José Antonio de Apraiz y Oar. Medikua, kirolaria eta dibulgatzailea: 1920ko Anberesko jokoetan Espainiako futbol selekzioan denak euskaldunak ziren, bat salbu

2012-07-20

SILLERO ALFARO, Maider

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

José Antonio de Apraizek kirol ugari praktikatu ditu elite mailan, baina ez modu profesional batetan. Medikua da, dibulgatzailea eta kirol zein osasunari buruzko liburuen egilea. Bere familiako kide ugarik idatzi izan dute, esaterako, Julián de Apraiz osaba-aitonak “Cervantes vascófilo” liburua idatzi zuen. 74 urterekin hitzaldiak ematen ditu; erreferentzia bezala Xabier Leibar Mendarteren “La participación de los deportistas de la Comunidad Autónoma Vasca en los Juegos Olímpicos de Verano de la época Moderna” liburua hartuta, euskal olinpikoen gainekoa izan da azkena. Arabarra denez gero, begiko ditu ezinbestean Maider Unda, Eneko Llanos, Blanca Lacambra, Maite Zúñiga, Martín Fiz edota nola ez, Almudena Cid gisako kirolariak.

Espainiako atletismoko txapelduna izan zinen 12 bider, 3tan maila absolutuan... Baina zergatik utzi zenuen kirola horren gazte?

Saskibaloian ere jokatu nuen lehenengo mailan, eta mendizalea izan naiz, arrantzan egin dut... Nire aitak eta osabek ere kirola egiten zuten, eta hori heredatu egiten da. Hortxe zergatia. Baina niri ez zitzaidan sekula burutik pasa kirolera modu profesional batetan dedikatzea. 63an graduatu nintzen, urtebete lehenago Espainiako pentatlon txapelketa irabazi nuen, errekor absolutua gainditu nuen. Hemen, nahiz eta nintzen bezala Katedrako barneko ikasle izan, ezin zen ikasi. Hala, Ingalaterrara joan nintzen 69ra arte, Ortopedia Traumatologia eta Kirurgia Konpontzaile espezialitateak egiteko asmoz. Medikuntza ikasi nuen, espediente ona neukan eta gustuko nuen lanbidea. Oxforden, Trueta irakasle kataluniar erbesteratuak, tesia egiteko gera nintzala nahi zuen, baina ezetz esan nion, nire herrira itzuli nahi nuela. Truetak Gasteizera joanez gero ez nintzela probintziako zirujau bat besterik izango esan zidan, baina zer dauka horrek txarra, bada?

José Antonio de Apraizek kirol ugari praktikatu ditu elite mailan, baina ez modu profesional batetan.

Gainera, kirolari buruzko liburuak idatzi eta hitzaldiak ematen dituzu, azkena Euskal Olinpikoei buruzkoa, EHUren Udako Ikastaroetan.

Bai, aurkezpenak egiteko ez ohizko modua daukat, ez da oso akademikoa baina jendeak ongi pasatzen du eta gainera, niretzako garrantzitsuak diren gauzak ikasten dituztela uste dut.

Noiz ospatu ziren aurreneko Joko Olinpikoak? Eta noiz sartu ziren euskaldunak eszenan?

Joko Olinpikoak 6 edo 7 mendeetan zehar antolatu ziren harik eta Adriano Enperadoreak debekatu zituenera arte, hain zuzen, kristautasuna baimendu zuenean. Nolako gauzak! Lehendabiziko Joko Olinpiko modernoak 1896an egin ziren Atenasen, baina euskaldunak ez ginen enteratu ere egin.

Euskaldunak eta ariketa fisikoari dagokionez, antropologikoki pertsona indartsuak gara, torax zabalekoak, hanka motzak... Enborrak mozteko eta mendira igotzeko onak gara. Baina zer gertatzen da? Lan edo kirol batetan nabarmentzerakoan apustu bidez lehiatzen hasten direla. Eta hori jarrera olinpikoari kontrajarritako zerbait da, noski. Euskaldunak ez dira 1900ra arte agertzen, hain zuzen Pariseko Nazioarteko Erakusketaren baitan, pilota erakustaldi batetan. Irabazi zuen pilotarietako bat Josetxo Apesteguy izan zen, Chiquito de Cambó moduan ezagunagoa. Beraz, aurreneko domina Parisetik etorri zen, zikoinak legez. Ondoren, beste erakustaldi bat egin zen Mexikon, Munduko txapelketan, eta nik bizkarrezurretik operatutako paziente batek irabazi zuen, Legutio bertako harakinak.

