Koldo Saratxaga. Irizar enpresako presidentea: Konfiantza goranzko balioa izan balitz, agian ez ginatekeen egoera honetan egongo

2009-04-17

GÓMEZ DE LA PEÑA, Iker

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Koldo Saratxagak, Gipuzkoako Irizar enpresako presidenteak, ez du zalantzarik. Langileengan konfiantza izatea da gakoa, informazioa ematerakoan gardenak izatea eta pertsonak oinarri dituzten proiektuak sortzea. Saratxagak ‘Harreman-estilo berri bat’ lanean bildu ditu premisa horiek guztiak. Obra hori, hain zuzen, ikasle eta enpresari beteranoen oinarri bihur liteke.

Norentzat da zure liburua?

Egia esan liburu laburra da, eta erraz irakurtzekoa. Gazteen, ikasleen eta lanean lehenengoz arituko direnen irakurgai izatea da nire nahia. Besteak beste, horregatik nahi nuen euskaraz argitaratzea. Hala ere, badakit enpresari, exekutibo eta erantzukizun gutxiko (hala esaten diete) langile askok ere irakurri dutela.

Askotan adierazi duzu finkatutako ‘enpresa’ terminoa gaitzesten duzula. Zergatik?

Hauxe da “enpresa” hitzaren esanahia Hizkuntzaren Akademiaren arabera: “Atzerrian saltzeko, ondasunak edo zerbitzuak sortzen diren lekua”. Definizio hori argi lotuta dago ekoizpenari, kantitatearekin estu lotuta dagoen enpresa-ereduari. Ekoizteko, bitarteko materialak dira nagusi: eraikinak, instalazioak, teknologiak… Nire ustez, hori atzoko kontua da; orain, munduko edozein lekutan ekoitzi daiteke edozer, eta prezioa da askotan aldea.

Orain dela zenbait urtetik, egungo egoera berrian, ezagutza da nagusi. Horrenbestez, enpresak ez, pertsonak behar ditugu, baina egiazkoak, ez hitz hutsekoak.

Liburu honetan proposatzen duzun kudeaketa-eredua ez dator bat enpresari eta langile gehienek ezagutzen dutenarekin. Sistema utopikoa da, ala gauza daiteke?

Ez da kudeaketa-eredu itxia, erakundean erabateko aldaketa eragiten duen harreman-eredu berria baizik; barne-harremanak, baina baita bezeroekin, hornitzaileekin eta gizartearekin ditugun harremanak ere.

Une honetan hamabost proiektutan ezartzen ari dira kudeaketa-eredu hori, hainbat arlotan. Orain arte lortutako emaitzak, kualitatiboak nahiz kuantitatiboak, ez dut uste beste “eredu” edo kudeaketa-sistema batzuk dituen “enpresa” multzo batek gainditzen dituenik. Gu prest gaude konparatzeko, eta egia esan, enpresa-munduan ez da halakorik izaten.

“Gakoa” pertsonetan dagoela diozu, ez kudeatzeko “prefrabrikatutako” instrumentuetan. Azal ezazu hori…

Esan nahi dudana da erremintak, prozesuak, prozedurak eta araututa eta aurrez finkatuta dagoen oro ezin dela pertsonen aurretik jarri. Pertsonen balio nagusia sortzeko ahalmena dela sinesten badugu, sormen hori galarazten duen oro akats handia dela pentsatuko dugu.

Baina enpresari eta exekutibo gehienek ez dute lortu kontrolatu gabe eta zer egin behar den eta zer egiten den aurrez jakin gabe eroso egotea. Premiazko gauzen munduan daude: kontrolatu, ekoitzi, eskulana, low cost… eta ez dute lortu garrantzitsuena ikustea. Eta okerrena da zenbaitek ez dutela ohartzeko aukerarik izango.

Lehiakortasuna muturrekoa da egun, eta horrenbestez, sistema pertsonen konfiantzan oinarritzea ez da arriskutsua?

Hain zuzen ere, guztiz kontrakoa. Gainera, gure gizartean konfiantza eta gainbeheran dauden beste balio asko goranzkoak izan balira, agian ez ginatekeen egoera honetan egongo.

Finantza-ekonomiaren krisia aurrekoaren ondorioa da. Horregatik, etorkizuna argitsua izango dela aurreikusten dugu zenbaitek, mundu zuzen eta orekatuagoa izango dugula uste dugu, hau da, Giza Garapen Iraunkorra lortuko dugula. Iraunkortasun horrek ez du esan nahi herrialde aberatsek, aberastasunaz gain, ingurumen hobea izango dutenik. Baina aberatsa izanik nork bere burua pozoituta hiltzea ez da zentzuzkoa.

Konfiantzarik gabe, sormen, ilusio eta jarduteko talentu oro ametsa baino ez da.

Besteak beste, enpresan komunikazio handia lortzea ere garrantzitsua dela aipatu duzu. Zergatik da lagungarria jende guztiak informazio bera izatea?

Zure galdera egiteko, bi aditz erabili dituzu: komunikatu eta informatu. Oso ezberdinak dira.

Egun, erakunde askotan informazioa mailakatuta ematen da oraindik, hau da, hormetan edo intranetean jarritako dokumentuak hartzaileen arabera sailkatzen dira. Beste batzuetan, zenbait komunikazio alde batek baino ez du jasotzen.

Hala ere, erabat gardenak diren erakundeetan, hau da, konfiantza nagusi den erakundeetan, proiektu bateratua duten erakundeetan, talde-lana egiten den erakundeetan baino ez da egiazko komunikazioa gauzatzen. Izan ere, komunikaziorik gabe ezin da batasunik lortu, ezin da helburu bateraturik eraiki. Piramide-egituran komunikazioa ez da balio bat. Halakoetan “unean uneko informazioa” baino ez da behar. Horiek guztiak iraganeko kontuak dira niretzat.

