Antonio Altarriba. Gaztelaniazko eleberriaren Euskadi 2003 saria: Gaztelaniak ere jaso behar du erakundeen babesa

2005-01-05

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

GARMENDIA IARTZA, Koro

Jende gutxik ezagutzen zuen Antonio Altarriba idazlea, harik eta eduki erotikoko lanei ematen zaien “Sonrisa Vertical” sariko finalista izatera heldu zen arte. Idazle erotiko etiketari muzin egin gabe, Altarribak beste aurpegi batzuk ere badituela erakutsi nahi digu. Besteak beste, Literaturako katedraduna, unibertsitateko irakaslea eta gaztelaniazko eleberriaren Euskadi 2003 sariaren irabazlea dugu.

Jende gehienak “La Sonrisa Vertical” saria jaso zenuenean ezagutu zintuen. Isilean bizi zinen ordura arte?

Bai, sari horrek aldizkari eta fanzine txikietatik haratago joateko aukera eman zidan. Urte asko neramatzan komikiak, aldizkariak, gidoiak eta ipuinak idazten, 70eko hamarkadaz geroztik hain zuzen ere, baina nire lehendabiziko liburu serioa 1993an idatzi nuen, Ikusager argitaletxearekin, "El filo de la luna" izenekoa. Sonrisa Vertical saria 1996an jaso nuen, eta berari esker kanpoan ere eman nintzen ezagutzera. Liburuaren salmentek, gainera, gora egin zuten, beharbada literatura erotikoaren xarmak hobeto saltzen lagundu zuelako. Poz handiak eman dizkit liburu horrek, eta, gainera, gehien saltzen dena da.

Literatura erotikoa ere ondo saltzen da orduan.

Gustatu edo ez, nik uste literatura erotikoa oso erakargarria dela. Erotismoa oinarri-oinarrizkoa da gizakiontzat, baina, sarritan, kulturak, erlijioak edo moralak tabu bat bailitzan ikusten dute; debekatu, disimulatu edo ezkutatu egin beharko balitz bezala. Duela gutxira arte, oso balorazio txarra izan du sektore jakin batzuetan. Baina nahikoa da gaia ondo lantzen eta garatzen jakitea, irakurleek beren oniritzia emateko. Dirudienez, liburu batek, estimulu bat sortzekotan, espirituan eta adimenean egin behar du; irakurlearen fisiologia estimulatzea gaizki ikusia dago.

Litekeena da zure liburua irakurtzen duten batzuek pentsatzea: “bai ergela hau idatzi duena!”

Bai, ergel, lizun edo perbertitu batek. Zigor mota bat da. “Esku bakar batekin irakurtzen diren liburuak” esamolde peioratiboa Rousseauk erabili zuen lehenbizikoz, XVIII. mendean. Baina batzuentzat arbuioa dena, mirari handi bat da niretzat. Zerekin eta liburu batekin, fisiologia ernarazten duzu, amets erotikoak sortzen, berotzen. Ez nintzateke batere gorrituko inork esango balit oso tarte atsegina igaro duela nire liburuarekin, berotu egin dela, zer dakit nik... Liburua benetan ondo egina dagoela pentsatuko nuke.

Beste alde batetik, nire ustez idazleontzat erronka modukoa da sexualitatea behar bezala islatzea, sentipenez eta estimuluz betetako mundu bat delako, hain berdina eta, aldi berean, hain ezberdina. Izan ere, bakoitzak bere sexualitatea du. Nola deskribatu hain sentipen sakonak, ia deskribaezinak dira-eta? Zaila izaten da oso sentipen horiek hitzez azaltzea. Horixe da idazlearen erronka. Aurreiritzi moral eta erlijiosoek, baina, ilundu egiten dute erronka hori.

Nahiko ondo omen daramazu literatura erotikoaren idazle etiketa.

Tira, onartu behintzat egiten dut. Nik pornografo bezala ikusten dut nire burua, hitzaren zentzu hertsian, nahiz eta jakin badakidan askotan zentzu peioratiboa ematen zaiola. Nik literatura erotikoa aldarrikatu egiten dut, ez baita bigarren mailako literatura, lehen mailakoa baizik. Inoiz ez diot bizkarrik eman, idazle batzuek egiten duten arren. Almudena Grandes, adibidez, “La Sonrisa Vertical” sariari esker eman zen ezagutzera, baina beti etiketa hori gainetik kendu nahian ibili da. Niri iruditzen zait etiketa bat kentzeko zenbat eta ahalegin gutxiago egin, orduan eta zama arinagoa izaten duela etiketak. Baina ez dut uste jendeak pornografo ofizial bezala ikusten nauenik. Gehiago ezagutzen ditu nire beste alderdi batzuk: irakaslea, komikigilea, argazkilaria, etab. Literatura erotikoa, beste alderdi bat baino ez da.

