Ángel Garraza: "Arteak gordeleku bat izaten jarraitzen du, norberaren burua salbatzeko leku bat"

2003-06-06

EZKERRA, Estibalitz

Elkarrizketa: Ángel Garraza Ángel Garraza, eskultorea "Arteak gordeleku bat izaten jarraitzen du, norberaren burua salbatzeko leku bat" * Estibalitz Ezkerra Hamalau urte besterik ez zeuzkan herritik alde egin eta hiriak eskaintzen zion patu ezezagunari ongi etorria ematea erabaki zuenean. Bere gurasoentzat oso garrantzitsua zen beren seme bakarrak etorkizunari buruzko erabaki bat hartzen zuela ikustea. Ángel Garrazak, beraz, atzean utzi zuen hainbat urtez familiaren zeregin nagusia izan zen nekazaritza. Baina gauzak ez dira hainbeste aldatu. Izan ere, antzina bere aitonak aitzurrez txikitzen zuen lur gorri bera lantzen baitu bere esku trebeekin. Buztina lantzen duenean, bere arbasoen tradizioarekin lotuta jarraitzen du. "Hau bai dela paradoxikoa", dio Ángelek. Artistei zaila egiten zaie beren obrari buruz mintzatzea. Bai, oso zaila. Ostera, zer esango zeniguke zure obrari buruz? Zer bilatzen duzu? Artista askok esaten dute ezezaguna denari buruz hitz egin nahi dutela, baina ni, behintzat, ezagutzen dudanari buruz hitz egiten saiatzen naiz. Bizitza horrelakoa delako: ezagutzen dugu, baina ez dugu ulertzen. Mina, maitasuna edo adiskidetasuna bezalako sentimenduak pizten dizkiguten mekanismoez hitz egin nahi dut. Oso gauza ezagunak dira, baina hala ere ez ditugu ondo ezagutzen. Denborarekin, zerbait ulertzen hasten gara, baina Borgesek esaten zuen: "berriro jaioko banintz, egin ez ditudan gauzak egingo nituzke, baina, tamalez, hiltzen ari naiz". Nolatan aukeratu zenuen eskultura? Beste batzuek kazetaritza, literatura, zinema edo pintura aukeratzen dituzten arrazoi berberagatik. Bizitza honetan, gutako batzuek, itxura batean ezertarako balio ez duten ekintzetan bilatzen ditugu erantzunak. Ziurrenik, munduko lehenengo biztanleak, janari bila aritzeaz gain, bizitzari buruz hausnartzen ere aritzen ziren. Agian orduan hasi ziren kobazuloetako irudiak marrazten. Gaur egungo gizakiok gauza bera egiten dugu eskultura, pintura edo literaturaren bidez. Ez dira bizitzekobeharrezkoak, baina garrantzi handia daukate gure bizitzetan. Askotan, hilzorian dagoen jendeari irudi batzuk etortzen zaio burura. Irudi horiek, ziur aski, ez diete gehiago bizitzen lagunduko, baina, irudi horiek gabe, tristuraz hilko lirateke. Nik uste dut hori dela artea: sentiberatasun hori izatera iristea; bestela izango ez genituzkeen pentsamenduak izateko aukera izatea. Izaki arrazional hutsak baino zerbait gehiago gara. Merkatuak, hainbesteko garrantzia hartu duela eta, kalte egin al dio artearen kontzepzio horri? Ez zait iruditzen. Nire ustez, artea beti berdina da. Baina, gauza guztietan bezala, hemen ere bi alderdi ezberdindu beharko genituzke. Alde batetik, artea inguratzen duen guztia egongo litzateke. Ikusi, adibidez, azkenaldian telebistan dauzkagun saioak: askotan hitz egiten dute maitasunari buruz, baina oso modu ergelean egiten dute, oso irudi faltsua emanez. Badirudi maitasuna ez dela existitzen. Baina, hala ere, pertsona bakoitzak bere maitasunezko istorioa du. Hainbeste faltsukeriaren artean, egia ere existitzen da. Artearekin gauza bera gertatzen da. Alde batetik glamourra dago: erakusketak, museoak, ekitaldi