Itziar Mena. Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterraren (Eiken) zuzendaria: Sektore ekonomikoa garela errebindikatzetik ildo horretan lan egitera igaro gara lau urtetan

2009-01-16

GÓMEZ DE LA PEÑA, Iker

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Ikus-entzunezko euskal sektorearen Klusterra azkena izan zen, baina dagoeneko ibilbide luzea egin du. Duela lau urte sortu zenetik Itziar Mena da elkarteko buru. Egun, elkartea krisialdi ekonomikoari aurre egiteko eta iraultza digitalera egokitzeko prestatzen ari da. Produktu berriak eta horiek kontsumitzeko modu berriak erronka handia dira euskal sortzaileentzat.

Badira lau urte Eiken abian jarri zela, baina oraindik ere jende askok ez du ezagutzen. Nola aurkeztuko zenuke?

Eiken Kluster elkartea da, hau da, irabazi-asmorik gabeko enpresa-elkartea. 2004an eratu zen, eta gainontzeko klusterrak legez, Eusko Jaurlaritzaren Industria sailaren menpe dago. Sektore bat lehentasunezkotzat jotzen denean, Industria sailak mota horretako elkartea eratzen du ekimen estrategikoak bideratu ahal izateko. Sektorearen onurarako ekintzok baliabide pribatuen bidez jartzen dira abian, hau da, elkarteko bazkideek ordaintzen dituzten kuoten bidez, eta gainera, alde publikoak ere bere ekarpen ekonomikoa egiten du, kasu honetan Industria sailak.

Lau urte bete dituzue. Zein oroitzapen dituzu Eikenen hasieraz?

Eikenen abiapuntua ikus-entzunezko sektoreari buruzko Liburu Zuria izan zen, 2003an Eusko Jaurlaritzak onartu zuena. Ikus-entzunezko sektoreari laguntzeko hainbat ekintza eta neurri proposatu zituen dokumentuak, horien artean Klusterra sortzea, industriaren eremuko neurria izan zedin. Helburua zen sektore ekonomiko indartsua garela erakustea. Ildo horretan sektorea nahiko berezia da, Kultura sailarekin lotzen duten ezaugarriak baititu, ikus-entzunezko lanen ingurukoak. Liburu Zuriak zioena betez, Industria sailak batetik, eta ETBk bestetik –sektorearen motorra den aldetik– hausnarketarako foroa bultzatu zuten sektoreko enpresak bildu eta gaia aztertzeko. Eta gaur egun 12. Klusterra gara.

Zein izan zen hurrengo urratsa?

Ba hausnarketarako foroa 2004an egin zen eta 34 enpresek Klusterra osatzea erabaki zuten. Horiek izan ziren elkartea sortzearen aldeko apustua egin zutenak. Horrela abiatu zen. Egia esateko, Klusterra tresna bat da, baina ez zegoen oso argi gurea bezalako sektore ez-tradizional batean baliagarria izango ote zen. Enpresek, elkartearen zuzendaritzan geundenok eta erakundeek borondatea bageneukan, bai, baina ez genekien tresnak arrakasta izango ote zuen. Konfiantza izateko arrazoiak bagenituen, oinarriak hor zeuden, baina proba egin behar genuen. Izan ere, Klusterren formula ez da batere erraza, sektore osoari lagundu behar zaiolako lehiakide direnen arteko lankidetzaren bidez. Zaila da elkarrekin lan egitea lehian izanik, eta are gehiago sektorea bera eta merkatua txikiak direnean.

Baina azkenean Klusterra sortu eta abian jarri zen...

