Benito Lertxundi izan zen euskal kanta berriaren sortzaileetariko bat, iragan mendeko seigarren hamarkadan. Berarekin ekin zion belaunaldi batek kultura espresabide berrien ildoari eta gaur egun ere Lertxundik egundoko indarra erakusten du bere obran. Oriotarraren ahotsak lau haizeetara zabaldu du azken berrogei urteotan euskal gogoaren garrasia. Eta euskal gizartearen aldaeraren lekuko zuzena gertatu da, herriz herriko bere ibilaldi artistikoan.
Nahi nuke zurekin burutu halako erradiografia bat euskal gizarteari buruzkoa, euskal kultura, euskal errealitatea... Eta horretarako zure abestietako goiburuez baliatuko naiz. Gure baitan diren zure abestien tituluen bitartez. Eta nondik edo handik hasi behar, eta datorkidan lehendabiziko titulua da “Gure bide galduak”. Ez dakit elkarrizketarekin hasteko gehiegi ez ote den, hasieratik galduta ibiltzea... Baina abesti horretatik gogoratzen ditut “Maitasun hitzak nahi nituzke esan, baina gaur ezin dut”...
Bai, kantu hau egin nuenean –hau aspaldiko kantua da– nire hasieretan, esango nuke, gu kantatzen hasi ginenean, ez genuen oinarri sendorik herrian bertan. Ia hutsetik hasi ginen, ni gogoratzen naiz, neuk ere kantatzen nuela zortzikoetan eta koroetan. Kantatzeko modu horretan, modu juglaresko horretan, gitarra bat eskutan hartuta, guk ez genuen erreferenterik hemen herrian. Aipatzen zen Iparragirre bat ibili zela garai batean hortik eta abar, baina ez gehiagorik. Bitartean munduan bai, munduan tradizio horiek bazeuden han-hemenka. Eta gu, nolabait gure erreferentziak behar genituen une horretan. Hain zuzen, garai hartan suertatu zen bazela halako korronte bat munduan zehar: protesta kantuarena. Orduan, musika egiten hasi ginenean, pixka bat ildo horretaz baliatu ginen kantuan egiteko, eta noski, bagenuen orduan nora begiratu. Adibidez, gure herria, eta gure egoera. Gainera, nik esango nuke gu gazteak ginela denok, eta ni Orioko mutil gazte bat, kantatzea gustatzen zitzaion gaztea nintzen. Martxan jarri zen “Ez Dok Amairu” mugimendua eta hori izan zen niretzako nolabait bataioa. Hor nolabait herri kontzientzia jasotzen hasi nintzen. Eta une horretan, bada, aipatzen genituen gure egoera politikoak eta gure nolabaiteko historiak, gure nahiak eta horrelako istorioak izan ziren abiapuntua. Eta “Gure bide galduak” jarri nuen, galduak geundelako, antolakuntza eta erreferenterik gabe, behar bezalako erreaktorerik ez genuelako, eta, azken finean, herri bezala pixka bat suspertzen joateko.
Orduan, herri gatazka deitzen den hori han zegoen bizi-bizian, eta nik uste dut kolektiboki nahiko nabarmen sumatzen genuela bazela halako bide aurkitu ezin bat. Hortik abiatu zen kantuena. Eta noski, besteak beste esaten da, maitasun hitzak esan nahi nituzke baina gaur ezin dut. Azken finean beti kantuaren eredu bezala maitasuna izan zelako, maitasun kantuak oso joera handia izan du beti gizartean, historian zehar, kantu bat egiterakoan sentimendu unibertsal eterno hori adieraztea, maitasun kontuarena eta gu ari ginen, hain zuzen, zerbaiten kontra, ezta? Eta hain zuzen, hori zen gure protesta kantua.
Hori adierazi nahia, eta gero urte asko pasatu direnean, egia da oraindik ere, sumatzen dudala, halako bide galduetan bezala, gure bideak galdurik direla oraindik ere. Ikusten dut gauzak egoki bideratzeko ez dakit zer falta zaigun, eta guzti horrek ekartzen du halako nahasmen bat, eta kontraesan pila bat, eta ez dakigula zerekin egina dagoen. Niri une honetan iruditzen zait ez dakigula oso ongi zerekin egina dagoen daukagun arazoa. Nahasten dira alde batetik kontzeptu batzuk, niretzako oso nabarmenak direnak. Orain demokrazian omen gaude baina badugu arazo nazionala, eta noski, teknikoki ezin da batu, hau da, demokrazia eta arazo nazionala biak batera ezin dira inoiz egon. Edo demokrazia dago eta arazo nazionalik ez, edo arazo nazionala baldin badago demokraziarik ez. Azken finean, demokrazia egiazki, demokrazia balego, arazo hori ez genuke edukiko, behar den erreminta eskuartean edukiko genukeelako.
Kontraesana aipatu duzu, eta garbi dago kontraesanean jarraitzen dugula, izan ere gure bide galduak konfliktoa daukagula adierazten du baina, hori hala den arren, badirudi ezin zarela haserretu. Behintzat “Haserre egon nahi nuke” esaten duzu abesti batean, pozik biziko bazina bezala...
Bai, egia da... Nik beti esaten dut, Afrikara joaten bazara, han arazo psikologikorik ez dagoela, han ahora zer eraman da arazoa. Beraz, arazo psikologikoetarako ez dute denborarik. Aldiz, guk, lehen mundukook, badugu denetarik baina, hala ere, psikologoak behar ditugu. Azkenean, horrelako zerbait pasatzen zaigu. Bai, ongi gaude, gu oso herri garatua gara eta oso puntako herri bat gara eta badugu aberastasuna sortzeko gaitasun berezi bat euskaldunok, baina hala ere, badugu identitateari buruzkoa, auzi nazional hori, beti hor zintzilik pendiente dagoena. Eta hori behar bezala onartzean haserre egoteko gogoa duzu, horren aurka altxatzeko gogoa duzu.
