Nicanor Ursua eta Antonio Casado. Filosofoak: Gizartearentzat garrantzitsua da komunitate zientifikoak elkarrekin aritzea pentsamendu kolektiboa sortzen

2017-01-11

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



«Ezagutzaren gizartea» deituriko horretan konpartimentutan banatutako aditu eta jakituria ugari daude; alabaina, ulergarritasun globala falta da». Ez ote gaude, funtsean, «ezjakintasunaren» gizartean?

Antonio Casado (A.C.): Beharbada, «ezagutza» edo «gizartearen ezagutza» izan beharrean, inoiz baino informazio gehiago eta informazioa eskuratzeko aukera gehiago duen gizartea da gurea, ezta? Eta hori nahasgarria izan daiteke, ez baitakigu informazio horrekin guztiarekin zer egin. Aldi berean, ezjakintasunarekin harreman dialektikoa dugu, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago jabetzen baikara zenbat ez dakigun, eta hein bateko larritasuna eragiten digu horrek: geroz eta ezagutza eta informazio gehiago dugu, bai, baina geroz eta zailagoa da hori kontrolatzea, eta geroz eta harreman handiagoa dugu ezagutzen ez ditugun faktoreekin, akaso arriskutsuak izan daitezkeenekin, hori ere ezagutzaren gizarteari lotuta baitago. Adibidez, naturan esku hartzeko dugun gaitasunak eragindako arriskuak kudeatu nahian ibiltzen gara etengabe gure gizartean.

Nicanor Ursua (N.U.): Zarataren gizartean bizi garela esango nuke. Zarata hori guztia informazioa da, baina ez dakigu bereizten zein informazio den baliagarria eta zein baliogabea. Ikuspuntu filosofikotik, nire iritzian, filosofian garrantzi handikoa zen gai bat galdu du ezagutzaren gizarte honek: gültigkeit-a; hau da, baliagarritasuna: zerk eragiten du pentsamendu bat, ezagutza bat, baliagarria ala baliogabea izatea? Gaur egun etengabe entzuten dugu: «Nonbait entzun dut... Norbaitek esan du... Interneten irakurri dut...». Esan egiten da, eta esate horrek baliagarritasunaren irizpidea ordezten du. Berriz ere heldu behar diogu baliagarritasunaren irizpideari, eta ezagutza baliagarria eta baliogabea bereizteko irizpide argiak zehaztu behar ditugu.

Lehenago esan dugun bezala, ezagutza barne-prestaketaren emaitza da: informazioa hausnartzea, informazioa prozesatzea eta irizpide baliagarrien bidez adieraztea, argi bereizteko: «hori ezagutza da, hori ez da ezagutza».

A.C.: Beno, filosofia beti egon da munduko zaratatik urrunduta, gauzak tarte pixka batekin ikusi ahal izateko hori. Baina, esan duzun hori dela eta, gaur egun, beharbada, urruntasun inoiz baino beharrezkoagoa da, post-egiaren eta post-gertaeren munduan gaudelako. Inoiz baino gertaera gehiago eta informazio gehiago dugu eta ez dakigu horiek guztiak bereizten, norbera seguru samar sentitzen den eremu txiki horretatik kanpo. Gure lanak geroz eta espezializatuagoak dira eta munduaz dakiguna hainbeste zabaldu da, ezen gerta baitaiteke ataza edo ezagutzaren arlo zehatz batean zientzialari aditua denak esatea: «Honetaz asko dakit, baina gainerako guztiaz fidatu egin beharra daukat». Eta gaur egun hainbeste dira informazio-iturriak, desorientazio itzela dago. Halere, ez dut uste dena beltza denik: horrek guztiak askatasun demasa ere ematen digu, eta gaur egun eskura dugu orain arte elite baten esku zegoen ezagutza.

