José María de Gamboa. II. Mundu Gerrako gudaria: Aliatuek ez gintuzten traizionatu. Euskaldunok musu-truk borrokatu behar ginen askatasunaren alde

2005-01-14

AGUIRRE SORONDO, Juan

GARMENDIA IARTZA, Koro

Eusko Ikaskuntzaren 1948 eta 1954ko Kongresuetan, mundu osotik etorritako euskalariak bildu ziren Biarritz eta Baionan. Pentsamendu askea espainiar penintsula osoan jazartuta zegoen garaian “erbestean” ospatutako bi Kongresu hauek Eusko Ikaskuntza 1918az geroztik egiten ari zen lanari jarraipena ematea zuten xede. José María de Gamboak (Bilbo, 1926) aipaturiko bi Kongresuetan hartu zuen parte. Baina bere lekukotza askoz ere zabalagoa da, XX. mende osoko ezbehar eta itxaropenez mintzo baitzaigu.

Filipinekin lotuta zaudete Gamboatarrak.

Bai, nire birraitita 1850-1860 urte inguruetan joan zen Filipinetara, eta etxalde bat eraiki zuen han. Baina nire sendia ez zen han bizi, Euskal Herrian baizik. Nire aita halabeharrez jaio zen Filipinetan, gero Bilbon bizitu zen. Ni neu Bilbon jaioa naiz.

Hamar urte baino ez zeneuzkan Gerra Zibila piztu zenean. Ba al daukazu orduko oroitzapenik?

Urtero bezala, Lekeition ginen uda igarotzen. Abuztuaren erdialdean, kanoikada batzuk entzun genituen, eta, handik gutxira, uniformez jantzitako milizianoak ikusten hasi ginen. Egun batean, gerraontzi aleman bat sartu zen Lekeition, eta alkateak udaletxean sartzera gonbidatu zituen gudariak, tea eta pastak hartzera. Gero, alde egin zuten. Argi dago atzeguardia errepublikarra nola zebilen jakitera etorri zirela.

Hilabete horretan bertan, nire anaia Londresa joan zen, eta aita, berriz, EAJk eskatuta, euskal merkataritzarako ontziterian lanean hasi zen. Gero, Errepublikako Gobernuak Mid-Atlantic Shipping Company konpainia zuzentzea eskatu zion. Konpainia honek Londresen zuen egoitza, eta bere egitekoa Errepublikari leial zitzaion ontziteria guztia koordinatzea zen.

1936ko irailaren 1ean, ama, ahizpa eta ni, destruktore amerikar batean, Donibane Lohitzunera joan ginen, eta Miarritze eta Paris tartean gelditu ginen. Noizbehinka aita etortzen zitzaigun, ikustaldiak egitera.

36ko uda dramatikoaren ostean, lasaiagoa izango ez zen 40ko uda heldu zen, tropa naziek Frantzia inbaditu zutenekoa.

Bai. Miarritzen ginen naziak Parisen sartu zirenean. Aita politikaren munduan sartuta ibili zenez, Ameriketako Estatu Batuetara alde egin beharra geneukala pentsatu zuen. Gure anaia Harvard-eko Unibertsitatean ari zen ikasten. Baina kontua ez zen ematen zuen bezain erraza, Frantziatik ateratzeko modu bakarra Espainia zeharkatzea baitzen, erokeria hutsa euskal familia nazionalista eta erbesteratu batentzat. Eskerrak 1898an, Espainiak Filipinak galdu zituenean, aitak pasaporte iparramerikarra eskuratu zuen. Hortaz, 1940ko abuztuan, Amerikar Estatu Batuetako kontsulatuak amerikarrak aberriratzeko prestatu zuen trena hartu ahal izan genuen. Irundik Lisboara joan ginen, eta han New Yorkerako bidea hartu genuen, Manhattan izeneko transatlantiko batean.

New Yorken Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat zegoen. Ez al da hala?

Bai. Manu de la Sotak zuzentzen zuen, aitaren oso lagun zenak. Agirre lehendakaria ere aitaren laguna zen. 1941ean joan zen New Yorkera bizitzera. Garai hartan, euskaldun guztiak “Jai Alay” izeneko jatetxe batean biltzen ziren. Beno, jatetxea bakarrik ez; hotela eta bidaia agentzia ere bazen. Valentín Aguirre izeneko busturiar bat zen hango nagusia. Gizon hau 1905ean heldu zen New Yorkera, eta denetarik izan zen: polizia, boxeolaria, etab. New Yorkera iristen ziren euskaldun gehienak, Idahora joateko asmotan zebiltzan artzainak izaten ziren. Askok ez zekiten ez ingelesik, ez gaztelaniarik, baina Valentínengana joz gero, honek dena prestatzen zien: logela bat eman zien hotelean, janaria jatetxean, eta joan nahi zuten lekura iristeko autobuseko txartela bat. Eta 100 dolar ere ematen zizkien. “Itzuliko dizkidazue ahal duzuenean”, esaten zien. Jendea harrituta gelditzen zen Valentínen eskuzabaltasunaren aurrean, garai hartan 100 dolar diru asko zen-eta, baina Valentínek oso erantzun ona ematen zuen beti: “25 urtetan, inor ez zait 100 dolarrak itzuli gabe gelditu”.