Lehen esan duzu erreferente batzuk bazirela munduan, kantagintza dela eta. Nire lagun bat ere, Jose Antonio Villar oñatiarra, hastapen haietan ibili zen, Donostiako La Perlan eta Eibarko jaialdi famoso haietan jotzen eta abesten, ahal zuen moduan. Eta kontatzen du halako batean agertu zela euskal espektro berrian Benito Lertxundi, meteorito bat bezala, “Loretxo” abestiarekin. Hori izan zen, nik uste dut, errebultsiboa, ezta?
Bai, “Loretxo” izan zen nere lehenbiziko kantua. “Ez dok amairu”ko hasierako bilera haietan, besteak beste aipatzen zen behar genituela gure iturriak, eta ezagutu behar genituela kantu zaharrak. Hor zeuden kantutegiak, Azkue bat, Aita Donostia bat, eta gero Iparraldeko beste batzuk, Salaberri, Bordes... Horiek eskuratzen hasi ginen eta kantak ikasten. Baina konpromiso moduan hartu genuen ere gure kantuak egiten hasi behar genuela, ofizio hori ikasi behar genuela, menperatu behar genuela. Gogoratzen naiz “Loretxo” egin nuela eta asko poztu nintzela. Momentu hartan ospatu egin nuen, “kanta bat egiteko gai izan naiz” adieraziz. Eta gogoratzen dut, segidan telefonoz deika hasi nintzen nire taldekideei. Eta nik ez dakit letraren nondik norakoagatik izan ote zen –ume bat agertzen dela loretxoari begira, eta arantzak kendu nahi dizkiola askatasunean bizi dadin– baina metafora horrek toki handia egin zuela uste dut jendearen adimenean. Egia da, eztanda handia egin zuela.
Arrakasta ikaragarria izan zuen abesti horrek. Aipatu duzu maitasuna eta maitasuna da nolabaiteko motorea gure bizitzan, edo izan beharko luke, gutxienez. Horretan ere iparra erakutsi zenigun “Eta maita herria üken dezadan plazera” abestiarekin. Herria, historia, gure errealitatea, euskara,... badaukagu zer maitatu, ezta?
Lehenik eta behin garbi utzi behar dut kantu hori ez dela nik egina, zuberotar kantu zahar bat dela baizik. Bai, egia da deigarria dela, doinua oso polita da, oso bizkorra. Eta kontatzen digu jaun baru bat, Zuberoan zebilen jaun baru bat, maitemindu zela neskatila batetaz eta, berari ezkontzeko eskatu zionean, jaun baru hau Frantziako erregearen zerbitzuan ari zen, aristokrata bat zelako. Eta orduan neska gazte horrek erantzuten dio “baldin eta maite banauzu, diozun bezala, kendu ezazu erregearen zerbitzua eta maita herria. Ukan dezadan plazera”. Kuriosoa egiten da hori, gizon heldu aristokrata bati, amodiozko proposamen baten ondorioz, baldintza hori jartzea, esanez “maita herria”. Nola agertzen den herriminez eta herri amodioz bizi den neskatila gazte bat -polita da estanpa hori- eta berari plazera emango liokeen zerbait hori izatea.
Eta, egia da badugula zer maitatu. Badakizu, azkenean amodio kontuetan ari garenean ere, kontzientzia egoera bat da; amodioa eta askatasuna bera ere bai, kontzientzia egoera bat da. Kontzientzia egoera hori ez dagoenean, gauzak ez dira maitatzen... ez bada nor bere nikeria, bere egoari, bere ni hori edertuko lukeen zerbait. Hura ere ez du egiten maite duelako baizik eta maite duena bere “ni” hori delako. Baina kontzientzi ona dagoenean gauzekiko, batek bere ingurua kanpoan uzten ez duenean, berari suertatu zaion toki horretan eman den ondare guztiarekin kanpoan bere burua ikusten ez badu oso naturala da guzti horrekin maiteminduta edo afektu edukitzea. Eta gauza bitxi eta berezi asko ditugu, hizkuntza bera. Nik beti esaten dut, mundu zibilizatuak zer-nolako dirutzak gastatzen dituen Egiptora espedizio bat bidaltzeko, han ez dakit zer aurkitu behar dutelakoan. Eta gero, hizkuntza kontutan hasten garenean gure hizkuntza suntsituta ikusi nahiko luketenak gehiago daude, loratzen ikustean poztuko liratekeenak baino. Kuriosoa da hori, ezta? Eta gure hizkuntza perla bat da. Gaur egun ezin da zehaztu nondik datorren, zer norabide egin duen, zer duen, nondik nora ibili den hizkuntza hau. Hemen dago, hementxe dago uharte baten moduan kokatuta, hain zaharra. Baina mundu zibilizatuak ez du batere interesik eta bazterrean uzten du, demokraziaren itxura formal bat eman nahi du eta. Susmagarria da jarrera hori. Eta nire ustez, horregatik bakarrik ere maita daiteke hizkuntza. Munduaren erreakzio faltsu horrengatik. Mundu makilatuaren aurrean tinko agertzeagatik bakarrik maita litekeela uste dut euskara, euskal musika eta euskal... beste gauza asko.
Bai, badira asko eta asko arrastoen bila doazenak historiaurrearen bideetatik gora. Eta guk hemen daukagu prehistoriako hizkuntza bat bizirik baina batzuek nahiago dituzte hezurrak eta harriak...
Hezurrak ere hor daude baina gauza hilak dira. Hizkuntza bat gauza bizia da eta gainera, bizia izateaz gain, garaikide guztiek jasotzen dute aurrekoek munduari begiratzeko izan duten modua. Gero zuk nahi duzuna egingo duzu begiratzeko modu horrekin baina, gutxienez hori jasotzen duzu pantaila baten moduan, gauza bizia delako.
