Ainize Txopitea. Artista: Nahiago nuke poesiarekin aski balitz, behin-betiko formula izango balitz. Poesia baliagarri da, gauzak edertu egiten ditu eta, horregatik, flotagailua da

2009-12-11

SALA, Teresa

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Donostiako Alde Zaharrean, Noventa Grados aretoan, dugu hitzordua. Euria goian behean ari du eta dagoeneko ilundu du. Ainize aretoan zain dago, obra muntatu berriei argazkiak ateratzen; erakusketa ordubete barru inauguratuko da eta, agidanez, den-dena prest dago. Bisitak bakarrik falta dira, bisitak, iruzkinak, zorion emateak, kritikak, emaitza. Ikusmina begi bistakoa da. Txoko batean eseri eta hizketan hasi gara. Ainizek konfiantza osoz hitz egiten du arteaz, bere bizitzaz, beldurraz eta inspirazioaz. Etsipenean ez erortzeaz, ametsaren eta errealitatearen arteko mugez, hitzez eta hitzen ahalmenaz. Sortzailearentzat nahiz ikuslearentzat, obra bakoitzak berekin ekarri ohi duen bidaiaz.

“Gorputza” sailaren barruan, “No Horizons” izeneko erakusketa inauguratzeko zorian zaude. Nolako erakusketa da, zehazki?

“Gorputza” 12 hilabetez baino gehiagoz artearekin lotutako hainbat jarduera bildu nahi dituen ekimena da; dantza-ikuskizunak, bideo-sorkariak, argazkia, argia, soinua, poesiak, instalazioak edo erakusketak dira, gorputzaren bitartez, nolabait, denbora eta espazioa irudikatzen dituztenak. Nik nahiko formatu handiko hamabi obra proposatu ditut. Serigrafiak edo teknika nahasien bitartez sortutako piezak dira. Obra multzoari “No Horizons” izenburua ipini nion, azken aldian “Horizonterik gabe”, “Mugarik gabe” kontzeptua biziki interesgarria zaidalako. “No Horizons” izenburuaren ondoren, azpititulua dator: “Gorputza haragia baino gehiago izan daiteke”. Gorputzaren inguruko kontzeptuak dira, eta horietako bakoitza era desberdinean erabiltzen da; hala ere, hizkuntzaren eta irudiaren arteko bat egiteari eusten diote. Batzuetan begien bistakoa da hori, baina beste batzuetan ez da hain argi ikusten. Niri biziro interesatzen zaizkit ametsak eta errealitatea nahastea, gorputzak eskaintzen dituen aukera guztiak, ametsarenak... Gozatu ederrak hartu ditut pieza horiekin.

Obra berriak al dira?

Bere garaian, Cartelería Poética (“Kartel Poetikoak”) proiektua aurkeztu nuen hemen. Eta orain, gutxi gorabehera, leku horretara bertara itzuli naiz. Artea saltzeko asmoz egindako collagea zen; publizitatearen, informazio-erasoaren eta ikusmen teoriaren ideia hori oso-osorik hartu, birziklatu eta Kartel Poetikoak bailiran itxuratuz berregin nuen. Urte batzuk igaro eta gero, berriro gauza bera egin dudala konturatu naiz, baina nolabaiteko bilakaera ere izan dut, noski. Orain gehiago margotzen dut eta gaiak ere zertxobait aldatu egin dira, baina, hala ere, kritikarako joera horri eusten diot. Ametsen ildoari eta kritika sozialarenari, biei bere horretan eusten diet, baina Kartel Poetikoak izateari utzi gabe.

Irudiekin eta hitzekin jolasten duzu, nahasi egiten dituzu zeure ideiak adierazteko. Elkarrizketaren batean aipatu izan duzunez, “iradokitzea esatea baino garrantzitsuagoa da”; hala ote?

Bai, niretzat bai. Hizkuntza eta irudia elkartzea biziki interesatzen zait. Eskaintzen dituzten aukerak amaigabeak dira. Batzuetan hitza hartzen dut abiapuntutzat, beste batzuetan, berriz, ikusmenari lotutako elementua. Hainbeste mezu helaraz daiteke...; baina, aldi berean, bien bat egiteak obra bera moldatu ere egiten du nire iritziz. Elkarketa ezin hobea iruditzen zait.

Argazkia: Teresa Sala

Hemen erakusten dituzun Shooting Flesh obretan, haur batek Flesh hitzari tiro egiten diola ikusten dugu.