N.U.: Esan duzun bezala, funtsezkoa da informazioa eskuratzea, baina gero dator barnean prestatzeko lana, hausnartzea, pentsatzea, bereiztea eta gero adieraztea, adierazi ezean, hori ere ez baita ezagutza. «Horrek asko daki» entzuten dugu noizbehinka, baina inoiz ez du ezer esan, inoiz ez du ezer idatzi. Idatzi eta esaten duen pertsona okertu egiten da. Mundu honetan okertzea bizitzaren parte da, hutsegitea funtsezkoa da. Saiatuz eta hutsak baztertuz egiten dugu aurrera. Huts egitea gaizki dago, baina perfektuak ez garenez, huts egingo dugu. Nire ustez, zuzena eta okerra ongi bereizteko irizpideak edukitzea da kontua: zer ezagutza den baliagarria, zein jokabide den baliagarria eta zein baliogabea... Eta puntu horretan, gai horiek guztiak filosofiarekin lotzen dira. “Zarataren gizartean bizi garela esango nuke. Zarata hori guztia informazioa da, baina ez dakigu bereizten zein informazio den baliagarria eta zein baliogabea”.

Zer ekarpen egin dezake filosofiak zientziaren alorrean?

A.C.: Nire ustez, zentzu horretan, ikasteko moduan bereizten da filosofia gainerako zientzietatik; izan ere, ikasleek zientzia esperimentaleko karrera egiten dutenean, edota osasun-zientzietakoa, batez ere gauzak nola egiten diren ikasten ahalegintzen dira; diziplina horretan zein den ezagutza baliagarria, zientziaren ikuspegitik zuzena. Eta horrexetan arituko dira prestakuntzaren 4, 5 edo 6 urteetan. Filosofian, ordea, gure fakultatean, Nicanor, ikasleak lehen urtetik hasten dira ezjakintasunarekin negoziatzen. Ildo horretan, eremua askoz ere libreagoa eta anarkikoagoa da, zientzia batekoa baino. Hemen ez ditugu jorratuko adostasunak —nahiz eta abiapuntu bat badugun: filosofiaren historia, pentsamenduaren historia eta zientziaren historia ere bai—; batez ere desadostasunak jorratuko ditugu, dakigunaren eremu geroz eta zabalagoaren ertzean aritzen gara; ezjakintasun eremuarekin kontaktuan, esparru berrietara zabaltzen doan hegi horretan. Nire ustez, mugako lurralde horretan jarduten dugu filosofook. Zientziena baino eremu ezegonkorragoa da, esploratzaileena bezalakoa, oraindik ondo ezagutzen ez den edo kartografiatu gabe dagoen eremua ezagutu eta mapan irudikatzera bidaltzen dituztenean.

N.U.: Nire ustez, filosofiaren esaldi klasiko ospetsua, «Ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik», gaur egun ez da baliagarria. Izan ere, badakizkigu gauzak, gure arbasoek baino askoz ere gehiago dakigu; alabaina, alderdi kuantitatiboan dakigu, ez, ordea, alderdi kualitatiboan. Baina zer egiten dute zientziak eta filosofiak? Filosofiak eta zientziak continuum bat osatzen dutelakoan nago: zientzia zehatzagoa da, zorrotzagoa, baina filosofiak ikuspegi globala eta kritikoa ematen dizkio.

Orduan, filosofiak eta zientziak elkarrekin jardun behar dutelakoan nago; ez dago biak bereizterik, continuum bat osatzen dute, biak elkarri lotuta daude eta elkar aberasten dute; bien arteko interakzioa dago. Jende askorentzat filosofia zera da: «berarekin nahiz bera gabe, berdin jarraitzen dugun zientzia», eta hori ezin da horrela izan, filosofiak arazoak hausnartzea duelako helburu. Filosofiak ez digu esango mundua zer den, hori benetako zientziak esango digu; alabaina, filosofiak esango digu munduaren nolakotasunari buruzko pentsamendu hori zuzena den ala okerra den. Hau da, metazientzia da, metafilosofia, zientzien arabera mundua, gizakia eta abar zer diren pentsatzeko moduaz pentsatzen dugulako, eta horiek aberastu egiten gaituelako. Baina guk ezin dugu ezer pentsatu zientziarik gabe. Ondorioz, zientzialaria ere baden heinean da filosofoa filosofo, eta arazo horien gainean hausnartzen duen heinean da zientzialaria zientzialari.