Aipatu duzu kontzientziarik eza eta aipamen horrek beste titulu batera narama. “Aita saldu nauzu”. Zenbat erokeria, zenbat saldukeria, zenbat traizio, zenbat faltsukeria...!
Bai, egia da eta pasatu da gauza gehienekin. Lehen aipatu dut “nikeria” eta hemen beti egon dira jauntxo batzuk, koldar batzuk, ez dakit nongo erregeren nolabaiteko sari moduko zerbaiten truke herriak saldu dituztenak, herriaren ondare guztiak. Eta ondoren arrastaka eta zintzilik ibiltzen dira herriak. “Aita saldu nauzu” metafora horrek oso ongi, garbi adierazten du kaltea.
Eta aurriritziak? Hau da, “Esku ezkerra”: kontuz! Horrekin ez goaz inora! Ez al dugu hegan egiteko gogoa kamusten gure prejuizioekin? Ez al diogu etiketa bat jartzen datorrenari, behar den bezalako askatasuna eman ordez?
Bai, gainera, sineskeriak medio, ezin dugu inoiz transferitu besteengana askatasuna. Hau da, sineskeria bera da ezinbesteko adimena kamustu eta murriztu egiten duena. Batek sineskerien bidez gauza bat diseinatutzat eta emantzat duenean, askatasunak ez du hortik aurrera tokirik. Askatasunaren kontzeptua badakigu zer den, hedatua dagoen kontzeptua. Askatasuna ez da helburu bat. Askatasuna ezinbesteko tresna bat da, ulertu behar dena ulertzeko, hura gabe ezin baita aritu. Ni egiaren bila baldin banabil, baina atzean hierarkia edo autoritate bat baldin badaukat, herren abiatzen naiz. Nik egiten ditudan hausnarketa guztietan beti agertu da ona eta txarraren kontzeptuak, ariketa horretan moral bat dagoelako. Kontzeptu horretan moral bat dago eta nik egin nezakeen epaiketa horretan beti agertuko da nondik edan dudan. Orduan nik esan dezakedana da, diskurtso edo hausnarketa interesatuak ez duela interesik. Gauzak interesanteak eta sakonak dira interesik gabe egiten direnean. Hau da, nik zerbait obserbatzen baldin badut, baina baldin badago epaiketa bat nire emaitzaren gain, ez naiz obserbatzen ari. Obserbatzeko ezinbestekoa dut aske izatea, eta orduan ikusiko dut egia eta egiazki errealitatea.
Beraz, nik askatasuna ezinbestekoa dut ulertu behar dena ulertzeko. Eta ez da helburua, baizik eta bide bat. Ezinbestekoa dut askatasuna. Orduan, sineskeriekin eta prejuizioekin gabiltzanean ez gara aske. Hori askotan pasatzen dena da, espirituaren eta arimaren izenean, eta gaizki deituriko erlijioetan etortzen zaizkigun mezu horienean ere. Orduan, zer egiten dugu? Jendea adoktrinatu egiten da. Ohitura batzuetan sartzen gara, espirituaren izenean. Eta pentsamenduak egiten duena da, haiek ordenatu, koreografia bat prestatzen dio eta postura batzuen bidez izpiritualtasunaren estanpa, sinbolo bat sortzen dugu, baina izpirituarekin zerikusirik ez duena. Hori da pentsamenduak gehienez egin dezakeena.
Pentsamendua memoria da eta, memoria denez, iragana da, baina ezinbesteko tresna dugu gure bizitzako antolamendua egiteko. Hortik, beraz, mundu psikologikoan sartzen gara. Kontuz! Horrek ikaragarrizko aberiak egiten ditu. Nik olinpiada bat irabazi nahi baldin badut oso ongi egingo dut entrenadore jakintsu baten programa baten sartzean. Hark esperimentatu duelako nire muskuluek nola funtzionatuko duten ondoen. Programa horretan sartzeak esan nahi du errepikapen asko egin behar dudala eta nire gorputza alineatu egin behar dudala. Zergatik? Indartzeko eta espezializazio bati heldu nahi diodalako, tinko. Azkenean helburua da marka bat lortzea eta trukean txaloak eta ospea. Hor bukatu da.
Baina aplikatzen badut metodo berbera psikologikoan, hau da, katiximen eta doktrinen bidez egiten den bezala, zer aterako zaigu? Bada, fundamentalista bat, beti. Heziketaren hierarkia horrek seinale batzuei erantzun zuzena emango die, baina kuerda emandako tresna bat bezala da. Ez da inteligentea. Nik beti esaten dut bazkaldu egiten dugula ohartu gabe zer irentsi dugun. Gustua hartu diogu janariari eta ongi pasa, baina gure izaera inteligente horrek hor jarraitzen du pentsamenduaren kontrolik gabe, metabolizatzen jan dugun guztia. Hori da inteligentea. Hori da inteligentzia. Eta hor pentsamenduak ez daki ezer. Horrekin esan nahi dudana da, kontuz ibili behar dugula normak emateko garaian: hau ona da, hura ez dakit zer... kontuz prejuizioekin! Nire iritziz, horren bidez gizartea eta hurrengo belaunaldiak buru zikiratuta edukitzeko metodo bat baino ez da.
Aipatu dituzu sineskeria eta fundamentalismoa... Eta hori, oker ez banago, gizon ilunarekin egon daiteke erlazionatua. Baina ez derrigorrez “Ilunpetako gizonarekin”.
“Ilunpetako gizona” kantu hori egin nuen garaian, nik ikusten nuen argitan egoterik ez duen gizon mota bat, ezer egiteko ilunpetara jotzen duena.
Baina gizon argia izan daiteke ilunpetan, ezta? Sineskeria eta fundamentalismoan sinesten duena, aldiz, sekulan ez dena... Gizon ilunak guztiz adierazpen negatiboa du...
