Rafael Aguirre Franco: "Erabat aldatu da herri kirolen mundua"

1999-09-08

IRAZU, Ainhoa

Elkarrizketa Rafael Aguirre Franco, herri kiroletan aditua "Erabat aldatu da herri kirolen mundua" * Ainhoa Irazu Rafael Aguirre Francok 63 urte ditu. Horietatik 33 Donostiako Kultura eta Turismo Ekintetxean (KTE) eman ditu. Rafael iaioa da herri kirolen inguruko kontutan. KTEn zegoen bitartean, hamaika erakustaldi eta proba antolatu zituen. Horrez gain, gaiaren inguruko hainbat liburu idatzi ditu. Hori guztia gutxi balitz bezala, EAEko Herri Kirolen Federazioko lehendakaria izan zen, 1980tik 84ra. Kirolariei buruz, hitz egiterakoan begiak pizten zaizkio Rafael Agirreri. Bere aburuz, kirolari garaikideen artean, Olasagasti da nagusi. Aurreko belaunaldietatik, berriz, "Arria". Hitz eta pitz aritu gara solasean donostiar honekin. Zerk eraman zintuen herri kirolen antolakuntza finko baten alde lan egitera? Batetik, herri kirolak oso gogoko ditut. Horiek gure tradizioan errotuta daude. Bestetik, 60eko hamarkadan herri kirolek ez zuten antolakuntza finkorik. Orduan, desafioak eta apustuak ematen ziren, baina sueltoak. Hori guztia dela eta, konturatu ginen, herri kirolak bultzatu egin behar genituela. 80eko hamarkadan federazioak sortu ziren. Egun, kirol batzuek, estropadek eta pilotak, esaterako, ikusle eta zaletu asko dituzte. Beste batzuek, ordea, gutxi: harri jasotzaileek, segalariek, trontzalariek eta abar. Oso zaila da kaletarrak mota horrelako ospakizunetara erakartzea. Oraindik ere, ospakizun horiek baserritarren munduarekin estu lotuta daude. Donostiako KTEk nazioarte mailako lehiaketak antolatzen ditu. Zein helburu du ekimen honek? Lehendabizi, Euskal Herri mailako lehiaketak antolatzen hasi ginen. Hala ere, beste dimentsio bat eman nahi genien herri kirolei. Orduan, nazioarteko mailan lan egitea otu zitzaigun. Aizkolarien modalitatean, nazioarteko beste kirolariekin jarri ginen harremanetan. "Arria", Mindegia, Ugarteburu eta abarrekin, zazpi aldiz joan gara Australiara. Bertako lehiaketetan izan gara. Horrek guztiak, dimentsio berri bat eman die kirolariei.1976an, joan ginen lehendabizikoz Australiara. Horrez gain, EEBBetan eta Kanadan izanak gara, besteak beste. Beste garai batean apustuak eta desafioak ziren herri kirolen motore nagusiak. Alde horretatik gauzak nahikoa aldatu dira. Zeintzuk dira eman diren aldaketa nagusiak? Aldaketa nabarmenak eman dira. Lehen, herri kirolen izanaren arrazoi nagusia, bi indarren arteko lehia zen. Lehiakideen inguruan ibiltzen zirenek, kirolari baten ala bestearen alde egiten zuten apustu. Horixe zen herri kirolen formula bakarra, eta baita dirua jokatzeko modu bakarra ere. Egun, ordea, dirua jokatzeko beste hainbat modu daude: loteria, kinielak, lotoa, bingoak... 30eko hamarkadan ez zegoen horrelakorik. Hargatik herri kirolen apustuak eguneroko gauza ziren. Orain, berriz, apustuaren mundua jaitsi egin da. "Traviesak" hor dira, baina, horiek ez daukate zerikusirik lehengo apustuekin. Apustuak orain ikusleen artean egiten dira, baina ez kirolarien artean. Oro har, kirolariek soldata finkoak dituzte. Desafioei dagokienean, bestalde, aizkolarien artean ematen dira, baina oso gutxi. Egun, erakustaldiak dira nagusi. Ildo horretan, modalitate batzuek gora egin dute, esaterako, estropadek eta pilotak. Beste batzuek, ordea, behera. Lehen ez bezala, orain kirol modalitate asko daude: futbola, saski baloia, esku baloia... Horiek diru kopuru handiak lekutzen dituzte. Edonola ere, herriko jaien antolatzaileak kontzientziatuta daude, eta beraz, horiek herri kirolen erakustaldiak antolatzen jarraitzen dute, gure tradizioaren alde garrantzitsua direla dakitelako. Herri