Urteko galdera

Josemari Velez de Mendizabal / Euskonewseko zuzendari ohia

22/07/2015

Josemari Velez de Mendizabal / Euskonewseko zuzendari ohia

Internet, askatasunaren sinonimo ote?

Atzo irakurri ahal izan genuen Twitter berehala desager litekeela Internetetik eta gaur medioek Google-en superkapitalizazioaren albistea dakarkigute, egun bakar bateko burtsa-mugimenduan 60.000 milio dolar irabazi duela haizatuz[1]. Hau da, sareko gora beheren uhinek egunsenti bakoitzean ezusteko galantaren bat uzten digute denen txundidurako. Interneteko bide zidorretatik barrena egin nuenean sarea galdegai handi bat zen, labirinto hark nora eraman gintzakeen inork gutxik zekiela. Aurrera egin genuen hurrengo bihurgunean zer ager zitekeen bat ere antzeman gabe. Inportanteena lur berriak konkistatzea zen, pioneroen antzerako izpiritu abenturazaleak bultzatuta. Hodeiertzak infinituak zirelakoan geunden eta gizartearen askatasunaren hurrena izan balitz bezalako eszenategiko atartean geundela aldarrikatzeraino heldu ginen. Okertu egin ginen. Normala. Norbaitek esango du dabilenari bakarrik gertatzen zaiola txorkatila bihurtzea, eta egia da. Genbiltzalako okertu ginen, eta horregatik iruditzen zait okertzearen arrazoia barne-arrazoietan baino kanpokoetan bilatu behar direla, edozein bidetan eragozpen ezkutuak baitira eta Interneteko eremu zabaletan are gehiago, bidaiarien asmo onak zeharo txikitzen dituztenak. Internet ez da askatasun pertsonal edota kolektiborako panazea. Internet negozio erraldoi bat da, eta negozio guztietan bezala joko zikina eta azpikeriak eguneroko ogia dauzkagu. Eta horrek giza eta gizarte eskubideen aurkako atentatuak badakartza ere, berdin die Internet eraikin osoa kontrolpean daukaten boteretsuei. Interneten egiturarengatik, sarea komunikaziorako lanabesa da. Nire moduko askok pentsatu zuen sareak iritzi-elkartruketarako askatasun mugagabea zekarrela, eta azkenik medio menderatuen norabide bakarreko jario alienatzailetik ihes egingo genuela. Bada, ez. Lehen bezala gaude alde horretatik: zelatan dauzkagun estatuek giza eskubideen kontrako ormak altxatzen dituzte - horratx, mozal legea- euren estatusa arriskutan ikusi bezain laster. Anaia Nagusiak bere lanean jarraitzen du, etengabe. Internet asmatu zuen burmuin liberala - euren interesa perilean ikusten dutenean liberal guztien modura- interbentzionista bilakatu da. Orwellek bete-betean asmatu zuen, artean Internet sortu gabea bazen ere. Interneten inguruan askatasunari buruzko aldarrikapen asko egin dira azken urteotan, libertatearen defizita salatuz. Horratx, besterik gabe, aitorpen bateratua UNOren Iritzi eta Adierazpenaren Askatasunerako Arduradun Nagusiaren inguruan, Europa, Afrika eta Ameriketako nazio-erakundeek aurten (2015) sinatutakoa. Global Campaign for Free Expression eta Centre for Law and Democracy adierazpenak kontuan izanda, errefusatu behar izan dituzte sistematikoki estatuetatik burututako erasoak. Baina... Internetetik kanpo ere gertatzen den moduan -prentsa idatzia, telebista kateak, irratiak... nola dauden kontrolatuta ikusita dardaran jartzeko motiboak ditugu- sarearen desbideratze induzitua printza larriak eragin ditu komunikazio sistema berritzailean. Eta iraultzaile izatera iritsiko zela pentsatzen genuena, betiko inboluzionista guzti ahaltsuek daukate preso, internet zaleok sasi nirvana batera ohitzen ari garen bitartean. Dena den... Sarearen erabiltzaile zaharra naizenez eta gizadian oraindik esperantza guztiz galdu ez dudanez gero, jarduera erantzule eta zorrotzaren bidez borrokan zutik iraun ahal izateko aukerak baditugula pentsatu nahi dut. Iturri txiki, apal eta ia-ia ikusezinetatik egunero sarera heltzen diren hainbat eta hainbat tanta garbik inoiz Internetera askatasunaren argia agerraraz lezaketela eta egun preso daukatena libre ikus genezakeela.sinetsi gura dut. Horregatik idatzi ditut aurreko lerroak. [1] Munduko 44 estaturen urteko aurrekontuak dira bakarrik zifra hori baino altuagoak.
Partager:
Facebook Twitter Whatsapp