Gurutzi Arregi: "Galtzen ari zaigun kultura erregistratu nahi dugu"

2000-04-07

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Gurutzi Arregi Gurutzi Arregi, etnografoa "Galtzen ari zaigun kultura erregistratu nahi dugu" * Traducción al espanol del original en euskera Maria Agirre Gurutzi Arregi, Labayru Institutuko Etnografia Saileko zuzendaria eta Euskalerriko Atlas Etnografikoaren koordinatzailea da. Euskalerria Etniker taldeek Derioko (Bizkaia) Labayru Institutuan daukate egoitza, eta bertako Euskal Bibliotekan biltzen dute Atlasa prestatzeko inkestak egiten ari diren ia 80 ikertzaileek jasotako informazioa, ondoren alderatu, sailkatu, eta datu bibliografikoez hornitzeko. Hori guztia, On Jose Miguel Barandiarani oturiko Euskalerriko Atlas Etnografikoa osatzeko xedearekin. Lan handia dela aitortzen du Gurutzi Arregik, eta behin 20 22 liburukiak argitaratutakoan emango dutela bukatutzat. Guztiak argitaratuz gero, monumentu bat egin beharko dietela dio txantxetan. Ez da ez gutxiagorako. Antropologo ala etnografo gisa ikusten duzu zeure burua? Antropologoa baino gehiago, etnografoa naizela esaten dut beti, nire lana kultura tradizionala ahalik eta xehetasun eta fideltasunik handienarekin erregistratzea delako: nola bizi izan den gure gizataldea, nolakoa izan den bere bilakaera, etab. Antropologia, ordea, haratago doa: bai gizakia, bai bere jarrerak, bai beste alderdi sakonago batzuk ere, psikologikoa adibidez, ikuspuntu kultural eta sozialetik aztertzen ditu. Niri beti interesatu izan zaizkit gure kultura, gure herriaren ohiturak, bizimodua, gizataldeak, erakundeak, erritoak, herriaren erlijioa, eta abar. Oso zirraragarria iruditzen zait. Nork bultzatu zintuen euskal etnografia aztertzera? Ander Manterolak, gaur egun Labayru Institutuko eta Euskalerriko Atlas Etnografikoaren zuzendari denak. Berari esker jarri ginen zenbait ikasle Barandiaranekin harremanetan, eta horrela sortu genuen 1973an Etniker Bizkaia taldea. Unibertsitari nintzela, Zeanuriko kofradia auzotarren eginkizunari buruzko ikerketa bat eta kofradia hauetako bateko San Lorenzo ermitari buruzko azterlan bat eginnituen. Geroago, Caja de Ahorros Vizcaina k beka bat eman eta Durangoko Merindadeko ermitak aztertzen hasi nintzen, eta, hori ikusirik, Labayru Institutuko zuzendariek azterketa hori Bizkai guztira zabaltzea pentsatu zutenean, bertako ermita guztiak banan banan ikertzen hasi nintzen. Herriz herri eta auzoz auzo ibili nintzen, planoak egiten zizkidan neba batekin, argazkilari batekin, eta orientazioa, altuera eta koordenatu geografikoak hartzen zituen geografo batekin. Ermiten ondoan bizi ziren bi mila pertsona baino gehiago elkarrizketatzen eta leku horiei buruzko bibliografia biltzen aritu nintzen. Gainera, ordurako desagertuta zeuden ermiten berri jasotzeko ikerketa dokumentala egin nuen, ermitetako kontu liburu eta parrokietako fabrika liburuen bitartez. 