kirolen inguruko lehendabiziko aipamen historikoak XVIIIeko mendekoak dira. Egiteko moduen aldetik, herri kirol askok tradizioarekiko fidelak izaten jarraitzen dute: segalariek, harri jasotzaileek, trontzalariek, aizkolariek... Bai. Aldaketa nagusienak estropadetan eta pilotan eman dira. Beste gainerakoetan lehengo formak mantendu dira gaurdaino. Herri kirolari gehienak euskaldunak dira. Mundu honetan dinastia handiak dira nagusi.Esaterako, Mindegiaren semea, aizkolaria da. Jose Ignazio, "Arria ren" semea, Xabier, berriz, Ignazioren iloba eta Jose Ignazioaren biloba da. Guztiak Orbegozotarrak dira, eta guztiak harri jasotzaileak. Gero, hortxe dugu Perurena, bera harri jasotzailea da, eta bere semeak ere bide hori hartu du. Gauza bera gertatzen da beste herri kiroletan ere. Egon diren familia handien artean, zeintzuk azpimarratuko zenituzke? Pilotari dagokionean, oso garrantzitsuak izan dira Atanotarrak, Zumaiako Etxabetarrak, Retegitarrak, Galarzatarrak...Aizkolariei dagokienean, modernoen artean, "Arria"tarrak, hau da, Orbegozotarrak. Harri jasotzaileen 5 belaunaldi izan dira. Horrez gain, Perurena aipatu beharra dago, nahiz eta bere aita harri jasotzailea ez izan. Baita Izetarrak eta Goenatxotarrak ere. Arraunlarien artean, azkenik, Orioko Sarasuatarrak eta Altxerritarrak edo Donibaneko Sagarzazutarrak. Badira gainera, hainbat modalitatetan diharduten kirolariek. Zeintzuk dira onenak? Donostiako KTEk herri kirolen Pentatlon a antolatzen du. Izenak dioen legez, bost proba ezberdin izaten dira: enborrak moztea, harria jasotzea, "gizon proba", hots, idi dema bezala baina kirolariek egina, lasterketa eta sega. Oro har, kirolari guztiak ondo prestatuta egoten dira. Badira, baina, "fenomeno" delakoak: Usategieta eta Teodoro Irazusta, esaterako. Azken hori, arraunlari, pilotari, aizkolari eta harri jasotzailea izan zen. Nolanahi ere, nire ustez, onena Jose Mari Olasagasti igeldotarra da. Berak hainbat urtetan irabazi du pentatlon a, alde handiagatik gainera. Olasagasti oso ona da harria jasotzen. Enborrak mozten, zalantzarik gabe, onena da. Gero, 90 kilo pisatzen dituen arren, oso ondo aritzen da lasterketan. Harria irristatzen ere, nahikoa ondo moldatzen da. Beraz, herri kirolari garaikideen artean, onena Olasagasti dugu. Aurreko belaunaldietatik, berriz, Jose Ignazio Orbegozo "Arria". Egunak joan egunak etorri, zenbait herri kirol desagertu egin dira: palanka, barrenadoreak, korrikalariak...Beste batzuek, gainera, gainbehera ezagutu dute: trontzalariek, segalariek, idi demak....Zeren ondorioa da hori guztia? Alde batetik, beste kirolen ugaltzearen ondorio zuzena da. Kontua da, orain igandero badela lasterketa bat, edo futbola, edo saskibaloia eta abar luze bat. Guzti horrek, neurri handi batean, herri kirolen gainbehera ekarri du. Palanka hiltzear dago. Auzoetako jai batzuetan izan ezik, inork ez du jarduten egun palankan. Lehen, berriz, indar handia zuen modalitatea zen. Gauza bera gertatu da barrenadoreekin. Kirol hori estu lotuta zegoen harginen lanarekin. Barrenadoreek zulo bat egiten zuten harrian. Korrikalariak ere, desagertu egin dira, orain 15 urte modalitate horrek arrakasta handia izaten zuen arren. Korrikalariek kilometro franko egin behar izaten zituzten helmugara iristeko, esaterako, Donostiatik Iruñeara. Haatik, egun, herri lasterketak gailendu dira. Bestetik, nekazaritzan aldaketa garrantzitsuak eman dira. Garrantzitsuena makina sartu dela da. Segalariei dagokienean, gaur egun makinek mozten dute belarra, oso gutxik mozten dute segarekin. Beraz, normala da segalari gutxi egotea. Ondorioz, ez daude ia desafioak, ondo prestatuta daudenak gutxi batzuk baitira. Idi demarekin, antzeko