Bai, eta gainera, denbora gutxian ikaragarri egin dugu aurrera, bai ikusten diren arloetan eta baita ikusten ez direnetan ere. Lau urteren ondoren, enpresek batez ere bi lorpeni ematen diete garrantzia. Batetik, Klusterra konfiantzazko foro bilakatu dela. Lehiakideen arteko lankidetza gauzatu ahal izan da elkarrekiko harremana landu egin delako. 2004an helburu nagusia elkar ezagutzea zen. Enpresek elkar ezagutzen zuten, noski, bazekiten nortzuk ziren, baina ezagutza maila horrek ez zuen elkarlanerako aukerarik ematen. Ez zegoen guztion onurarako ekarpenak egiteko moduko fororik. Eta bestetik, sektoreak, Eikeni esker, solaskide baliagarria du. Ikus-entzunezkoen sektoreak elkartearen bitartez zabal ditzake sektore ekonomiko moduan igorri nahi dituen mezuak. Lehenago ez zegoen halakorik, baina urte hauetan akordioak hitzartu ahal izan ditugu solaskiderik ezean sektoretik urrun zeuden era guztietako agenteekin.

Profesionalek ere txipa aldatu beharko zuten, ezta?

Bai. Nik neuk ere ikusi dut enpresen zuzendaritzetan dauden pertsonen pentsaera nola aldatu den. Bestelako enpresa-mentalitatea dute orain, erabakitzen diren ildo ekonomikoekin konprometituta baitaude, euren interesak defenditzeaz gain. Foroaren bidez askoz informazio gehiago jasotzen dute. Laburbilduz esango nuke 2004ko urrian sektore ekonomiko garela errebindikatzetik sektore ekonomiko moduan lan egitera igaro garela. Aldea nahiko handia da, eta denbora gutxian lortu dugu enpresen eta Klusterraren lankidetzari esker.

Klusterrak balio al du bazkideen fakturazioa hobetzeko?

Klusterrak gauza askotarako balio du, baina beste batzuetarako ez. Ikasiz joan gara, pedagogia eginaz. Klusterra ekarpenak egitea da, zuzenean zure onurarako ez bada ere; orokorrak izan litezkeen konponbideak mahai gainean jartzea da. Guztiontzako onak badira zuretzako ere, noski. Nolabaiteko eskuzabaltasuna izan behar da. Enpresen ekarpena ez da kuotara mugatzen, askoz ordu gehiago ematen dituzte egiten ditugun bileretan. Ahalegin handia egin behar da, batez ere tamaina txikiko enpresak direnean, gure sektorean gertatzen den moduan. Nik uste dut urrats hori eman egin dela, baina filosofia horri eusten diogu, eman eta jasotzearenari. Kuota ordaintzean enpresa batek uste badu berehala emaitza ekonomikoetan igarriko duela, ba esan behar zaio ez dela zertan horrela izan. Enpresak baliabide gehiago dituela nabarituko du, aukera eta laguntza gehiago: ezagutza gehiago eta negozio-aukerekin harremanetan jartzeko zubi gehiago dituela Klusterretik kanpo gelditu denak baino. Hala ere, eskuartean ditugun datuen arabera, bazkide diren enpresen fakturazioa gainontzekoena baino bi puntu gehiago igo da Klusterra sortu zenetik. Ezin dut ziurtasun osoz esan kausa-efektua izan denik, baina datuek kopuru horiek erakusten dituzte.

Web orrian azpimarratzen duzuen helburuetako bat bazkideei sektoreko teknologia berrien ezagutza eskura jartzea da...

Begira, estatutuetan uko egin genion ikus-entzunezkoaren definizioa egiteari, izan ere, iraultza digitalean murgilduta baikaude. Sektorea asko eta azkar aldatzen ari da eta horrek eraldaketak eta mutazioak ekarri ditu. Badakigu ikus-entzunezkoen sektoreak bere horretan jarraituko duela, baina telebista, zinea eta abar egiteko modu berri ugari sortuko dira. Teknologia berriak hor daude eta zer eskaintzen diguten jakin behar dugu. Lehen bi batzorde genituen, teknologia berriena bata eta edukiena bestea. Orain, jende guztiak esaten du edukiak direla beharrezkoak, eta beraz, bi batzordeak bakar batean batzeko lanean ari gara, “produktu eta negozio-eredu berriak” deituko dena. Ezin dute sortzaileek bide batetik jo eta teknologia berriak erabiltzen dituzten profesionalek bestetik.