A.C.: Filosofiarik interesgarrienak zuk aipaturiko ildoa jorratzen du, amets horren atzetik doa; baten batzuek «xarmadura joniarra» deitu dioten horren atzetik; hain zuzen ere, duela 2.500 urte filosofiari nahiz zientziei ateak ireki zizkien pentsamenduaren atzetik. Mundua eragiketen, neurketen, giza jardueraren bidez azaldu ahal dela dioen ideia. Horixe da filosofiaren jatorria, matematiken jatorria eta zientzia guztien jatorria. Eta horretan ikuspegi apur bat galdu dugu gaur egun, diziplina guztiak megaespezializatzeko joera horren ondorioz, oso zaila delako zientzia-diziplinek batera zer eduki dezaketen pentsatzea. Horretarako dago filosofia, gaur egun ezagutzaren batasuna nola uler daitekeen hausnartzeko. Ez dut uste teoria bateratzaile handi baten bidez lor daitekeenik hori; nire iritzian, filosofoaren eginkizuna bestelakoa da: itzultzaile antzekoa, edota orotariko jakintzak bildu eta elkarrekin lotzen dituen elementua. Filosofoak itzultzaile onak izan gaitezkeelakoan nago, osasun-arloko profesionalaren, gaixoaren, juristaren, kaleko jendearen, kultura-tradizioen, mundu globaleko eragileen... hizkuntzak konbinatu eta hurbilarazi egiten ditugulako.

N.U.: Bai, ezagutza kolektiboa funtsezkoa dela uste dut. Nolabait esatearren, collageko ezagutza: zuk dakizunaz baliatzen naiz ni, eta nik dakidanaz baliatzen zara zu, nik ez baitakit dena eta zugandik ikasi behar baitut. Ezjakintasunaren gaitik tiraka, gai askotan ezjakina naizela pentsatuz, norberaren ezjakintasuna aitortzea da ikasketaren oinarria, orduan zuri entzungo dizudalako, zugandik ikasiko dudalako. Eta dena ez dakidanez, zuk esango didazunean konfiantza egingo dut, eta horren inguruko elkarrizketa serioa abiaraziko.

A.C.: Konfiantzaren gaia funtsezkoa da. Azkenean, eta Marina Garcés filosofo kataluniarrak dioen bezala, pentsamenduak lagundu egin gaitzakeen eta arazo batzuk konpon ditzakeen konfiantza da filosofia. Diziplina desberdinekoak izan arren, gure gaitasun erkidean konfiantzarik ez badut, elkar laguntzeko aukera dugula sinesten ez badut, ez dago zereginik. Pentsatzen badugu diziplinen espezializazio-maila halako puntura iritsita, matematikariak ez duela niri irakasteko ezer, nik arkitektoari ezin diodala ezer irakatsi, eta arkitektoak ezin diola ezer irakatsi hiriak planifikatzen dituenari, orduan, konfiantza galdu dugu guztion artean arazoak konpontzeko gaitasunean, pentsamenduaren bidez gure bizitza hobetzeko gaitasunean.

N.U.: Nire ustez, horrek burua zabal-zabal edukitzea eskatzen du, geure diziplinetan, gure zirkuluan itxi beharrean, beste pertsona batzuekin, beste ezagutza batzuekin harremanetan jartzea, eta pertsona horiengandik ikastea, pertsona horiei aldi berean beste argibide batzuk ematen dizkiegun bitartean.

Hau da, nire ustez, gaur egungo gizartearentzat garrantzitsua da komunitate zientifikoak elkarrekin aritzea pentsamendu kolektiboa, komunitatearena, sortzen; zuk ni kritikatuko nauzu eta nik zu kritikatuko zaitut, ez kritikatze hutsagatik eta bai neure kokalekuan hobetzeko kritika eraikitzailea egiteko asmoz. “Horretarako dago filosofia, gaur egun ezagutzaren batasuna nola uler daitekeen hausnartzeko”.

Izatearen nekea, subjektibotasunaren porrota, nihilismo berria... norbanakoaren krisia islatzen duten adierazpideak dira. Zer esan daiteke horren inguruan?