Batxilergoa amaitutakoan, unibertsitatera joan al zinen?

Ez. Ameriketara joan nintzenean, nire asmoa Europara gudari bezala itzultzea zelako. Lizeo frantsesean batxilergoa amaitutakoan, Agirre lehendakariarekin hitz egitera joan nintzen, Euskal Herriaren zerbitzura jarri nahi nuela esateko. José Antoniok arreta handiz entzun zituen nire hitzak, ohi bezala, bere begi marroiekin zuzen-zuzenean begiratzen ninduela. “Sar zaitez armada amerikarrean, eta, zure beharrean naizenean, deitu egingo dizut”, esan zidan. Berak oso argi ikusten zuen gerra hura gure gerra ere bazela, eta euskaldunok nazismoaren aurka borrokatzen lagundu behar geniela amerikarrei.

Eta kasu egin zenion.

Bai. 1944. urtearen hasieran boluntario bezala sartu nintzen. Alabaman lau hilabete eman nituen, ikasten... 1948ko Biarritzeko Kongresuko Harrera Komitea

Ezkerretik eskubira: Lehen ilaran: Román Arruza, Ramón Villalonga Sota, José antonio Durañona Aberasturi, Jacques Sabarros. Bigarren ilaran: Patrick Sota Mac Mahon, Pepe Villalonga Sota, José María Gamboa Ibargarai, Philippe Harriague.

Filmetan bezala, errekruten bizimodua jasangaitz bihurtzen zuen “burdinezko sarjentu” tipikoarekin?

Filmetan bezala! Berdin-berdin... baina ehun aldiz okerrago! Filmetan ikusi dugun guztia motz gelditzen da. Udaberrian Ingalaterrara eraman gintuzten, Aquitania izeneko transatlantiko zahar batean. Han esan ziguten Frantziako kostaldean lehorreratuko zen dibisio baten ordezkoak izango ginela.

Beraz, Normandiako Lehorreratzean parte hartu zenuen?

Hasiera-hasierako lehorreratzean ez. Gure unitateak lurralde liberatuaren lerroa mendebalderantz zabaltzeko helburua zuen. Hor hasi zen niretzat benetako gerra...

Ahanzterik izango ez dituzun oroitzapenik gordeko dituzu noski.

Beno... Zer esango dizut ba nik gerrari buruz? Flash modukoak etortzen zaizkit gogora, momentu bakarrak, sekula errepikatuko ez direnak. Azaltzea ere kosta egiten zait. Nekea, heriotza, bakardadea, adiskidetasuna... Infanterian berehala bihurtzen zara beterano. Berehala etortzen dira zauriak eta heriotza. Gudari batek, hamabost egunen buruan, ondo baino hobeto jakiten du zer den funtsezkoa eta zer ez. Bi hilabete eman ditzake bere ahalmen guztiak puri-purian dituela; hortik aurrera, ez dio bere buruari galdetzen ezer gertatuko ote zaion, baizik eta zer gertatuko den, eta noiz...

Eta gertatu al zitzaizun zuri?

Bai, Ardenetako borrokan, Luxenburgon, 1945eko urtarrilaren 10ean. Mortero batek nigandik oso gertu egin zuen eztanda, aleman batzuk baso batean barna preso neramatzala. Zorionez, bizirik atera nintzen. Osatu bezain pronto, nire erregimentura itzultzeko eskaera egin nuen. Erotzat jo ninduten. Ordurako gerra amaitzear zegoela zirudien, eta jendearen beldur nagusia azken momentu horietan hiltzea zen. Maiatzaren 8an Elba ibaiaren inguruetan ginen, aurrean errusiarrak genituela.

Gerraren amaiera zure bizitzako unerik gogoangarrienetako bat izango da ziurrenik.

Bai horixe. 1945eko abuztuan Parisa joateko baimena eman zidaten, eta han Euskadiko Ordezkaritzara joan nintzen, sartu-atera bat egitera. Agustín Alberrok eta Javier Landaburuk jatetxe eder batean bazkaltzera eraman ninduten. Hura bai betekada! Gogoan dut oraindik ere. Egun horiek ez zuten benetan gertatzen ari zirenik ematen, amets baten bezala sentitzen nintzen: zauritu egin ninduten, gerratik onik atera nintzen, irabazi egin genuen gainera, eta Euskadi... Euskadi bertatik bertara ikusten hasiak ginen.