Flesh hitzak gorputza ere adierazten du ingelesez, baina horrek ez du esan nahi gorputz bati tiro egiten dionik; aitzitik, indarkeria helarazi egiten dela adierazi nahi du. Hitzaren bitartez irudipenak esanahia ulertzea lortu da. Horregatik bakarrik oso gustukoa dut elkarketa hori. Eslogan bat lortzea bezalakoa da. Beste obra batek honela dio: “Bizitza aurrerantz eginiko ihesaldia da”; ia ezkutuan dagoen poema da, baina gainerakoari, ikusten denari, horrexek ematen dio zentzua.

Artea gauzak esateko bide modura ulertzen baduzu, ikusleak sumatzea espero duzu?

Orain sentipena, giroa helaraztea interesatzen zait, ikuslea obra bakoitzaren lekura eramatea, obra bakoitzak bere giroa, bere lekua baitu. Dena ulertzen bada, oso ondo; baina ulertzen ez bada, lehenengo sentipen hori helaraziz gero, emaitza bikaina izango da. Horregatik, niri gauzak ezabatzea, edo asko ikusiko ez diren moduan aurkeztea, interesatzen zait. Horrela, ulertu nahi izanez gero, ahaleginak egin behar izaten dira. Begien bistan dagoena oso ondo dagoela iruditzen zait, eta, batzuetan, funtzionatu egiten du; baina niri keinua, giroa sortzea, gehiago interesatzen zait. No Horizonsek, esaterako, argi eta garbi “horizonterik gabe” adierazi nahi du, baina, aldi berean, ez dago guztiz argi esan nahi duen guztia; pieza laukizuzen baten barruan kokatuta dago, leku itxian sartuta gaudela adieraziz. Mugaturik, alegia. Norberak bere kabuz egin behar dituen irakurketak proposatzen ditut.

Zure “www.cyberpoetry.net” web orria poesia aski dela uste dutenei eskainia dago. Aski ote da?

Beno, hori utopia da. Nire iritziz, irudimena oso garrantzitsua da. Orri hori, batez ere, irudimenari eskainia dago, hitzaren eta ikusmen-elementuen bitartez. Web orrian plano bikoitzaren mugak gainditzen dituen hedadura hartzen dute, elkarreragina dutelako, bizitasuna, soinua. Egia esan, irakurketa soiletik haratagoko esperientzia poetikoa da. Poesia aski da? Nahiago nuke formula, dagoen bezala, aski balitz. Egia da, ordea, gauzak edertu egiten dituela. Eta iradokizun apur bat ere badu, ez baita hasieratik bukaerara arte ulertzen den kontakizuna. Hor, atzean, zentzurik gabe zirrarez mintzo diren hitzak daude. Eta den-dena arrazoitzeko dugun joera gorabehera, gu geu zirrarez osaturik gaudela iruditzen zait. Poesia baliagarri da, baina ez da behin-betiko formula; nahiago nuke hala izango balitz. Edertu egiten du eta, horregatik, flotagailua da.

Eta, nola iritsi zinen poesiara?

Nik betidanik, zentzua dudanetik, idatzi dut poesia. Haurtzaroan, nire sentipenak adierazteko premia izugarria nuen neure barruan. Sormen handikoa nintzen eta oso irudimen bizikoa, eta hori guztia ateratzeko, adierazteko premia nuela uste dut. Nire tresnak, berriz, burura etortzen zitzaizkidan hitzak, papera eta arkatza izaten ziren. Eta hori leiho irekiaren antzekoa zen, nik neure barnean nabaritzen nituen zirrara, esperientzia, sentimen eta zalantza bizi haientzat guztientzat. Hala ere, ez nituen adierazten nabaritzen nituen bezala; hura ez zen egunkaria, errealitatea desitxuratu egiten nuen. Bat-batean, poesia zela konturatu nintzen. Ezer irakurri gabe nengoen, ez nuen inolako erreferentzia-punturik. Poesia izan zen niregana etorri zena. Behar dudalako eta oso gogokoa dudalako idazten dut, iturri agortezina da nire barruan. Ez nuke azaltzen jakingo, baina oso lotura bitxia da; batzuetan niregana etortzen da, eta, beste batzuetan, neu joaten natzaio, ihesbide bila.

Amaieran ikusmenerako poesia bilakatu zen...

