Gure gaitz gehienak, mendebaldarrak garen heinean, nahigabeak edota frustrazioak eragiten ditu, beti agindu diguten zoriontasun hori erdietsi ezin dugulako alegia. Dena den, agian komenigarria litzateke zera gogoan izatea, gizakion burmuina ez dago horretarako prestatuta... hau da, zoriontsuak izatea ez da horren funtzio nagusia.
Bai, ikuspegi eboluzionistak dioenez, naturan hainbat aldaketa gertatzen dira etengabe eta munduan sumatzen dugun aniztasuna oso handia da —hori ere egunero ikusten dugu—. Gainera, aniztasun horren barruan “hautaketa naturala” esaten dioten prozesuaren bitartez aukeraketa bideratzen da, burmuina sortuz. Beraz, ikuspegi eboluzionistaren arabera, burmuina ez zen egitasmo zehatz baten ondorioz sortu, aitzitik mutazioak, aldaketak, moldakorrak bilakatu diren prozesuen ondorio izan da. Guzti horrek gizakiok aurrera egitea ahalbidetu du, ugalketa bermatu du, errealitatearekin bat egiten duen burmuina izateak aukera handiagoak eskaini die inguruko lagunei bikotea topatzeko, seme-alabak edukitzeko, ugaltzeko... Beraz, esan genezake burmuina “hautaketa naturala” horren bidez sortu dela eta ez zoriontsuak izateko.
Behin burmuina eskuratu eta gero, zoriontsuak izaten saia gaitzeke, eta hori baliagarria eta positibo da, baina ikuspegi eboluzionistak arabera, berez existitzen dena benetan funtzionatzen duelako existitzen da eta hautaketa naturalaren arabera aukeratua izan da. Garrantzizkoa gertatzen da hastapen hori psikologian eta psikopatologian aplikatzea. Hau da, buruko nahasketak eboluzioak berak hautatu ditu eta horrela izanik, nolabaiteko zentzua badaukate.
Gure burmuina primitiboa da, jatorriz narrastien antzekoa, eta horren gainean ugaztunena eratu zen. Azkenean, gizakiona egituratu zen, arrazionala. Hain maila ezberdinak bateratzea, berez gertatzen da? Gizakion arabera prozesua aldatu egiten da?
Burmuina pixkanaka eta etengabe eratzen joan da, hau da, guk ezin dugu burua itzali, hil egingo ginateke. Nik adibide bezala hainbat pisu dituen autobusa aipatzen dut, pixkanaka eta etengabe eratzen den autobusa. Horrela, narrastien antzeko burmuina dugu, berau espezie primitibo guztietan ageri da, narrastietan, eta abar. Jarraian ugaztunen burmuina dugu, bertan emozioak, atxikimenduak, loturak biltzen direlarik. Eta horiekin batera, burmuin kortikala dugu, arrazoia eta oroimena jasotzen dituena. Berez, bata bestearen gainean eratzen joan dira, etengabe, ahal izan dugun bezala. Horregatik, gizakiok moldatzeko arazoak izaten ditugu, izaera heldugabea agerian uzten dugu, horregatik hainbat lagunek buruko nahasketa sumatzen dute, zailtasunak dituztelako hori burmuin horiek bateratzeko behar den moduan lan egin dezaten.
Zentzu horretan, ez dugu buruko nahasketa estigmatizatu behar, ezin ditugu pertsona horiek gaizkiletzat jo, ezezkotasunaren ikurtzat hartu: burmuina eboluzioaren barruan garatu den etengabeko prozesu konplexu baten ondorio da, eta eraikuntza horren izaera dela eta, guztioi zaila egiten zaigu berau gizakion jokabidearekin uztartzea, gutxi batzuei oraindik gehiago kostatzen zaielarik.
Joseba Achoteguiren Los trastornos mentales. Un enigmático legado de la evolución liburua.
Zure liburuan Los trastornos mentales. Un enigmático legado de la evolución (El Mundo de la Mente argitaletxea, 2012) honako galdera hau erantzuten saiatu zara: “Zergatik aukeratu du eboluzioak psikodibertsitatea eta ez ditu buruko nahasketak ezabatu?” Zer da psikodibertsitatea?
Psikodibertsitatea hitza bera ez da normalean psikologia esparruan erabiltzen. Berez, era askotako ezaugarri eta jokabide psikologikoek osatzen dute. Horiek guztiak dauzkagu. Hautaketa naturalak aukeratu egin ditu eta bere horretan mantentzen ditu. Horrela bada, nolabaiteko balio izango dute.
