Santos Bregaña. Diseinatzailea: Iritsi da euskal kulturaren mundu ezti eta bikain hori aldarrikatzeko garaia

2010-09-03

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Haren eremurako lehen atea zeharkatutakoan, beste dimentsio batean murgiltzen da bat. Behinola, toki hori txundimenaren fabrika zela esan zuen Harkaitz Canok. Izan ere, atelier laian murgilduz, oraindik toki magikoak badirela sinets dezakegu, haurren begi harrituez bidaia dezakegu. Gizaki gehienontzat ezkutatuta garatzen den espazioa/denbora da atelier laia, nahiz eta handik gure egunerokotasuna betetzen duten amets ugari mamitu. Deunor Bregañak hartu gaitu anfitrioi moduan, eta Santosen bitartez helarazi digu agurra.Hala Santos nola Deunor fintasunaren eta dotoretasunaren arketipoak dira: ezer ez da ezustekoa, ezta oharkabekoa ere; ez dago ez presarik ez faltsifikaziorik; naturala, arina, enigmatikoa, harmoniatsua eta delikatua da dena. Santos Bregaña elkarrizketatzeko edo harengana nolabait hurbiltzeko, ezin da galderarik egin. Horregatik, naturaren harmonia gidatzen duen zenbaki-segidan, urrezko zenbakiaren ahaide den segidan, Fibonacci segidan —1, 1, 2, 3, 5...— oinarrituz, hitz batzuk bota ditugu, eta argitu egin dizkigu.

Santos Bregaña eta Anne Ibañez Guridi.

Argazkia: Antonio Macarro

1. Autodefinizioa

Biziki miresten dudan Harkaitz Canok txundimenaren fabrika ginela esan zuen behin. Ikuspegi profesionaletik sekula bota diguten lorerik politena dela deritzot. Asko pentsatu dut horretan. Nire iritzian, objektu batzuetan, ideien mamitze batzuetan, nolakotasun berezia ikusten jakin izan zuen Harkaitzek. Alegia, kulturan (eta, beraz, ergonomia jakin baten eta ekoizpen-bitarteko batzuen menpe) erabiltzeko diseinuko objektuak izan arren, haien egitura osatu duen poetikaz daude eginda.

Nire ustez, hortxe dago, hain zuzen ere, bereizten gaituenaren funtsa (estudiotik ateratzen dugun talde-lanaz ari naizelako dihardut pluralean): begirada gauzetan jartzeko eta, benetan guztion begien aurrean egon arren, ahalegin bat eskatzen duena aurkitzeko gaitasunean. Biriketan ahalmen hutsez urpean murgildu eta toki ilun eta kezkagarrian, ia argirik gabe, eskuen laguntzaz eta airerik gabe igeri egin eta pusketak aurkitzean datza. Malenkoniazko ariketa bat da, hotza, ulertezintasunean oinarritua, baina lana azken finean, perla-bilatzailearena legez. Michel Onfrayren ikuspegitik, Jainkoaren asmoak, hau da, seinaleak bilatu eta aurkitzen dituena da diseinatzailea, Jainkoa hilda eta urperatuta dagoelarik, laguntzarik gabe ozeanoaren sakonean murgildu behar du bere hezurrak bilatzera.

1. Arketipoa.

Amonaren lagun Maritxu Erlanz, Uliako sorgin famatua, izan dut arketipoaren ideiarekiko lehen kontaktua. (Gogoan dut nola, atea jotzen nion bakoitzean, «zu objektu hegalari ezezagunekin zaude» esaten zidan eta nik harrituta begiratzen nion, inoiz interesatu ez zaidan gaia baita —orain ulertzen dut ni despistatzeko trikimailu psikologikoa zela—). Arketipoen inguruan, bazuen hark liluratzen ninduen zerbait: erabiltzen zuen karta-sorta frantziarra. Ez zen Marseillako arkano nagusien eta txikien karta-sorta, arketipo lausoagoak irudikatzen zituzten animalien Grimaud karta-sorta, baizik. Hontza esleitzen zidan niri beti. Hortik ideia hau datorkidala uste dut: arketipoen hizkuntza sinboliko irmoa gorabehera, bada espazio lausoago bat, arketipo txikiagoak, erosoago sentitzeko aukera ematen duten daimonak, batzuetan aitortzea kostatzen zaigun lardaskeria modukoak baina gure jokabidearekiko leialagoak direnak.

