Joxean Muñoz. CICC-Tabacaleraren zuzendaria: Tabacaleraren gidoia idazten ari gara

2006-07-14

SALABERRIA, Urkiri

Donostiako “Estación del Norte” tren geltokiaren ondoan geratu gara, CICCeko bulegoetan. Pixka bat lehenago iritsi gara eta Urumearen ibaiertzean hitz orduaren zain gaude. Bat batean bulegoen atea irekitzen da eta Muñoz jauna agertzen zaigu, “pitillo bat erretzera, berriz hasia naiz eta, Tabacaleraren eragina izango da, alegia!” barrezka komentatzen digu. Ordua da jada eta berak prestatzen digun Tea (parentesi artean) hartuz, gozoki hasten gara solasean.

Nolakoa zen zure txikitako Donostia?

Txikia (irribarrez). Nire txikitako oroimenetik aipagarrienetakoa Elbira Zipitria andereñoarekin ikasi nuela da. Oso esperientzia kuriosoa eta polita izan zen, ba garai hartan jendea normalki kolegioetara edo ikastetxeetara joaten zelako eta toki horietan diziplina, banderaren igoera eta halako gauzak egoten ziren eta, berriz, gu ikastolara gindoazen, toki erdi-klandestino batera, aparteko mundua, bitxia eta burbuja bat bezalakoa zena.

Orduan eskolako oroimen polita duzu...

Bai, oso polita. Eta batez ere guk bizi izan genuen metodo didaktikoa eta ikastolaren kontzepzioa oso aurreratua zen eta ez zeukan zerikusirik nire belaunaldikoaren ikasteko sistemarekin.

Eta etxeko giroa?

Sei anai-arrebak gara, eta guraso euskaldunak. Egun osoa joan-etorrian, imajinatu, sei anai-arreba izatea oso entretenitua da, beti dago zerbait, beti dago norbait, beti zaude norbaitekin liskarretan eta beste batekin kide-kide. Oraingo ez bezalako gauza, gaur egun ume batekin iritsiezinean ibiltzen gara. Argazkia: Karlos Corbella.

Zu zara txikienetakoa?

Ez, erdikoa. Eta ondo, oso oroitzapen politak, ederrak. Adibidez, igandero tebeo bat erosten ziguten eta tebeo pilo bat genuen, oso gustukoa nuen.

“Familia ugaria” sortu duzu?

Ez, alaba bakarra. Ez du saltsa hori, mundua aldatu delako. Egungo umeek beste modu batean bilatzen dute saltsa hori, kasu gehienetan bat edo bi dira eta lagunekin moldatzen dira.

Zuk izan zenuena eta faltan botatzen duzun zerbait berreskuratuko zenieke egungo umeei?

Garaiak oso ezberdinak dira, eta oro har umeek duten haurtzaroa oso aberatsa da. Ia gure lanorduak ematen dute beraien jardutean, eskola bukatu eta antzerkia dela, musika dela, margoa dela, dantza dela, ingelesa dela... eta oso ondo. Orduan, nik batzuetan pentsatzen dut ea noiz duten denbora jolasteko "suelto". Badute aspertzeko denborarik? Nik uste dut aspertzeko denbora oso inportantea dela, asperduraren sentsazio hori oso garrantzitsua dela. Ni gogoratzen naiz asperdura une horiekin eta azkenean buelta eman behar zenion, irudimena eta gogoa erabili behar zenuen. Baina gaur egun asperdura bekatu bat dela ematen du, eta umeei ari zaie etengabe "tori,tori, tori... ez aspertu". Bestela, nire ustez, umeak orduan baino hobeto daude.

Gaztaroa iristen zaigu eta ikasteko Artearen Historia aukeratu zenuen. Hemen hasi eta Bartzelonan jarraitu?

Bai, hemen bakarrik Historia zegoen eta Bartzelonan Arte Garaikidea. Orduan Unibertsitate Autonoman aritu nintzen eta oso garai inportanteak izan ziren niretzat, eta denontzako nik uste dut. Batez ere izan nuen unibertsitate giroak eta ikaskideek markatu ninduten, oso giro estimulante, berria eta aberasgarria izan zen-eta. Adibidez, idazten bertan hasi nintzen, bertako lagunek animatuta eta bultzatuta; eta poesia " Oh! Euzkadi" aldizkaria atera genuen (esperientzia bereziki inportantea izan zen). Gero nire agerraldiak izan ditut olerki munduan eta liburu batzuk atera nituen, baina denbora, edo denbora kalitate jakin batekin, izan behar duzu eguneroko bizitzan poesia idatziko baduzu.