Bertan, Mexikoko Arraun Taldearekin, erbesteratuen seme Iker Belausteguigoitiak esku hartu zuen, eta 1932an Los Angeleseko Maratoia irabazi zuen Zabala moduan, euskaldun bakarra izan zen itsasoz bestaldera barkuan bidaiatzea oso garestia eta luzea baitzen.

Olinpiaden aurreko kirolariaren figuraz ere hitz egiten duzu zuk...

Antzina, hobby edo esaten den bezala, sportagatik kirola egiten zutenak pertsona dirudunak edota militarrak izaten ziren. Bilbotarrek lotura handia izan zuten Ingalaterrarekin, eta belar gaineko hockeya edota nabigazioa moduko gutxiengoko kirolak praktikatzen zituzten. Erlazio horretatik jaio zen baita ere Athletic de Bilbao, ez Francoren garaian deitzen zitzaion Athlético. Nik hauei anglofiloak deitzen diet, baina badaude monarkikoak ere, Real Sociedad edota Irungo Real kasu. Uda sasoian gortea bertan edukita hipika edo tenis moduko kirolak egiten zituzten.

Egun kirola egitea normala da, baina aitzina ez zen horrela...

Jan egin behar baitzen. Euskaldunak baserriko lan gogorra bizi zuen, eta guztiontzako lain ez bazegoen meategira joaten zen, arrantza ontzira edota Ameriketara. Gero, aisialdia agertzen da XIX. mende erdialdean —Industria Iraultzari eta lurrunezko makinei esker, arropa, janaria, garbitasuna, eta bidezko lanaldia lortzen dira— eta orduan aurretik existitzen ez zen amateur kirola praktikatzen hasten dira. XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran, bereziki euren karrera profesionaletan kirola egiten zuten militarrak ikastetxeetan irakasten hasten dira, nahiz eta esgrima eta bestelako bitxikeriak irakasten zituzten.

Euskal Herriko eskoletan ere esgrima irakasten al zen?

Bai. 1912ko oso argazki ederrak ditut, Gasteizko Antzoki Berrian (orain Principal Antzokia, herri-tontakeria, Gasteizen antzoki bakarra baitago, beraz nagusia izan behar da derrigor), Marianisten ikastetxeko jaialdi batetan ikasleak ezpatadaka, txapel eta guzti zeukan militarraren zaintzapean, eta eszena erromantikoko dekoratu baten aurrean. Argazki bikainak, diodan bezala.

Euskaldunak ez dira 1900ra arte agertzen, hain zuzen Pariseko Nazioarteko Erakusketaren baitan, pilota erakustaldi batetan. Irabazi zuen pilotarietako bat Josetxo Apesteguy izan zen, Chiquito de Cambó moduan ezagunagoa.

Historian zehar, zein kirol eman zaie hoberen euskaldunei?

Aipatu dugun bezala, torax eta beso gogorrekoak, pelbis estukoak, hanka motz eta beso luzeko pertsonak dira. Batez ere “basokoak”, erromatarren “salus”ekoak. Eta noski, gorpuzkerak, anatomiak, fisiologiak funtsezkoak dira kirolerako. Ezaugarri anatomiko eta fisiologiko arruntak dituen bat entrenatu daiteke, baina esaten den bezala, “lo que natura non da Salamanca non presta”. Gorpuzkera pribilegiatu bat ez duen pertsona ezin da olinpiadetara gorputza astinduz iritsi, eta Jainkoak ez dezala nahi, dopatu arren, erdipurdikoa izatetik ez da pasako, eta asko setatuta lesionatu eta zorigaiztoko izaten amaituko du.

Euren gorpuzkeragatik, euskaldunak txirrindularitzan, mendian, eta futbolean dira onak, errugbian oso onak izango lirateke baina ez dago. Anberesko 1920ko jokoetan Espainiako futbol selekzioan denak euskaldunak ziren bat salbu. Gasteizko mediku eta Arabako ANVren batzorde probintzialeko fundatzaile Amadeo García de Salazar entrenatzaileak, atezaina aldatu nahi izan zuen, hau da, Zamora Velascogatik, euskal selekzioa izan zedin, baina konturatu egin ziren eta ez zioten utzi. Gero, Zamora kaleratu egin zuten eta ezin ordezka zitekeenez, Errealeko defentsa bat ipini zuten atezain bezala, eta Zamorak aholkatzen zuen sarearen atzetik. Talde hartan Francisco Pagazaurundía edota José María Belausteguigoitia moduko pertsonak zeuden, eta Zeelanda Berriko All Blacks, hots maoriek bezala, biribilean elkartu eta partidua hasi aurretik jokalari guztien izenak oihukatzen zituzten, eta noski, aurkariak beldurtu egiten dira. Anbereskoa da “Belaustik” Sabino Bilbaori baloia eskatzeko erabiltzen zuen esaldi famatua “niri Sabino, zanpatuko ditudala!”, oraindik ere Laudioko gazteen artean entzuten den esaldi ezaguna.

