Urdaneta ez zen ontzi batean jaio, baina gutxi falta izan zitzaion; esaten da adinez nagusia izan aurretik ontziratu zela lehen aldiz. Egia al da?
Lehenengoz 17 urte zituela ontziratu zen, baina garai hartan hori nahiko normala zen.
Orduan zer egiteko zituen? Haren gaztetasuna zela medio, behetik hasiko zen...
Esan izan da morroi edo itsasmutil gisa ontziratu zela, baina ontzian betetzen zituen eginkizunen harira, nolabaiteko erantzukizuneko kargua zuela ondorioztatu daiteke. Gipuzkoako marinelei buruz idatzitako bere liburuan, Seoaneko Markesak kontulari kargua zuela aipatzen du. Nire ustez zuzenagoa da hori.
Hasierako bidaietan, gerora erabakigarriak izango ziren ezagutzak eskuratu zituen Urdanetak.
Asiako hego-ekialdeko hizkuntzak ikasi zituen, baina batez ere Ozeano Bareko haize eta korronte-sistema orokorrei buruzko guztia.
Esan dezakegu Urdanetak ez zuela gogoeta egin itsasketaren inguruan soilik, baizik eta beste zientzia batzuekiko interesa ere izan zuela.
Nire ustez, erabilgarri izan zitekeen guztiagatik interesatu zen Urdaneta, eta elikadurari edo medikuntzari buruzko ezagutzak zituela erakutsi zuen. Baina, baita giza zientziei buruzkoak ere, hala nola diplomaziari buruzkoak.
Zelakoa zen Urdanetak bizi izan zuen garaia?
Urdaneta bizi izan zen garaia, nire ikuspuntutik, modernitatearen hasiera izan zen, kontraerreforma garaia, aurkikuntza handiena, eskala handiko kultura-trukeari eta merkataritzari hasiera eman ziona. Nire ustez, garaiko euskaldunak oso ondo moldatu ziren aldaketa horietara.
Hau da, zabaltze-garai hartan euskal gizartea ez zen atzera geratu.
Garai hartako euskaldunek beharra bertute egin zuten eta momentuko aurkikuntzei etekina ateratzen jakin zuten, itsasketaren artean aitzindariak izateko. Gaztelako floten giza oinarria ziren, bai giza alderdiari zegokionez, bai ontzien eraikuntzari zegokionez.
Besteak beste, Filipinetan, Mexikon, Txinan, Japonian eta Portugalen zehar bidaiatu zuen. Ezin daiteke esan ibilbide errazak aukeratzen zituztenik.
XVI. mendean leku horiek guztiak guri iruditu baino gertuago zeuden, nahiz eta “globalizazio”· hitza egungoa den, garai hari berdin-berdin aplikatu geniezaioke.
Gaur egun zeri deitzen diogu “itzulerako bidea”?
Filipinetatik Mexikorako itzulerari deitzen zaio, eta une oso garrantzitsua da itsasketaren historiarako. Lehen saiakera Magallanesen espedizioko Trinidad ontziak egin zuen, eta geroago Saavedra eta Arellano saiatu ziren. Guztiek porrot egin zuten bide zuzena ez hartzeagatik edo garairik egokiena ez aukeratzeagatik.
“Enkarguzko” bidaia izan zen. Zein ziren itsas bidaia horren helburuak?
Behin Legazpi Filipinetan finkatu ostean, bertan Gaztelaren presentzia indartzea zen helburua, horretarako joan-etorriko hornidura-bidea irekita.
Ezaugarri horietako itsas bidaia burutzea ez zen batere erraza izango...
Bidaiaren zailtasunik handiena haren luzera zen. Esan dezakegu ezezagunerantz eginiko ordura arteko bidaiarik luzeena zela. Arazo teknikoez gain osasun- eta hornidura-arazoak zituzten, Urdanetak aurreikusi eta konpondu zituenak. “Garai hartako euskaldunek beharra bertute bihurtu zuten”
Esaten da erronka izugarri horren aurrean, Urdanetak huts egiteko aukera guztiz baztertzen zuela. Hain ziur egoteko ezagutza eta prestakuntza handia izan behar zuen?
Bidaia hori egiteko behar-beharrezkoak dira bi gauza: batetik, haize- eta korronte-sistemak ezagutu behar dira -hori Urdanetak Molucasetako egonaldian ikasi zuen- eta bestetik, itsasoan kokatzen jakin eta kartografia egokia eduki behar da. Pilotuek utzitako datuen arabera itzulera berreraikitzerakoan, argi geratzen da bazekiela kokatzen eta mapa egokia zuela horretarako.
Itsas bidaia hori arrakastaz amaitu zuen lehen itsasgizona da Andrés de Urdaneta? Nor da Alonso de Arellano?
Ez da aintzatespena merezi duen norbait, izan ere, desertorea izateaz gain, haren ibilerak ez baitaude batere garbi. Berez, bere egunerokoan idatzitakoari kasu eginez gero, haren itsasontziaren abiadurak itzela izan behar zuen garai hartarako. Bidaia Urdanetari dagokio.
200 urte baino gehiagoz indarrean izan zen ibilbide bati buruz ari gara, gaur egun, klimarekin zerikusia duten arrazoiak direla medio, berriz ere garrantzia hartu duena. Harrigarria.
Galeoiak ia 250 urte jardun zuen ibilbide hori egiten. Denbora gehien iraun duen itsas linea izan da. Baina nire ikuspuntutik, izan zuen garrantzia ekonomikoaz gain, azpimarratzekoa da Ozeano Bareko bi ertzen arteko kultura- eta soziologia-trukeak izan zuen eragina. “Alonso de Arellanoren, desertorearen, ibilerak
ez daude batere garbi”
Abenturazalea, ameslaria, zientifikoa... Zer gordetzen da pertsonaia bitxi horren atzean? Beharbada guztiaren nahasketa?
Urdaneta ez da ameslaria, ezta abenturazalea ere. Urdaneta Errenazimenduko gizona zen, goi burgesiako semea, beste hainbatek moduan etorkizun baten bila mundura jauzi egin zuena. Itzulerako bideari buruz egin zituen txostenak aztertzerakoan, argi ikus daiteke ez zuela ezer utzi zoriaren esku, guztia aurreikusita zuela. Horregatik, zuzenagoa izan daiteke XVI. mendeko zientzialaria edo itsasgizona zela esatea.
Ordiziarraren abenturen inguruan badago oraindik zer jakin, zer ezagutu?
Nire ustez bai. Alde batetik, Mexikoko hainbat artxibo ditugu, baita dokumentazio argitaragabea ere Tomboko Dorrean (Portugaleko artxiboak), Indietako Artxibo Nagusian edo Nazioko Artxibo Historikoan; gainera, Escorialen Felipe II.arekin izandako korrespondentzia pribatua dago eta, nire ustez, oraindik badaude Urdanetari buruzko argitaragabeko dokumentu ugari.
Historia ez da batere bidezkoa izan Andrés de Urdanetarekin. Ez, zalantzarik gabe. Mexikon hil zenetik 1894 urtera arte ez zen ezer esan Urdanetari buruz. Urte hartan Gipuzkoako Aldundiak, Ramón Maria de Lilí Ahaldun Nagusia buru zela, 400. urteurrena ospatu zuen eta Uncillak hari buruz idatzitako liburua argitaratu zen. Halere, denbora guztietako aurkitzaile handiena zela aipatzen zuen 1608an Richard Hackluyt-ek bere ingelesen aurkikuntzen kronikan. Loyola Media - Web Magazinen argitaratutako elkarrizketa