Ricardo Ugarte: "Artea, bizitza bezala, etengabe garatzen da. Artelanaren bidez islatzen dugun pentsamendua beti aldatzen doa"

2002-09-06

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Ricardo Ugarte Ricardo Ugarte, eskultorea "Artea, bizitza bezala, etengabe garatzen da. Artelanaren bidez islatzen dugun pentsamendua beti aldatzen doa" * Teresa Sala Ricardo Ugarteren ibilbide plastikoaren hasiera bere haurtzaroan bertan kokatu behar dugu, txikitandik izan baitu espresio eta formekiko zaletasuna. Hamabi urte besterik ez zituen lehenengo koadroa margotu zuenean, eta, ordutik, bere bizitza artearekin lotzen duen prozesu naturalaren baitan, bilatzen eta garatzen jarraitu du eskultore pasaiatarrak. Gerraosteko tradizio espresionista oinarritzat hartuz, Ricardo Ugarteren obra helduagoa, soilagoa, sintetikoagoa eta poetikoagoa bihurtu da. Eskulturan burdina, zuloak, hegadak, aingurak, gazteluak eta brankak izan ditu lagun, baina diziplina horrez gain Ugarte pintura, collagea, argazkia, olerkia eta saiakeran ere ibili da. Nola hasi zinen arte plastikoak lantzen? Nik ez dut uste argia une jakin batean ikusten duzunik. Prozesu natural bat izaten da artearengana eramaten zaituena, eta hori modu desberdin askotan gerta daiteke. Ni, hasieran, idazten eta margotzen hasi nintzen; oso lotura handia neukan literaturarekin. Hamabi urte neuzkanean margotu nuen lehenengo koadroa. Gordeta daukat oraindik. Nire belaunaldiko artista gehienok pinturaren bitartez sartu ginen plastikan. Hemen Arte Ederren Eskolarik ez zegoenez, Arte eta Ofizioak ikasi nituen, eta gero herriko margolari batekin aritu nintzen, Pepe Camps ekin. Oso irakasle ona zen, baina oso akademikoa. Gero nire kabuz jarraitu nuen. Gogoan dut Donostiako erakusketa batean Gerra Zibilaren aurreko abangoardiak lantzen ari ziren artista pila bat topatu nituela. 50eko hamarkadaren bukaeran eta 60ko hasieran atzean gelditu zen mugimendu bat errekuperatzeari ekin zitzaion; horrela, Estatuan Dau al Set edo El Paso bezalako taldeak sortu ziren, eta Euskal Herrian "GAUR" izeneko mugimendu plastikoa, besteak beste Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxeak osatua. Garai hartan ni oraindikfase akademikoan nengoen, margotzen ikasten, eta abangoardisten mugimendu hori ezagutu nuenean kontzeptua eta forma ikertzen hasi nintzen. Espresio plastikoa, berez, adimena eta espiritua trebatzen joatearen emaitza besterik ez da, eta baita ere artistak adierazten eta garatzen dituen gatazkena ere. Aipatu dudan erakusketa horretan, José María Moreno Galván, orduko teorizatzaile garrantzitsuenetariko baten liburu bat ere topatu nuen. Galvánen eskutik oso gauza garrantzitsu bat deskubritu nuen: artea ez dela Inpresionismoan estankatu. Artea, bizitza bezala, garatu egiten da. Horretaz konturatu nintzenean, ikertzen hasi nintzen, nire obra planteatzen. Ricardo Ugarte Branka izeneko obran lanean. Une historikoak izan du eraginik zure artean, baina zein neurritan eragin zaitu inguruneak? Gerraostea ez zen batere alaia izan. Une jakin batean, nortasuna berreskuratu beharra zegoela ikusi zen leku askotan eta plastika ere irizpide unibertsal orokor batzuei jarraitzen ari zen. Katalanek eta euskaldunok zorte handia izan dugu mugatik hain gertu bizitzean; jende asko joaten zen Parisa eta handik eraberrituta itzultzen ziren. Horri esker, Espainian diktadura zegoen bitartean, mundu osotik isolatzen gintuen autarkia batean bizi ginen bitartean, beste herrialdeetako mugimendu artistikoak ezagutzeko aukera geneukan. Hirurogeiko urteetan, plastikaren eta literaturaren bidez, nortasun zeinu batzuk berreskuratzen hasi ginen. Oso garai interesgarria zen. Gure belaunaldiko intelektual eta artisten artean laguntasun eta kamaraderia giroa