handiak. Bat batean, jende guztia Calder i buruz hitz egiten hasi da. Eta zergatik? Ba bere erakusketa bat ekarri dutelako. Baina, atzora arte, inork ez zuen ezagutu ere egiten. Artea eskizofreniak jota dago. Egiaren eta itxuraren tartean. Gaur egun gehiago baloratzen da itxura, baina horrek ez du esan nahi egia existitzen ez denik. Arteak gordeleku bat izaten jarraitzen du, norberaren burua salbatzeko leku bat. Artearen munduan sartu nahi duenak oso garbi eduki behar du hor sartu nahi duela. Bi ikuspegiak ondo bereizten jakin behar du. Artista batek erakusketak egin behar ditu, jendartean ezagutzera eman, baina, beste alde batetik, egiten duen lanak egiazkoa izan behar du, bestela galdu egiten duelako bere burua egiazko ikuspegi batetik ikusteko gaitasuna. Eta, orduan, zentzugabea izango horrelako lanbide absurdo batean sartzea, gizarteanhain gaizki ikusita eta hain etorkizun gutxi daukanean. Baina, gainera, beste lanbide bat bilatu behar duzu, artearen mundua oso zaila delako, eta askoz ere zailagoa artetik bizitzea, behintzat konprometitu egiten baldin bazara (ez gizartearekin, baizik eta zure buruarekin). Eta beste lanbide bat aurkitzea ez da batere erraza. Ni, eskultorea izateaz gain, irakaslea naiz. Oso zaila da jendeak zure esperientzia pertsonalarekiko interesa izatea. Jendartean mugitzen eta zure lana ezagutzera ematen hasten bazara, pauso garrantzitsu bat emango duzu. Denboraldi batean arotz eta artista autodidakta gisa aritu ostean, Iruñako Arte eta Ofizioen eskolan sartzea erabaki zuen, eta bertan eskultura eta zeramikak zuten xarma deskubritu zuen. Eta, era berean, artista bati bere obratik bizitzea zeinen zaila egiten zaion konturatu zen. Unibertsitatean irakasle gisa hasi zen lanean, eta, gaur egun, Leioako Arte Ederren Fakultatean eskulturako eskolak ematen aritzen da. Tailerretatik gertu dago pintura eta agoarras usaina darion bere bulegoa. Ikasle bat adi adi ari da Ángelek ematen dizkion jarraibideak entzuten, eta, ondoren, tailerraren atzealdean dagoen labe handi batetik, zeramika eta buztinezko piezak ateratzen hasi da: platerak, pitxerrak, gorputz mutilatuak... Artista izateaz gain, irakaslea ere bazara. Bai, baina kasualitatez, nik ez baineukan horretarako bokaziorik. Baina artista bezala irteera gutxi neuzkala konturatu nintzen, eta beraz unibertsitatean lan bat sortu zenean, interesgarria iruditu zitzaidan bertan sartzea. Uste dut oso ondo etorri zaidala, eta, gainera, gustatu egiten zait. Ez nekien komunikatzeko gaitasuna neukanik. Lan honek, gainera, artearen munduan mugitzen jarraitzeko aukera eman dit. Antzekotasun handiak dauzkate bi arlo hauek. Jendeari bizitzan zehar pilatu dudan esperientzia transmititzeko balio dit. Hemen beti topatzen duzu zu bezala dagoen jendea, eta hori lagungarria da. Calder aipatzerakoan, jendeak artea oso gutxi ezagutzen duela esan duzu. OraintsuOteiza hil zaigu, eta Chillida ere duela gutxi joan zitzaigun. Konturatzen al gara horrek zer esan nahi duen? Urteak pasatakoan konturatzen gara. Artea, beste gauza guztiak bezala, oso selektiboa da, eta, azkenean, benetan merezi dutenak bakarrik gelditzen dira. Calderrek, Oteizak eta Chillidak leku bat egina daukate artearen munduan. Aspaldi demostratu ziguten beren handitasuna. Dena den, artean denbora bat behar dugu