Iñigo Bolinaga. Historialaria: Espainiako erregeek kontzientzia-arazoak izan zituzten Nafarroako erresumaren jabetza zela eta

2011-05-13

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Urtebete pasatxo besterik ez da geratzen Nafarroako konkistaren 500. urteurrenerako. Gaztelauek Nafarroako erresuma konkistatu ondoren, Pirinioen alde bietako lurraldeek ia lau mendez osatu zuten entitate politiko bateratua zapuztu egin zen. Iñigo Bolinagak 1512tik 1598ra bitarteko gertakariak aztertu ditu “El Testamento. Cómo zanjó Castilla la cuestión sobre la legitimidad de la conquista de Navarra” (Txertoa argitaletxea, 2011) liburuan.

Zein da zure liburuaren izenburuan aipatzen duzun Testamentua?

Felipe II.arena. Testamendu horren klausulak betetzeko sortu zuten 1598ko Batzordea, Nafarroako erresumaren jabetzaren legitimotasunaren auzia konpontzeko. Lehenago ere Karlos V.ak gauza bera eskatu zuen bere testamentuan, baina ez zuten ezer ere egin.

Orduan, Carlos V.ak eta Felipe II.ak hil aurretik kontzientzia txarra zuten Fernando Katolikoak 1512an egindakoaren ondorioz? Edo inbasioak eragindako kontzientzia-arazoen atzetik beste zerbait zegoen?

Dirudienez, bi erregeek kontzientzia txarra zuten gai horretan. Baina alderdi moralari arrazoi politikoak ere gehitu zitzaizkion, desjabetutako erregeen lurralde-aldarrikapenei aurre egin behar izan baitzieten.

Nor izan ziren Felipe II.aren testamentuko borondateak betetzeko sortu zuten 1598ko Batzordeko kideak?

Dokumentuan ez da izenik aipatzen, baina, Felipe II.aren testamentuko letraren eta Cabrera de Córdoba kronikariak jasotako berrien arabera, badirudi Espainiako monarkiako hamabi goi-kargu zirela, guztira: apaizak, ministroak eta batzorde-buruak.

Horietako bat Juan de Idiáquez zen, mailarik goreneko idazkari-familia euskaldun garrantzitsu baten ondorengoa.

Bai. Austria etxeko monarkiaren gobernu-organoetan euskaldunak egon ziren beti. Izan ere, euskaldunen kaparetasun unibertsalak kargu horietan aritzeko aukera eskaintzen zien, eta, gainera, merezitako ospea zuten, kudeatzaile onak eta administratzaile zintzoak omen zirelako.

Martin Azpilikueta, Doktore Nafarra ezizenaz ezagunagoa, aipatzen duzu, eta bere teoria ere bai: “Latrocinio bertutetsuarena”, nolabait esateko. Nicolás Maquiaveloren “Printzea” lanetik hartu zuen, itxuraz.

Agaramontar familiakoa eta Foix-Albret dinastiako errege-erreginen aldekoa zen arren, doktore nafarrak teoria bat landu zuten Fernando Katolikoaren ekintzaren tankerako guztiak zuritzeko: lurralde batez jabetzea bidezkotzat jo behar da, onerako denean, hau da, kalte larriagoak saihesten direnean.

Dena den, batzordekideek Euskal Herriko egileetara jo zuten, Esteban Garibaik egin zuen moduan, konkista zuritzeko. Hori oso esanguratsua da, benetan.

Zer esan nahi duzu: adibidez, Garibaik Nafarroako gorteari “frantsesa” izatea leporatu ziola?

Gertakariak irmoago zuritzeko testuingurutik hurbil zeuden egileetan oinarritzen zirela esan nahi dut. Bestalde, Nafarroako azken erregeak “frantsesak” zirela esatea ez da gezurra, Frantzian jabetza handiak, leialtasunak, basailutza-loturak eta interes politikoak zituztelako. Ezaugarri hori alde batera utzita, argi dago aipatutako baieztapena konkistatzaileen aldeko historiografiari baten helburu deslegitimatzailearen emaitza besterik ez dela.

Elkarrizketetan, halako batean, eztabaida sortu zen batzordekideen artean, “Nafarroako hizkuntza(k)” (bat edo bi) eta “nafarren hizkuntza” zirela eta. Nolako ikuspegia zuten erresumaren hizkuntza-berezitasunez XVI. mendearen bukaeran?