N.U.: Gaur egun pertsona gehienek uste dute, azken buruan, denak berdin diola. Eta, beraz, erabateko nihilismoaren eta gure gizakiaren berezko erlatibismoaren aurrean, beste ahots batzuek diote: «Aizu, arrazionaltasuna ere badago». Baina ez dago arrazionaltasun hori bakarrik; elkarri lotutako arrazionaltasunak ere egon daitezke.

Alabaina, europarrei galdetuko bagenie zeren alde hiltzeko prest dauden, zer erantzungo ligukete? Gaur egun ez gaude ezeren alde hiltzeko prest, pentsatzen dugulako ez duela merezi. Nolabait gure bizitzan bertan onartzen dugu eszeptizismo, nihilismo, erlatibismo edo dena delako hori —gauza eta kontzeptu desberdinak izan arren, denek bat egiten baitute—. Gizarte eszeptikoa da, nekearen ideiari lotuta; nekatuta nagoenez, ez du merezi etorkizunerantz begiratzea.

Ezin ditugu ideia horiek pertsonen baitan proiektatu; aitzitik, baikortasuna, itxaropena eta gure pentsaeraren eta jardueraren bidez mundua eraldatu ahal dugula proiektatu behar diogu geure buruari, osterantzean gizarte pasiboa hedatuko dugu eta.

A.C.: Arrazionaltasuna aipatu duzu, eta horixe izan daiteke proiektu filosofikoaren nortasun-ikurretako bat, proiektu europarrarena, modernitatearena ere bai... Eta, orain, kezken iturria guztiz agortuta dugulakoan gaudela, post-egiaren, post-gertaeren, post-arrazionaltasunaren garaian gaudela, hori guztia berriz interpretatu beharra dago. Badakigu arrazionaltasunak ere mugak dituela. Faktore askok mugatzen dute gizakiok eguneroko erabakiak hartzean lantzen dugun arrazionaltasuna; horiek horrela, ez da arrazionaltasun perfektua. Teknozientzien bidez munduan hedatutako arrazionaltasunak ere mugak ditu eta ezagutu egin behar ditugu: planetaren muga biofisikoak daude, baliabideak ez dira mugagabeak, eta planetan egiten dugunak ere ondorioak ditu, agian atzera-bueltarik gabeak. Zentzu horretan, ezin dugu arrazionaltasuna utzi, baina aldi berean, ezin gara bueltatu dagoeneko toki onera eramango ez gaituztela frogatu duten arrazionaltasun-idealetara.

Orduan, bere mugez jakitun den arrazionaltasun hori lantzen dugu orain, horri forma ematen ahalegintzen gara. Ezin da arrazionaltasun gordina izan, bere hauskortasunaz jabetzen den arrazionaltasuna baizik; hauskortzat, gorpuzduntzat, sexuduntzat ere agertzeko beldurrik gabe, XX. mendera arte Europan eraiki dugun arrazionaltasuna guztiz maskulinoa izan da eta. Orduan, XXI. mendean guztiz bestelako arrazionaltasuna eraikitzen ari gara, konplexuagoa, kaotikoagoa ere bai, baina ziurrenik gaur egun bizi dugunari hobeto dagokiona.

N.U.: Damasiok dioen bezala, gizakia bi aldeko txanpona da: badu alde arrazionala eta irrazionala, eta pixkanaka-pixkanaka alde irrazionala pixka bat arrazionalizatzen eta alde arrazionala pixka bat irrazional egiten ahalegindu behar dugu. Horixe da gakoa: nola bihurtu arrazionala irrazional, eta irrazionala arrazional. Izan ere, zuk diozun moduan, ez gara egun osoz arrazionalak izaten; denbora gehienean irrazional samarrak izaten gara, baina oreka horri eta bi aldeko txanpon horren bateratze horri esker gara subjektiboak eta objektiboak, nolabait, arrazionalak eta ez-arrazionalak. “Baikortasuna, itxaropena eta gure pentsaeraren eta jardueraren bidez mundua eraldatu ahal dugula proiektatu behar diogu geure buruari, osterantzean gizarte pasiboa hedatuko dugu eta”.

Utopia teknokratikoak irudikatutako etorkizunean, gizakia erabat agerraraziko da («big daten» ondorioz) eta beraren gaitasunak handitu egingo dira (posthumanismoa). Baina zer gertatzen da espeziearen hobekuntza intelektualarekin, moralarekin eta afektiboarekin?