zerbait gertatzen da. Lehen idia lanerako aberea zen. Orain, berriz, makinek egiten dute lehen idiek egiten zuten lana. Modalitate batzuk internazionalak dira: sokatira, pilota, aizkolaritza...Zer nolako maila dute Euskal Herriko kirolariek? Herri kirol internazionalena, alde handiagatik gainera, sokatira da. Nazioarteko federazioa dago, eta horretan 33 herrialde ezberdinek izena emana dute. Alde horretatik, presio handia dago sokatira kirol olinpikoa bihurtzeko. Hemengo sokatira taldeen artean, Nuarbekoa aipatuko nuke, izan ere, herri horrek 600 biztanle baino ez ditu, eta sokatira talde indartsu bat du, indartsuenetakoa esango nuke. Oro har, uste dut, Euskal Herriko emakumeak eta gizonezkoak oso gogorrak direla. Hori pilotan argi eta garbi ikus daiteke. Pilotamodalitate ezberdinak daude munduan zehar, nolanahi ere, gogorrena, esfortzu handien eskatzen duena, euskal pilota da. Aizkolaritzari dagokionean, Australia dugu herrialde indartsuena. Ondoren, Zelanda Berria. Azken honetan, aizkolaritza ohiko kirola da. Ezberdintasun nagusiena, bi herrialde horietako probak oso laburrak direla da, gehienera bi minutukoak izaten dira. Hemengoak, berriz, "maratonianoak" dira, hau da, proba batek 30 minututik gora iraun dezake. Beraz, proba luzeetarako behintzat, hemengo kirolariak askoz ere hobeto prestatuta daude. Diozunez, indarra eta gogortasuna dira hemengo herri kirolarien ezaugarri nagusienak... Bai, halaxe da, modalitate guztietan gainera. Gure herri kirolek esfortzu handia eskatzen dute. Horrez gain, denborari dagokionean, hemengo probek kanpokoek baino askoz ere gehiago irauten dute. Esaterako, lasterketetan, kirolariek 100 kilometro egiten dituzte. Aizkolaritzan, bestalde, Australiarrek enbor bat mozten dute eta guk, berriz hogei bat. Harri jasotzean, azkenik, ez dugu 100 kilokoa 100 aldiz altxatzen, 300 kilokoa ez dakit zenbait alditan baizik. Alde horretatik, herri hau nahikoa basatia da. Beste kiroletan, futbolean esaterako, pil pilean dago euskal selekzioaren gaia. Nazioarte mailako herri kiroletan, ba al da antzeko asmorik? Zoritxarrez, beste kiroletan gertatzen den legez, gauzak nahikoa berde daude. Edonola ere, soka tiran badira euskal selekzioa sortzeko proposamenak. Alde horretatik, borroka handia eman da, izan ere, nahiz eta espainiar estatuan talderik ez egon, hemengo talde batzuek, Nuarbek, esaterako, Espainiaren izenean parte hartzen dute. Hori penagarria da. Gauza horiek, hala ere, nazioarte mailako asanblada orokorrean erabakitzen dira. Noski, horretan, Espainiako komite olinpikoak zeresanik ugari du. Nazioarteko taldeen artean; irlandarrak, eskoziarrak eta abar, euskal selekzioa sortzearen aldekoak dira. Espainiarrak, holandarrak eta alemaniarrak, berriz, ekimen horren aurka daude, nahikoa atzerakoiak direlako.Bozkaketetan beti aurka agertu dira. Zentzu honetan, uste dut, euskal selekzioa sortu beharko litzatekeela. Zenbait modalitatetan, pilotan, esaterako enpresa handiak sortu dira. Pilotaren kasuan, herriaren dibertimendurako jarduera izatetik diru kopuru handiak mugitzen dituen industria jarduera izatera igaro da. Zer dela eta, eman da bilakaera hori? Pilotak beti indar handia izan du. Esaterako, 1880an, Donostiak 34.000 biztanle zituen. Orduan, hirian 4 pilotaleku zeuden, horietatik bi industrialak: Moderno eta Urumea, hain zuzen ere. Pilotaren munduan, bilakaera garrantzitsua eman da. Lehenik eta behin, modalitateak aldatu egin dira. Lehen "guantea" zen nagusi. Aurrerago erremontea eta zesta punta sortu ziren. Orain, berriz, erregina, esku pilota da. Bestalde, Franco aurretik pilota jarduera nahikoa baztertuta zegoen. Ondoren, herri guztietan pilotalekuak eraiki