Valeriano Bozal Fernández. Filosofian lizentziaduna, Estetikan doktorea eta Arte Garaikidearen Historian katedraduna Madrilgo Complutense Unibertsitatean: Indarkeria estetizatzen ari zaigu

2006-04-21

SALABERRIA, Urkiri

GARMENDIA IARTZA, Koro

Ostarteekin esnatu da goiza. Lotsati ageri da eguzkia. Eusko Ikaskuntzak Donostian duen egoitzan Euskal Artearen Berrikuspenaren inguruko Jardunaldietara Valeriano Bozal jauna etorri izana aprobetxatuz, elkarrizketa labur baina guztiz interesgarria izan dugu Mirakontxako lorategietan Arte Garaikideko eminentzia jantzi eta abegitsuarekin. Beharrezko aurkezpenak egin eta solasean hasi orduko, buru-belarri sartu gara elkarrizketan...

Lehenik eta behin, azalduko al zeniguke zer den Estetika?

Estetika diziplina akademiko bat da, XVIII. mendean sortu zena. Baina, segur aski, ez didazu alderdi akademikoez galdegin, bere edukiaz baizik... Estetika, "esperientzia estetikoa", ezaugarri berezi batzuk dituen esperientzia mota bat da. Ezin da esperientzia praktiko edo moralekin identifikatu, baina badu hauen zantzurik.

Zein zehaztasun ditu esperientzia mota horrek?

Denbora askoan zehar, XVIII. mendeko pentsamendu ilustratuaren ikuspegiari jarraituz -alderdi horretan, ez gara gehiegi aldatu-, Estetika, edo esperientzia estetikoa, gozamenezko esperientzia bat dela esan izan da, gozamen desinteresatua. Baina aldaketa asko egon dira: artearen joerak, komunikabideak, eguneroko bizitza bera... Horregatik, nire ustez, esperientzia estetikoa ez da gozamen desinteresatua bilatzera mugatzen, baizik eta gauzak behatzeko gaitasunarekin dago lotuta. Jo dezagun adibide guztiz topiko batera: eguzkia sartzen ikusten dugunean, bistakoa da zeinen ederra den esperientzia hori, baina ez dugu ahaztu behar buru-argitasunez behatzen dugula eguzkia, kontzienteki. Esperientzia estetikoak, nire ustez, badu joko horrekin zerikusirik.

Gauza ezin ederragoak behatzearen sentsazioarekin lotuta dagoela esan daiteke?

Ezin ederragoa, esperientzia estetiko mota bat da, baina komikoa. Bufoikeria bat, adibidez, ez da gauza ezin ederrago bat, baina behatzaile gisa kontziente izaten gara. Esperientzia estetikoa, nire ustez, hainbat faktoreren batasuna da. Eta oinarrizkoa iruditzen zait esperientziaren subjektuari egiten zaion erreferentzia, "behatzaileak" garela kontuan izatea.

Behatzean, begiradaz baliatzen gara... Gizartearen arabera aldatu egiten al da begiratzeko modua?

Egia da begiradaren hezkuntza egon badagoela. Haurrekin ibiltzen den edonork badaki bizitza guztian zehar hezten dela begirada. Begiradak alderdi natural, optiko eta fisiologikoa du, baina baita funtsezkoa den alderdi kultural bat ere. Esan beharrik ez dago guk ez dugula begiratzen XVIII edo XVII. mendeko pertsona batek begiratzen zuen bezala... Begiratzen ere ikasi egiten da.

"Ikusten duguna garela" esan al genezake?

Ez naiz hain baieztapen irmoak egitera ausartzen. Ikusten duguna ote garen? Egia esateko, ez dakit ezer ote garen ere! (irribarrez)... Ez daukat oso argi zer garen... Dena den, argi dago modu batean edo bestean begiratzen dugula, eta begiratzen dugun moduaren arabera ikusten gaituztela besteek, eta gure begiratzeko moduaren arabera ikusten dugula guk gure burua. Begiratzeko modua, hitz egiteko modua... Begirada ez dago beste alderdietatik isolatuta.

Esaterako...

Hemeretzigarren mendeko eleberria existitzen denetik, ezaugarri berezi batzuk dituen narrazioa, beste modu batean begiratzen dugu... Edota telebista daukagunez geroztik...

Indarkeria, ankerkeria zein ezbeharrez betetako irudien bonbardaketa jasaten dugu etengabe... Horrelakoak ikusten ohitzera iris gintezke, "normalak" bailiran ikustera?

Oso gai konplexua da hori. "Ohitura" hitza sartzen zaigu hor tartean, hitz beldurgarria. Mundu zehatz batean bizi gara, mundu garaikidean, eta "albiste" izateko moduko gauzak baino ez ditugu ikusten. Goizean, egunkaria irekitzean, albisteak ikusten ditugu; telebista piztean, albisteak ikusten ditugu; irratia piztean, albisteak entzuten ditugu... Albiste ez denak ez du lekurik komunikabideetan. Eta indarkeria beti da albiste.

Zergatik du indarkeriak horrenbesteko "audientzia"?

Indarkeria txikitzailea da. Txikitu egiten ditu objektuak, pertsonak, giza taldeak... Baina, irudikatzen dugunean, bere izaera negatiboa ezabatzeko arriskua daukagu... Nik su artifizialen bidez adierazten badut indarkeria, ikuskizun baten bidez, indarkeriaren funtsa, alderdi txikitzailea, desagertu egiten da, eta pertsonen zein objektuen mugimenduarekin bakarrik gelditzen gara...

Eta esperientzia estetikoa bihur daiteke...