“Joxean Muñoz: Idazlea, zinegilea eta erakusketen antolatzailea”, halako definizioak irakurri izan dut hainbat tokitan. Horixe duzu aurkezteko modua?

Argazkia: Karlos Corbella. (Barreak). Beno, gaur egun esango nizuke, CICC-Tabacaleraren zuzendaria eta kitto. Baina gero hasi egin beharko nuke azaltzen zer den Tabacaleraren proiektua eta azkenean luzeago izango zen... orduan ez dakit zer esan (irriz). Egia esanda, nire ibilbide profesionala oso aberatsa izan da eta, agian, dispertsio horri esker, denetarik egin izana, baloratu da nire egungo postua lortzeko. Oso inportanteak direlako barruko azpiegiturak eta txostenak eta abar, baina sormena izatea eta batez ere jardun funtsezkoak dira nire lanposturako. Askotan kudeatzaileek kanpotik egiten dituzte gauzak eta ez dira sartzen sormen mundu horretan. Baina nik nahasketa (eta batzuetan kontradikzioak) hori izan dut eta nahasketa hori izan liteke definitzen nauena.

Enpresa bat, beste lagunekin, sortu zenuen. Zergatik “Tipula”: Hainbat geruza, negargura, mina edo saltsa guztietan dagolako?

Ba halako zerbait izan zen, lagun artean, izena aukeratu genuen... Hasieran Telebistarako produktora bezala sortu genuen, baina, komentatu dugunez, sormen mundu horretan sartuta zaudela ez zara ixten eta erakusketak antolatzen hasi ginen, oso modu naturalean. Komikigileak ginen, gidoilariak (egia esanda horrela definituko nuke nire burua), ikus-entzunezkoetan eskarmentuarekin, ba zergatik ez erakusketa bat? Bai, telebistan edo zineman eserita zaude eta erakusketa batean ez, baina ibilbide bat egin behar duzu eta gidoi bat jarraitu, jendeak esperientzia fisikoa izan dezan.

Parentesi artean esan diguzu gidoilari gisa definituko zenuela zure burua. Zer da gidoilaria izatea?

Ba idazle baten lana baina askoz irekiagoa. Zuk idazten duzuna ez delako ukiezina. Testu bera bakarrik ez da justifikatzen, baizik eta testu hori izanen da beste zerbaiten oinarria, erakusketa, pelikula... eta oso posizio apal batean zaude eta beste guztiek badute eragina izatea eta eskua sartzea. Orduan jakin behar duzu lantaldean aritzea eta besteek bere lana egin behar dutela. Sormena, diziplina (behin eta berriro berridatzi egin behar dira gauzak) eta besteekin elkarlanean egin behar duzula lana kontuan hartzea funtsezkoak dira gidoilaria izateko.

Ahaztu baino lehen, edo bukatu baino lehen, derrigorrez egin behar dizudan galdera: CICC-Tabacaleraz zer esango diguzu?

Ba aurreko galderaren haria hartuta, Tabacaleraren gidoia idazten ari garela. Kontatu egin behar dugu nolakoa izango da, aurreikusi behar dugu nolakoa izango da egunerokoa, lantaldean aritu eta taldea osatu egin behar dugu. Dena den, aurrean dugun erronka oso polita da, eta oso kontuan hartu behar dugu non eta noiz sortzen ari garen. Eta noiz horretan, XXI. mendean, ikusi egin behar da zenbat aldaketak izaten ari diren kulturarekiko (gainera gaur egungo kultur esanahiaren zabaltze horrekin...), eta nola definitu "garaikide" hori.

Kultura eta dibertimendua, kultura eta industria, kultura eta zientzia... non dago muga? Kultura izan daiteke "politicamente incorrecta", kultura izan daiteke gogoetakoa, produktiboa, salgarria, itsusia, gogorra, konfliktiboa, zikina eta atsegina...

Orain bai, eta bukatzeko, ongi iruditzen bazaizu galdera labur batzuk egingo ditugu: Poesia itzuli, bai ala ez?

Nahiz eta ñabardura asko galdu, bai. Dudarik gabe, nik irakurri izan dudan poesia eta literatura oro har, asko eta asko itzulita izan da.

Sormen munduan hainbat “hizkuntzak” menperatzen dituzu. Mezuren bat edo ideia jakin bat errepikatzen duzu?