Horri buelta emanez, zein dira zure ustez Euskadiko enpresen kudeaketa-akats nagusiak?

Euskadiko enpresen funtzionamendua Europako enpresen batez bestekoa bezain ona da, eta estatuko enpresen batez bestekoa baino hobea. Hori baieztatzeko, datu ofizialak ditut. Baina ezin gara “tarteko maila” horretan lasaitu. Urtebete daramagu Berrikuntzaz hitz egiten, “Euskadi 08 Berrikuntza Urtea”, eta berdin Europan orain, baina ez ditugu aldatu nahi mendeetan nagusi izan diren botere-egiturak. 1913ko organigramari jarraituz, gutxiengoak kontrola eta boterea izan behar duela uste dugu oraindik. Pentsamendu libreko eta pozez beteriko pertsonek baino ezin dituzte lortu berrikuntzak.

Zer irizten diozu Administrazio Publikoen barne-antolaketari eta zer hobekuntza proposatuko zenituzke?

Administrazio Publikoetan, neurriz kanpoko hierarkia eta langile gehienek lanean duten motibazio- eta ilusio-falta dira hobetu beharreko arlo nagusiak.

Segur aski, langile kopurua % 20 txikiagoa izango balitz, eta nagusiek pentsatuko balute langileen interes-falta eta lanean huts egitea (erakunde pribatuetan baino askoz ere handiagoa) nagusiak badaezpadakoak direlako eta epe motzeko ikuspegia dutelako gertatzen dela (eta ez Konstituzioa, barne-arauak, hau da, burokraziaren ondorio direla), erakundeetako langileen ilusioa, zerbitzua eta eraginkortasuna hobeak izango lirateke. Hau da, gizartearen onerako izango litzateke, eta beharrezkoa da, zinez.

Zuk zeuk Irizar enpresa hondotik atera eta handi bihurtu duzu. Nola egin duzu? Zer zen, eta zer da egun?

Hemezortzi urteko ibilbidea gainerako erantzunak bezala kontatzea nahi baduzu, gakoa jakin nahi duzula uste dut. Hauxe da: “PERTSONENGAN SINESTEA”. Hain zuzen ere, Irizar proiektu eredugarria da maila guztietan.

Iraultzailea zarela uste duzu? Zure ideiak berritzaileak dira zalantzarik gabe...

Batzuetan hala dirudi, eta denborak aurrera egin ahala, are gehiago. Nik orain hogei urte esaten nuena jendeak orain aldarrikatzen du, alegia, pertsonak direla “enpresen osagairik garrantzitsuenak”, eta horregatik zaila da niretzat ulertzea zergatik jarraitzen dugun hala moduz, sindikatuekin liskarrean, konfiantzarik gabe, eta krisiaren lehen hilabeteetan, daukaguna partekatu eta etorkizunari buruz hitz egin beharrean, berehala ahulenak kaleratzen. Koldo Saratxaga (Sopuerta, Bizkaia, 1947) Ingeniari Teknikoa da Bilboko Ingeniaritza Teknikoko Eskolatik, MBA Deustuko Unibertsitatetik (1982) eta MBA Madrilgo Unibertsitate Autonomotik (1991). Bizitza profesionalari Vidrierías Llodio, VILLOSA, enpresan ekiz zion eta zenbait sailetako arduradun izan zen han aritu zen hamalu urtetan. 1984an leen sektoreko ETORKI, S Coop. enpresara joan zen sustatzaile –eta kudeatzaile– eginkizunetan jardutera, eta lehen urtetik oso emaitza ekonomiko onak lortu zituen. 1988an LANKIDE AURREZKIAK kontratatu zuen, zerbitzu zentraletan, krisialdian zeuden kooperatiben jarraipena egiten zuen sailean postu bat izateko. Urtebete geroago, 1989an, UROLA, S Coop-eko Zuzendari Nagusi izateko ardura hartu zuen. Han kudeatzaile izan zen bi urte eta erdian; enpresa larritasunetik argi eta garbi irabaziak izatera igaro zen, bat egindako giza taldea sortu izanari esker, produktuari begira orientazio egokia lortuz, sektorean lider-irudiarekin, prestigioarekin eta merkatu zabalagoarekin. 1991an hasi eta 2005 arte, IRIZAR S. Coop-eko arduraduna izan zen, IRIZAR PROIEKTUAREN koordinatzaile Nagusi eta aldi berean IRIZAR GROUPeko Presidente gisa. Gainera, idazkien, hitzaldien eta mintegien bidez, IRIZAR EREDUA azaltzen die beste organizazio batzuei eta IRIZARetik kanpora ere parte hartzen du egitasmo batzuetara, aholkulari moduan.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Mari Puri Herrero. Margolaria: Batzuetan ametsak diruditen bizipenak izaten ditugu, nik ez ditut bereizten

 

Irakurri

Argitxu Esain. Sopranoa: Operak kantatzea oso aberasgarria da, kantu hutsaz gain aktore lana ere egiten ikasi behar baituzu

 

Irakurri

Mari Jose Aranguren Querejeta. Klusterrak, Eskualdeko Garapena eta Berrikuntza arloko zuzendaria Orkestran - Lehiakortasunerako Euskal Institutuan: Lehiakortasuna, berrikuntza eta ideia berrien garapena izango dira datorkigun ekonomiaren oinarria

 

Irakurri

José María Asua. Ingeniaritza Kimikoko katedraduna: Ideiak saltzea da gure negozioa

 

Irakurri

Patxi Juaristi Larrinaga. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Zuzendaria: Boloniako prozesuak Europan zehar lana aurkitu eta ikasketak egitea ahalbidetuko du

 

Irakurri