A.C.: Proiektu posthumanistan, gizatiartasuna gainditu egiten da, hala behetik —teorian behintzat adimentsuak edo argiak diren objektuekin, hala nola smartphoneekin, partekatzen dugu geure bizitza gaur egun, eta gure ingurune osoa teknifikatuta dago eta ez dakit adimenaren baina behintzat arrazionaltasunaren ezaugarriak ditu—, nola goitik —big data eta datu-bolumen handiak bildu eta interpretatzeko gaitasunak arrazionaltasun kolektibo edo adimen kolektibo baten aurrean kokatzen gaitu—. Eta non gelditzen da gizakia horretan guztian?

Eguneroko bizitza teknifikatzea oso ongi egon daiteke eta bizitza erraztu egin diezaguke, baina ez dizkigu arazo guztiak konponduko. Geroz eta argiago, kontsumoari, joerei, modei eta abarrei lotutako datu-fluxuekin zerikusirik ez duen esperientzia partekatzeko premia dugu. Gizatasuna azalpen kuantitatibo horietatik kanpo dagoela pentsatzen dut. Zentzu horretan, horixe da artearen, literaturaren eginkizuna: esperientziari, esperientzia pertsonalari, ahotsa ematea. Eta filosofiak baliagarria izaten jarraitzen du, filosofiak, ezagutza zientifikoak ez bezala, oso pertsonala izaten jarraitzen duelako: Platonen, Nietzscheren edo Simone de Beauvoirren filosofiaz hitz egiten jarraitzen dugu eta, izen propioaz harago, munduari begiratzeko moduez hitz egiten dugu. Modu horiekin enpatizatu egiten dugu eta, aldi berean, bizi garen mundua agertarazi egiten digute. Zentzu horretan, azalpen makro horiek guztiak ekonomistentzat edo politikarientzat baliagarriak dira, akaso, baina niretzat edota hezur-haragizko pertsonentzat, ez dut uste oso baliagarriak gertatzen zaizkigunik. Oraindik ere baliagarriagoa zaigu literaturak edo arteak emandako azalpena, adibidez gaur egun emakumea izatea zer den ulertzeko. Unean-unean zer garen ulertzeko erantzuna ez da etorriko, nire ustez, datuak metatzetik.

N.U.: Zurekin ados nago, Antonio: gaur egun bizitza bera zientifizatu eta teknologizatu egin da. Ondo esan duzun bezala, mugikorraren bidez komunikatzen gara, dagoeneko ezin gara tresna hori gabe bizi, eta pertsona askorentzat tresna hori da garrantzitsuena.

Jakina, dena teknologizatu egin dela ikusten dugunean, gauza batzuetan irabazi egin dugu eta beste batzuetan galdu. Adibidez, galdu egin dugu aurrez aurre biltzea; errazagoa da zurekin whatsapparen bidez edo posta elektronikoz komunikatzea eta aurrez aurre esango ez nizkizukeen gauzak esatea. Harreman hori galdu egin dugu. Bestalde, teknologiaren ondorioz, gizakiak ez du bere burua subjektibotasunean eta objektibotasunean ikusten, garapen teknologikoan kokatuta baizik. Eta, izan ere, autore askoren esanetan, teknologiaren, nanoteknologiaren eta teknologia-baterakuntzaren (nano, bio, info, kogno...) bidez, jauzi ebolutiboa egiten ari gara, posthumanitaterako jauzi ebolutiboa. Hau da, gaur egungo zibilizazioarekin zerikusirik ez duen beste zibilizazio baterantz goaz, post-gizaki hori cyborg baten parekoa izango bailitzateke.

A.C.: Arazoa zera da, hain bizkor aldatzen diren teknologia berriek etenak sortzen dituztela; adibidez, herrialdeen arabera eta gizataldeen arabera informazioa eskuratzeko aukera desberdinak sortzen dira. Horren ondorioz, gerta liteke toki batean eta bestean gizakia izateko modua erabat aldatzea, ez daukagulako teknologia eskuratzeko aukera berdina... Hori beste garai batzuetan ere gertatu da, baina akaso horrexek ikaratzen nau gehien: teknologia eskuratzeko aukeraren arabera eten moduko bat sortzea eta itzulezin bihurtzea.