Hori da, neurri handi batean. Ilunpetan zergatik dagoen eta zeinen zerbitzuan dagoen ikusi behar da, izan ere gizon iluna ere egon daiteke ilunpetan. Gizon fundamentalista batek, munduak peligrosoa dela ikusten duenean, burutu nahi duena egiteko ilunpetan aritu behar du, bere ekintzak ondorio txarrak ekarri ahal dizkiolako.
Ilunpetako gizona azaleratu egiten da eta agertzen zaigu lurrazalean. “Oi lur, Oi lur”...
Hori da, hor dago alde batetik nork bere lurtzat jotzen duena. Bestetik, lurra ludia bezala hartuta, hain zuzen, planeta oso bat da. Gertatzen zaio gizonari ez dela planeta sentitzen. Gehienez ere, planetakoa. Gizonari, bere nolabaiteko mundu jarrera kontzeptual horretan beti dualitatea agertzen zaio, pentsamenduarekin ari delako bere diseinuak egiten. Diseinu ilusorioak. Orduan, gizonak kontzientzia galdu du erabat. Nik askotan froga egin dut: ekologiaz hizketan hasten zarenean, jende askok esaten dizu: “Bai, zaindu behar dugu natura” Kanpora egiten du keinua! Bera ez da sentitzen parte. Ahaztu egin zaio gizonari bera ere natura dela. Horregatik, askotan esaten dut, eta zinez gainera, nahiz eta batzuetan probokatzeko ere, ni planeta naizela. Ez naiz planetakoa planeta baizik. Eta egiatan hala naiz, gainera.
Kuriosoa da, kontzientzia hori eskuratzen ez dugun bitartean beti ibiliko gara “Bai, maite dut baina...” amodio-gorroto joko horretan. “Bai, maite dut... baina hondatzen dut”. “Ni planeta naiz” dioen arte –orduan bere burua bezainbeste zainduko du baita ere–, bera delako, azken finean, planeta. Baina hau adierazi eta gero, bota nahi nuke beste iritzi xelebre bat. Eta eman dezake kontrajarria dela, baina ez da horrela. Salatu nahi nuke baita ere gizakiaren hantustekeria. Gizonak pentsatzen du, aldi berean, guztiz honda dezakeela planeta, lurra, desagertarazteraino. Baina ni ez naiz uste horretakoa. Nik uste dut planeta edo natura askozaz ere ahalmen handiagokoa, sendoagoa, indartsuagoa dela. Eta gizonak uste baino ahaltsuagoa da. Gizonak esan dezake berdin diola planetak. Baina, egia osoa da munduak hor jarraituko duela gizona planetatik desagertu ondoren ere.
Ziur aski, bai, gu desagertu eta askoz geroago ere izango da Lur planeta hemen. Hondatzen ahalegin gaitezke, baina natura adimentsua dugu. Bien bitartean “Oi Lur” honen gainetik “Ekaitzak” izango dira, gure bazterrak astintzen, orain arte bezala dira. Zenbat gorroto, zenbat ezin ikusi...
Nik ardatz bat daramakit elkarrizketa honetan erabat segidan. Hain zuzen, gizona, gizon katiximatua, gizon kodifikatua. Azkenean, nolabait esateko, bere kodigoen baitan sortzen diren portaera pautak aldarea eragiten dio, eta aldarea hori gurtu egiten du. Ondoko beste multzo batek gauza bera egiten duenean, nahiz eta desberdintasun pixka batekin nahi baduzu, elkarren arteko norgehiagoka hasten da. Hori da gizakiaren historia. Eta hor sortzen da betikoa: Gu eta Haiek. Ez gara bakoitzaren nolabaiteko ezberdintasunak eta gauzak beren horretan naturalki batasunaren barruan ikusteko gai. Orduan, otutzen zaigu inportanteena dela dena antolatu beharra, eta Haiek ere antolatzen hasten gara eta antolamenduak antolamenduen aurka beti ekaitzak eta gatazkak sortzen dira. Horrelakoa da historia. Hor badaramakigu aje bat gure baitan oraindik ikusi ez duguna. Eta ez dago iraultzarik –iraultza ulertzen dugun moduan–, hau da, iraultza kolektiborik hori konpon dezakeenik. Hori konpon dezakeen bakarra iraultza pertsonala da. Bakarkako iraultza eta hori hain da mantso-mantsoa!. Orduan, erreforma batzuen bidez eta ematen ahal diozu gizarteari halako edukaziozko joera bat, baina ajea han loratuko du, ez baitu ikusi, ez baitu ulertu, ez baita aske izan hori behar bezala ulertzeko.
Badirudi, bestalde, elkar ezin ikusiak, bekaizkeriak, nikeriak... den- denak urteko garai batean desagertu egiten direla, zeharo, eta elkar maite diogula. Eta orduan da zu zatozenean, “Ni Olentzero naiz” diozunean. Nik ez dakit ote zaren bekaizkeria eta akats guztiekin bukatu nahi lukeen Olentzeroa edo gaur egun demasa sakralizatu duguna...
Egia da garai horietan gure liturgiak agintzen duela anaikorrak izatea, elkar musukatzea, elkarri zorionak ematea, eta abar. Esan gabe doa makillaje bat besterik ez dela. Eta, bestaldetik, liturgia horren barruan badaudela Errege Magoak, opari goxoak ekartzen dituztenak, nahiz eta ikatza ere dakarten tartean-tartean. Baina hemen Olentzero bat sartu dugu guzti horren baitan, opariak ere ekartzen dituena. Baina Olentzero, berez, itxuraz eta abar, Errege Magoak baino zakarragoa da, mendi gizon bat, ikazkin bat dugu. Eta bere irudia baliatuz hemen nahi dena da opari mikatzak ekartzea, gaiztoak nola etsaiak handik eta hemendik sartzen dira eta. Karlisten gibel freskoak... Pixka bat probokazioa da, memoriari astindu bat emateko modu bat. Hori nahi izan zen kantuan. Kantu tristea, beharbada. Olentzero horrek une honetan izan nahi du atentzio toke bat. Zer pasa dakigukeen gauzak behar bezala bilatzen ez baditugu. Opari mikatzak ekartze hori zertatik datorren...