Adibidez, gaur egun, erredakzio digital bateko kide den kazetariak Interneteko beste tresna batzuk erabiltzen jakin behar du, edizioa. Lanean buru belarri aritu nahi dugu aldaketa kontuetan egunean egoteko, enpresak ere horrela egon daitezen eta gai izan daitezen teknologia berrietarako behar dituzten edukiak aztertzeko, eta baita ere eduki horiei zer nolako produkzio-motak dagozkien ikusteko.

Orain, esaterako, Low-Cost gaia gaurkotasun handikoa da ikus-entzunezkoen sektorean. Enpresek beldurra diote kontzeptu horri, ulergaitza iruditzen zaie produkzio bera erabiltzea produktu berbera sortzeko baina aldi berean guztia merkeago egitea. Enpresak berak gai izan behar du bestelako produkzio-modua sortzeko, gastu batzuk aurreztuko dizkiona, kalitatezko produktua emango duena eta prezio apalagoan. Zertarako? Zabaltzen ari zaizkigun leiho guzti horietarako. Duela gutxi “Telebista mugikortasunean” gaiari buruzko jardunaldia izan dugu. Inork ez du zalantzan jartzen hori izango dela telebistaren etorkizuna, edozein dispositibotan eta edonon ikusi ahal izatea, anytime, anywhere.

Eikenek etengabeko harremana du sektorearekin: zein dira errebindikazio eta kezka nagusiak?

Produktuak oso lotuta daude audientziarekin, ezaugarri hori dute, eta sarritan horrek ez du produktuaren kalitatearekin zerikusirik. Batzuetan nekeza zaigu bereizgarritasunaren balioa defenditzea, ikus-entzunezko produktuari lotutako ikerketa eta garapena baloratua izatea. Zaila da ahalegin hori onartzea, oraindik ere kosta egiten zaigu. Errazagoa da norbaitek laguntza ematea teknologiaren berrikuntzarekin zerikusia duen proiektu baterako, motor baterako, adibidez. Gure gerra txikietako bat da hori. Etxean denok jasotzen ditugu produktuok. Zerbait ikusterakoan, gustuko izango dugu ala ez. Ez badugu atsegin baztertu egiten dugu, atzetik duen guztiarekin, ezer ez balu moduan. Baina hor atzean lan bat dago, eta hori guztia enpresek onartu egin behar dute, beste sektore batzuetan berrikuntzari lagundu egiten zaion bitartean. Oraindik ere inoren etxean gaude. Bestalde, finantzaketa gai gogorra da baita ere zineman, animazioan...

Sektorea kezkatua al dago krisialdia dela eta?

Elkarteko enpresen artean inkesta egin berri dugu krisialdiak sektorean duen eragina neurtzeko. Bi argazki atera ditugu ondorio gisa, ezkorragoa bata eta baikorragoa bestea. Lehen esan dugun moduan, buruhauste galanta genuen eskuartean, iraultza digitala. Gaur egun oso zaila da batere argi ez dauden negozio-nitxoen aldeko apustua egitea eta ildo horretan sartzea. Izan ere, iraultza digitalaren maremagnumean murgilduta geundela iritsi da krisia. Batez ere fakturazioan izango du eragina. Enpresek kasu gehienetan fakturazioa jaitsi egingo dela aurreikusten dute, bezeroak aurrekontuak doitzen ari direlako. Badira enpresa batzuk duela bizpahiru urteko prezioetan ari direnak lanean. Eta litekeena da horrek enpleguan ere eragina izatea, seguruenik behin-behinekoa. Krisia kolpe handi baten modura iritsi da Espainiara, eta hemen EAEn asko igartzen ari da orain. Sektorean apur bat beranduago nabarituko da, izan ere, enpresa batzuk zailtasunak dituzte 2009ko aurreikuspenak zehazteko.