Indarkeria estetizatzen ari zaigu. Duela bizpahiru hilabete, aldizkari bat irakurtzen ari nintzela -Vogue zela uste dut-, "neskek egina" edo horrelako zerbait zioen erreportaje bat ikusi nuen. Modako erreportaje bat zen, non kirofanoak ikusten ziren, modeloak burua bendatuta, kotoiak odolez beteta, eta zirujauak... Hara zein punturaino faltsutu daitekeen indarkeriaren eta edertasunaren esanahia. Eta, jakina, bada indarkeriarekin gozatu egiten duen alderdi patologiko bat.

Defini al daiteke Artea?

Kontu hori hain da aspaldikoa...

...Nahitaez galdetu behar nizun, ordea...

(Irribarrez). Denbora askoan, Arteak ezaugarri zehatz batzuk izan behar dituela esan izan da... Baina, nire ustez, Arteak ezaugarririk baldin badu, baldintza guztiak ezabatzen joan izana da. Ezabatu egin ditu bera definitzeko erabiltzen ziren baldintza guztiak. Objektu bat artistikoa izan daiteke, edo ez. Duchamp-en "Iturria", adibidez, edo Warhol-en "kaxa distiratsuak"... Objektu artistiko modura aurkeztu baino lehen ez ziren artelanak; aurkeztu eta gero hasi ziren artelantzat jotzen. Eta jende asko dago objektu horiek artelanak ez direla pentsatzen duena. Oraindik ere zalantzan jartzen da artistikoak ote diren.

Ez dut ezagutzen gisa honetako eztabaidak pizten dituen beste objekturik... Inork ez du eztabaidatzen bisturi bat ebakuntzak egiteko tresna denik, edota poltsa bat barruan gauzak eramateko denik...

Orduan, Artea...

Arteak gauzak ikusten laguntzen digu, baina ez da gauzen ispilua. Arteak gauzak beste ikuspegi batetik ikustera gonbidatzen gaitu. Gonbidapen hori onartu egin dezakezu, edo ez. Arteak ez digu esaten "mundua horrelakoa da", baizik eta "mundua horrelakoa izan liteke". Arteak ez du ukatzen fikzio bat denik.

Velázquez, Murillo, Bernini, Leonardo... Dirudienez, aski errotuta dago artista "klasikoen" ideia, baina nortzuk ditugu artista XX. mendean?

XX. mendean, artistak intelektualtzat hartzen ziren. Ez "jantziak" zirelako, baizik eta, gizartean, artelan baten presentzia fenomeno intelektuala zelako. Artea ez da fenomeno apaingarri bat bakarrik; fenomeno intelektuala ere bada. Artistek, beren obren bidez, errealitateari buruzko iritzia ematen dute, gertatzen ari denari buruzkoa: ezbeharren bat, emakume zein langileei eman beharreko tratua, indarkeria... Aldaketa hau itzela da XVI, XVII eta XVIII. mendeko artistekin alderatuz gero.

Bukatzeko, bota diezaiogun begirada bat Euskal Arteari...

Euskal Herriko Arteaz aritzean, bi modutan hitz egin daiteke. Bata, atsegin ez dudana, Euskal Arteaz hitz egitea da. Ez zait oso zuzena iruditzen. Eta ezta ere Euskal Kimikaz, Euskal Filosofiaz, Euskal Zuzenbideaz eta abar. Artea, nire ustez, unibertsala da, eta Euskalduntasuna ez da Artearekin lotutako ezaugarri metafisiko edo ontologiko bat. Horregatik, nahiago dut "nonbaiteko Arteaz" hitz egin, nonbait egiten den Arteaz, han edo hemen...

...Euskal Herrian egiten den Arteaz, orduan? Bilbotarren txisteak dio bilbotarrak, edonon jaiota ere, Bilbokoak direla beti. Bada, ildo horri jarraituz, madrildarrok, Madrilen jaio arren, ez gara inongoak. Artearekin gauza bera gertatzen da: ez dauka "nortasunik". Hemen dagoena, hemen egiten dena da. Inguruabar ekonomiko, sozial, politiko, ideologiko eta pertsonal jakin batzuetan... Horien baturatik, ezaugarri berezi batzuk sortzen dira, aldatzen joaten direnak. 57. urtearen inguruan, Oteizaren lanak lehen aldiz ikusi nituenean, bere "asmo esperimentala", hutsunea zen kezkatzen zuena, Malevich, eskulturaren eta arkitekturaren arteko harremana... Chillida materiaren trataerarekin zegoen arduratuta, informalismoarekin... Ez zuten euskalduntasunaz hitz egiten. Bataren zein bestearen kasuan, gerora etorri dira beren Euskalduntasunaren gaineko interpretazioak: "euskal eskultura", "euskal pintura"... Nork ziurta dezake interpretazio artistikoari ez zaiola buelta emango? Horrek ematen die bizia Artelanei.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Salvador Marzana, Eduardo Aparicio eta Ramón Agesta. 75 urte II Errepublika aldarrikatu zenetik: II Errepublika, zuzenean

 

Irakurri

Marina Bidasoro Arocena. Egailaneko Zuzendari Kudeatzailea: Azken urteotan ez da asko aldatu lanbideen izena, baina gaur egungo profesionalek zerikusi gutxi daukate duela 20 urtekoekin

 

Irakurri

Hasier Etxeberria. Idazlea: Nik beti pentsatu izan dut ipuingilea naizela

 

Irakurri

Áurea Díaz de Guereñu. Gerrako umea: Ez dut izenik gogoratzen, ezta leku eta data askorik ere, baina estualdia bai. Hori, oraindik ere sentitzen dut

 

Irakurri

Estefanía Reina Pancha eta Sandra Feng. Donostiako Peñaflorida Institutuko ikasleak: Ez dugu egokitzeko arazorik izan, haurrak ginela etorri ginen eta

 

Irakurri