Sabin Salaberri musika konpositorek dio bizi daitekeela musikarik gabe baina bizitza oso tristea izango litzatekeela. Zuk “Zergatik utziko zenioke kantatzeari”?
Nik kantatzeari utziko diot mundu guztiak bezalaxe, gai ez naizenean. Ailegatzen da momentu bat mina etorriko zaiguna, etorriko zaigu ajea, adina, nekea. Eta hori izango da arrazoia. Nik ikusten dudan arrazoi bakarra horixe da. Ni sentitzen naiz oso fortuna handikoa. Beti gustatu izan zait, ume-umetatik kantatzea. Kantuarekin ume-umetatik ditut halako oroitzapen oso-oso politak. Inoiz borratuko ez zaizkidan irudiak ume arokoak, elizan kantatzen nuenean, adibidez,... Hori gabe bizi? Bai. Arnasa hartzen dugun bitartean bizi daiteke, hori gabe eta baita beste gauza asko gabe eta gizakia, beharbada, bizi izan da musikarik gabe beste garai batzuetan. Baina gu baldintzatuta gatoz musika gustatzen zaigulako. Hori gabe bizitzea oso zaila izango litzateke.
“Zuberoa eta askatasuna” izeneko diskoa ari nintzen grabatzen Madrileko estudio batean, 1977an, eta han ginelarik etorri zen bilbotar bat, diskografia horretako kanpo erlazioetan ibiltzen zen bat. Oso trajeatuta zetorren eta bota zidan: “Nik oso ondo ulertzen zaitut zure lanean, ni ere artista izana bainaiz”. Txokatu egin ninduen esaldi horrek, eta galdetu nion: “Joño, artista izana zara? Eta orain ez zara?” Ez dut hori behin ere ulertu. Artista naiz, baina bihartik aurrera ez naiz izango. Artista, edo musikazale, sortu egiten zara eta horrekin hiltzen zara. Eta orduan, hori dagoen bitartean eta ahalmena, eta indarra, eta kemena dagoen bitartean, ez diot arrazoirik ikusten kantatzen uzteari.
Arotza beti arotz da eta toreroa torero.
Hori da.
Bihotzez, jarraitu urte luzez kantatzen! Benito: etorri gara etxe honetara, hartu gaituzu esku zabal, eraman gaituzu leiho horietara eta gelditu gara “Itsasoari begira” Zer da itsasoa zuretzat? Zer izan da Euskal Herriarentzat?
Itsasoari buruz gauza asko esan da, poeta asko mintzatu da, idazle asko aritu da, jende askok hitz egiten du. Hain da gauza misteriotsua!... Beti ematen du itsasoak hizpidea. Hala eta guztiz, gero eta garbiago sentitzen dut itsasoa isil-isilik begiratzekoa dela. Eta isilik diodanean, esan nahi dut pentsatu ere egin gabe. Hau da, bere urdinean desegiteko bezala. Zergatik deitzen digu hainbeste itsasoak? Ez ote da izango gure inkontzientea? Ez al diogu ustekabean amatasunaren zerbait bilatzen itsasoari? Hortik al gatoz?... Orduan, ez ote dugu pixka bat gure amaren sabela edo horrelako zerbait ikusten? Eta itsasoa beti berdina dirudi baina desberdina da, beti zerbait diferente eskaintzen du. Itsasorako leiho hori beharrezkoa zaigu. Ni Oriokoa naiz, hemen egon naiz beti, hemen sortu eta hemen bizi izan naiz. Euskal Herriko edozein tokik badu bere edertasuna, Euskal Herria oso ederra delako, baina niri tokatutako balitzait honegatik edo haregatik itsaso ertzetik barrualdera joan behar izatea –eta begira zer nolako toki paradisiakoak dauden– niretzako espetxeratzea bezala izango litzatekeela iruditzen zait. Nik behar dut itsasoa, behar dut leiho hori. Itsasoa ikusi, jaiki eta lehengo begirada itsasoari egitea. Zergatik?... Beharbada, hori delako gure sorlekua.
Agian zure irudi biblikoa Jonas izango da?
Agian. Nork daki!
Zu Orion itsasoari begira, eta neska gazteari, “Nire herriko neskatxa maite” dantzarako gonbidatuz. Polita ezta?
Ba, bai. Badakizu, gu ere gazteak izana gara. Orain ere nahiko gazte sentitzen naiz. Denoi gertatzen zaigu, hor munduan zehar gabiltzanean, zeharkatzen zaizkigu bizkorrak diren bizi taupada horiek eta, bai, kilima egiten dizu halako neskatila batek, hurrena beste batek... Azkenean hiru, lau, bost... ez dakit zenbat diren... Baina, gure herriko neskatxa maite da. Berdin dio hamar edo ehun, zenbat izan diren; herriko neskatxa maite duzu, ez? Azkenean, hori, bizipen hori, bizi-bizirik hor dago. Hain bizkorra da...
Amodioa!