arnasten zen. Geroko belaunaldietan ez dut horrelakorik ikusi. Artista bakoitzak bere taldea zeukan. Besteak beste olerkia, collage a eta pintura landu dituzu. Nola iritsi zinen eskulturara? Alor desberdinak jorratzen nituen aldi berean, baina zenbaitetan alderdi batek besteek baino ospe handiagoa lortzen zuen. Enbor beretik adar asko ateratzen zaizkion zuhaitz bat bezala nintzen. Nire obra beti joan da garatzen. Eta hori bi unetan ikus daiteke bereziki:batetik "Estela" n. 1970eko urtarrilean inauguratu zen. Donostiako Eskulturaren Nazioarteko Lehenengo Bienaleko lehen saria irabazi zuen, eta Donostiako Mendeurrenaren Plazan dago. Eta, bestetik, "Poesiaren branka" n. 1999koa da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusean dago, Iruñan. "Estela" n nahiko forma konplexuak erabili nituen, baina gero garatzen eta sintetizatzen hasi nintzen. Hori oso ondo ikus daiteke Joan Brossa ren omenez egin nuen "Poesiaren branka" obran. Ricardo Ugarte bere tailerran lanean. Eta nolakoa izan da sintesirako bilakaera hori? Prozesu natural bat izan da. Nire obra garatu ahala, sintetizatzen eta elementu gutxiago erabiltzen joan naiz. Nik uste dut hori sormenaren esparru guztietan gertatzen dela. Zaila dena sintesi horretara iristea da, ahalik eta hitz gutxien erabiltzea. Orain, hirurogeita hamarreko hamarkadako eskultura bati begiratzen diodanean, pieza bakar batean bi edo hiru eskultura egon daitezkeela konturatzen naiz. Perspektibarekin begiratuz gero, konturatzen naiz orain beste modu batera egingo nituzkeela gauzak. Baina hori bizitzan garatzen zoazen heinean ikusten duzu. Oraindik bilaketan jarraitzen duzu orduan... Hain zuzen ere. Eta ez dago jakiterik bilaketa horrek zein norabide hartuko duen. Hori zoragarria da. Atzera begiratzen dudanean oso garbi ikusten dut guztia, eta garapen bat, sintesira eraman nauen prozesu bat egon dela ikusten dut. Garatu izan ez banintz, puntu edo egoera jakin batean gelditu izan banintz, manierismoan eroriko nintzateke. Logikoena garatzea da. Pertsonok alderdi guztietan garatzen gara, eta obra batean islatzen duguna ere aldatu egiten da. Ba al da besteak baino maiteagoa duzun artelanik? Bai. Obra batzuek, arrazoi batengatik edo besteagatik, besteek baino esanahi handiagoa dute niretzat. Joan Brossa ren omenez egin nuen "Poesiaren branka" ri maitasun berezia diot. Nafarroako Unibertsitate Publikoko campuserako zerbait prestatzeko enkargua pasa zidatenerako hasia nintzen brankaren eskulturarekin.Kokalekua erakutsi zidatenean, aparta iruditu zitzaidan; berehala imajinatu nuen branka belarditik ateratzen. Niretzat, eskultura hori, lurretik sortzen eta ateratzen den landare bat bezala da, garoa bezala. Garoa eskumutur bat balitz bezala ateratzen da lurretik, lurra altxatu eta hazi egiten da, eta gero hostoak ateratzen ditu. Oso pozik nago obra horrekin, alde batetik artista eta lagun bezala asko miresten nuen pertsona bat omentzen dudalako, eta bestetik obra bera ona iruditzen zaidalako. Obra batzuk hasieratik erraz asko sortzen dira, eta beste batzuk, berriz, ataskatu egiten dira. Ricardo Ugarte Pasai Donibanen bere eskultura baten aurrean "Popako Gaztelua". Nolakoa da eskultura bat sortzearen prozesua? Lehendabizi, ingurua aztertu behar izaten da. Nik paisaiari argazki batzuk ateratzen dizkiot eskalak eta bolumenak kalkulatu ahal izateko, eta inguruaren eta ipiniko dudan obraren artean oreka lortzeko, bien artean komunikazio bat egoteko. Gero, testuinguru hori kontuan hartuz, eskulturari buruz pentsatzen hasten naiz. Obra batzuk trabatu egiten zaizkit, ez naute guztiz konbentzitzen. Niri zailagoa egiten zait prozesu kontzeptual hau jarraitzea, eskultura bera fisikoki egitea baino. Nolatan aukeratu zenuen altzairua zure