Joko Olinpikoen historian, zein urtetan egon da euskal kirolarien presentzia handiena?

Bartzelona 92an, zalantzarik gabe. Guretzako bi emakume euskaldunen arrakasta adierazten du, biak arabarrak gainera. Maite Zúñiga eta Blanca Lacambrak Seul 88n ere hartu zuten parte marka onak lortuz, baina Maite 800 metroko finalean sartu zen Bartzelonan; aurretik oso gizonezko gutxik lortu zuten zerbait egin zuen eta ez dago 400eko frogan marka handirik duen emakumezkorik, niretzako hogeita lau urteren ostean, errekor nazionala edukitzen jarraitzen du, kendu ziona amerikar bat izan baiten, AEBko atleta bikaina, bere entrenatzailearekin hemen ezkonduta zegoen, beste hainbat kubatar bezala bertan nazionalizatuta...

Markei buruz hitz egiten dugula, 1961ean 2007ra arte gainditu ez zen luzera errekorra lortu zenuen...

Egia esan 1955an hautsi nuen, baina hobetzen joan eta 1961ean 7,07 metrotara iritsi nintzen, eta bai, Arabako errekor absolutua izan da 2007ra arte. Bestalde, 1961tik mantentzen dudan beste errekor bat xabalinako errekorra da, eta Espainiako pentatlonekoa ere eduki dut.

Gaira itzuliz, noiz hasi zen euskal emakumea Joko Olinpikoetan agertzen?

Seulen izan zela esango nuke, 88an. Badago 1948an Londresen tranpolin jauzian parte hartu zuen neska bat, Ibone Belausteguigoitia, baina Mexikorekin egin zuen, Amurriotik atzerriratutako Belausteguigoitiatarren alaba baitzen, aurretik aipaturiko Iker arraunlaria moduan, edota Anberesko “pasa niri Sabino, zanpatuko ditudala”... Atlanta 96an ere emakume ugarik hartu zuten parte, uste dut zifra errekorra lortu zela, %33, estatu osoa kontuan hartuz. Urte batean gimnasten taldeak urrea irabazi zuen. Almudena Cidek ez zuen domina lortu, baina bere taldea hiru urre eskuratu zituzten gasteiztar ugariz zegoen osatuta.

Jean Borotra, “euskal jauzilaria”.

Argazkia: Wikipedia

Gerra Zibilagatik 1936a albo batera utzita, esan liteke euskal presentzia egon dela ia beste guztietan...

Ez ziren Melbournen egon, errusiarrak Hungarian borrokatzen ari baitziren eta Espainiak eta beste herrialde batzuek ez joatea erabaki zuten. Ez ziren Atlantan egon diru faltagatik, ezta Atenasko aurrenekoetan ere, ez zirelako enteratu... Eta 36an gerrak Berlinera bidean harrapatu zuen talde olinpikoa. Oso ezagunak ziren bi kirolari, Félix Erausquin eta Juanito González Aranguren, gerrako euskal errepublikarrekin borrokatzeko itzuli ziren. Erausquin, oker deituriko “espainiar xabalinaren” asmatzailea izan zen, ehun eta piku metrotara jaurtikitzen zuen xabalina, baina biraketa-teknika batekin, disko edo mailuarekin bezala. Uztailak 18 batez Bizkaiko Gobernadorea agurtzera ez joateagatik kanporatu zuten Aranguren, Bizkaiko selekzioaren entrenatzailea zen, Portugaleten. Gasteizera etorri zen gero, guri irakatsi zigun eta Espainiako 8 edo 10 txapeldun irten ziren, horien artean Atletismo Federazioko egungo presidente Odriozola.

Nor izan zen euskal jauzilaria?