Argazkia: Antonio Macarro

2. Bilaketa.

Aitak, ezustean eta txiste modura, bizitzako irakaspenik handiena eman zidan txikia nintzela. Gau batean, han omen zegoen mozkor bat, kale-argi baten ondoan makurtuta, lurrari begirik kendu gabe. Halako batean, gerturatu eta halaxe galdetu zion norbaitek:

—Zeren bila habil, bada?

—Giltzen bila— erantzun ei zion hordiak. Orduan, laguntzeko keinua eginez, hauxe itaundu zion besteak:

—Hemen jausi zaizkik, ala?

—Ez, han nonbait, baina han ez zegok argirik.

Egia esateko, orduan ez zidan grazia izpirik ere egin, baina barruan geratu zitzaidan kateatuta. Orain garbi dut: gauzak dauden lekuan bilatu behar dira, ez argia den eremuetan. Horixe da baita ere bilaketaren zeregina: argi-itzaletan ere mugitzen jakitea. Eskerrik asko Aita.

Ilustrazioa: Manu Muniategiandikoetxea

Edertasuna.

Landare-formak gure kulturan edertasun-paradigma direla kontuan hartuta, galdera hau egiten diot nire buruari, beti, edertasunaren inguruan: edertasuna proportzio, harmonia eta erlazio kontua dela suposatzen badugu, gakoa ez ote dago bostekoan? Landaretzak ez al du, bada, edertasuna elkartze pentamero horretan garatzen?

Gu etengabe ari gara paisaia hori ikusten, pentagrama hori, eta murgildu egiten gara edertasun horretan. Gero, gainerako gauzei eman nahi izaten diegu edertasun hori.

Edertasuna balio absolutua den ala ez argitzeko keinuak dira, nire ustez, diseinu-eragiketak. Eta, nire iritzian, absolutua da edertasuna. Garbatu egingo zait esan berri dudana. Ez, ez da absolutua. (Irribarre egin du). Badut biak esaterik? Ez dakit. (Irri egin du). Edonola ere, bada garbi dudan zerbait: edertasun oro emakumean dago mamituta.

Argazkia: José Luis López de Zubiría

3. Txokolatea.

Norbanakoaren nahiz taldearen kulturan bada ideia jostagarri, eutsi eta ironiko bat. Gauza dibertigarriak egitean datza, adibidez: abiadura eta hirugiharra edo matematika eta txokolatea nahastean. Irribarrearen bidez bizitzaren tragedia osoa gainditzea da. Erronka: tristura edo malenkonia handiegiaren menpe ez erortzea. Nola: toki txiki-txikian txokolate-tableta batez gauzak egin daitezkeela erakustea.

Arkitektura-eskolan matematika suspenditzearen eta programan urtero gertatzen ziren aldaketak gainditu beharraren poderioz, ibilbide luzea egin nuen algebran, aritmetikan, bezier kurbetan, kurba polinomikoetan, matrizeetan, ekuazio diferentzialetan...

Horrela, matematikaren mundu puru hori kristalizatu eta ia inork ihes egin ezin dion sekulako plazer horrekin, gozotasun irrazional, aberekoi eta sentsual horrekin, uztartzeko ideiarekin sortu zen txokolate-tableta horren diseinua.

Ederrena hauxe izan zen, ustekabean: tenperatura zehatz batean txokolatea ezin hobeki kristalizatzen dela, eta hori erabat matematikoa da inondik ere.

Argazkia: José Luis López de Zubiría

Kafea

Jatorri-deitura batentzat, Jamaica Blue Mountain, kafe-kikara oso berezia egin dugu. Prozesua luzea izan da benetan, eta, bertan, kultura-moldeak aztertzea eta inertziak funtsezkoak izan dira.

Gure kulturan, bizitza osoa isla daiteke kafearen bueltan: gosaria, hitzorduak, bazkalondoak... Kafearen inguruan atseden-tarte bat eratzen dela esan dezakegu, eta, une horretan, gauza asko gerta daitezke. Kafearen keak hurkoaren indarkeriatik babesten gaituela ere esango nuke.