zituzten. Ostean, pilota eskolak sortu ziren. Horri esker, egun, gazte asko ikasten ari dira. Bilakaera egundokoa izan da, eta horretan telebistak eragin handia izan du. Urratsak argiak dira: lehendabizi azpiegiturak sortu ziren, gero pilota eskolak eta azkenik, informazio azpiegiturak. Joera horrek, enpresak sortzea ahalbidetu zuen. Egun, Asegarce, Aspe eta beste enpresekin gertatzen ari dena, oso dramatikoa iruditzen zait. Zaleentzat, gainera, nahikoa penagarria da, izan ere, esaterako, Arretxek ezin du lehian jardun Elkororekin eta abar. Beraz, enpresa bakoitzak bere txapelketak eta txapeldunak ditu. Edonola ere, uste dut enpresa horiek zerikusi handia izan dutela pilotaren bilakaeran. Berez, enpresen sorkuntzak alde onak eta alde txarrak ditu. Hori guztia dela eta, ez al du pilotak bere izpiritua alde batera utzi? Oraingo pilota ezberdina da baina, ez dut uste, kirolaren ardatza galdu denik. Egia da, lehen partiduak familia girokoak zirela eta abar, baina oinarriz, pilotak kirol berdina izaten jarraitzen du. Esaterako, 1.786an, Zaldibiako Iztueta pilotariak dirutzak mugitzen zituen apustuetan. Bilakaeraizugarria eman da, baina, berez, kirolak bere jatorriari fidela izaten jarraitzen duela uste dut. Estropadei dagokienean, urte gutxi batzuen buruan traineru berri asko sortu dira. Nondik dator ugaltze hau? 1964ean, Kontxako estropadetan soilik bost traineruk parte hartu zuten. Handik 5 urtetara, ordea, sailkapen bat egin behar izan genuen 10 bat traineru zeudelako. Une honetan, Euskal Herrian, 30 traineru daude: iparraldean 2, Gipuzkoan 13 eta Bizkaian 14 bat. Zergatik ugaltze hau? Nire ustez, traineruak estu lotuta daude herriekin, eta traineru bakoitzaren atzetik herri oso bat dago. Pasaia dugu muturreko adibidea, izan ere, 17.600 biztanle ditu, eta 4 traineru: Trintxerpe, Donibaneko, Koxtape eta San Pedro. Horiek guztiak ez ditu diruak mugitzen, zaletuek baizik. Estropadetan pilotaren kontrakoa gertatzen da. Kirolariek tradizioz eta zaletasunez hautatzen dute arraunlari izatea, ez dirua irabaztearren. Estropadetan, Euskal Herriko liga dugu. Nolanahi ere, horren inguruan luze eta zabal eztabaidatu da: Bizkaiko traineru bakarra dagoela, Castroko traineru batek parte hartzen duela horretan...Zure ustez, zein da arazo nagusiena? Euskal Herriko ligan Gipuzkoako 13 traineruk, Ondarruk, Castrok eta Astillerok parte hartzen dute. Estropaden mundua oso arazotsua da. Kontuan hartu behar da, traineru bakoitzaren atzetik, entrenatzaile bakoitzaren atzetik, herri oso bat dagoela. Gero, bizkaitarrek maila okerragoa dutenez, ez dute ligan parte hartu nahi. Berez, mundu hori oso banatuta dago. Horixe da arazo nagusiena. Euskal Herriko ligan bakarrik gipuzkoarrak daude. Gero, kontraesan bat badirudi ere, kantabroek dihardute horretan. Bizkaitarrek, bere aldetik, Bizkaiko ligan dihardute. Alde horretatik, estropaden mundua oso berezia da. Nire ustez, konponbide bat aurkitu beharko litzateke banaketarekin bukatzeko. Beste jatorriko kiroletan legez, herri kiroletan ere, dopin kasuak eman dira: estropadetan Pasai Donibaneren kasua dugu, harri jasotzean Mieltxo Saralegirena. Ez aldu dopin ak herri kirolen berezko ezaugarrien kontra egiten? Bai, hori ere egia da. Trainerutan zenbait kasu eman dira. Horrez gain, Saralegiren adibidea dugu. Kontua da, Saralegik diru kopuru bat kobratzen duela errekor bat apurtzeagatik. Txirrindularitzan gertatzen den legez, askotan dopajearena medikuntzako neurriekin nahasten da. Esaterako, errepidean dabiltzan txirrindulariek, lasterketak bereziki gogorrak direnean, neurri txikietan estimulanteak dituzten botiketara jotzen dute. Hori, noski, ez datoz bat herri kirolen