Gaur egun, ohituraren poderioz, estatu, eskualde edo entitate juridiko-administratibo bakoitzak hizkuntza eta kultura propio eta bereizgarri jakin bat duela uste dugu, inkontzienteki. Ikuspegi hori nahiko berria da, ordea. El Testamento lanaren garaian, Antzinaroko eta Erdi Aroko mendeetan bezalaxe, lurralde berean hainbat hizkuntza egotea oso ohikoa zen. Horrela, XVI. mendean, Euskal Herrian zenbait talde linguistiko zeuden: euskaldunak, gaztelauak, gaztelaniadunak, nafar-aragoitarrak (Pirinioetako erromantzea), frantsesak eta gaskoiak. Esanak esan, biztanleen artean euskararen nagusitasuna erabatekoa zen, noski. Elebakartasunaren ideia hedatzen hasi zen, eta Historiaren etapa berri bati eman zion hasiera. Hortik dator “Nafarroako hizkuntzaren” (Pirinioetako erromantzearen) eta “nafarren hizkuntzaren” (euskararen) arteko bereizketa. Lehenengoa gortearen eta administrazioaren hizkuntza zen, eta bigarrena herritarrek hitz egiten zutena.

Lermako Dukea, Felipe III.aren erregealdiko benetako factotum edo burua, horretan guztian funtsezkoa izan zen, nonbait. Nolako zerikusia izan zuen pertsonaia ilun horrek hizpide ditugun gertakarietan?

Francisco de Sandoval y Rojasi Lermako dukerria eman zioten handik urtebetera. Felipe III.a Espainiako errege izendatu bezain laster lortu zuen botereaz baliatuta, eginahalak egin zituen administrazioaren eta gobernuaren alderdi guztiak bereganatzeko. Horrela, Batzordea sortzeko agindua eman eta haren ebazpena jaso zuen. Lermaren eta bere gizonen gorakadaren eta aurreko erregealdiko karguen kanporaketen zurrunbiloak tentsioak eta elkarren arteko salaketak sorrarazi zituen Felipe II.aren testamentu-betearazleen artean.

Ildo horretan, esaten ari zarenez, Nafarroako gai korapilatsua konpontzea koroiari azken zerbitzua emateko modua izan zen Batzordeko kide batzuentzat.

Batzordekide asko aurreko erregearen, Felipe II.aren, ingurukoak ziren, testamentuan betearazle izendatuak. Nafarroako Batzordearen bidez, Lermako Dukeak azken zerbitzu garrantzitsua emateko aukera eskaini nahi izan zien kargu ohi haiei, koroaren alde horrenbeste urtez jardun ondoren nolabaiteko aitorpena izan zezaten.

1598ko azaroko bileretan 1512ko konkistaren oinarri juridiko eta politikoen dokumentua (zure liburuan faksimilean eta hitzez hitz argitaratua) idatzi zuten. Zein izan ziren argudio nagusiak?

Arrazoi juridikoak eta estrategikoak eman zituzten, batik bat. Bigarrenak aski ezagunak ziren, ordura arte behin eta berriz erabiliak (Nafarroa Frantziaren eta Espainiaren arteko mugan zegoela, tropen eta herejeen sarbidea zela etab.). Lehenengoak, berriz, Gaztelako eta Aragoiko errege-erreginei Nafarroako tronuan zegozkien eskubide historikoetan oinarritzen ziren, hainbat alderdi gogora ekarriz: besteak beste, errege godoak, Erdi Aroko testamentu-xedapenak, Aita Santuak Foix-Albret dinastiako kideak eskumikatzeko ahalmena eta infalibilitatea zituela eta, berrogei urtetik gorako menpekotasun hura bertako biztanleen onerako izan zela, bakean bizi baitziren.

Horren guztiaren gakoa zuzenbide pribatua da, baina ulertzeko, orduko mentalitateari erreparatu behar diogu: errege-erreginak beren erresumen jabeak ziren eta herri- eta nazio-kontzeptuak artean sortzeke zeuden, ezta?

Halaxe da, bai. Testamentu-betearazleek jabe batek beste bati kendutako lurren ikuspegitik aztertu zuten Nafarroako auzia, erresumaren jabe bakarra eta, ondorioz, subirano bakarra erregea zelako, hain zuzen.

Julio II.a Aita Santua aipatu duzu lehen. Gaztelauen inbasioari babesa eman zion. XVI. mendean zehar protestantismoak portuez bestaldeko lurraldeetan izandako hedapena zenbateraino har daiteke Aita Santuaren kontrako erreakziotzat (1512ko gertakarien ondorioz)?