gauzak onartzeko. Jendeari hil ondoren aitortzen diogu bere balioa. Izan ere, gizakiaren presentziak askotan nahastu egiten du artea. Autorearen presentziak nolabait zikindu egiten du begirada artistikoa. Alegia, agian orain garbiago ikusten dugula Oteizaren obra. Azken batean, Oteiza gizaki bat zen, beste guztiok bezala bere abilezia eta kontraesanak zeuzkan gizon bat. Baina, bere lanaren bidez, gizartearen sentiberatasuna ukitzea lortu zuen. Zinemako aktore edo aktoresa bat taberna batean ikusten duzunean bezala gertatzen da: ez zaizu pantailan bezain erakargarria iruditzen. Arrunta eta guzti iruditzen zaizu. Baina, abeslari batek esaten zuen bezala, "eszenatik jaitsitakoan, pertsona arrunt bat bihurtzen naiz". Jendeak ez du hori ulertu nahi. Artearekin gauza berbera gertatzen da. Artista baten obrak, bere herriaren aintzatespena bereganatu ahal izateko, lehenengo kanpoan lortu behar du arrakasta. Bai, horrelako zerbait gertatzen da. Artistaren presentziak indar handia du. Behar dugunaren eta sormenaren artean talka moduko bat dago. Neurri batean, logikoa da. Hori oso garbi ikus daiteke nekazaritza munduan. Baina hiri batean anonimoa zara; inork ez zaitu ezagutzen. Esparru txikietan, ordea, ez zaude zu bakarrik; zu eta zure inguruabarrak zaudete, eta hortik ateratzea oso zaila da. Eta zerbait izatera iristea, askoz ere zailagoa. Artistak norekiko edo zerekiko hartzen du konpromisoa? Nire ustez, bere buruarekiko. Konpromisoa pertsonala izaten da. Gero proposamen handi baten mozorroa ipintzen duen arren, artistak benetan bilatzen duena erantzun pertsonalbat da. Kontua da askotan konpromiso pertsonal hori kolektibo bihurtzen dela, pelikuletan bezala, jendea identifikatu egiten baita istorio erromantikoekin. Horrela izan behar du, nahitaez. Gizakia oso mugatuta dago, eta bere arazoak bakarrik konpon ditzake. Nola konponduko ditu ba besteenak? Normalean, besteen arazoak konpontzen saiatzen zarenean, min handia egiten diozu zure buruari, eta gainera beti hanka sartzen duzu. Garrantzitsuena da gizakiak bere burua aztertzea, eta bere buruarekin zintzoagoa izaten saiatzea. Bestela, jende guztia engainatzen arituko da. Ondotxo dakigu zer gertatu den artea militantizatzen saiatu direnean, alderdi jakin baten alboan jartzen. Ikusi Errusian zer gertatu zen: iraultza amaitutakoan, artista nagusi guztiek kanpora joan behar izan zuten, eta azkenean errealismo sozialistan bukatu zuten. Eta gauza bera gertatu zitzaien Kuban iraultzarekin bat egin zuten artistei. Oso zaila da. Dena gezurra da. Askotan, badirudi artistak arazo horiek guztiak konpontzen saiatzen direla, baina ni ez nago hain ziur. Artistak beren buruaz kezkatzen dira. Eta kito. Nola egon behar du artistak: bakarrik ala jendartean? Askotan, belaunaldien eta eskolen ekarpena aipatzen da. Eskoletan, kezka berdintsuak dauzkaten pertsonak biltzen dira, baina pertsona bakoitzak den bezalakoa izaten jarraitzen du. Eskolak fiktizioak izaten dira. Ez dute denbora gehiegi irauten. Ez dute inoiz obra bateraturik egiten. Aurrera ateratzen direnak, taldearen barruan dauden pertsonak dira. Euskal eskolako taldeak, adibidez, beti haserre ibiltzen ziren. Lotura handia zeukaten, baina bizitzako gorabehera eta tentsioek, azkenean, eragina izaten dute. Beraz, zertarako balio dute