Nik oso gaztetatik egiten nuen collagea. Ikasten nuena ez zen batere erakargarria niretzat, kontatzen zidatenak ez ninduen asetzen. Etxera korrika joan eta, berehala, ebakitako neure zatitxoekin hasten nintzen. Neure guraize eta ebakitako zatitxoekin, orduak eta orduak igarotzen nituen lurrean etzanda. Zoriontsu sentitzen nintzen horrela. Eta orain horixe bera egiten dut, idatzi nituen hitzak eta sortu nituen irudiak elkartu egin ditut. Nire egiazko izaerara itzultzea bezala izan da. Hortxe sentitzen naiz erosoena. 70eko hamarkadan indar hartu zuen Ikusmenerako Poesiaren deskribapena du... Pixkanaka-pixkanaka, besteen bitartez neure burua ezagutzen ari naiz. Arte digitala ikasi nuenean, nahi nuena adierazteko eskulanari mugatu beharrik ez nuela konturatu nintzen. Tresna digitalak aukera zabalak dituela ikusi nuen. Batzuetan nahiago izaten dut zikintzea; margotze lanaren esperientzia fisikoak, usainak, erakarri egiten nau. Beste batzuetan, berriz, guztiz kontrakoa nahi izaten dut, ordenagailuaren garbitasuna. Hitza, ordea, beti agertzen da, era batera edo bestera hor egoten da beti.

Teknologia berriak ere erabiltzen dituzu zure artea adierazteko; esango al zenuke teknologia berria horiek ohiko adierazpen artistikoak arriskuan jartzen dituztela?

Nik ez dut inoiz liskarrik izan horrekin. Olatu erraldoiaren antzekoa den zerbaiten aurka borroka dezakegu edo ez, baina niri horren aurka joatea ez, baizik dituen aukera desberdinez baliatzeak erakartzen nau, biziki erakarri ere. Onen-onena bitartekoa zein den aztertu eta sormenerako erabiltzea da. Digital Media Production ikasi nuenean, teknologia digitala zer den eta teknologia horrekin norantz joango garen ulertzen ahalegindu nintzen. Baina nirekin ikasi zuten beste pertsona askok ez bezala, nik sormenerako eskaintzen zituen aukerak ikusten nituen beti. Nire lanerako izan zezakeen erabilpena ikusten nion. Egia da ohiko arteetarako mehatxu izan daitekeela, baina, bestalde, mundu osorako leiho ere bada. Ez dituzu berrogeita hamar mendi zeharkatu behar koadroa bizkarrean duzula, koadro hori norbaiti erakusteko. Orain, tailerrean egiten duzun guztia, etxetik mugitu gabe erakuts dezakezu. Bizitza osoa leiho batean. Denboraren eta espazioaren arteko lotura hausteko modua da, baina bizipen ugari galtzeko modua ere bai.

Zure aitarekin, Daniel Txopitearekin, bizi izateak zure ibilbide pertsonal eta artistikoan eraginik izango zuela uste dut.

Eraginik izan du, jakina. Baina, egia esan, nahiko uzkurra nintzen. Nire etxea artistaz beterik egoten zen beti eta nik normaltzat jotzen nuen hori. Ea artista izango ote nintzen galdetzen zidatenean, beti ezetz erantzuten nuen. Nik badakit, ordea, oinordetzan zerbait jaso izan badut, dilemak garatu eta adierazi behar hori izan dela. Hori jaso dut, bai. Hori guztia artearen bitartez garatzea neuk egindako aukera izan da. Nik ez dut aukeratu sentitu eta pentsatzen dudan bezala sentitu eta pentsatzea. Hori genetikoki edo egokitu zaidan bizimoduagatik etorri zait. Ni berandu hasi nintzen, eta, hain zuzen ere, hainbeste denboran ukatzen aritzeagatik.

Dilema horiek, gauzak zalantzan jartzea adierazi nahi al dute?

Bai, esaten digutenarekin ez konformatzea, eta pentsatzea. Hori bizitza ikusteko eta egunerokotasuna alde batera uzteko modu bat ere bada. Eta horrek guztiak badu zerikusia irudimenarekin.

Argazkia: Félix Morquecho

Eta horrek ez al du zorabiorik eragiten?

Erakusketa bat egin eta “gero, zer?” pentsatzen dudanean, orduan sumatzen dut zorabioa. Zerbait sortzen duzunean, agian ez duzu ikusten, baina obra alde batera uztera heldu eta berriro begiratzen diozunean, zeure buruari galdetzen diozu: “gai izango ote naiz noizbait hau bezain gauza ona sortzeko?” Hobeto egiten saiatzen zara beti, eta hor badago halako zorabio bat auto-eskaera, ez etsitzeari, hobetzen ahalegintzeari... lotutakoa. Garra bizirik duzula, ezinegonarekin jarraitzekoa.