Italiar kafe espresaren kulturan eta kafeari esentzia guztia ateratzean oinarritutako forman, gure kulturan erabili ohi ditugun parametroak aztertzen baditugu, zaporea da, dirudienez, kafearen tasunik gorena. Baina, bidaietan jabetu ginen, Japonian, adibidez, inork ez duela kafe espresa hartzen, baizik eta aromak eta ñabardurak bilatzen dituen infusionatutako kafe bat.

Horrela, kafe espresarekin aroma galdu egiten genuela ohartu ginen, aroma ez delako zaporearekin erabat bateragarria. Zaporeak sorgortu egiten du gerokoaren aromak sumatzeko dugun sentikortasuna. Kontua da, diseinatu dugun kikara, objektua bera, nahiko klasikoa dela, oso itxura kontserbadorekoa. Barruan, ordea, oso mekanismo sofistikatuak ditu, kafea perfektua izan dadin, adibidez: kupula oso berezia, aromari ahalik eta gehien eustea, kikara urrundutakoan aroma-leherketa bat lortzea, tenperatura egokiari ahalik eta denbora luzeenean eustea... ahalbidetzen duena. Horiek guztiek zaildu egin dute kikara egiteko prozesua. Irakaspena: deabrua xehetasunetan dago, eta aldea aroman, eta ez genuen aprobetxatzen!

Gustuko dut Unai Ugaldek behin kafearen inguruan esan zidana... eta beste landare batzuetarako balio du, gainera. Kafeak, bere mingostasunarekin, mezu zehatza helarazten digu: bihotzekoak jota hilko zaitut. Berez, ez da gizakiontzako mezua, landarea jan nahi duten intsektuei zuzendua, baizik. Kafeak bihotzaren erritmoa bizkortu eta, ondorioz, infartua eragin dezaketen substantziak ditu. Eta gizakiok atsegin handia bihurtu dugu toxikotasun hori, pozoi hori. Plazer horrek, alabaina, ikaskuntza kultural bat eskatzen du eta sari moduan kafeak berak eskaintzen duen estimulu fisikoa dugu. Hala ere, lore aromak, bainila aromak, aroma kritikoa eta batzuetan ere, txokolate aroma horrek maita nauzu! esaten digu.

Argazkia: José Luis López de Zubiría

Kaligrafia.

Kaligrafia eta tipografia mundu berekoak direla esan dezagun. Mundu hain informatizatu honetan, milaka tipografia daude, eta bat edo beste bat aukeratzeak bereizi egin gaitzake ingurukoetatik.

Are gehiago; zenbaitetan, idazkerak berak baino hobeto bereizten gaitu aukeratzen dugun tipografiak. Kaligrafiak, bere aldetik, garatu beharreko trebetasun bat behar duten keinu batzuekin du zerikusia, eta, kasu askotan ez da trebetasun hori izaten.

Guk etxeko ezaupidea den tipografia erabiltzen dugu, Bembo izenekoa, alegia. Garamondaren garaikidea da. Nik amets-irudi gotiko baten barruan interpretatzen dut, Errenazimendurako bidean dagoen egunsentia non Erdi Aroko hondarrak gelditzen diren oraindik. Nolabaiteko irrazionaltasuna lortzeko beharrarekin bat egiteko. (A, e... letrek pittin bat txitxilduta dituzte begiak).

Garbi dagoena hauxe da: nork bere kabuz aukeratu behar duela. Horregatik, ez dut windows mundua batere atsegin, Gates jaunak aukeratzen baitu gure partez.“Ate” jaunaren leihoen munduan egonez gero, gauzak eurek gura dutenean eta eurek gura duten moduan eguneratzen dira.

Argazkia: José Luis López de Zubiría

Honekin lotuta, mendebaldeko kulturan modernotasunaren paradigma dugun Helvetica letra zoragarriaren galdaketa elektronikoaren inguruan akordiorik lortu ez zenez, Arial kopia kaskarra hedatu zen. Ondorioz, azken urteotako ia kultura elektroniko guztia Arialez idatzi da. Osasungarria da aukeratzea eta norberaren tipografiaren kontzientzia hartzea.