Albreteko Joanaren konbertsioa eta kalbinismoak bere jabetzetan lortutako hedapena ez ziren izan Nafarroako auziaren ondorioak, Frantziako aristokraziaren zati baten artean nagusitutako jarrerarenak baizik. Izan ere, aristokrata horiek Guisa familiaren kontra zeuden, gero eta botere handiagoa zuelako. Foix-Albret-Borboi etxeak Guisa familiaren areriorik arriskutsuenak ziren, eta, izan ere, Erlijio Gerretan aurrez aurre jardun zuten bi bandoak horrelaxe sortu ziren. Joanaren konbertsioaren arrazoiak, benetako sinesmenetan ez ezik, Frantziako aristokraziako familiarik garrantzitsuenetakoari lotutako ikuspegi estrategikoan ere bilatu behar ditugu, Guisa leinuak tronua bereganatzeko aukera handiak baitzituen, Enrike IV.aren koroatzean (1598an) ikusi zen bezala.

Zure liburuko amaierako ekintza izugarri dramatikoa da: erregeen testamentuetako eranskinak eta Nafarroako auziaren inguruko beste dokumentu batzuk erre egiten dituzte. Hori egiaztatuta al dago?

Baietz dirudi. Ebazpenaren bukaeran, dokumentazio guztia erretzeko edo, bestela, ezkutuko toki batean gordetzeko gomendioa egin zioten erregeari. Gaur egun ez daukagu Nafarroako auziarekin zerikusia duen ezertxo ere ez, ezta Karlos V.aren eta Felipe II.aren testamentuen eranskinak ere; bistakoa da. beraz, dena suntsitu zutela. Ez dakigu nola egin zuten, baina Batzordearen ebazpenean jasotako jarraibide argiak kontuan hartuta, ziurrenik sutan erre zituzten.

Historia literaturizatua edo literatura historikoa? Non bukatzen da historia eta hasten da fikzioa El Testamento liburuan?

Azala, aurkezpena, literarioa da, baina edukia errealitate historikoarekin bat dator bete-betean. Pertsonaiak, Batzordearen aztergaiak, argudioak eta pertsonen arteko harremanak benetakoak dira erabat.

Zer ekarpen egiten dio El Testamento lanak Nafarroako konkistari buruzko bibliografia joriari?

Ikuspegi berri bat. Dokumentu ofizialak bertsio ofizialak emateko idazten dira, gogoeta sakona egin ondoren. Testamentuak erregeek Nafarroako auziaz benetan, beren barrenean, zer pentsatzen zuten ezagutzeko aukera eskaintzen du. Iñigo Bolinaga Irasuegui (Elorrio, 1974) Historialaria, Historia Garaikideko Ikasketa Aurreratuetan titulatua. Kazetaritzako masterra eta Euskal Ikasketen masterra egin ditu. Ordezko irakaslea izan da Lyongo Cité Scolaire Internationale-n, eta Belfasteko Ulster Historical Foundation-en aritu da lanean. Bertan, Irlandako arbasoak aurkitu nahi zituzten familia amerikar, australiar eta kanadarrek eskatutako genealogia-zuhaitzak egiten lagundu zuen. Dibulgazio-artikulu historiko ugari idatzi ditu, hala nola, Juana de Albret, la reina de los hugonotes, China Ming, La invasión de los Cien Mil Hijos de San Luis edo La disputa antártica. Hiru liburu kaleratu ditu: Breve Historia del fascismo (2008), Breve Historia de la Guerra Civil Española (2009) eta Breve Historia de la Revolución Rusa (2010). Duela gutxi, La Gran Utopía (2011) entsegu politiko-soziologikoa kaleratu du.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Alex Fernández Muerza. Kazetaria: Kontsumitzaileok merkatu-joerak alda ditzakegu erosterako orduan hartzen ditugun erabakien bidez

 

Irakurri

Jose Antonio Arana Martija. Musikologoa: Azkue bibliotekan 500 liburutik 90.000tara igaro da nire lan urteetan

 

Irakurri

Jose Luis Lizundia Askondo. Euskaltzaina: Ez bagara gai nazio kulturala egiteko, nazio politikoak porrot egingo du

 

Irakurri

María Goñi Muñoa. Psikologoa: Gure emozioak ez daude egungo gizarteari egokituak

 

Irakurri

Maria Jesus Aranburu. Gipuzkoako Kultur eta Euskara Foru Diputatua: 2.0 arlo honetan harro esan genezake administrazioa gizartearen aurretik joan dela

 

Irakurri