Zentzu horretan, buruko nahasketak gure eguneroko bizitzan bitxiak iruditzen zaizkigun portaerak lirateke, baina hala ere eboluzioan barrena bizi izan ditugun hainbat une zailetan portaera horiek egokiak izan zitezkeen. Adibidez, psikosia: esaten dutenez, berau sufritzen duten lagunak moldatu gabeko portaera dute, arazoak etengabe sortuz. Baina eboluzioaren oso une latzetan, bizirik irautea zaila gertatzen zenean, halako portaerek bere balioa zuten, horregatik guregan gordetzen ditugu horiek eragiten dituzten geneak, eta hauek ugaltzen joan dira. Horregatik gordetzen ditugu buruko nahasketak eragiten dituzten geneak. Kontua da, jende gehienak uztartu eta kontrolatu egiten dituela. Baina pertsona guzti batzuk mota horretako gene asko dituelako, edota haurtzaroan oso egoera larriak bizi izan dituelako, edota euren inguruko lagunek ez dituztelako onartzen, ez dituzte ulertzen eta baztertu egiten dituztelako, traumak eta egoera latzak bizitzea egokitu zaie. Horrela, buruko nahasketa esaten diogun hori agerian geratzen da.
Berez, gordeta daukagun erantzun zerrenda bat besterik ez da.
Bai, horrelako zerbait litzateke. Noski, ahalik eta zerrenda luzeena edukitzea interesatzen zaigu, ez baitakigu eboluzioak berak ibilbidearen hurrengo iskinean zer eskainiko digun. Hobe izango da hainbat jokabide eskura izatea eta ez bakarrik gaur egun egokiak suertatzen diren hiruzpalau portaera, baina bihar? Esaterako, orain badakigu eboluzioan zehar Mexikoko Yucatan inguruan erori zen meteorito handi batek Lurreko espezien % 90a deuseztatu zuela. Une hartan oro har arrakasta gutxi zeukaten hainbat organismo bakarrik iraun zuten bizirik. Ez dakigu bihar zer gertatuko den. Hobe izango da eskutan ahalik eta karta gehien edukitzea, baita baten bat ezkutuan ere.
Egoera latzak bizi izan dituztenek sumatzen duten trauma aipatu dut. Pertsona horiek deskribatu duzun “Ulisesen Sindromea” sufritzen dute Zein diren horren ezaugarriak eta seinaleak? Eta ondorioak?
Gaur egun atzerrira joateak milioika pertsonengan estres maila handia sortzen du eta horrek askotan gizakiok berezkoa dugun moldaketarako ahalmena bera gainditzen du. Pertsona horiek Estres Kronikoa eta Anitzarekin Etorkinaren Sindromea sufritzeko arriskua daukate, hau da, Ulisesen Sindromea (berez Greziako heroia eredutzat hartzen da, maite zituen lagunengandik urrun bizi izan zituen arrisku eta ezbeharrak direla medio). Berez, 80. hamarkadaz geroztik etorkinen buruko osasuna zaintzen burutu dugun lanean ez dugu egun bizi dugun hain egoera larria ikusi. Eta hala ere, gure ustez egungo migrazioak aztertzerakoan gizakia bera ezer ezean geratzen da, ez baitzaie sentimenduei behar bezalako arreta eskaintzen, migrazioaren protagonisten bizipenei: etorkinei alegia. Migrazioen alderdi ekonomikoa edo demografikoa besterik ez da aintzat hartzen.
Etorkinengan estresa eragiten duten arazo larrienak honako hauek dira: maite dituzten lagunengandik derrigorrez banandu behar izatea atxikimendua hautsiz, migrazioak berak suposatzen duen proiektuaren porrotak eta aukera ezak eragindako etsipena, bizirik irauteko borroka (janaria non lortu, lo egiteko lekuren bat topatu), eta laugarren arazoa beldurra litzateke, bidaian zehar bizi duten izua (paterak, kamioietan ezkutuan ibiltzea,...), mafiaren mehatxuak, atxiloketak, kanporaketak, eskubiderik ez izateak eragindako babes falta,...
Komenigarria da azaltzea Ulisesen Sindromea buruko osasuna eta psikopatologiaren arteko esparruan egongo litzatekeela. Horrelako egoerei ez zaie garrantzia kendu behar, ez zaiela ezer pasatzen esanez (Hanna Arendt-ek aipatzen zuen “gaizkiaren ezereza” arriskutsua). Bestalde, ezin dira botika hutsekin tratatu etorkinak buruko gaitzen bat dutela besterik gabe esanez.