Bai, hori da, baina kontuz, amodio... edo, bederen, erakarpen hori, hain biologikoa eta hain bizkorra den horrekin!. Nola ulertzen da bat-batean gizaki batek beste sexuko edo sexu berdinekoarengatik... konortea eta arrazoia galtzea? Jada ez dela modu objektibo batean pentsatzeko gai, erakarpen hori direla medio. Zer gertatzen da hor? Zer adrenalina mota da hori? Ez dakigu zer den. Hori bere hartan da oso ederra, eta beharbada amodioak badu holako konnotazio, kasik esango nuke sakratua. Amodioa azken finean askatasuna da. Esango dizut gauza bat: amodioa, lehen adierazi dudan bezala eta askatasuna, azkenean, gauza bera dira, kontzientzi egoera bat, hain zuzen. Nik ikusten ditut lau hitz, lehen begiradan, ezberdin direnak. Baina ez da posible bestearen existentzia, horietako bat faltan, ez baitauka edukirik. Horiek dira: askatasuna, amodioa, inteligentzia eta heriotza. Bakoitzari buruz hitz egiten aritzen gara, aparte, besteak kontuan izan gabe. Amodioa ez da posible aske ez bada eta aske ez baldin bada, ez da amodioa ere, ezta askatasuna ere. Beraz, inteligentzia ere ez dago ausente. Hor ikusten da, oso mugatua dabil. Eta bat hiltzen ez den bitartean ez dira ematen beste hirurak. Ezinbestean hil egin behar dugu, hau da,... Badago William Blake-ren bertso bat niretzat tesi ikaragarria dena. Esaten du, festari atxikitzen zaionak bizitza airoso galtzen duela baina festa edo alaitasuna airean hegalari moduan musukatzen duena, betikotasunaren atarian bizi da. Festa ez baldin badago ere, pertsona horrek sortu egiten du, ez baitaki festaren alaitasunik gabe bizitzen. Orduan, eutsi egiten dio. Eta, hain zuzen, eusteko ahalegin hori bera izaten da bere espetxea. Horren preso hartzen du. Eta kateatuta dago etor litekeen beste alaitasun batera. Pasa egiten zaio. Beste gauza guztiak pasatzen zaizkion bezala, hor dagoelako bere atentzio guztia. Aldiz, hegan doan moduan bat, musukatuta pasatzen uzten badio berriro aske dago beste bat datorrenerako berriro musukatzeko. Horregatik, hura da niretzako hiltzea, gauzetara hiltzea.
Gatozen beste abesti batera: “Txoria kaiolan”.
Metafora bat da. Txori txikia kaiolan dago.. Esaten digute demokraziaren eta berdintasunaren izenean libre garela. Atea irekitzen digute eta bagoaz, adibidez, Madrileko kongresura nahi duguna esatera. Baina, klaro, ez gara konturatzen kate bat, lodi bat loturik dugula. Eta hegan egiten hasten zarenerako konturatzen zara kate astun batez lotuta zaudela. Horixe da, metafora hori.
Kaiola horretan gaude eta Madrilera goaz, eta Madrilen zer jotarekin egiten dugu dantza? Madrilek jotzen duen jotarekin, “Erribera” jotarekin...
“Erribera”rekin behintzat ez. Erriberarekin beste jota mota bat dantzatuko litzateke. Han jotzen dutenarekin egin behar dugu ezinbestean... Gu ez gara gure doinuaren, gure melodiaren, gure musikaren jabe. Han jotzen digute eta gogoaren arabera salto bat edo beste egiten da eta kito.
Zaila da gure jotarekin dantza egitea, ezta?
Orain arte ezina gertatu da, ez dugulako lortu gure jota. Gurea izango litzateke guk gure bideekin asmatutakoa, gure egin beharrekoekin, gure estrategiekin eta gure bitartekoekin. Indarrak biltzen jakingo bagenu, eta indar hori inkomodoa bihurtzen agintzen duenarentzat. Azken finean, guk, indar demokratikook, egin behar duguna da menperatzailea agintetik kendu. Hori da. Baina, nola? Horixe da asuntoa.
Orduan, gure jota horretan “Egia” islatu beharko zenuke. Aspalditik ari zara, ordea, galdetzen, egia zertarako?
Bai, hori da. Beti gabiltza egia bila. Hau da, zorigaiztokoa beti dabil zorionaren bila. Eta begira zer pasatzen den. Nor zorigaiztokoa denean, zoriona lainotxo bat baino ez da, ilusioa baino ez da. Dagoena da zorigaitza. Orduan, jatorki, serioski ikertu beharko genukeena dagoena da. Ez dagoena ezin da ikertu. Eta dagoena da zorigaitza. Orduan, kasu honetan ere ez da egia. Egia zertarako? Esaten du abestiak, egia esku artean banu bezala. Gezur kapak kendu behar ditugu.
Badakizu, aurrera egiteko forma bat “Ikasi” egitea dela diotela. Eta bai, horrek konnotazio oso positiboak ditu. Baina ni gauza batetaz konturatu naiz. Desikasi egin behar dela. Hainbeste kapa pila dauzkagu, honenak, harenak, bestearenak, non ez dakigula zein den egia. Beraz, egia delako hori, erabat han dago, gero baino zulo sakonagoan estalia. Orduan, behar dena da, ez haren bila joan, ez baituzu inon aurkituko, hemen baitago arakatu beharra. Egin behar duzuna da desikasi. Hau da, gure bizitzak okertu dituen eta nolabait adimen aldetik dorpe egin gaituen guzti hori egin behar dugu berriro itzuli. Buelta, buelta eta buelta... Hau da, kendu, kendu... Eta kendu denean garbitu da, osasuntsu zaude. Jakinduria buruan dago. Ez naiz ari entrenamenduen bidez trebatu behar dugun jakinduria horretaz. Baina bada beste mota bat, kontzientzia logika, zentzua, eta sena pizten duena. Eta guzti hori erabili behar da garbiketa egiteko, egia lurpetik ateratzeko. Bota zaion lur guztia egin behar zaio kendu. Han loratuko da adimen hori. Eta, agian, egia.