Bada beste kasu izugarri bat: Comic Sansena. Letra tipo horren sortzailea, Vincent Connare, ikaratuta zegoen, gaur egun irakasle askok aukeratzen duelako tipografia hori, baina modu jolasgarri batean eta haur jolasetan kasu murriztuetan erabiltzeko sortua zen. Nire ustez, iraintzen ari dira ikasleak; haurrek elkar ulertzeko letra tipoa naif-a behar dutela pentsatzen bide dute. Umeen munduaren ikuspegi oso zitala iruditzen zait hori. Hots, egoki eraikitako edertasunezko tipografiak eskaini ordez, haien oinarri izan dadin eta ahal dutena egin dezaten eskuz kopiatuz, tipografia inperfektu bat ematen diete, desorekatua, erdi eroria. Aztertu beharreko ukitu psikologikoa sumatzen diot horri. Guk malgukiak eginarazten zizkiguten Rubio koaderno zoragarri haiek genituen... Primerakoak dira.

Euskal kulturaren eta kaligrafiaren inguruan, berriz, bada sekulakoa eta izugarria iruditzen zaidan zerbait. Euskal kulturaren baitan, kaligrafo eta tipografo handiak daude, Joanes de Içiar, Ybarra, Iturzaeta eta abar. Lehena, Errenazimentuko hasieretan tipografo bizkaitarra, Zaragozako kaligrafia-eskolako buru izatera heldu zen, eta tipografia garrantzitsuak sortu zituen. Ybarra, euskal jatorrikoa, tipografoen artean paradigma bihurtu zen. XVIII. mendean Getarian sortutako Iturzaeta kaligrafo eta tipografoarengandik, berriz, tipografiaren bat berreskuratu dugu. Kalitate handiko Erdi Aroko eskuizkribuak ere baditugu. Hala eta guztiz ere, sagardotegien munduan kasu, bertako tipografiaren bat hautatu ordez, garatu gabeko bitartekoez artisau batek sortutako tipografia aukeratu da, ahalik eta modurik onenean, zizelez eta mailuz senitarteko baten hilobia egiteko, adibidez.

Geure-geurea landu gabeko letra hori dela esatea tragikoa da, inondik ere. Festa batera laneko arroparekin joatearen modukoa da hori.

Agian oraindik ez gara gure kulturak duen aberastasunaz jabetu, eta iritsi da euskal kulturaren mundu ezti eta bikain hori aldarrikatzeko garaia. Gure dantzetan erreparatu baino ez duzu. Arinak dira zeharo, airean gauzatzen dira, beste edozein lekutan nagusi den indar zakarra alde batera utzita.

5. Euskal Herria (edo Nafarroako erresuma?).

Gauza beraren adierazpen bi dira, Alemania edo Germania, Galia, Frantzia, Bretainia eta Ingalaterra... bezalaxe. Hiri hau (Donostia) Nafarroako erregek fundatu zuen. Kontua da, ezkutatu egin dela apropos. Tartean ez daude errebindikazio-sentimenduak bakarrik, aurre egiteko eta zalantzan jartzeko askozaz ere zailagoa den errealitate politiko bat, baizik. Eta ez dago errealitate hori existitzen dela ukatzeko modurik. Euskal Herriaren edo Nafarroako erresumaren errebindikazioa bateragarria da, erabat, errealitate politiko eta kultural osagarriak direla garbi izanik.

Argazkia: Maider Bilbao

Euskokonforta.

Triste. Euskal mundua modernitaterantz jo nahi du baina faltsuketaz beteriko lokatzean dabil besagainka. Dena den, ez naiz izututa dagoen bakarra; nire bizitzako eta inguruko pertsonak ere neu bezain ikaratuta daude. Ez dakit zer ari den gertatzen, baina nonahi palmondoak jartzeko eta gure klimari eta argiari begira aproposak diren zoru grisak kendu eta Mediterranioko hiriren batean sentiarazten gaituzten beste batzuk jartzeko ohitura hori moduko zerbait da. Gu alakantizatu nahian dabiltzala sentitzen dut.