Nola lagun diezaiekegu?
Kontutan izanik Ulisesen Sindromea ez dela buruko nahasketa, migrazioak eragindako atsekabe latza baizik, estres egoera larria alegia, horren aurkako jokabidea psikosoziala izan behar du (gizarte laguntzarako sarearen hedapena, informazioa, ...) eta heziketa psikologikoan oinarritu behar da hainbat teknika landuz, besteak beste, loaldiaren higienea, gizarte trebetasunak, laguntza taldeak, empowerment delakoa, eta abar.
Ulisesen Sindromea sufritzen duten etorkinak pertsona moldakorra dira, gaitzak onartzeko ahalmen handia dute, baina muturreko egoera batean murgilduta daudenez, laguntza behar izaten dute.
Depresioaz hitz egiterakoan, herrialde garatuetan “XXI. mendeko epidemia” dela esan ohi da. Zer azalpen izan dezake horrek? Berez, depresioa ez dator bat eboluzioarekin, ugalkortasuna oztopatzen baitu.
Kasu honetan hainbat kontu zehaztu behar dira. Tristura eta depresioa ere moldakorrak izan daitezke eta horregatik mantentzen dugu gure baitan tristura eta depresioaren aldeko joera. Tristura geure burua geldiarazten duen mekanismoa da, gauzak okertzen direnean bere horretan uzteko nahia bideratzen du. Tristurarik gabe, etengabe saiatuko ginateke eskuratu ezin ditugun gauzak lortzen, lur jota geratuko ginateke, baliabiderik gabe, eta mina ere hartuko genuke. Beraz, tristurari esker, gelditu egiten gara, gauzak berriro pentsatu eta aztertzen ditugu. Hainbat kasutan, gure bizitzan zehar erabaki garrantzitsuak hartu ditugu porrotaren ostean tristura uneak bizi eta gero.
Beraz, tristura ere moldakorra da. Moldakaitza zera da, aurrera egitea zentzurik ez duenean, gauzak gaizki planteatzen ari garela onartu gabe. Ikuspegi horri helduz, eskura ditugun jokabide psikologiko guztiak nolabaiteko balioa badute, baina kontua da ea noiz erabiltzen ditugun. Triste jartzen baldin bazara pena merezi duen zerbait egiterakoan, une horretan ez da egoerara moldatzen. Baina porrota onartzeko balio baldin badu, oker zeundela ikusteko alegia, orduan positiboa gerta daiteke.
Joseba Achotegui, azken hogeita hamar urtetan barrena, etorkinen buruko osasuna ikertzen aritu da eta lan eskerga hori dela eta, hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Kataluniako Legebiltzarraren Elkartasun Saria edota Kaliforniako etorkin hispanoen elkarteak emandako Jose Chavez domina.
Horri helduz, zenbait kasutan depresioa eta tristura nahastu egiten dira. Zuk oso iritzi zorrotza azaldu duzu “pentsamendu positiboa” esaten zaion horrek ageri duen ezereztea.
Psikologia positiboak oso elementu baliagarriak ditu, baina nire ustez okerreko moduan erabiltzen ari dira, horren xede nagusia jendeak kontsumitzea baita. Positibitateak, gauzak egiteko joerak, kontsumoa areagotzen du, ez diezu arazoei so egiten, ez dituzu zailtasunak sumatzen eta kontsumitzen jarraitzen duzu.
Baikorra izatea ondo dago baina aldi berean tristura onartzea ere garrantzizkoa da. Are gehiago, tristurak badu ere alderdi ederra, tristura artean ageri da, literaturan, olerkietan, ... bestela automata hutsak bihurtuko ginateke.
Paranoia da gehien hedatu den psikosi mota hainbat lekutako gizakion artean. Zer azalpen izan dezake horrek eboluzioaren ikuspegiari helduz?
Paranoiak oso jatorri argia dauka. Zenbat arrisku une bizi izan ditugu gure eboluzioan barrena? Gure espeziea bizirik irautea ia miraria dela esan genezake: harrapakariak, gosea, gaixotasunak, ... oso egoera larritan bizirik iraun dugu. Beldurra eta paranoia hainbat arriskurekin lotuta daude, esaterako, pizti batek irentsi edo eraso egingo gaituenaren beldur, mina, ... Beraz, normala da halako beldurra izatea. Beldurra da sentimendurik primitiboena eta geure burua babestearren ageri dugun gehiegizko mesfidantza da gizakion ohiko akatsa.