Polita da baina aldi berean txundigarria, izan ere, nik uste nuen “Euskal pizkundea” ilustraziotik, ikasietatik sor litekeela, baina orain zuk diozu desikasi, daukaguna desitxuratu egin behar dugula...
Ilustrazioak eta ikasketek azken finean modernizatu egiten zaituztete... Baina horien barruan badira grina gaiztoak, nikeriaren grina okerrak. Eta antolatuak daude, makilatuak, forma modernoagotan jarriak. Baina, konfliktoa sortzen duten horiek denek bere hartan jarraitzen dute. Egiten zaio koreografia eta baleta aldatu... Eta ematen du, “Ah bai! orain ez gara hain basatiak” Leonardo da Vincik baditu aforismo batzuk eta horietako batek esaten du: “Salbaia salbatzen dena da” (“Salvaje es quien se salva”) Eta nik hori ikusten dut hor, esaten dudan desikastearen joera hori horretantxe ikusten dut. Sortuko ditugu beharbada formalki refinamenduak, edukazio mota bat, saiatuko gara korrektoak izaten besteekin eta abar. Baina, gero, atzea ematen digunean, puñalada bat sartuko diogu. Horiek ez dira ikasten. Horiek desikasi egiten dira. Batek begiratzen dituenean, eta hau dena zertarako egiten dut? Hau da, biluzik ikusten duenean bere “ni” hori, bere egoa, biluzik ikusten duenean, orduantxe bakarrik barre egingo dio bere egoari. Bitartean ez, bitartean hego hori elikatu egiten du, elikatu, sendotu, aldare bat egin eta gurtu.
Jakin behar dugu barre egiten geure buruari, ezta?
Baina, barre benetan. Eta benetan barre egitea da ikustea erabat zure “ni” hori, zuk egin duzun mamu hori, erabat desitxuratua. Oso ederra ikusten baduzu gurtu egingo duzu. Desitxuratua ikusten duzunean, erabat kaxkarra ikusten duzunean, ez diozu ezta bultza ere egin behar, bera eroriko baita, mamua baita, zuk sortutako mamua, alegia. Hori da modu bakarra.
Komentatu duzu, Benito, abestu egiten diozula “herriko neskatxa maiteari”, auskalo non dagoela “egia”, “ekaitza” nonahi dugula eta “gu gazteok gaur gabiltza”-la... Baina zertan ari gara gaur eguneko gazteok?
Kantuaren eta musikaren inguruan sortzen dira formula desberdinak eta gaurko gazteek badute beren belaunaldiari dihoakion edo beraiek jaso duten kultura mota bat, gurea ez zena, rocka, esaterako. Rockak badu bere parafernalia bat, nolabait orroa eta garratza dena, eta gogorra zentzu indartsuan. Asoziatzen dira gauza ugari, bortizkeria eta antzerako kontzeptuak. Horrek ez du esan nahi espresibitatean indarra dagoenik, dezibelio kontuak ez baitu indar esan nahi. Indarra barrundik transmititzen da. Baina kontzeptu moduan, “kaña”-rekin gaude konprometituak, ezta? Horren baitan, ordea, “neskatxa maite”-ren historia ere dago modu batean edo bestean, eta hori ezinbestekoa da, azter genitzakeen alde guztietatik begiratuta. Beste ideia batzuekin lotuta. Belaunaldi bakoitzak ekartzen du bere orkoia, eta orkoi horrekin ibiltzen da. Zuri gertatzen zaizu, bazoazela orkoi hori janztera eta handiegi edo txikiegia zaizula. Gaurko gazteak ere, gutxi gorabehera, gure garaiko arazo bertsuekin ibiliko dira, elementu gehiagorekin, hori bai, guk ez genituen hizkuntza eta beste zenbait baliabide erreferentzialekin, eta horrela da bizitzaren istorioa. Baina, funtsean, belaunaldi guztiek eramaten dituzte neskatxa maitearen grina hori, modu batean edo bestean. Eta bortizkeria eta askatasuna eta konfliktoa. Bizitzak munduarekin batera egiten du aurrera baina gizon emakumeon oinarrizko baloreek trinko irauten dute.
Abestietarako oinarrizko lau kontzeptu aipatu dituzu, inteligentzia, heriotza, amodioa eta askatasuna, alegia... Baina “Beti penetan”...
Lehen komentatu dugu, bai, beti penetan bizi garela. Eta kuriosoa da, beti penetan egoerak ere lau ideia horiekin zerikusia dauka. Pena sortarazten diguten arrazoiak batzuetan kolektiboak dira eta beste batzuetan bakarka, bakoitzari dagozkio... sentimendu pertsonalak direla medio. Hala da. Komentatzen nuen lehen desikastearen kontu hori. Baina hiltzen ere jakin behar dugu. Ezinbestekoa da, hiltzeak ekartzen baitu berri izatea. Sortu berria izatea da heriotza. Eta horretan bakoitzak izan behar du bere eskola, nork bere maisu izan behar du, eta elementuak aurrez aurre jartzen zaizkionean bakoitzari dagokio bereiztea. Bakoitzari dagokio barneratzea heriotzak ez diola bizitza hondatuko. Eta jakitea ere, momentu orotan bizitza oso inportantea dela eta ekai ugarirekin dagoela eginda. Eta detaile bat edo sentimendu bat ez dela izan behar bizitza hondatuko diona. Horregatik hiltzea oso ariketa osasuntsua da.
Aizu, Benito, eta ditugun hainbeste buru korapilorekin, zuk uste al duzu badakigula benetan zenbat garen? “Zenbat gera”?
Bada ez, ikusten denez ez dakigu. Anekdota modura oraintxe ari gara kalapita handirekin, herri kontsulta dela edo ez dakit zer... Eta gu eta haiek eta ez dakit zer eta zenbat eta... Ez, benetan ez dakigu zenbat garen. Kantu hori sortu zen garaian, historikoki euskal munduaren aztarnak diren tokiekin burutu enumerazio bat zen. Baina, gero joaten zara zenbait tokitara eta ez dira hala sentitzen. Orduan, guk ere alde batetik nahi batzuk baditugu, baina nahi guztiak ez dira gauzatzen guk nahi dugun moduan. Eta horrela da.
