Urteko galdera

Baleren Bakaikoa Azurmendi / Ekonomialaria

09/09/2015

Baleren Bakaikoa Azurmendi / Ekonomialaria

Internet eta ni

Ineternet sortu baino lehenagotik nator. Izan ere, nire haurtzaroko estreinako urteetan gure herrian oso familia gutxik genuen irrati aparailua. Nire aitak oso jakinmin handia zuen Espainia eta Euskal Herriko egoera politikoari buruz, frankismoa puri-purian baitzegoen garai haietan. Zer gertatzen zen frankismoaren erraietan eta argitzeko Mosku Irratia, Paris Irratia edo Pirenaika Irratia entzun behar ziren eta hori egiten genuen gure etxean. Irrati aparailuaz gain, lehen aroko telefonoa ere ezagutzeko parada izan nuen. Beraz, aro modernoko komunikazio sistema ere bageneukan Berastegiko Ameraun auzogunean eta mundu txiki bat izan arren, kanpoarekiko harremanak bagenituen, tren garraioa izateaz gain. Lehen aroko hedabideek ez zutenez informazio gehiegi ematen, guraso eta aitonaren ipuinak betetzen zuten gure haurtzaroko etxeko denbora, gainontzekoa jolasean. Internetara hurbiltzen zen gauza bakarra sorginen istorioak ziren, "sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, han orduko hemen" esan eta Buenos Airesen kokatzen baitzen gure birramonaren izpiritua, bere seme kuttuna bisitatzeko. Baina horiek fantasiazko istorioak ziren eta internet zerbait erreala dugu. Zalantzarik gabe. Telebistaren lehen urratsak ere ezagutu nituen. Hain zuzen, Errenterian bizi nintzen, eskolara etorrita, eta Frantziako Tourra han ikusi nuen lehen aldiz, Espainian oraindik telebistarik ez zegoenean. Miraria zen! Eta ez naiz harritzen garai hartako aiton-amonek ez sinestea ilargira Amstrom astronauta iritsi zenik. Orduan ere, internet urrun zegoen, baina gizakia ilargiratzea ikusi genuen. Orain, aldiz, gure planetatik igorritako satelitea Plutonera hurbiltzen ikusteko parada dugu. Haatik adierazi nahi dut, zientzia eta teknologiaren aldaketa sakonak ezagutu ditudala eta, gainera, ez hainbeste urteren buruan. Doktoradutza tesia idatzi, esku makinaz idatzi nuen, 1981ean. Lehenbizi eskuz eta gero makinaz pasatu nuen. Hori dela eta, nire ikasleak harritu egiten dira, zaila egiten baitzaie ulertzea esku makinaz idatzi daitekeenik. Baina hori ere ezagutu dugu. Hala ere, garai horretan, fikziorako ari banintz bezala, JAKIN aldizkarian euskal industriaren krisialdiari eta hortik irteteko neurriei buruz idatzi nuen artikuluan gaur egun skype bezala ezagutzen dugun telefono sistema Euskal Herrian egin behar zela proposatu nuen, besteren artean noski, baina inork ez zidan jaramonik egin. Aurreko mendearen amaieran eta honen hasieran internetek izugarrizko aurrerakada izan du eta horretaz denok profitatu gara, baita kaltetzeko arriskuak jaso ere. Nire ikerketa eta ezagutza arloari onurak besterik ez dizkio ekarri. Izan ere, duela 30-40 urte edozein arlo zientifikotako literatura aztertu nahi ba zenuen, edo lehen mailako aldizkari zientifiko eskura zenituen edo bestela atzerriko liburutegi hornituaren batean egonaldi bat egin behar zenuen. Hortik nire egonaldi aunitzak London School of Economics zein University of Illinois, baita Nevada Universityn ere. Beraz, fisikoki mugitu behar zenuen, horrek zekarren kostuarekin. Gaur egun, aldiz, zure bulegotik edozein aldizkari zientifikotara heltzen zara, artikulua hautatu eta, behar baduzu, artikulu osoa inprimatu, oso kostu apalean gainera. Eta hori ikaragarria da! Duela urte asko ezin genezakeen horrelakorik pentsa, baina orain gure esku dago. Berdin liburuekin. Interneten beste mirari bat postaren abiadura da. Gure antzinako sorginek legez, "han orduko hemen" esan baino lehen zure artikulua beste kontinente baten dagoen argitaletxean daukazu. Duela berrogei urte, artikulu hori posta arruntez bidali behar zenuen eta aste para bat hartzen zituen bere helmugara iritsi aurretik. Gero, zuzenketaren bat egiteko eskatzen bazituten, beste bi-hiru aste behar zenituen; azkenean, hilabeteak joaten ziren artikulua argitaratu aurretik. Orain aldiz, egun gutxi batzuren buruan mugimendu horiek guztiak aste pare batean amaituta dauzkazue. Halaber, paper kontsumoa ere izugarri murrizten dugu, nahiz beste metal berezien kontsumoak gure lurra behar ez den moduan ustiatu eta kaltetu. Hasieran nioen gure Arbizuko birramona gauetan harremanetan jartzen zela Buenos Airesera joan zitzaion seme ahaztu ezin kuttunarekin. Ni ere harremanetan jartzen naiz nire familiako kideekin berauek Afrikan edo Ameriketan daudenean eta guztiori ahalbidetzen duena internet da. Azken finen, internetek mundua herrixka edo auzogune bihurtu digu, etxeko ondoko gelan dagoen norbaitekin solasean ari bagina bezala sentiarazten gaitu. Lehen urrutiko senide maitatuak samina sortzen zigun, baina orain ferekatzeko adineko aukera ematen digu. Benetako aurrerapena! Horrezaz gain, bilera ez-presentzialak sarritan egiten ditugu, alde batetik bestera ibili ordez. Goi mailako ikasketak ere klasera joan gabe burutu daitezke, eta abar. Ikasleentzako irakurgaiak plataforma batera igotzen dituzu eta ikaslea arduratuko da behar den moduan lantzen. Beraz, ohiko klaseek ere zentzua galduko dute luze baino lehen. Zer esanik ez hainbeste sufriarazten duten azterketek: gehienetan buruz ikasi, ixtante batean ahazteko. Zenbat energia erretzen dugun ezertarako! Erantsi behar da ere, munduko edozein herrialdetara irits zintezkeela eta informazio paregabea eskuratu etxeko ordenagailutik. Bide batez, hautatu herrialdera joateko ticketak erosi eta ibilbidea, aterpe edo hotelak barne, nik neuk kudeatzeko ahalmena ematen dit teknologia oparo eta berri onek, bidai agentziei lana kentzen dietan bitartean. Aurrerapen itzela. Haatik, pozik eta harro egon behar dugu internet bezalako sistema erabilgarri dugulako. Gure sendi, jendarte, finantza, merkatari, intelektual eta zientifikoen arteko harremanak izugarri erraztu dizkigu. Hala ere, erraztasun hori kaltegarri ere bilakatu zaigu, gure bizitzako erritmoa areagotu egin baitigu, estresatuago bihurtu eta horregatik kontrolpean jarri behar dugun zerbait da. Hamaika ikustekoak jaio ginen!
Partager:
Facebook Twitter Whatsapp