Iazko urtean, gaztelaniazko eleberriaren Euskadi saria jaso zenuen. Zenbateko garrantzia eman zenion golardoari?

Oso handia. Ni ez naiz idazle ospetsu bat; ez ditut argitaletxe guztien ateak zabalik izaten, eta, beraz, sariak lagundu egin zidan. Literaturaren munduan, gutxi batzuk salbu, beste guztiok oso lur ezegonkorretan ibiltzen gara, zoriaren esku: argitaletxe bat aurkitu, aurreko liburua ongi saldu, etab. Horregatik, Euskadi sariak gogoberritu egin ninduen, eta egitasmo berriak sortzera bultzatu. Nora iritsi nahi dudan ez dakit; dakidana da aurrera jarraitu nahi dudala. Norbaitek zure lana baloratzen duela ikustean, idazten jarraitzea merezi duela konturatzen zara.

Zer pentsatu zenuen irabazlea zu zinela jakitean? “Merezita neukan”, “bazen garaia”, “zer nahi ote dute hauek”...

Ez, ez, horrelakorik ez. Euskadi sarien gardentasunaren inguruan ez daukat inolako zalantzarik. Besterik dira nazio mailan ematen diren sari garrantzitsu batzuk. Faktore ugari izaten da tartean: epaimahaikideen gustuak, zortea, halabeharra...

Duela ez asko, Peña Ganchegi arkitektoak esan zuen orain diruzko sariak baizik ez zaizkiola interesatzen. Zer iruditzen zaizu?

Ja, ja, ja... Peña Ganchegik daukan adinarekin, ziur aski dezente luzeagoa izango da iragana etorkizuna baino; beraz, ulertzen dut bere kezka. Ni ez nago egoera horretan, baina auskalo zer pentsatuko ote dudan 80 urtetik gora izatean. Niri, Euskadi sariak, diru kopuru politaz gain, animoa eman zidan, batez ere animoa. Gainera, eleberriaren salmentek gora egin zuten.

Euskadi 2003 saria jaso zenuen ekitaldian, Juan José Ibarretxe lehendakaria bertan zela, kritiko azaldu zinen euskal exekutiboak kulturaren arloan daraman politikarekin. Gogoan izango duzu.

Ez dakit mezu hura ongi interpretatu ote zen. Tamalez, herrialde honetan jendea bi bandotan banatu ohi da sarritan, eta bakoitzaren iritzia bi zentzutan interpretatzeko ahaleginak egiten dira, bando batetik bestera eramateko. Nire hitzaldian frentismo hori gainditzeko beharraz mintzatu nintzen hain zuzen ere. Eta Erkidegoko beste hizkuntza ofizialak ere, gaztelaniak alegia, erakundeen babesa behar duela aldarrikatu nuen. Gaztelaniazko literaturaren Euskadi sariaz gain, Eusko Jaurlaritzak ez die gaztelaniaz aritzen diren idazleei beste inongo babes edo diru-laguntzarik ematen. Oraingoz bagaude zenbait lagun, baina ez daukagu erreleboa hartuko digunik. Euskarak dituen beharrak asetu behar izateak ez du esan nahi gaztelaniari bizkarra eman behar zaionik.

Nire hitzaldian esan nahi nuena da gaztelania ez dela euskararen etsai, zenbaitetan hemen esaten den moduan. Aniztasuna, nire ustez, ez da borrokak pizteko arrazoi bat, baizik eta aberastasun iturri bat. Aniztasuna borrokarako deia egiteko arrazoi bat dela dioten politikariek oso erantzukizun handia daukate. Dena den, politikari guztiak zaku berean sartzean, hanka sartu nuen segur aski. Iruditzen zait izan ditugun eta dauzkagun tirabira asko goitik datozkigula. Sinestarazi nahi digute euskal gizartean oso arazo larria dagoela, eta politikariak konpondu nahian dabiltzala, baina arazoa loditzen besterik ez dira ari. Eta hori, nahiz eta Aznar eta PP Gobernutik atera eta lasaitasun handiagoarekin bizi garen... Arazoak konpontzen beharrean, gatazkak pizten ari dira. Eta hori salatu egin behar da, ez direlako beren egitekoa betetzen ari. Hori zen nire mezuaren muina. Pozten naiz gauzak argitzeko aukera eman didazulako.

Literaturako eskolak ematen dituzu Euskal Herriko Unibertsitatean. Aukeratzekotan, irakasle ala idazle?