N.U.: Gaur egun izaki teknologikoak gara, teknologiarekin bizi gara. Zera da benetako eztabaidagaia: zer neurritan eragiten duen teknologiak gure bizitzaren pribatutasunean, eremu publikoan, nola eragiten duen komunitatearen garapenean, nola eragiten duen teknologiak nire segurtasunean edo nire segurtasun-gabezian. Eta, beraz, esparru pribatuarekin eta publikoarekin lotu behar dugu teknologia, komunitatearekin, nortasunarekin eta, aldi berean, segurtasunarekin eta segurtasun-gabeziarekin. Hortxe sortzen dira arazoak (arazo filosofikoak, ez teknologikoak, teknologoak teknologiaren beraren bidez konpondu nahi dituelako arazoak). Hala, optimismo teknologikoa sortzen da, pentsatuz gaur egun zerbait ez badabil gerora aurkituko dugula gaur egun gaizki egiten duguna zuzenduko duen teknologia berria. Nola dio iragarki horrek? «Zuhaitzak? Ba! Azken zuhaitza desagertu arte oraindik ere zuhaitz asko daude». Ez da egia, une batean ez delako zuhaitzik egongo eta ezin izango ditugulako sortu. Teknologia berri batek beharbada ez ditu gaur egungo arazoak teknologia bidez konponduko; hori optimismo teknologikoa da, akaso inoiz etorriko ez den etorkizun batean proiektatzen dugulako geure irtenbidea. Gaur egun gailu horiekin nola jokatzen dugun interesatzen zait niri.

A.C.: Horrek kezkatu egiten nau. Ez zait axola zerbait ez jakitea, horrekin bizi izaten ikasi behar dugu; gure gizatasun tragikoaren muinean dago hori: ezin gara denera iritsi, ezin dugu dena sendatu, ezin dugu dena jakin... Baina kultura, nortasuna, historia edukitzeak, beharrezkoa denean ikasteko aukera izatea esan nahi du. Orain ez dakit baratzea lantzen, baina beharrezkoa izanez gero, jakingo nuke nora joan, oinarri-oinarria behintzat ikasteko. Baina zer gertatuko da ezagutza hori arrunta ez bada, ezagutza hori eskuratzeko, 10.000 kilometrora dagoen enpresa baten lizentzia erosi behar badut? Nire ustez, arrisku ikaragarria izango ez duen irtenbidea bilatu nahian gabiltza egoera berri horretarako.

N.U.: Teknologia ez da txarra ez ona, baina teknologia horren erabileraren ondorioz, batera edo bestera jokatzen dugu. Rousseauk zera galdetuko liguke: «Gizatasuna ikuspuntu moraletik hobetzea ekarri du horrek? Zientziak edo teknologiak gizartean pertsonen moraltasuna hobetu dute?». Horixe da gakoa. Baliabide horiek guztiak tarteko, ikuspuntu moraletik hobeak gara gaur egun? Bada, arazoak sortzen direla ikusten dugu. Ciberbullyinga adibidez, geroz eta gehiagotan ikusten da; eta beste leku batzuetan «harrikatze digitala» esaten dioten hori: zurekin ados ez banago, sarean iraindu egingo zaitut, mehatxatu eta aldi berean makurrarazi egingo zaitut. Hau da, komunikatzeko teknologia beste asmo baterako erabiltzen dut.

Orduan, zer neurritan menderatuko ditugu baliabide horiek, gizarte berri bat sortzeko bidean? Horixe da gakoa. Jakina, teknofanatikoak bagara, teknologiaren bidez dena hobetuko dugula sinetsiko dugu; teknokatastrofistak bagara, dena hondamendia izango dela pentsatuko dugu. Hortxe hasten da sophrosynea, zuhurtzia, gauzekin jokatzen jakitea. Eta hori ere filosofiaren eginkizuna dela uste dut: baliabide berriekin nola jokatu irakastea.