izpirituarekin. Edonola ere, kirol guztietan gertatzen den gauza da. Erdi profesionalizatuta dagoen eta esfortzu handia eskatzen duen edozein kiroletan, eta, batez ere, dirua tartean dagoenean, dopin kasuak ematen dira. Uste dut, guzti hori gizartearen bilakaeraren ondorioa dela. Duela 30 urteko txirrindulariek eta futbolariek ez zuten ezer hartzen. Azken urteetan, baina, medikuntzan aurrerapen ikaragarriak eman dira. Hori guztia dela eta, zoritxarrez naturaltasuna galdu da. Bestalde, zoritxarrak ere izan dira, esaterako, anfetaminak sortu zirenean, "Errekalde" harri jasotzailea, lehiaketa baten ondoren hil zen. Hori guztia 1969an izan zen. Ziotenez, "Errekalde" dopinaren ondorioz zendu zen. Bestalde, idi deman, idiei anfetaminak ematen zizkieten urarekin nahastuta. Egun, analisiak egiten dira dopajea ekiditeko. Aldaketekin jarraituz, emakumeak sartu dira herri kirolen munduan. Lehen ez bezala, orain zenbait emakumek heldu diote aizkorari, esaterako, Saralegik eta Goitia ahizpek. Badira, gainera, soka tira taldeetan aritzen diren emakumeak eta baita traineruetan ibiltzen direnak ere. Ekingo al diete beste modalitateei? Ez dut uste. Dauden emakumeek gauza anekdotikoak egiten dituzte, herriko jaietan, batik bat. Esaterako, Urretxuko Goitia ahizpei lizar enborrak jartzen dizkiete, bigunagoak direlako. Erakustaldiak, oso ikusgarriak izaten dira. Edonola ere, ez dut uste horrek aurrera egingo duenik. Pilotan, 30 eta 40eko hamarkadan, frontenis delakomodalitatean, emakumeek ospe handia hartu zuten. "Txikita" deritzen zitzaien horretan ziharduten emakumeei. Orduan, "txikita" dezente zeuden, 60 bat inguru. Soka tirari dagokionean, berriz, orain 20 urte, emakumezkoen liga indartsu bat zegoen. Herri askotan zegoen talde bat: Igeldo, Usurbil, Zarautz...Haatik, hori guztia desagertu egin da. Herri kiroletan aritzeko indar handia behar da, eta ez dut uste emakumeek mundu horretan sartzeko gogoa dutenik. Bitxikeriarik ere bada, esaterako, Azkoitian ospatzen diren ahari probak. Animaliak babesteko legeak galerazi egiten ditu probok. Zein iritzi duzu guzti horren inguruan? Egia da, araudiaren arabera, ahari probak galerazita daudela. Gertatzen dena da, toleratu egiten direla. Jendeak ospakizun horien aurrean, begiak itxi egiten ditu. Beraz, ohitura duten lekuetan oraindik egiten dira. Bestalde, animalien babeserako taldeen artean ika mikak sortu badira ere, ez dut uste desagertu behar direnik. Izan ere, kasu bakanak dira. Egia da, ospakizun horiek krudelak direla. Nolanahi ere, ni ahari probak mantentzearen aldekoa naiz. Zein da gutxien ezagutzen dugun herri kirola? Beharbada lasto probak. Horiek iparraldean aski ezagunak dira baina hegoaldean horrelakorik ikusteko aukera oso gutxitan egoten da. Gero bada besterik, barra jaurtiketa esaterako, dagoeneko desagertu dena. Eta minoritarioen dena? Bada, toka edo boloak. Lehen askotan ospatzen ziren joku horiek sagardotegietan eta. Boloa oso zabalduta dago munduan. Dena dela, hemengo boloak oso bereziak dira, inon baino gehiago pisatzen dute, 8 kilo pasatxo, hain zuzen. Argazkiak: Ainhoa Irazu Euskonews & Media 45.zbk (1999 / 9 / 8 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Antonio Roa: "Donejakue Bidea erabat aldatu da, alderdi espirituala atzean utzi baita"

 

Irakurri

José Antonio Etxenike: "Kursaalarekin, Donostiak eta Gipuzkoak, espreski musikari eskainitako gune bat izango dute"

 

Irakurri

Antton Luku: "Iparraldean antzerkian aritzeko nahikeria handia dago"

 

Irakurri

Joan Mari Torrealdai: "Zentsurak basamortu kulturala ekarri zuen"

 

Irakurri

Jesús Altuna: "Ekain ez da Zestoa edo Debako ondarea soilik. Euskal Herri guztiarena da"

 

Irakurri