taldeek? Garrantzitsuena da norberak argi eta garbi hitz egitea bere premia edo lorpenei buruz. Hitz egitea, hori da kontua. Teknologia berrien aroan gaude. Zein paper betetzen dute eskulturak bezalako arte tradizionalek? Nahiko panorama konplexua daukate bere aurrean. Gauzak desmaterializatzen ari dira, etairudi birtualek gero eta indar handiagoa daukate. Telebistan ikusten ditugun pertsona asko irudi birtualak izaten dira, baina hain itxura anbiguoa izaten dute ez dela erraza izaten pertsonak edo robotak ote diren esatea. Eskulturak, berez, nahiko gauza zentzugabea ematen du, baina teknologia bide berriak zabaltzen doan neurrian, esparrua pluralagoa bihurtzen da. Jendea material tradizionaletara itzultzen hasi da. Nik, adibidez, buztina lantzen dut. Teknologiatik hori baino urrutiago dagoenik! Baina ikaragarri gustatzen zait. Gutxien axola duena euskarria da. Garrantzitsuena zerbait kontatu nahi izatea da. Bitartekoak ez du mezuaren kalitatea baldintzatzen. Zein obra egitearekin amesten duzu? Ziur aski, inoiz ez dut amesten dudan obra hori egingo, magia pixka bat beharko nukeelako. Baina saiatu behintzat egingo naiz. Bestelako ametsik? Posible diren guztiak. Ez etsitzea. Ilusioa izaten jarraitzea. Ez da gutxi. Bilboko Espacio Marzana galeriak Ángel Garrazaren azken lanak biltzen zituen erakusketa bat zabaldu zuen urtearen hasieran. 'Burua altxatuko balu' zeraman izenburutzat, eta artistak izandako kezkak islatzen zituen: memoria, memoriaren falta... Erakusketa hau laster Madrilen egongo da ikusgai, eta ondoren Iruñan, Tolosan eta Lizarran. Ángel Garraza Salanueva (Allo, Nafarroa, 1950) Iruñako Arte eta Ofizioen eskolan ikasi zuen. Bere bakarkako lehenengo erakusketa 1979an egin zuen, Bilboko Aritza galerian, eta geroztik hogei erakusketa baino gehiago egin ditu bakarka, eta beste horrenbeste taldeka. Besteak beste, honako lekuetan ikus daitezke bere obrak: Vitoria/Gasteizko Arte Garaikidearen Museoan, Bartzelonako Zeramikaren Museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan, Nafarroako Museoan, Iruñako udaletxean, eta Madrileko Arte Garaikidearen Museoan. Gaur egun, eskulturak egiteaz gain, irakasle gisa ere ari da lanean, Leioako Arte Ederren Fakultatean. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitatean eskulturako irakasle doktore da. Garrazak sari ugari jaso ditu. Hauen artean, aipamenberezia merezi dutenak dira Ciudad de Valladolid delakoa, 1974an eskuratu zuena; Italiako Faenza hiriko Zeramikaren Nazioarteko Lehiaketako Urrezko Domina, 1989an; eta Taipeiko (Taiwan) Historiaren Museo Nazionalekoa, 1992an. 1997an, Bilbao Ría 2000k antolatutako lehiaketa irabazi zuen, eta bertan saritutako obra Bilboko Abandoibarra parkean dago ikusgai. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 213. zbk (2003 / 06 / 6 13) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Anjeles Iztueta: "Euskal unibertsitate sistema Europan ezagutarazi behar dugu"

 

Irakurri

René Cassin: "Beti defendatu izan du ideal bera: Bakea azken bururaino"

 

Irakurri

Ramiro Larrañaga: "Errebolberra euskaldun batek asmatu zuen"

 

Irakurri

Joaquín Achucarro: "Lanbide honen zirrara, hari-harian bizitzearen arriskuak berak eragiten du"

 

Irakurri

Txaro Arteaga: "Euskadik matxista izaten jarraitzen du"

 

Irakurri