1987an argitaratu zen lan horren emaitza, Labayru Institutuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, hiru liburukitan. Guztira 814 ermita aztertu eta katalogatu nituen. Gainera, duela gutxi, 1998an, Labayruk eta BBK k nire doktore tesia argitaratu dute, Origen y significación de las ermitas de Bizkaia (Bizkaiko ermiten jatorri eta esanahia), aurreko lan hori sakontzen duena. Niretzat oso lan atsegina izan da, bizitza guztia ermiten inguruan eman duen jende asko ezagutzeko aukera eman didalako, eta guztiek oso ongi hartu naute gainera. Datu pila bat eskuratu nituen; argitaratu gabeko agiri asko dauzkat. Erretiroa hartutakoan, ermitak eskualdeka aztertzea gustatuko litzaidake. Noiz hasi ziren Etniker Taldeak Euskal Herriko Atlas Etnografikoa prestatzen? Duela hogeita hamar urte. Etniker Taldeen jatorria Nafarroako Unibertsitatean dago, 70. hamarkadan, eta gaur egun Euskal Herri osoan zehar ari dira lanean. Ikerlariok lehenengo Barandiaranekin eta gero Ander Manterolarekin trebatu gara. Hasieran, bakoitzak bere herrian biltzen zituen monografia lokalak prestatzeko datuak, baina 1987an bost urteko eperako plangintza bat egin eta guztiok batera aritzeko erabakia hartu genuen. Eta ikerketa eta argitalpenak ere aurreikusigenituen. Orduantxe ekin genion Atlasa liburukiz liburuki prestatzeari. Lau liburuki argitaratu ditugu hamar urtetan barna, eta inprentan daukagu bosgarrena. Lehenengoa, etxeko elikadurari buruzkoa, 1991n atera genuen; 1993an haurren jokoei buruzkoa; 1995ean hiletetako erritoen gainekoa; eta 1998an jaiotzatik ezkontzara bitarteko erritoena. Bosgarrenak artzain eta abeltzainen bizimodua aztertzen ditu, eta aurtengo maiatz edo ekainean kaleratuko delakoan gaude. Atal batzuk argitaratuta daude jada. Guztira 800 bat orri izango ditu, aurrekoek bezala. Egia esan, oso lan gogor eta zaila da, datuak behin eta berriz begiratu, egiaztatu eta zuzendu behar direlako, eta, batez ere, irakurlearentzat ulergarria izango den moduan ipini behar direlako. Denbora ez dago zuen alde, gero eta zailagoa izango baita ohitura zaharrak ezagutzen dituen jendea aurkitzea. Gauza batzuetan berandu gabiltza, bai, herri medikuntzan esaterako, lekuko aparta asko hil egin direlako. Duela 15 urte, inkestak egiten hasi nintzenean, orduan 80 urte zeuzkatenek mende hasierako kultura islatzen zuten. Horiek hiltzean, beraiekin eramaten dute jakintza guztia. Galtzen ari zaigun kultura erregistratu nahi dugu, eta horregatik dauka hainbesteko presa ondare etnografiko hau sistematikoki erregistratzeak. 40 50 urte dauzkatenek ez dakite beren 60 urteko anai arrebek bezainbeste, eta hauek, era berean, ez dituzte beren guraso edo aiton amonek bizitakoak ezagutu; horregatik, berebiziko garrantzia eman diogu landako ikerketari. Etniker taldeok urtero egiten dugu ikerketa kanpaina bat. Dagoeneko landu eta argitaratutako gaiez gain, prest dauzkagu herri medikuntza, jantziak, etxea, altzariak eta etxeko tresnei buruzko landako ikerketak. Aurtengo kanpaina familiari buruzkoa da. Datorren urtean, batzuek laborantzari buruzko inkesta egingo dute, eta beste batzuek Arrantza eta nabigazioaren gainekoa. Zer iruditu zitzaion on Jose Migel Barandiarani lehenengo liburukia? 