A.C.: Beti bidezko erdia bilatzen, ezta? Baliabideetarako bidezko erdia. “Eguneroko bizitza teknifikatzea oso ongi egon daiteke eta bizitza erraztu egin diezaguke, baina ez dizkigu arazo guztiak konponduko”.

«Zer da gaur egun gizakia izatea?» (Eusko Ikaskuntzaren 2017. urteko galdera)

N.U.: Gizakia, lehenik eta behin, zerbait fisikoa da, materiala, biologikoa; beraz, biologiari zor gatzaizkio. Baina, aldi berean, kulturari zor diogu gaur egun garena, eta kulturaz harro gaude. Kulturak hainbat balio unibertsal bereganatu ditu eta ikuspegi moraletik aitortuta daude, giza eskubideetan ez ezik, ia eremu filosofiko guztietan ere bai.

Lehenengo eta behin nabarmendu egin nahi dut badaudela izaki fisiko materiala eta izaki kulturala eta izaki morala, eta gizatasun osoa ikuspegi horretatik aztertu behar dugula. Kantek, adibidez, hein batean definitu zuen gizakia: autokontzientziara iristen garen heinean gara gizakiak, eta beraz pertsonak, eta hori oso zaila da. Autokontzientzia zera da: norberaren burujabetza; beraz, horixe da giza duintasuna, burujabe izan ahal garen heinean. Nire ustez, giza zientziek gizakia burujabe bihurtzen lagundu behar dute, lehenago esan dugun ildoan eta gizakia hezurmamituta dagoen muga biologiko, material eta fisikoen baitan.

A.C.: Zurekin bat nator Kanten kontu horrekin: autonomia, autokontzientzia da gizakiaren lehen nortasun-ikurra, betiere Habermasek egindako zuzenketa gehituz gero: autonomia hori beste batzuekin batera jorratu behar dugu. Autonomoak izaten ikasten dugu, eta mendeko izanez, zaintza-, kritika- eta zalantza-sareetan txertatuta egonik izan gaitezke soilik autonomoak. Horixe da autonomoak izateko modu bakarra. Norbanakoaren autonomia izateko, aurretiaz kolektiboa izan behar du. Horrenbestez, kulturaren, gizartearen eta biologiaren alorrean txertatuta dago, erabat. Muga biologikoak ditugu, jakina, baina gure izaerak berak izatez kulturalak izatera eramaten gaitu, eta kulturaren bidez gure esperientzia guztiz aldatzeko aukera dugu.

Ildo horretan, ez dago giza izaerarentzako erantzun bakarrik; plurala da, arlo globalean —munduan bizi izateko modu asko daude oraindik ere— baina banakako mailan ere pluralak gara: Pessoak esan zuen bezala, «errepublika txikiak gara». Gure kulturan bertan Grezia klasikotik, kristautasunetik eta beste kultura batzuetatik datozen aztarnak ditugu, eta errepublika txiki horretan gainerakoekin eta gutako bakoitza den aniztasunarekin ere bizi izaten ikasi behar dugu.

N.U.: Gaur egun galdua dugu munduan geneukan toki abantailatsua; autokontzientziak soilik bereizten gaitu gainerako izakiengandik. Hau da, makrokosmosa islatzen duen gure mikrokosmos horrek, nolabait, apal bihurtzen gaitu, naturaren parte eta natura garelako, eta autokontzientziak soilik bereizten gaituelako gainerako izakiengandik. Nolabait esatearren, nik kontzientzia izateak arazo ugari eragingo dizkit, horregatik sufritu egingo dudalako; baina, aldi berean, autokontzientzia horrek sufrimendutik irteten lagunduko dit. Beraz, kontzientzia edo autokontzientzia duten izakiek abantaila «ebolutibo» gehiago dituzte, halakorik ez duten edo halakorik ez dutela uste dugun izakiek baino. Eta, nire iritzian, autokontzientzia da, hain zuzen, gainerako izakiengandik bereizi eta gizaki egiten gaituena.

Natura, nolabait esatearren, hor dago, eta gu garena naturan oinarrituta gara. Baina kulturalki naizen pertsona, aldiz, neuk egina da; neronek egiten dut neure burua. Hartara, pertsonei pertsonak izaten lagundu behar diegu. Ikuspuntu filosofikotik, euren oraina eta etorkizuna eraikitzen lagundu behar diegu.