Diseinua artearekin txandakatzen duzu.

Ia zazpi urte daramatzat diseinu grafikoak eta web orriak egiten. Eta horrekin batera, neure lanak erakutsi eta saldu egiten ditut.

Ez duzu bide erraza aukeratu.

Ez, baina hori hasiera-hasieratik nekien, etxean beti nabaritu izan dudalako; badakit artearen bidea ez dela erraza, baina oso zirraragarria da, eta biziki atsegingarria ere bai. Ahalegin horien guztien eta zalantza horien guztien ordaina, arteaz sentitzen duzun irrikak eman ohi du. Artistaren edo artezale porrokatua den norbaiten lekuan ipini ezean, hori ulergaitza dela uste dut. Arteak badu zerbait oso interesgarria, benetan merezi duela pentsarazten duena.

Zer da pozgarriena?

Sortzen hasi eta neure baitan erabat murgildurik nagoen une hori izaten da zoriontsuena. Beste guztia alde batera utzi, neure baitan murgildu eta erabateko bakea nabaritu ohi dut. Era askotara azal daiteke, baina oso gauza bitxia da: erlaxazio-egoera bat, zure barneari loturik zaudenekoa. Une hori guztiz atsegingarria da; baina gero helburua dago, nahi zenuen horretara heltzen zarenean. Eta erakustea ere bai. Hor alaitasun sentsazioa oso ona izaten da, zeure burua erdian ikusten duzu, obrak besarkatzen zaituela. Jendeak, batzuetan, gozatu egiten du, beste batzuetan zerbait esaten dizu eta esaten dizunetik ikasi egiten duzu. Gauza txiki asko izaten dira.

Eta zailena?

Adorea galtzen duzunean. Une honetan, esaterako, krisi ekonomikoa edo beldurra jasaten ari gara, eta ametsak salduz eta horiei prezioa ipiniz bizi behar da. Hori da zaila.

Urte askotan Londresen bizi izan zara, orain Bartzelonan bizi zara.

Londresen ia hamar urtez bizi izan naiz. Orain Bartzelonan bizi naiz eta, obrek dituzten formatuen arabera, estudioan edo etxean lan egiten dut. Kontua da kontzentratu eta sortzea, eta hori ondo sentitzen naizen lekuan egiten dut.

Hainbat erakusketa egiten ari zara, aldi berean eta oso leku desberdinetan. Nola aukeratzen dituzu leku bakoitzerako lanak?

Oraintxe bertan, Alemanian, bi lekutan ditut erakusketak. Kolonian, 100 Kubik galerian, artista euskaldunen erakusketa batean nago, Cristina Iglesias, Chillida, Oteiza, nire aita Daniel Txopitea, eta Eugenia Ortizekin batera. Espainiako talentu gazteen erakusketa ibiltaria dela-eta, Hesenn-go arte garaikidearen azokan ere erakusgai ditut nire lanak. Azaroaren 21era arte, Donostiako Noventa Grados aretoan egongo naiz; azaroaren 4tik abenduaren 3ra arte, “Memorias Plásticas” erakusketa izango dut Oviedoko Unibertsitatean, eta abenduaren 31ra arte “Gráficas del caos” izenekoa Bartzelonako Fidel Balaguer galerian; abenduaren 21etik urtarrilaren 31ra bitartean, “Técnicas Mixtas” erakusketa izango dut Gijongo El Arte de lo Imposible galerian. Egia esan, gauza dezente dira aldi berean, baina ahalegintzen naiz sortutako lan berrien artean pieza zaharrak tartekatzen eta erakusketa bakoitzari dagokion zentzua ematen.

Azken urteetan, zure aitaren lana zabaltzen ere lan egin duzu zure amarekin.

1997an hil zenean, hainbat urtetan omenaldiak egin zizkioten, haien ondoren antologikoen garaia etorri zen eta gero, berriz, atzera begirakoena. Orain atsedenaldiak izaten eta obrak leku zehatzetan, hautatuagoetan ateratzen saiatzen gara.

Zein da zure ametsa? Zer lortu nahi duzu hain kementsu?