1991ko azaroan, On Jose Migel 101 urte betetzearzegoela, Atlaseko lehenengo liburukia emateko zoria izan genuen. Poz handia hartu zuen, bere azken egunetako handienetarikoa. Hunkituta, pozik hilko zela esan zigun, berak aspaldian hasitako lanek jarraipena zeukatela ikusi zuelako, eta oso ederki gainera. Izugarrizko poza eman zion, eskaini zizkioten omenaldi piloek baino askoz ere gehiago. On Jose Migel Barandiaranen eskolako kide zara. Zeintzuk dira eskola horren ezaugarriak? Etniker taldeko guztiok gara Barandiaranen eskolako kide. Bere metodologia erabili ohi dugu gure ikerketetan; on Jose Miguel Barandiaranek prestatutako inkesta etnografikorako gida erabiltzen dugu datuak erregistratzeko. Guztira 850 galdera biltzen ditu, zortzi ataletan banatuta. Eta, etnozentrismoan ez erortzeko, trebakuntza etnografiko orokorrari ere heltzen diogu. Guk behaketa eta informazioa erabiltzen ditugu ikerketzeko teknika modura, eta gure metodologiaren ezaugarrietako bat da leku bakoitzean bertan jaiotako inkestalari batek egiten duela ikerketa, leku horrekin lotuta dagoen batek, horrela harreman naturalagoa sortzen delako berriemaileekin, eta errazagoa delako beren barne munduan sartzea. Nik, durangarra izanik, Durangon bertan egiten ditut nire ikerketak. Garrantzitsua da ni gizatalde horren baitan kulturizatu izana, zeren eta gai batean sakontzeko inkestaren bat egin behar dudanean, nire kulturaren bizipen edo oroitzapenetara jo dezaket lehenik eta behin, eta beraz ni neu naiz lehenengo berriemailea. Eta badakit nortzuk eman diezadaketen aztertzen ari naizen gaiei buruzko informazioa. Bizirik dauden lekukoekin hitz egiteak gaia sakontzeko aukera ematen du; nahi adina galderak luza diezazkiekegu. Baina Barandiaranek behin eta berriro esaten zigun bezala, ezin dugu aitzinaroarekin halakorik egin. Morfologia da historiaurreko gertakariei buruz daukagun guztia, ez besterik. Landako ikerketek sistematikoak izan behar dutela esaten zigun; alegia, ez zutela elementak izan behar. Ikerketa elementalean, kulturaren baitako elementuak isolatutaaztertzen dira: ermitak eraikin bezala aztertzen dira, edo arrantzurako tresnak, edo ogia nola egiten den. Baina ikerketa sistematikoak kultur sistemaren baitan aztertzen du elementu hori; beraz, laborantzarako tresna bat aztertzekotan (goldea, esate baterako), laborarien bizimodua, ereitearen aurreko luberriketa, golde erromatarretik hasi eta traktoreetako biratzailera bitarteko denboran zehar izan duen bilakaera, etab. aztertu beharko lirateke. Jende asko elkarrizketatu duzu. Kontatu dizuten ohituren artean harrigarria edo deigarria iruditu zaizunik bai? Hara, kazetarien galdera tipikoa. Gauza bera galdetzen didate ermitei buruzko elkarrizketak egiten dizkidatenean. Guk jasotzen ditugun gertakari guztiak gaur egungoak dira, edo behintzat duela gutxira arte indarrean egon direnak, eta beraz ez zaizkigu arraroak iruditzen, oraindik ere bizirik dirauen kulturari dagozkiolako. Inkestak indioei edo papuarrei egingo banizkie, ba agian harrigarriak irudituko litzaizkidake zenbait gauza, baina hemen ez. Batzuetan bai pentsatzen duzula, "zeinen datu interesgarria", baina harrigarria… Beharbada, Etnikerreko pertsona gazteagoren bati galdetuko bazenio, ba zenbait gauzek harrituta utzi dutela erantzungo lizuke, baina nik 63 urte dauzkat eta gauza asko ikusia nago. Horra hor haurren jokoen kasua, adibidez: Durangon etnografo bezala bildu nituen joko guztietara jolastu nintzen ni txikitan. Gainera, etnografiaren helburua ez da gauza exotikoak, ezohikoak