1920ko jokoetako pertsonaia bitxia zen, Jean Borotra, trinketean erraketa eskuz aldatuz jokatzen zuen Biarritzeko tenislaria. Tenisean jokatzera irten zen, salto asko egin zuen antza, eta “euskal jauzilaria” izengoitia ipini zioten. Ia ezezaguna zen honek, Lacosterekin (krokodiloarena) batera arituz, 6 Slam Handi irabazi zituen. Jean Borotrak, René Lacost eta Jacques Brugnon eta Henri Cochetekin batera “lau mosketariak” ezizeneko talde famatua osatu zuen, 1920ko hamarkada eta 1930eko hasieran jokoa dominatu zuten tenis izar frantsesak. Beraien omenez jokatzen da Frantzian Roland Garros.

Egia al da modalitate ezberdinetan lehiatu zen euskaldun bat egon zela?

José María Yermo, atleta bikaina. Joko Olinpikoetara joan zen 28an eta futbolean jokatu zuen, bikain egin zuen korrika 400 metrotan eta ziztu bizian egin zuen kilometroa bizikletan. Futbola, atletismoa eta txirrindularitza moduko hiru diziplinatan parte hartu zuen. Talentu aparteko jendea da. Gaur egun ezinezkoa litzateke, eta kasua emango balitz, Eneko Llanos gisako norbaitek lortuko luke.

Kontatzeko beste anekdotarik, José Antonio?

Ignacio Sola bilbotarraren gaineko anekdota xelebre bat dago, hain zuzen, pertika-saltoko errekor olinpikoa izan zuen 20 minutuz, Mexikon 1968an. Izan ere, asmatu berri zen pertika malgua! 5,20 m-tako altuera ipini zioten, eta errekorra gainditu zuen, hurrengoa salto egin eta noski, hori ere lortu zuen. Igotzen joan ziren 5,30 m-tara eta aurrenekoak, Solak, gainditu eta errekorra egin zuen, diodan bezala, 20 minutuz kontserbatuz...

Joko Olinpikoen aurreneko urteetan lortuta errekorrak azken urteetakoekin alderatuz gero, desberdintasunak ikaragarriak dira.

Mutilak maila progresibo normal baten barruan daude, baina neskak denak dopatzen ziren, txekiar, poloniar eta errusiarrek diskoa eta pisua egun irabazten dutenek baino %15 edo %20 urrutiago jaurtitzen zuten. Hori, altzairuzko teloia deiturikoaren urte ilunenetan eman zen. Badakigu Ekialdeko herrialdeek atletak harduntzen zituztela Melbournera joateko, ezen egoera horretan emakumeak malguagoak dira eta euren bihotzak gehiago aguantatzen dute. Estatistikoen arabera, modu horretan Ekialdeko herrialdeek 52 domina eskuratu zutela diote. Dopatzen dena kanpora. Eta gehiago kontrolatu beharko lirateke mediku eta xehekako salerosleak, lotsagarria baita.

José María Yermok futbola, atletismoa eta txirrindularitza moduko hiru diziplinatan parte hartu zuen.

Nahiz eta horrek kirolari ikusgarritasuna kendu?

Nire ustez ikuskizuna bigarren mailan egon beharko litzateke. Kirola ongi pasatzeko egin behar da aurrena, eta gero, zure osasuna hobetzeko xedez. Eta horrez aparte, jendeak ikustea gustuko duen zerbait egiten baduzu, primeran, baina bigarren mailako helburua izan beharko litzateke. Zazpi urte dituela ikastolara eraman aurretik umea igerilekura eramaten duen zapuztutako aita asko dago hemen. Ergelkeria da hori eta osasunarentzat astakeria hutsa. Gauzak burua erabiliz egin behar dira, kirola ongi pasatzeko da, betirako lagunak egin eta osasuna hobetzeko.

Zure karrera anitzaren barruan, hainbat denboralditan Baskonia Clubeko presidente izan zarela aurkitzen dugu. Zer oroitzen duzu garai haietaz?