eskulturetako material nagusi gisa? 1970. urteaz geroztik nabil altzairuarekin lanean, eta oso ondo moldatzen naiz. Urte horretan, "Modulu ugartiarra" delakoa lantzen hasi nintzen: alde batean ebaki bat duen kubo bat da, barrutik hutsa dagoena, eta horrek modulu batzuk komunikatzeko aukera ematen dit. Altzairua tolestu egin dezaket, plano batzuk egin ditzaket, eta lodiera gutxirekin espazio batzuk sor ditzaket, elkar ito gabe. Oso ondo moldatzen naiz material horrekin, eta oso ondo komunikatzen naiz bere bitartez. Ricardo Ugarte "Popako Gaztelua"ren aurrean. Zer bilatzen du artistak bere obra egiterakoan? Non aurkitzen du plazerra, bere baitan ala berak egindakoa miresten duen ikuslearengan? Nik nahi dudana nire burua asetzea da. Nire obraegiterakoan ez dut ikusleengan pentsatzen; bestela beste arte mota bat landuko nuke. Sorkuntzaren bidea, existentziaren bidea bezala, ez da sekula amaitzen. Obra batean, existentziari eta beste alderdi askori buruzko ikerketa estetikoa eta hausnarketa filosofikoa biltzen dira. Norberarekin jaiotzen den prozesu natural bat da. Nire ustez, pertsona bakoitzak kualitate batzuk dauzka. Nire kasuan, kualitate hori adierazpen plastikoa da, eta hori da landu dudana. Ziur nago plastikaren edo poesiaren bidez espresatzeko gai den jendea dagoela, gaitasun hori daukala jakin gabe. Honek guztiak begirale fina zarela adierazten du... Gauza guztietatik ikasten da zerbait, beti. Artista beti egoten da begiratzen. Kanpora eta barrura begira hausnartzen du. Kanpoko errealitatea modu berezi batean ikusarazten dion ikuspegi edo perspektiba bat izaten du. Paisaia baten aurrean sei pintore jartzen baldin badituzu, sei koadro desberdin lortuko dituzu. Bakoitzak bere modura ikusten du errealitatea, bere ezagutzen arabera, eta hori adierazpen esparru pila bati aplika dakioke. Bizitzan zehar biltzen dituen datuek aberastu egiten dute pertsona, eta errealitatea beste modu batean ikustera eramaten dute. Egunez egun ezagutzen ditugun gauza berriekin trebatzen joaten gara. Imajina al dezakezu Ricardo Ugarte eskultorea edo artista ez balitz? Uste dut ezetz. Ez dakit zergatik naizen naizen bezalakoa, baina horrelakoa izan naiz beti. Zein proiektu dituzu eskuartean? Alde batetik Madrilen izango den erakusketa bat prestatzen ari naiz, eta bestetik Guadalupe Gilmas, Zaragozako Unibertsitateko ikasle bat, nire obrari buruz prestatzen ari den doktore tesiarekin nabil. Poz handia ematen dit norbaitek nire obra oraindik bizirik nagoen bitartean aztertzea. Euskadin artista plastiko asko daude, baina nire ustez gure gobernuak ez daki potentziala behar bezala ustiatzen. Gure herria heriotzari lotuta dagoen arren, badugu txanponaren beste aldea ere, jende askok kulturan duen sormena. Kanpoko autoreek etorribehar izaten dute gure kultura aztertzera. Pena ematen dit Euskadin dagoen potentzial artistikoari etekinik ez ateratzeak. Ricardo Ugarte (Pasai San Pedro, 1942) Ricardo Ugarte eta bere obra oso estuki daude lotuta. Bide paraleloak jarraitu dituzte, eta norabide berean garatu dira biak. Heldutasunez, sintesiz eta poesiaz beteriko obra dugu. Eskulturaz gain, Ugartek pintura, collage, argazkia, olerkia eta saiakera ere landu ditu. . Banakako erakusketak: 1967 Barandiaran Galeria, Donostia 1974 San Telmo Museoa, Donostia 1975 Aritza Galeria, Bilbo 1979 Iruñako Zitadela 1980 Ikusmira Galeria, Pasai Antxo (Gipuzkoa) 1981 Skira Galeria, Madrid 1982 Jovellanos Aretoa, Gijón 1985 Granadako Caja General eko Aretoa 1990 Okendoko Kultur Etxea, Donostia 1991 Industrie und Handelskammer, Wiesbaden. Alemania 1993 Zuta Wiesbaden Galeria. Alemania 1994 Can Sisteré, Santa Coloma de Gramanet, Barcelona 1994 Udal Aretoa, Pasai San Pedro, Gipuzkoa 1994 Barjola Museoa, Gijón 1994 Aritza Galeria, Bilbo 1996 Alcoy ko Kulturetxea, Alicante 1996 Barrena Kultur Etxea, Ordizia 1996 Garibai Aretoa, Donostia 1997 Txapitel Galeria, Hondarribia (Gipuzkoa) 1999 Carlos III Kultur Aretoa, Iruña 2001 Aranburu Jauregia, Tolosa 2002 Iruñako Zitatela . Erakusketa kolektiboak: 1969 "Bienal Internacional de Escultura", Donostia 1971/75 "Metal en Arte" ren III, IV, V, VI eta VII. deialdietan parte hartu du, Valentzia. 