Paranoia sufritzen duen pertsona oso sentibera izaten da eta mundua etsaitzat jotzen du. Egi da, nolabaiteko etsaitasuna badagoela, baina ez pertsona horrek sumatzen duen adina.
Gehiegizko erantzuna eskaintzen du, alergiak gertatzen direnean inmunologia-sistemak jokatzen duen bezala alegia.
Berez, buruko nahasketa guztiak gehiegizko erantzunak dira, baina hala ere ez dira erantzun ulergaitzak. Triste dagoen pertsona uler dezakegu, guztioi gertatu zaigu; arriskurik ez dagoen egoera batean sumatzen duen norbait ere uler dezakegu. Buruko nahaste guztiak ulertzeko modukoak dira. Horregatik, psikopatologia eboluzionistaren alde gaudenok ez gatoz bat ohiko psikopatologia ofizialak ageri duen joerarekin, hau da, buruko nahasketa deuseztatu egin behar den zerbait dela, birusa balitz bezala. Ez da horrela, berez ulertu, uztartu, lagundu, ... egin behar da. Jokabide guzti horiek badute nolabaiteko logika.
Beraz, terapia bideratzerakoan kasu hauetan bide ezberdinak hartzen dira.
Ez, terapia mota guztiek pertsona horrek duen arazoari heltzen diote egoera horri hobeto aurre egiteko mekanismoak aurki ditzan; terapiak osaketa du helburu. Agian psikoterapiarekin batera lan egiten ez duen psikofarmakologia litzateke gogorrena, berez sintoma topatuz gero hori kendu nahi du eta kitto. Hori ez litzateke jokabide egokia. Aitzitik, psikoterapiarekin batera bideratutako farmakologiak emaitza onak lor ditzake, berez botikak sintoma zehatz baten indarra gutxitu moteldu egiten baitu. Askotan sintoma bera hain larria bilakatu da ezin dela pertsonarekin hitz egin eta bere arazoak landu ere. Ez baldin badu gutxieneko oreka erdiesten, ezin dugu berarekin hitz egin eta zer gertatzen zaion ulertu.
Azterketa interesgarri honen amaiera aldean, Achotegui doktorea, zera galdetzen diogu geure buruari: orduan, non dago buruko nahasketa eta gaixotasunaren arteko muga?
Berez ez dago horrelako mugarik, continuum antzeko zerbait da. Ezin dugu muga zehatz bat ezarri. Gaur egun, gizakiok bizi izaten dugun moldaketa prozesua, heldutasunik eza edota mugen zati diren hainbat portaera patologiatzat hartzen dira. Halako batean zer idatzi nuen nire blogean: “Lehen bizio eta bekatu nagusiez hitz egiten genuen, orain buruko nahasteak ahoz aho dabiltza” Hau da, gauza guztiak psikologiak mugatutako patologiatzat jotzen dira, psikiatriako diagnosi gidaliburuan (DSM) behatzak sudurrean sartzea ere desoreka bezala hartu nahi omen zuten...
Halako batean gutako bakoitzak bere patologia propioa ere izango du...
DSM gidaliburu famatu horretan hasieran ehun bat desoreka aipatzen zituzten eta egun jada laurehun dauzka, hau da, garapena esponentziala da. Aipatzen duzun horri helduz, lankide batek txantxetan zera esaten zuen: “Azkenean bakoitzari desoreka propioa jarriko digute eta akabo eztabaidak”.Joseba Achotegui Loizate (Durango, 1952) Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntza Doktoretza eskuratu zuen eta Bartzelonako Unibertsitatean Psikiatria espezialitatea. Azken horretan Irakasle Titularra da, Psikopatologia Eboluzionista gaia ematen duelarik. Azken hogeita hamar urtetan barrena etorkinen buruko osasuna ikertzen aritu da eta lan eskerga hori dela eta, hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Kataluniako Legebiltzarraren Elkartasun Saria edota Kaliforniako etorkin hispanoen elkarteak emandako Jose Chavez domina. Horrez gain, Psikiatriako Munduko Elkartearen Kultura arteko Psikiatria Saileko Idazkari Nagusia da. Hedabideen esparruari dagokionez, buruko osasuna dela eta, zabalkunde eta hedapen lan ugari burutu ditu.