Irakaslea eta idazlea naiz, eta, gehienetan, bi gauzak batera. Irakasle naizenean, ematen duena baino askoz ere idazleagoa naiz. Nire ikasleek beren alde daukaten gauza bat da nik literatura aktiboki ezagutzen dudala, ez pasiboki. Irakurtzeaz gain, idatzi ere egiten dut, eta hori plus bat da. Oso ikuspegi aberatsa daukat literaturari buruz. Literaturaren historia, kontzeptuak eta teknikak askoz ere hurbilagotik ezagutzen ditut. Beraz, irakasle idazlea naiz ni, eta idazle irakaslea. Oso ongi ezkontzen dira bi alderdiak, ez dira inolaz ere kontrajartzen.

Frantses Literaturan katedraduna. Jakina! Horregatik daukazu idazten aritzeko astia!

Bai ba. Beste lanen bat izango banu, zaila idazten aritzea. Alde horretatik, zorionekoa naiz, karrera unibertsitarioan ikerketak egiteko astia ere izaten dugulako, garrantzitsua baita irakasleak ikertzeko eta prestatzeko denbora izatea. Errektorea eta agintari akademikoak nirekin bat etorriko ez diren arren, niretzat, literaturako irakasle naizen aldetik, eleberri bat idaztea ikerketa proiektu bat egitea da.

Komikizalea ere bazaitugu. “La España del Tebeo” liburua idatzi duzu.

Liburu hori 2001ean argitaratu nuen, 1940tik gaur egunera arte Espainian izan diren komikien errepasoa egiteko. 40ko hamarkadaren hasieran, Espainia basamortu baten modukoa zen, ez zegoen ezta komikiak inprimatzeko paperik ere. Ahaztu egin dugu 40, 50 eta 60ko hamarkadetako hedabide nagusia komikia zela: TBEO, Pulgarcito, Capitán Trueno, El Guerrero del Antifaz, Roberto Alcázar eta Pedrín, adibidez, gure kulturaren ikonoak ziren, Carpanta, Zipi eta Zape, Mortadelo eta Filemón edo Gilda ahizpak bezala. Jendeak pertsonaiak bai, ezagutzen zituen, baina ez zekien ez nortzuk ziren egileak, ez non sortuak ziren, ez nola.

Inolako mezu ezkuturik izaten al zuten komikiek? Zentsuratzen al ziren?

Bai. Baina haurrei zuzendutako produktuak zirenez, zentsura frankistari ez zitzaion iruditzen kalterik sor zezaketenik, eta, beraz, oso azaletik begiratzen zituzten. Zentsuratzaileak anatomiari begiratzen zion. Adibidez, espainiar bertsioetan, Jane, Tarzanen neskalaguna, gona luzeekin agertzen zen, eskoterik gabe. Marrazkilari batzuk espresuki marrazkietako jantziak ukitzeaz arduratzen ziren. Baina komikiek bazuten beste alderdi bat, oso interesgarria: gizartea islatzeko modua. Oso adibide garbi bat, Carpantarena dugu. Belaunaldi gazteentzat beti goseak dagoen pertsonaia komiko bat besterik ez da izango, oilasko erreekin amesten duena. Baina, alajaina!, zenbat Carpanta ote zegoen garai hartan! Escobarren lehendabiziko istoriotxoak eta 1947an sorturiko Carpanta, orduko gizartearen ispilu ziren. Carpanta ez zen pertsonaia komiko bat, ezta gutxiagorik ere. Non ikus zitezkeen gabezia eta gosea komikietan baino argiago? Don Píoren komikietan, laneko esklabotza ikusten zen, esplotazioa, langile zuriak, zorigaiztoko bulegoak, nagusi ahalguztidunak, langileekin nahi zutena egin zezaketenak. Gilda ahizpekin, berriz, maitasun beharra, neskazaharren mundua, sexualki eta afektiboki frustratuta zeuden emakumeak. Komikietako binetek orduko soziologia erakusten digute. Haurrentzako produktu kaltegabe eta barregarriak zirelakoan, zentsuraren guraizeetatik libre gelditu ziren. Nire ustez, Espainiak XX. mendearen bigarren erdialdera bizi zuen egoerara gerturatzeko modu paregabea dira, orduko jendearen bizimoduaren gaineko ikuspegi freskoa, herrikoia eta oso zehatza ematen digutelako. Gainera, 60ko hamarkadatik aurrera gizartea kontsumismoan sartzen hasi zenekoa ere ikus daiteke komikietan. Zubiaren azpian bizitzen jarraitzen duen Carpantak telebista bat erosten du, zertarako, eta sukaldaritzari buruzko programak ikusteko. Trantsizioarekin, beste komiki batzuk agertuko ziren: El Víbora, Ajo Blanco, Star, Ramblas, mobidako pertsonaiak, frankismoaren aurkako mugimenduak, drogen mundua, diseinuko drogak, posmodernitatea, etab. Hori guztia ondo baino hobeto ikustean da komikietan.