Horrek esan nahi du Bizkaitik, Nafarroatik edo Zuberoatik zenbatzea ez dela gauza berdina...
Ez, ez da gauza berdina.
Azkenik, Benito, “Oi, ama Euskal Herria”. Zer dugu Euskal Herriarekin? Nora goaz? Gure esku dago. Hau da, gure ama Euskal Herri hori geure etxetzat daukagunon eskuetan dago. Gertatzen da hemen ere bitxikeriak entzuten ari naizela aspaldi honetan eta jende asko dagoela, ez dakit ilustrazioaren edo refinamenduaren izenean edo ez dakit zer pose mota den horrekin. Baina, ba dira zenbait idazle : “Gure etxearen elementu esentzialetakoa, hizkuntza, politizatuegia dago eta ez dugu politizatu behar” Eta hori diote, bereizterik balego bezala. Hori da hemen dagoen konfusio ikaragarria. Ez dut ezagutzen nik esperientziaren munduan, arerioentzako hizkuntza defendagarria den zerbait baina herrialdea eta naziotasuna, ez. Azken finean, badugu tendentzia hori geure buruari harakiri egitekoa. Hara, nik esango banu nire etxea maite dut, asko gustatzen zait baina ez dut beraren aginterik nahi. Kanpokoa etor dadila agintzera eta ni hark jotzen duen moduan biziko naiz hemen. Inork ez luke ulertuko hori. Aldiz, gauza berbera esaten denean gure etxe edo gure herri edo horren ildotik esaten dugunean, gauza horiek denak nonbait posibletzat jotzen dira. Edo independentzia eta dependentzia balore pareko bezala jartzen direnean. Benito Lertxundi (Orio, 1942) Errege gauean jaio zen Benito Lertxundi, 1942an Orion, gazteena 9 anaia-arrebako familia umil batean. Arrantzale izatea baztertu zuen erlojugileari, kantatzea gustatzen zitzaion, gitarra lagun. Eta erlojuak xehe-mehe egiten jarraituko zuen baldin eta 1965an La Voz de Españak antolatu zuen kanta lehiaketara bere burua aurkeztu izan ez balu. Sariketa irabazteak, euskal kantagintzan buru-belarri murgilduarazi zuen, are gehiago Frankismoaren oldarra giroan, zeinaren kontra sutsuki borrokatu zen, plazaz plaza, eta debekuak debeku. Denbora gutxian, Ez dok amairu taldeko kidea euskal musikagintzaren ikurra bihurtu zen, entzuleak xarmatuz bere folk liriko eta melodikoaren bitartez. Kantatzen hasi zenetik 40 urte pasa direlarik, kanta zoragarriak sortu ditu azken urteotan baritono ahotsa jarri zaion Benitok, hala nola, Bizkaia Maite, Oi Zuberoa, Loretxoa, Baldorba, Hitaz oroit, eta abar. 1971n kaleratu zen bere lehen disko luzea, Benito Lertxundi beste izenik gabe. Single bilketa zen berez. 1974koa da Oro laño mee batek... bere lehen lan haundia. 1975ean atera zen... eta maita herria üken dezadan plazera. Bi urte beranduago, 1977an, disko bikoitz bat kaleratu zuen: Zuberoa / Askatasunaren Semeei. Lurralde harekiko maitasun aitorpen eta omenalditzat har genezake. 1981ean beste disko bikoitz bat agertu zen: Altabizkar / Itzaltzuko Bardoari. Orreagako gudaldia ardatz harturik, gure epika hondar apurrak hartu eta tratamendu berezia eman zien: kanta luzeak, instrumentu girotzea... 1985ean plazaratutako Gaueko ele ixilen baladak diskoak bere baitan sakontze, bilatze bat adierazten du, bere barne pentsaera lortu eta adierazteko asmoz. 1987an atera zuen Mauleko bidean... izatearen mugagabean. 1989koa dugu bilduma aurreko azkena: Pazko gaierdi ondua. Doinu herrikoietara itzuli da Lertxundi, soinu aldetik gaur-gaurko exijentziak ahaztu gabe. Tartean badira jendaurreko errepertorioan aspalditik kantatu arren sekula grabatu gabeak, hala nola, Primaderako liliak. 1993an, ordurako bi hamarkada luze zaramatzalarik musika munduan, Hunkidura Kuttunak izenburuaz diska bilduma bat argitaratu zuen. Denera, lau diskok eta 46 abestik osatzen dute bilduma, azken hauetatik hainbat eguneratuak izan direlarik. Guztira, 14 disko grabatu ditu eta Lizardi, José Angel Irigarai, Juan A. Urbeltz edo Xabier Lete poeta euskaldunen testuak musikatu ere. 2002koa da “Nere ekialdean”, orain arte estudioan grabatu duen azkena, zeinak beste batzuen artean, musikaturiko Fernando Pessoaren bost poema biltzen dituen. Hauekin batera, Benito Lertxundik Orioko traineruko patroi izan zen Txiki Larrañagaren omenez idatzi eta musikatutakoa poema luzea ere badoa. Gernika eta Tolosan emandako kontzertuen grabazioen ondorioz “40 urtez ikasten egonak” bere azken diska kaleratu zuen. 2006an, Euskararen Nazioarteko Egunerako kanta bat sortu zuen Eusko Ikaskuntzaren enkarguz.
Benito Lertxundi eta ENE Saria (Bideoa) Benito Lertxundi: “Euskarari eraso egiten zaionean, minduta sentitzen naiz, ni ere euskara banaizelako”