Helburu asko ditut, baina oso pertsonalak; kanpokoak baino gehiago barrukoak dira. Niretzat garrantzitsuena lehen aipatu ditugun dilema horiek garatu ahal izatea da. Nik neure obrak eramaten nauen lekura bidaiatzen dut. Normalean ez dut pentsatzen erakusketa non egin; joan eta nire lana erakutsi egiten dut; batzuetan hori gertatzen da, baina ez da ohikoa. Gehienetan, zerbait egiten ari naizenean, beste gauza bat sortzen da; koadroak aurretik joan ohi dira eta ni haien ondotik. Ezusteko faktorea beti bizirik egon ohi da. Eta, egia esan, ez dago besteak baino hobea den lekurik. 2005ean, esaterako, erakusketa bat egin nuen Estatu Batuetan eta oso esperientzia ona izan zen. New York hiriak biziki erakartzen nau, han lagun asko ditudalako; eta aitzakia polita izango litzateke, hara aisiagatik ez, baizik lanagatik joatea. Egia esan, ordea, ez dut inongo lekurik konkistatzeko handinahirik. Edozein lekutan erakusten dudala ere, jendeak nik egindakoa aintzat hartzea nahi dut.

Eta, pozik zaude?

Gustura nago. “Pozik egotea”, niretzat, eserita egoteko hitza da. Orain gustura nago. Horixe da kontua, ondo egotea, ez dago besterik. Ainize Txopitea (Donostia, 1977) 2003an Digital Media Production Masterra ikasi zuen Londresen eta harrezkero diseinugile grafiko modura eta web orrien diseinuan lan egiten du. Bakarkako erakusketak 2009 Memorias Plásticas. Oviedoko Unibertsitatea. No Horizons. Noventa Grados. Donostia. Geishas saila. Arregi Arte aretoa. Arrasate. Técnicas Mixtas. Portalea Kultur Etxea. Eibar. 2008 Silencio de Palabras. Badiu 92 galeria. Badalona. Mina Rota. El Arte de lo Imposible galeria. Gijon. Txopitea Versus Txopitea. Alga galeria. Donostia. 2007 Love Always Will Be. Arteko galeria. Donostia. Talde erakusketak 2009 Grafías del Caos. Fidel Balaguer galeria. Bartzelona. Contemporary Art Ruhr Feria. Essen Junge talente aus spanien. Cervantes Institutua. Munich. Junge talente aus spanien. Cervantes Institutua. Frankfurt. Künstler aus dem Baskenland. Artista euskaldunen talde-erakusketa: Eduardo Chillida, Cristina Iglesias, Ainize Txopitea, Jorge Oteiza, José Luis Zumeta, Eugeno Ortiz eta Daniel Txopitea. 100 Kubik galeria. Kolonia. ARTEKO9. Udako talde-erakusketa. Arteko galeria. Donostia. Arboles Urbanos. Ispilu Arte galeria. Zarautz. 2008 Espainiako talentu gazte berriak. 100 Kubik galeria. Kolonia. Jorge Oteizaren omenez. Boulevardeko Kutxa aretoak. Donostia. CACIS. Calders-ko Arte y Sostenibilidad zentroa. Bartzelona. Funk Me proiekzio artistikoa. The Rex Cinema. Londres. 2007 Destinations-Madrid. Garcia aretoa. Madril. Xenografías. Córdobako Poesia Garaikidearen II. erakustaldia. Argentina. Cyberpoem V. Torre Llobeta-ko Hiritarren Zentroa. Bartzelona. Gernika 1937-2007. Ispilu Arte galeria. Zarautz. 2006 The only Bush I trust is my own. L/L Gallery, Vermont. AEB. The only Bush I trust is my own. Vostell museoa. Malpartida de Cáceres. Ni emakumea-Yo mujer. Okendo Kultura Zentroa. Donostia. 2005 Emakume Olerkarien VIII. Nazioarteko Topaketa. Artium museoa. Gasteiz. 2002 CD ROM interaktiboa. Juan Manuel Lumbreras galeria. Bilbo. 2000 BaselineMedia. HMS President. Londres.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Mikel Landa. Añanako Gatz Harana Fundazioaren zuzendaria: Gatz mota asko dago, batzuk onak, baina Añanakoaren modukoa bakarrik Añanan

 

Irakurri

Matilde Elexpuru. Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko lehendakaria: Gure gizarteak kultura-aldaketa onartu behar du

 

Irakurri

Mila Beldarrain. Idazlea: Ez dut idazten errebindikatzeko, idazten dudalako errebindikatzen dut

 

Irakurri

Teresa del Valle. Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuko Lehendakaria: Eusko Ikaskuntzaren XVII Kongresua orainaldian lan egitea da etorkizunera begira jardunbideak abiatzeko

 

Irakurri

Giuseppe Traverso. Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroko zuzendaria: Dugun aberastasunik handiena ekosistemak ematen dizkigun zerbitzuak dira, izan ere jarduera guztietarako elikatze-iturri dira

 

Irakurri