Baina, Agirre lehendakariak bestelakorik pentsatzen bazuen ere, aliatuen garaipenak ez zigun euskaldunoi ezertxo ere ekarri.

Egia da. Baina aliatuek ez gintuzten traizionatu, ez zuten inolako itunik hautsi. Aliatuek sekula ez zuten Francoren erregimena suntsitzeko promesarik egin...

Eisenhower Francori laguntzera etorri izan ez balitz, gertakariek beste bide bat hartuko zuketen akaso.

Gauza bakoitza bere testuinguruan kokatzen jakin behar da. Estatu Batuek ez zioten Francori maltzurkeriagatik edo traizionatzeagatik lagundu, Europa komunismoaren aurrean defendatzeko base bat behar zutelako baizik. Alemania birrinduta zegoela, Frantzia jota, eta kontinente osoa gerra zela-eta erabat ahulduta, Estatu Batuek ezin zuten arriskurik hartu. Inguruabarrak hobetzeko zain gelditu ziren Espainia demokratizatzeko.

Edonola ere, esan beharra daukat 1953an Washingtonek eta Madrilek diktadura frankista sendotzeko sinatu zituzten akordioek buruhauste asko eragin zizkidatela. Eta, niri bezala, beste jende askori. Hamar urte lehenago egin nuen bezalaxe, 1953an Agirre lehendakariarengana jo nuen, iritzi eske. Ohi baino begitarte goibel eta nekatuagoarekin, baina betiko ziurtasun eta apaltasunez, honela esan zidan: “Euskaldunok nahitaez borrokatu behar ginen askatasunaren alde. Bizilagunaren etxea sutan ikusten duzunean, lagundu egin behar diozu, zein baldintzetan lagunduko diozun eztabaidatzen hasi gabe”. Ez zen traiziorik egon. Gure eginbeharra musu-truk borrokatzea zen.

Gerra amaitutakoan, itzuli al zinen Euskal Herrira? Nola aurkitu zenuen?

1946ko uztailan joan nintzen lehenbizikoz, eta sekulako zirrara eragin zidan. Herria paralizatuta zegoen, herritarrak izututa (kartzelak jendez gainezka zeuden, eta errepresaliak oso gogorrak ziren), milaka polizia eta gudari ibiltzen ziren zelatan... Hornidurarik ere ez zegoen. Ez zeukaten ezer. “Hau ez da gaztetan ezagutu nuen herria”, pentsatu nuen.

1948ko irailean Eusko Ikaskuntzak bere VII. Kongresua ospatu zuen Miarritzen, eta bertan antolaketa lanetan hartu zenuen parte.

Aldi hartan Historia eta Politika Zientziak ikasten ari nintzen Cornell-ko Unibertsitatean, baina udan Miarritzera etortzen nintzen, oporrak sendiarekin igarotzera. Agirre lehendakariaren kabinetea José Antonio Durañonak zuzentzen zuen, oso gizon bizkor eta ausarta bera, eta gazte gutxi batzuk aukeratu gintuen Kongresuko Harrera Batzordea osatzeko. Gure zeregina hizlariak eraman eta ekartzea zen, eta behar zuten laguntza ematea.

Kongresu hura ideologiaren aldetik askotarikoa izan al zen?

Inguruabarrak kontuan izanik, baietz esango nuke. Ez ahaztu Bidasoaz bestaldeko oso euskalari gutxik izan zuela etortzeko aukera. Gehienak errefuxiatuak ziren, Eusko Jaurlaritzak erbestean zuen jendea, Frantzian eta beste herrialdeetan euskaldunekin bat egiten zuen jendea, intelektualak, irakasleak... Ah, beno, eta polizia ere bai.

Polizia?

Gure ohiko txantxa zen. Kongresuan sartu orduko, “ikusi al duzu polizia?” galdetzen genion elkarri. Ziurtzat ematen genuen polizia espainiarren bat egongo zela gure artean infiltratuta. Baina batek daki...

Handik sei urtera Baiona eta Ustaritzen egindako VIII. Kongresuan, idazkari izan zinen.

Bi arrazoigatik izendatu ninduten idazkari: batetik, pasaporte amerikarra neukanez, inolako arazorik gabe zeharka nezakeelako muga; eta, bestetik, automobila neukalako, batzarkideak ekarri eta eraman ahal izateko. Bi eserlekutako MG kabriolet bat neukan, ikusgarria benetan. Behin gotzain baten bila joan behar izan nuen Hondarribira, eta muga zeharkatzean poliziak harri eta zur gelditu ziren gotzain bat halako kabriolet txiki eta moderno batean ikustean.