Ez. Ez daukat munduari “esan beharreko” berezko bat, edo misio berezi bat. Bakoitzaren intimitate hutsa, nire ustez, ez da beste inoren interesekoa. Lanean aritzea, hori da oso gustukoa dudana. (Eta askotan enkarguak egin izan ditut).

Arte edo Sormen gaiaz, zer berri?

Esango nuke gizakien gaiak hasieratik bertatik agortuta daudela. Azken finean zeintzuk dira inportanteenak? Lau gauza.

Adibidez?

Bizitza, heriotza eta sexua... (zer gehiago? Barrez).

Objektu “fetiche” edo beti eskura izan beharrekoa?

Poesia eta Arte Liburuak. Etxean izan behar ditut edozein momentutan hartu ahal izateko.

Ezin zara egon...

Musika eta isiltasunik gabe. Alde batetik musikazale ikaragarri naiz, nire gurasoei esker, eta bestetik isiltasuna, beharrezkoa dut. Ezin dut ulertu nola bizi daitekeen isiltasunik gabe, niretzat, isiltasuna plazerrik handienetakoa baita.

Parentesiak, zer dira?

(Isiltasuna). Diskurtso baten barnean, akotazioa egiteko, erritmo aldatzeko, beste tonu emateko elementu bat. Ahotsa baxuago jartzeko.

Bizitzan, jaso duzun altxorrik handiena? Maite ditudan (eta maite izan ditudanak) pertsonak, batez ere nire alaba. Joxean Muñoz Otaegi (Donostia, 1957) Joxean Muñoz Otaegi donostiarra dugu. Arte Garaikidearen Historian lizentziatua eta Zine gidoien Idazkeran Masterra hainbat sormen-ekin eta kudeaketa arloetan ibili da, eta beti ondo aritzen, bai bakarrik, bai lantaldean (Tipula komunikazio-enpresan). Gehienok gogoratzen gara Joxean Muñozek (Txabi Basterretxearekin batera) eskuratu zuen Goya sariarekin, 2000 urtean "Karramarro Uhartea" marrazki bizidun pelikularengatik, edo "Tortolika eta Tronbon" eta beste batzuk. Idazle bezala deskubritu nahi baduzue, edozein liburutegira joan eta han titulu hauek eskatzea gomendatzen dizuegu: "Parentesiak (etabar)" (1984), "Begien Bizkar" (1991), "XX. Mendeko Poesiaren kaierak". Erakusketaz hitz egin behar badugu beste hainbeste, antolatu dituen artean honaxekoak ditu: Donostiako San Telmo museoan "Atarian" edo "Cristina Enea"gg, edo Koldo Mitxelena Kultur Unean egin ziren "Ivan Zulueta", "J.M. Zabala", "Komikiak 100", "Olariaga", "Isabel Azkarate"... etab. Momentu honetan, Donostiako CICC- Tabacaleraren ardura hartu du eta berak dioen moduan: "gidoia idazten ari dira". Bertan bere sormen, jakinduria eta zentzumen guztiak jarri egin beharko ditu eta ziur izan zerbait ederra aterako dela.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Thierry Malandain. Koreografoa Biarritzen: Koreografo batentzat bere lanean jardutea garrantzitsua da bizirik irauteko eta, bestalde, toki bateratzea lortu behar du

 

Irakurri

Patxi Juaristi Larrinaga. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Zuzendaria: Boloniako prozesua gainean dugu, eta horrek aldaketa garrantzitsuak eskatzen dizkigu. Alegia, gure unibertsitateak Europakoekin homologatu behar ditugu

 

Irakurri

Teresa del Valle. Antropologoa: XXI. mendeak gizartearen mendea izan behar du: biztanleriaren %10ak ezin du gizateria osoari dagozkion baliabideen %90 kontsumitu

 

Irakurri

Joaquim Dolz Mestre. Hizkuntzen Didaktikan eta Irakasleen Prestakuntzan katedraduna Genevako Unibertsitatean: Ez da nahikoa hizkuntza bat erabiltzea; mintzamenak irakasgaia ere izan beharko luke

 

Irakurri

Nerea Mujika. Gerediaga Elkarteko lehendakaria: Ez dakit noraino diren beharrezkoak hainbeste elkarte txiki herri bakoitzean, askotan zentzurik ere ez daukaten muga administratibo batzuei jarraituz

 

Irakurri