1973 74 "Primera Exposición Internacional de Escultura en la calle", Santa Cruz de Tenerife. "Escultura Vasca", Oteiza, Chillida, Basterretxea, Mendiburu, Ugarte. Skira Galeria, Madril. "Escultura en la Autopista", Bartzelona Madril. 1975 "Escultura". Basterretxea, Mendiburu, Ugarte. Aurrezki Kutxa Probintzialeko Aretoak, Donostia. 1976 "Constructivismo español", New York. 1978 Eskulturaren Lehenengo Hiru Urtekoa, Paris. 1979 Oviedoko Bigarren Bienal Nazionala. 1979 Artista gipuzkoarrak. Wiesbaden, Alemania. 1980 Eskulturaren LehenengoBienala. Cáceres. 1982 Eskultura Abstraktua. Madrilgo Udal Museoa. 1984 Budapesteko Eskulturaren Nazioarteko VI. Erakusketa 1986 Eskultura biderkatu ibiltaria Europa eta Ameriketako museoetan barna. 1987 "Constructivismo en Madrid" 1991 "Escultores Vascos". Oteiza, Basterretxea, Ugarte, Oviedo. 1992 Exposición organizada por la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País en el Museo San Telmo de San Sebastián, como acto previo a su ingreso como socio. 1993 III Mostra de Unión Fenosa, A Coruña 1993 Exposición en el Edificio Europa de Vitoria "Arte y lenguajes intermedios". 1994 "Un siglo de arte" erakusketa, Koldo Mitxelena Kulturunea, Gipuzkoako Foru Aldundia 1995 Juegos en la Ventana. Exposición organizada pro el Taller Arte Niño, Ikertze en el Museo de San Telmo y en Madrid 1997 Seleccionado en la V Mostra Unión Fenosa de A Coruña. 1998 "Arte en la Catedral", Rekalde Aretoa, Bilbo. 1998 Aritza Galeriaren 25. urteurreneko erakusketa, Bilbo. 2000 "Esculturas del Norte" Salas eta Gijón, Asturias. 2001 "Arte y Arquitectura" Arkitektoen Elkargoaren 25. urteurrena, Asturias. 2001 "Okupgraf" Victor Hugo Etxea, Pasai San Juan. 2001 Aranburu Jauregia, Tolosa. 2001 Kultur Aretoa, Eibar. . Sariak: 1968 "Cuarto Centenario de Villafranca" erakusketan zilarrezko domina. 1968 Muralen Lehiaketako brontzezko domina, Zarautz. 1969 "Bienal Internacional de Escultura" ko lehen saria, Donostia. 1970 "Ciudad de Irun" Literatur Saiakerako lehen saria. 1973 "VI Bienal de Escultura de Zaragoza" Ohorezko diploma. 1974 "Autopistas del Mediterráneo" saria. Bartzelona 1982 Eskulturako Gure Artea lehen saria. Eusko Jaurlaritza. 1986 "Villa de Madrid" Eskulturako Sari Nazionala. 1988 "Escultor del Año", "Correo del Arte" aldizkariak emandako saria, Madril. 1991 "Escultura de Hermanamiento Wiesbaden Donostia" ko lehen saria. 1992 "Premio CEOE de las Artes", Madril. 1993 Bruselako Europar Komunitatea Eraikin berriko proiektuaren Fase Nazionalerakohautatua. Argazkiak: Lehenengoa, txuri beltzean, Joseba Urretabizkaiarena da, gainontzekoak Conny Beyrutherrek egin ditu Euskonews & Media 178.zbk (2002 / 9 / 6 13) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Roge Blasco: "Nik batik bat adimenarekin bidaiatzen dut, entzuleek kontatzen dizkidaten istorioen bidez"

 

Irakurri

Juan Vidal Abarca: "Bere hasieran, Nafarroako armarrian ez ziren kateak"

 

Irakurri

Julia Otxoa: "Neure burua eta inguratzen nauena ulertzeko idazten dut, munduak osatzen duen enigma itzulpen sinbolikoaren bidez adierazteko"

 

Irakurri

María Bayo: "Oso ahots onak daude, eta bultzatu eta zaindu egin behar ditugu"

 

Irakurri

Marino Lejarreta: "Orain txirrindularitzan abentura gutxiago dago, dena planifikatzeko joera gailendu delako"

 

Irakurri