Hain eskas al zebilen erakundea?

Ideia bat egin dezazun, Kongresu hura “postulazioari” esker finantzatu zen. Miarritzeko merkatari bat, Aróstegui izenekoa, egitarauan iragarki bat ipintzeko konbentzitu nuen. Kongresua nahiko pobrea izan zen, baina hunkigarria. Bi komunikazio prestatu nituen: bata, Filipinetan zeuden euskaldunei buruzkoa, bi urte lehenago lur haietan izan bainintzen, eta bestea gero nire tesian landuko nuen gai bati buruzkoa: Bizkaiko Foruak, Zuzenbide tradizional anglosaxoi eta latinoarekin konparatuta. Horretarako, Jesús de Galíndez adituarekin bildu nintzen hainbatetan.

Handik urte batzuetara, Historia Garaikideari buruzko “Bidasoa” Institutua sortu zenuen, iraganaren memoria berreskuratzeko xedearekin.

1962. urtearen inguruan, Txomin Epalza, Eugène Goyheneche eta ni neu konturatu ginen ezinbestekoa zela jendearen oroimenean eta agirietan jasota zegoen Gerra Zibilaren historia berreskuratzea, bestela behin betiko ahaztu edo deuseztatzeko arriskua zegoelako. Diktadura garaia amaitutakoan eman nahi genion gure lana Eusko Jaurlaritzari. Eta horrela ekin genion agiriak bildu eta elkarrizketak egiteari. Azkenaldian liburu dezente eman ditugu argitara: El hospital de La Rosearaie (1937-1949); Manuel de Ynchausti, un mecenas inspirado, etab. Orain beste asmo batzuk dauzkagu.

Esaterako?

Bitxia bada ere, Euskal Herri osoan ez dago Gerra Zibileko biktimen aldeko oroitarri bat bera ere. Euskaldunok gure Historian oso urrutiko gauza bat bezala ikusten dugula ematen du. Horregatik, “Bidasoa” taldeko kideok Hernaniko hilerrian oroitarri bat ipintzeko ekimena bultzatzen ari gara. Hernaniko hilerrian 36an fusilatutako 200 lagun daude hobiratuta. Ikusiko dugu zer gertatzen den...

Zorte on izan dezazuela, Gamboa jauna. Eskerrik asko. José María de Gamboa (Bilbo, 1926) José María de Gamboa Marino de Gamboa enpresariaren semea da, Gerra Zibilaren garaian Mid-Atlantic Shipping Company konpainiako zuzendaria izan zena. 1936an Frantziara erbesteratu zen sendi osoa, eta nazien inbasioa gertatzean Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren. Adin nagusitasunera iristean, José María US Army-n sartu zen, eta 1944ko ekainean Frantzian izandako lehorreratzean hartu zuen parte, Patton jeneralaren III. Gudarosteko infanteriako dibisio batean. Ardenetako borrokan zauritu egin zuten, baina lerrora itzultzeko eskaera egin zuen, eta frontean zela eman zitzaion amaiera gerrari. Historian eta Politika Zientzietan lizentziaduna da Cornell-ko Unibertsitatean, eta euskal Zuzenbidearen eta Zuzenbide anglosaxoi zein latinoari buruzko alderaketari buruz prestatu zuen bere tesia. Halabeharrez, 50eko hamarkadaren erdialdean automozioko osagaien industrian hasi zen lanean, eta multinazional iparramerikar bateko goi zuzendaria izan zen, erretiroa hartu zuen arte.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Antonio Altarriba. Gaztelaniazko eleberriaren Euskadi 2003 saria: Gaztelaniak ere jaso behar du erakundeen babesa

 

Irakurri

Miguel Ángel Sáenz Recalde. Peritu kimikoa eta enologoa: Sagardotegi handien erronka nagusia, atzerrira esportatzeko moduko sagardo naturala ekoiztea da, itxura hobea eta egonkortasun handiagoa dituena

 

Irakurri

Itziar Usabiaga. Aspace Gipuzkoako zuzendari nagusia: Herrialde baten garapen maila baloratzeko, kontuan hartu beharko litzateke zenbateraino identifikatzen den beharrik handiena daukan jendearekin

 

Irakurri

Xabier Santxotena. Eskultorea: Jendeak agote izateagatik lotsa beharrean poza sentitzearren ari naiz lanean

 

Irakurri

Jocelyne Verret. Québec-en sortu eta bizi den euskalduna: Altxorra eta leihoa da euskara, niretako

 

Irakurri