Vitoria/Gasteizen urte asko daramatzazun arren, berez Zaragozakoa zara.

1975-1976 ikasturtearekin batera iritsi nintzen Vitoria/Gasteiza. Beraz, ia 30 urte daramatzat hemen, Zaragozan baino gehiago. Txikitako eta gaztetako lagunak han badauzkat ere, nire lana eta harremanak hemen dauzkat, Vitoria/Gasteizen. Dena den, ez pentsa jatorriari edo erroei hainbesteko garrantzia ematen diedanik. Ez zait oilo ipurdirik jartzen jota bat entzutean, edota Pilarika egunean zutik jartzean. Nik aberria nirekin daramat beti, nire aberria itxaropenak, esperientziak eta maitasunak direlako.

Nola ikusten duzu euskaldun jendea? Eta zeure burua?

Ziur aski, esatera noana hemen jaio den jende askok ere pentsatzen du. Kezka bat da, edo, hobeto esanda, kezkarik eza: kuestio nazionala alegia. Ez naiz ausartzen ezta gatazka edo liskar deitzera ere, maiz horrela izendatzen badute ere. Esaten nizun bezala, jende askori, guztiari ez baina, arazo horri egurra botatzea interesatzen zaio, eta horrek debate guztiak usteltzen eta antzutzen ditu. Pertsona bat epaitzeko parametroak nortasunaren inguruan duen ideologiak izan beharra ere... Agian, nire arbasoak akratak zirelako edo hezkuntza berezia jaso dudalako daukat jarrera hau. Zaragozan baino gehiago, Frantziako hegoaldeko giro anarkistetan hezia naiz ni, uda guztietan hara joaten baikinen, aita anarkista zen-eta. Eta haiek erakutsi zidaten “ez Jainkorik, ez aberririk, ez erregerik” leloa. Horrelako sustraiak edukita, ezinezkoa zait debate horietan sartzea; ahal izanez gero, ekidin egiten ditut. Ezin dugu beti geure zilborrari begira egon, ikusten ea ehuneko zenbatean garen euskaldun eta ehuneko zenbatean espainiar, eusko-espainiarrak ote garen, edo euskaldun-euskaldunak, edo espainiar-euskaldunak, edo espainiar-espainiarrak, edo batek daki zer. Beste mundu bat da, beste hezkuntza bat. Baina auskalo zer pentsatuko nuen hemen jaio izan banintz, beste egoera batean bizi izan banintz. Segur aski, ezberdin pentsatuko nuke, azken batean gutako bakoitza bere bizitzaren historiak taxutzen duelako. Inolako aberririk baldin badut, nire aita eta ama dira. Sendiak, lagunek eta gure mundu txikiak osatzen dute gure aberria. Dena den, ezin uka euskaldunen artean jokabide batzuk antzematen ditudala, eta gustatzen zaizkit gainera. Adibidez, lan egiteko modua, seriotasuna, konpromisoa, etab. Ni oso gustura ari naiz hemen lanean, eta, gainera, gero eta gehiago estimatzen dut. Antonio Altarriba Antonio Altarriba jaioleku duen Zaragozatik Vitoria/Gasteiza iritsi zenean, Barazar zen Arabako hiriburuaren eta Bilboren arteko lotune nagusia, Eusko Jaurlaritzak gaur egun Lakuan dauzkan bulegoen kokalekuan zaharren egoitza bat eraikitzen ari ziren, eta Valdano Deportivo Alaveseko jokalaria zen. Altarribak ia 30 urte daramatza Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campusean Literatura eskolak ematen. Horra hor “ez Jainkorik, ez aberririk, ez erregerik” leloa irmo jarraitzen zuen anarkista baten semeari buruzko xehetasun gutxi batzuk.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Miguel Ángel Sáenz Recalde. Peritu kimikoa eta enologoa: Sagardotegi handien erronka nagusia, atzerrira esportatzeko moduko sagardo naturala ekoiztea da, itxura hobea eta egonkortasun handiagoa dituena

 

Irakurri

Itziar Usabiaga. Aspace Gipuzkoako zuzendari nagusia: Herrialde baten garapen maila baloratzeko, kontuan hartu beharko litzateke zenbateraino identifikatzen den beharrik handiena daukan jendearekin

 

Irakurri

Xabier Santxotena. Eskultorea: Jendeak agote izateagatik lotsa beharrean poza sentitzearren ari naiz lanean

 

Irakurri

Jocelyne Verret. Québec-en sortu eta bizi den euskalduna: Altxorra eta leihoa da euskara, niretako

 

Irakurri

Soko Romano. Ontzi Museoko zuzendaria: Museoak organismo bizia izan behar du, etengabe mugitzen aritu

 

Irakurri