Ohorea izan zen 83, 84 eta 85 urteetan Baskoniako presidente izatea. Urte guztirako 9.000.000 pezetekin hasi ginen, eta hurrengo urtean 21.000.000 pezetekin eta Super Beltza deitzen zuten Essie Hollis eta Riley Clarida jokalari amerikarrekin jolastu genuen. Hollis oraindik ere etortzen da hona, garai hartakoak elkartzen gara eta nik ere jokatzen dudan partidutxoa egiten dugu. Oroitzapen bikainak ditut, eta oso zaila iruditzen zait 15 edo 20 urte pasa ondoren Abetxukon partidu bat jokatzeko elkartzen den talde bat egotea. José Antonio de Apraiz y Oar (Gasteiz, 1938) Abiadura-lasterkaria, jauzilaria, jaurtitzailea, eta atleta osoa, beraz. Arabako eskola txapelketan probintziako errekorra hautsi zuen altuera-jauzian, 1,66ko marka eginez (aurreko errekorra 1925etik Luis Apráizek, bere osabak zeukan, 1,65 m-tan). Altura eta luzeran aurreneko eskolarteko bi titulu nazionalen ondoren, 1955ean F.I.S.E.C. (Trier, Alemania) Jokoetara joan zen, eta luzera-jauzian brontzezko domina lortu zuen. Hirutan nazioarteko juniorra (Belgika, Portugal eta Frantziaren kontra). 1954 eta 1961 urteen artean Arabako 52 errekor lortu zituen, 12 probatan; 1955 eta 1962 bitartean 10 aldiz izan zen Espainiako txapeldun (9 aldiz indibidual, —2tan eskola mailan, unibertsitatean 4tan, 3 absolutuan— eta behin gazte mailako erreleboan), eta 1958, 1959 eta 1960an hiru garaipen izan zituen dekatloi proban. 1962an erretiratu zen. Bere xabalina errekorra (1960an Bartzelonako unibertsitate txapelketako titulua lortzen lagundu zion 54,16 m-tako luzera) ez zen hautsi (palmaresean jarraitzen zuen 1986an modalitatea aldatu zenean eta gailu berriaz Arabako markarik onena 53,14takoa da, Koldo Salazarrek 1996an lortuta). Luzera errekorrari dagokionez, (7,07 1961eko irailean), Fernando Campok 7,22 metrorekin hautsi zuen 2007an. Bere historiako beste momentu bikain bat Espainiako pentatlon errekor absolutua egin zuenean eman zen (2.896 puntu 1952ko taulan 1959ko abuztuaren 16an, hau da, 3.341 puntu 1985eko taulan), eta 1967ra arte berea izan zen marka, nahiz eta errekor arabarra oraindik mantentzen duen. Bere hainbat errekorrek bi hamarkada iraun zuten (1959tik 1981ra, 200m 23,0tan; 13,58ko jauzi hirukoitza 1959tik 1982ra; eta 1960tik 1995era, hau da, 35 urtez, 5.165 dekatloian -1952ko taulan, hots, 5.716 1985ekoan). Beste marka batzuk: 11.3-37.5 (1957), 52.0 (1960), 100-300-4000 metrotan; altuera-jauzian 1,76 (1960). Bere azken titulua lortzean (unibertsitateko pentatlona, 1962an) Unibertsitateko Kirol Merituari Brontzezko Victor saria eskuratu zuen. Kirol Delegazio Nazionalak 1980an Kirol Merituaren Zilarrezko Domina eman zion 1980an (José María Palacios “Ogueta” pilotari famatuarekin batera). Medikuntza eta Kirurgian Doktorea, kirurgia ortopediko eta konpontzailean espezialista, Ingalaterran egin zuen lan 1962 eta 1968 urteen artean, hain zuzen, Wessexeko Ospitaleen Batzorde Erregionalaren “Ikerketaren Saria” eskuratu zuen urtera arte. Baskonia saskibaloi taldeko lehendakari ohia, hizlaria, dibulgatzailean Kirola, Ariketa eta Osasunari, eliteko kirolean infekzioak eta elikadura gaiei buruzko hainbat argitalpenen, eta kiroleko infiltratzeei buruzko tesiaren egilea. Kirol ugari praktikatzen ditu maiztasunez, batez ere, mendizaletasuna. “Ehunkako mendizalea”, hau da, katalogatutako 100 gailur igo ditu. Iturria: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Koldo Etxebarria. Artista: Gu garen zoriontasuna eta edertasuna piztea da artelanak egiten duen gauza bakarra

 

Irakurri

Jesús Prieto Mendaza. Antropologia Sozial eta Kulturalean doktorea: Jaietako desordenak ondoren Gasteizko bizitza soziala ordenatu besterik ez du egiten

 

Irakurri

Yolanda Osés Pérez. Nafarroako Gobernuko Hedapen Artistiko Saileko burua: Udan zehar egunero ekintza kultural bat egongo da Nafarroan

 

Irakurri

Begoña Gorospe. Feminista: Egungo gizarte androzentrikoak gizonak ere mugatzen ditu

 

Irakurri

Raúl López Romo. Historian Doktorea: Ez da fidatu behar egia absolutua ezagutzen dutela esaten dutenez

 

Irakurri