Politikarien baldarkeriaren jakitun ez banengo, pentsatuko nuke gure imaginario atlantikoa asaldatu nahi dutela, mundu horretako kide garela sinestarazteko eta, horrela, gu manipulatzeko asmo zitalarekin.

Bikoteak, sexu-rolak aldatzeko proposamenek nahasita, Donostiako Fnac-en eraikinaren F handiaren inguruan nora ezean ibiltzea, eta, horrekin batera, ile-apainketa ordezkatu duen ornitologia, pirata-prakak eta esfortzurik gabe irabazitako gizonezkoentzako belarritakoak, mundu krepuskularreko paisaiaren osagarriak dira.

Gauzen balioaren ideia berreskuratu behar dugu. Zailtasuna beharrezkoa eta logikoa da, erosotasunak prezio garestia du.

Emozioa.

Sentimenduen soinua dela dirudi. Sortzetikoa “ahuldade” kolektiboa. Ez dut emozioen atalase handia jasaten; sentimenduak esplizituki adierazten dituzten pertsonek gogaitu egiten naute. Gure sentimenduen mundua bizia da, eta ezkutatzen ahalegintzen gara. Objektuetan emozio ugari dago: heziketak behartuta ezkutatzen ditugun emozioak objektuetan islatzen dira, hein handian. Uste dut orain modan dagoela «tira, negar egin behar duzu...». Ba nik ezetz uste dut. Lotsa atsegingarria ez ezik, semaforo delikatua ere badela deritzot.

Betierekoa.

Ironikoa bada ere, portzelanaz egin ditugun lan guztiek belaunaldi asko eta asko baino gehiago iraungo dute, ia suntsiezinak dira eta. Izan ere, kultura ugari zeramikaren bidez aztertzen dira.

Portzelanaren anekdota alde batera utzita, pozgarri zait iragankorrak garela jakitea.

Itxaropena.

Gaur egun oso modan ez dauden balioak biziki estimatzen ditut, hala nola, isiltasuna, nolabaiteko itzala, freskotasuna, plazera eta, batez ere, arruntasuna gainditzea eta mina. Santos Bregaña Jatorriz Kroaziakoa bada ere, halabeharrez Iruñean jaio zen, 1965ean, Le Corbusier Cap Marinen itota hil zen egun eta ordu berean. Donostian eta Bartzelonan arkitektura ikasi ostean, laia diseinu-tailerra fundatu zuen, 1996an. Orduz geroztik, diseinu grafikoko eta industrialeko proiektuak egiten ditu. Donostiaren erdialdean, gastronomia-kulturarekin zerikusia duten lan ugari egin ditu laia diseinu-lantegiak. 2008an, Anne Ibañez Guridi lankidearekin batera, Art Director Club NY erakundeak emandako Sphere saria jaso zuen, azken hamar urteetan Mugaritz jatetxerako egindako lanagatik. Kulturaren eta gastronomiaren inguruko gaiak zabaltzeko xedea duen Tabula argitaletxea zuzentzen du, eta hizlari izan da sukaldaritzari buruzko elkarrizketetan. Haren portzelanazko diseinu-lanak munduko jatetxerik eta hotelik onenetakoetan daude, eta Parisen, Washingtonen, New Yorken, Tokion... erakutsi ditu. Haren portzelana-bildumek —“O! luna”, “Tabula” eta “Linneo”— entzute handia lortu dute nazioartean, eta mundu osoko jatetxe eta hotel onenetako batzuetan erabiltzen dituzte.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Iñigo Lavado. Sukaldaria: Ni ez naiz artista, nik zerbitzu enpresa bat daukat

 

Irakurri

Garbiñe Biurrun. Epailea: Gizarteak sinesten du justizian

 

Irakurri

Antonio Sánchez Escudero. Kanpo merkataritzan lizentziatua: Zerbait eginarazten dizun indar handi bat duzunean, badakizu azkenean lortu egiten duzula

 

Irakurri

Francisco Xavier Medina. Antropologoa: Elikagaien segurtasuna inoiz baino handiagoa da gaur egun

 

Irakurri

Ana Etxaide. Hizkuntzalaria: Nafarroan baziren euskaraz egin arren euskaldun sentitzen ez zirenak

 

Irakurri