edo ahaztuta daudenak erregistratzea, baizik eta eguneroko mundukoak. Bertatik bertara daukagun mundua aztertzen dugu guk. Nolanahi ere, ez al duzu zirrara bereziren bat sentitzen datu interesgarriak ematen dizkizun jendea elkarrizketatzean? Poza sentitzen duzu, baina batez ere lana amaitutakoan, behin agiriak prestatutakoan. Eta pozgarria da baita berriemaile on batek eskatu dizkiozun datuak ongi formulatuta ematea, edo ezagutzen ez dituzun gauzak gogoan izatea, baina egia esan gogorra da etnografoen lana. Datuak maiz egiaztatubehar dira, dela memoriak huts egin dizulako, dela ez dituzulako guztiak hartu; orduan, eman zizkizunarengana itzuli behar duzu. Euskal Herriko antropologia eta etnografiak aurrera egin al du? Bai horixe. Eta horren lekuko, Euskal Herrian esklusiboki etnografiari buruz argitaratzen diren aldizkariak: Barandiaranek 1921ean sortutako Eusko Folklorearen Urtekaria, Nafarroako Etnologia eta Etnografiako Koadernoak, arabarren Ohitura, bizkaitarren Etniker Bizkaia eta Kobie, Eusko Ikaskuntzaren Antropologia Etnografia Saila ahaztu gabe. Aranzadi Zientzia Elkartearen Munibe aldizkariak ere urtero eskaintzen dio liburuki bat antropologiari, eta horrez gain Museo Etnografikoek ere ekarpen interesgarriak egiten dituzte erakusketa, katalogo, memoria eta abarren bidez. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitatean, Nafarroakoan eta Deustukoan etnografia eta antropologiarekin lotutako gaiak irakasten dituzte. Zuen ikerketak esklusiboki iraganean oinarritzen al dira? Oinarritu, orainaldian oinarritzen dira, bizidunak direlako datuak ematen dizkigutenak, baina bilakaera eta aldaketak ahaztu gabe. Horretan setati zen Barandiaran. Gaurko gazteek, adibidez, astebukaerero egiten dute gaupasa; ba gu modu sistematiko batean ekintza hau erregistratzen hasi gara: zertan datzan, non egiten den, nortzuk egiten duten, etab. Gauza berria da. Guk gaztetan urtean bi dantzaldi izaten genituen Durangon, eta orduan etxeratzen ginen goizeko ordu bietan. Jantziaren aldetik eman diren aldaketak ere aztertu ditugu. Pentsa, nire iloba batek horiz tindatu du ilea. Lehen neskok bakarrik eramaten genituen belarritakoak, baina gaur egun mutilek ere eramaten dituzte. Gizartea aldatu egin da, eta guk dagoeneko gure kulturaren baitan sartu diren aldaketak bildu behar ditugu. Behin Atlas Etnografikoaren 20 liburukiak argitaratu ondoren, hasieratik hasi beharko da berriz ere, baina beste batzuek egingo dute hori. Nolanahi ere, hasiak gara orain arte argitaratutako gaiak osatzeko datu berriak biltzen. Argazkiak: MariaAgirre Euskonews & Media 74.zbk (2000 / 4 / 7 14) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Luis Peña Gantxegi: "Komunikabideek lehen baino askoz ere arreta gehiago eskaintzen diote arkitekturari"

 

Irakurri

Josu Legarreta: "Munduan zehar eta batez ere Ameriketan ezagutzen bagaituzte, euskal etxeen fenomenoagatik da, besteak beste"

 

Irakurri

Mari Jose Olaziregi: "Ez ditzagun zirkuitu bereziak egin emakumezkoek idatzitako literaturarekin"

 

Irakurri

Jean Echenoz: "Goncourt saria jaso arren, nire bizitza ez da aldatu"

 

Irakurri

Aitor Lopez de Aberasturi: "Interneten filosofiari ez diot erabat jarraitzen"

 

Irakurri