Baina bada egoeraren argazki baikorragoa egiten duenik. Badirudi beste sektore batzuetan eskabide-zorroak bere horretan jarraituko duela. Ekoizleen elkarteek lankidetza akordioa dute ETBrekin, Kultura sailaren dekretu baten harira. Dekretu horrek Europako zinema laguntzeko % 5aren zuzentaraua aplikatzea du xede. Europako Batzordearen arauak telebista guztiei exijitzen die % 5arekin lagundu diezaiotela europar produkzioari. Arau horretatik Legea egin zuten Espainian eta hortik etorri da Eusko Jaurlaritzaren Dekretua. 2012ra arte indarrean izango den aipatutako akordioaren arabera, ETBk urtean hainbat lan finantzatzen lagunduko du, hala nola, 11 film, 7 dokumental, tv-movie-ak eta film laburren bat. Horrek jarduerari eta enpleguari eustea ahalbideratuko du.

Zer moduz saltzen dira euskal produktuak kanpoan?

Oraindik ere kopuruak oso txikiak dira, baina garrantzitsuak iruditzen zaizkit. Ikus-entzunezkoen sektorea, orokorrean, nahiko itxia da, oso modu babeslean egiten du lan. Hala ere, gure enpresak hainbat telebistatan sartzen ari dira, haiei produktuak salduz, besteak beste Tele5, Cuatro, TVE edota autonomikoetan, eta ildo horretan arrakastaz ari dira. Era berean aliantzak bilatzen dituzte merkatu horietara iristeko. Produktuen helmuga naturala Espainiako merkatua da, baina kanpoan saltzeko enpresek egiten duten esfortzua handia da, irabazietan ehuneko handia ez badakar ere. Nazioartera zabaltzeko nahia batez ere koprodukzioen bidez neurtzen dugu.

Zein helburu ditu Eikenek 2009ari begira?

Sektore-berrikuntzako agendako pare bat proiektu gauzatu behar ditugu. Berrikuntza-proiektu jakin baterako enpresen aliantza osatu nahi dugu. Gainditzear dugun beste ikasgaietako ba da, agian, modu batera edo bestera dimentsio handiagoa lortzea euskal ikus-entzunezkoarentzat. Gainera, beste puntu batzuk sendotuz joango gara: ikus-entzunezkoaren euskal marka, sektorearen prestakuntza, sortzaile-talentu berrientzako Eikenbank ekimena...

Bukatzeko, euskal geografiako zein toki gomendatuko zenioke film berria filmatu nahi duen nazioarteko zuzendari bati?

Edozein! Kontuan izan nazioartean lan egiten duen batentzat guk mugak jartzen ditugun tokian ez dagoela distantziarik. Filma Euskadin errodatzeko esango nioke. Leku eta lurralde bakoitzeko toki zoragarrietan. Ez dago distantziarik eta denetik daukagu. Bilbao Film Comission eta Donostia Film Comission sekulako lana egiten ari dira eta Gasteizen ere proiektua prestatzen ari dira. Nire iritziz, lurralde bakoitzak bere salmenta izan behar du lehentasun, eta guztion artean ondo koordinatuta egon behar dugu irudi ona emateko. Itziar Mena EHUn Komunikazio Zientzietan lizentziatua 1983an, ETBko informatiboetako buru izan zen lau urtez (1991-1995). Ondoren, EHUko errektorearen kabineteko zuzendari izan zen 1996tik 2000ra arte, eta Bilbao Metropoli-30 erakundeko zuzendari-albokoa (2000-2003). 2004ko urritik Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterraren (Eiken) zuzendaria da.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Emilio Silva Barrera. Oroimen historikoa berreskuratzearen aldeko elkartearen lehendakaria: Bizi izateko era bihurtu zen ezerezkeria

 

Irakurri

Juan Luis Goenaga. Pintorea: Pintura mentala da, eta fisikoa ere bai. Sentimenduekin, ordea, beste modu bateko harremana sortzen da

 

Irakurri

Xabier Retegi.Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria: Gizarte antolakuntzako egitura guztiz berdinekin bizi gara, aldaketa teknologikoarekin ezer gertatu ez balitz bezala

 

Irakurri

Paulo Iztueta Armendariz. Irakasle-ikerle eta idazlea: Niretzako ikaragarria da dakidan txiki-txiki hori transmititu ahal izatea

 

Irakurri

Jose Felix Basozabal. Itsas ingeniaria: Eutsiezinak dira egungo garraio-sistemaren kanpo-kostuak

 

Irakurri