaren lehen fasean eginez gero. Kontua da hasierako onespena jasotzeke daukaten planek elkarrekin egin beharko dutela ingurumenaren gaineko eraginaren balorazioa; hau da, Bizkaian, Gernika-Markinakoak, Durangokoak, Igorrekoak, Enkarterrikoak eta Mungiakoak; eta Gipuzkoan Donostialdea-Bidasoakoak eta Tolosaldeakoak. Hasierako onespena dagoeneko jasota daukatenek ez dute azterketa hori egin beharrik izango, baina, dena den, hauek ere azterketa orokor horretan biltzeko asmoa daukagu. Noiz egongo dira lurraldeko hamabost plan partzialak behin betiko onartuta eta itxita? Duela urte dezente hasi ginen lurraldeko plan partzialak prestatzen, baina 2003. urtean eman zaio beren izapidetzari bultzadarik handiena. Iaz eman zitzaien hasierako onespena Gipuzkoako lau planei (Urola Kostakoari, Goiherrikoari, Debagoienakoari eta Debabarrenakoari) eta Arabako hirurei (Araba Erdialdekoari, Arabako Errioxakoari eta Laudiokoari). Donostialdea-Bidasoako planaren aurrerapena jendaurrean ipini da, eta orain Tolosaldeakoaren aurrerapena prestatzen ari gara. Bizkaiari dagokionez, Bilbo Metropolitarrari hasierako onespena eman zaio, eta Gernika-Markina, Igorre eta Durangokoak oso aurreratuta daude. Aginduta daukagu 2005erako hamabostak behin betiko onartuta egongo direla. Aurten zazpi edo zortzi bukatu behar ditugu; gainerakoetan, oraingoz asko dago egiteko. Gure lurra ahalik eta ondoen orekatzen saiatuko gara. Elkarrizketaren bukaerara heltzen ari gara. Zer azpimarratu nahiko zeniguke lurraldearen arloko planen gainean? Plan hauek, lurraldeari eragiten dioten politikak gauzatzen dituzten Sailek prestatu behar izaten dituzte, bai Eusko Jaurlaritzakoek, bai Foru Aldundietakoek. Batzuek dagoeneko jaso dute behin betiko onespena; esate baterako, Trenbide Sarearen Planak (abiadura handiko trenaren, RENFEren eta Eusko Trenen ibilbideak aurreikusten dituena), edota Energia Eolikoaren Planak (sei parke eoliko berri non kokatuko diren zehazten du, besteak beste). Ibai eta errekak alderdi hidrologikotik, ingurumenaren alderditik eta alderdi urbanistikotik aztertu eta babesten dituen planak ere behin betiko onespena jaso du. Epe laburrean, eremu hezeei buruzkoa, jarduera ekonomikoei buruzkoa eta merkataritzako ekipamenduei buruzkoak onartuko dira, eta hauek, besteak beste, adieraziko digute zein lurzorutan bultzatu ahal izango den sustapen publikoa, edota merkataritza gune berriek gehienez jota 25.000 metro karratukoak izan beharko dutela eta hirietatik gertuago egon beharko dutela. Beste plan batzuk hasiera-hasierako fasean daude oraindik (etxebizitzaren sustapen publikoari buruzkoa, itsasertzei buruzkoa, basoei buruzkoa...). Gai hauek bere garrantzia daukaten arren, oso jende gutxik dauka beren berri. Bai, batez ere gai hauetan erabiltzen den terminologia konplexua izaten delako. Hiritarrei arrotza egiten zaie lurraldearen antolamendua. Agiri hauek hasiera-hasieratik egon izan balira mahai gainean, orain ez genituzke izango Donostialdean edo Bilbo Metropolitarrean 70eko garapenaldiak eragindako desorekak. Gauzak beste modu batean egingo ziren, askoz ere txukunago. Plan horiek martxan jarrita, zer-nolako desorekak ekidingo lirateke? Udalerri batzuetan ezinezkoa da hazkundea planteatu ere egitea (Errenterian, Pasaian, Ermuan eta Eibarren, adibidez), ez daukatelako horretarako lur egokirik. Eta, aldiz, hurbileko beste udalerri batzuetan (Urnietan, Zubietan, Lezon edo Usurbilen) nahi beste lurzoru dago. Kontua, oreka aurkitzea da. Edo, bestela, mendi alderantz jo edota lurzoru industrialak handitzea. Debabarreneko udalerriek, adibidez, ia ez daukate batere zoru industrialik; horregatik jotzen du bertako Plan Partzialak Itziar edo Mallabia aldera zoru industrialak kokatzeko. Erabaki horrek haserrea piztu du zenbait udalerritan, baina errealitate gordina hori da. Mart?n Arregi San Miguel

Duela 38 urte jaio zen, Berastegin. Abokatua eta foru funtzionarioa da (eszedentzian). 1995az geroztik, Eusko Jaurlaritzako erantzukizuneko postuetan dihardu lanean. Etxebizitza Sailean urte batzuk eman zituen, eta gaur egun Lurralde Antolamenduko zuzendaria da. Lanak, sendiak eta bi semeek denbora gutxi uzten diotenez aisialdirako, beti prest ageri da egunero egin behar izaten duen Donostia-Gasteiz-Donostia errepidea utzi eta beste edozein bidaia egiteko.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Alfonso Gorroñogoitia: "Gure kooperatibak baserri gizartearen ondorioa dira"

 

Irakurri

Amaia Basterretxea: "Gure bizimodua nolakoa izan den azaltzea da gure egitekoa"

 

Irakurri

Adolfo Arejita: "Kardaberaz izan da, Mendibururekin batera, euskal idazle klasiko nagusia"

 

Irakurri

Frantxis López de Landatxe: "Jendeak bereganatu egin du Koldo Mitxelena, liburutegiko erabiltzaileak eta bisitariak Kulturunearen jabe bihurtu dira"

 

Irakurri

Borja Aginagalde: "Artxiboen dinamizazio kulturala da gure hurrengo erronka"

 

Irakurri