Pico della Mirandola (1463-1494):

“Por eso Dios escogió al hombre como obra de naturaleza indefinida, y una vez lo hubo colocado en el centro del mundo, le habló así: No te he dado, oh Adán, ningún lugar determinado, ni una presentación propia ni ninguna prerrogativa exclusiva tuya; pero aquel lugar, aquella presentación, aquellas prerrogativas que tú desees, las obtendrás y conservarás según tus deseos y según tú lo entiendas. La naturaleza limitada de los demás está contenida en las leyes escritas por mí. Pero tú determinarás tu propia naturaleza sin ninguna barrera, según tu arbitrio, y al parecer de tu arbitrio la entrego. Te puse en medio del mundo para que desde allí pudieses darte mejor cuenta de todo lo que hay en el mundo. No te he hecho celeste ni terreno, mortal ni inmortal, para que por ti mismo, como libre y soberano artífice, te formes y te esculpas en la forma que hayas escogido”.

Nicanor Ursua eta Antonio Casado.Nicanor Ursua Lezaun (Etaio, 1948) Municheko (Alemania) Unibertsitatean Filosofian lizentziaduna eta Unibertsitate berean eta Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean doktoreduna. Honoris Causa doktorea Aurel Vlaicu Din Arad Unibertsitatean (Errumania). EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean katedraduna, Ezagutzaren Teoriako eta Pentsamendu Ekonomikoaren eta Politikoaren Historiako irakasgaiak ematen ditu Unibertsitate horretan bertan. Honako gai hauetan dago espezializatuta: Filosofia eta Globalizazioa, Epistemologia Eboluzionista, eta Zientzia-Teknologia eta Gizartea. «CultMedia – International Network of Cultural Diversity and New Media» sareko kide ikertzailea eta «Cultural Diversity and New Media» Bildumaren ko-editorea. 2015az geroztik, Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria (RIEV) zuzentzen du. Antonio Casado da Rocha (Errenteria, 1970) National University of Irelanden Giza Zientzietan lizentziaduna eta Filosofian doktorea, EHUn ikertzailea eta Bioetikako eta Filosofia Politikoko irakaslea. Bioetikaren esparruan aritzen da, zentzurik zabalenean (arretaren etika, ingurumenaren etika eta ikerketa zientifikoaren etika), eta alderdi narratiboei arreta berezia egiten die. Henry David Thoreauren pentsamenduan aditua, Thoreau. Biografía esencial (2004) idatzi du. Beste lan batzuk: Sobre el deber de la desobediencia civil (2002) La desobediencia civil a partir de Thoreau (2002) El arte de caminar. Tras los pasos de Henry D. Thoreau (2002) Bioética para legos. Una introducción a la ética asistencial (2008) Bere poesia-ekoizpenetik honako liburu hauek argitaratu dira: Esku ezkerraz(2011) Islandiera ikasten (2014).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Javier Aguirresarobe eta José Luis Rebordinos. Argazki-zuzendaria eta Donostiako Zinemaldiko zuzendaria: Zinemak suaren inguruan kontatutako istorioen xarma du oraindik ere

 

Irakurri

Karmele Aranburu eta Mirentxu Purroy. Kazetariak: Gaur egungo kazetaritzan, prestakuntza, etika eta egiaztatutako iturriak falta dira, eta Wikipedian adituak sobera daude

 

Irakurri

Fernando Escalante eta Ramón Zallo. Soziologoa eta Ikus Entzunezko Komunikazioko katedraduna: Nolako eremu publikoa nahi dugun erabaki behar da, eta horren araberako politika kulturalak ezarri

 

Irakurri

Xabier Insausti eta Margaret Bullen. Filosofoa eta antropologoa: Hezkuntza sistemak ezagutza, sorkuntza eta pentsamenduarekiko gozamena suspertu behar du

 

Irakurri

Josu Chueca eta Francisco Etxeberria. Historialaria eta auzitegiko medikua: Gaur egungo arazo nagusietako batzuk Gerra Zibilaren eta Diktaduraren ondorio dira

 

Irakurri