2003/12/19-29 Frantxis Lopez Landatxe
Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendaria "Jendeak bereganatu egin du Koldo Mitxelena, liburutegiko erabiltzaileak eta bisitariak Kulturunearen jabe bihurtu dira" Teresa Sala
Traducción al español Askotariko informazioa eskuratzeko tokia, artea dastatzeko espazioa, literatura gozatzeko esparrua eta harremanak sendotzeko gunea, hori guztia eta gehiago da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea. Hamar urte bete ditu jada eta denbora honetan zazpi milioi bisita, 118.000 ikusle eta 60.101 bazkide lortu ditu, besteak beste, Gipuzkoako erreferente kultural bihurtu denak. Bertako zuzendari Frantxis Lopez Landatxe baikortasunez mintzo da ibilitako bideaz, izan ere, oparoa eta aberatsa izan baita, ez dago zalantzarik. Pozik azaltzen da lortutako emaitzekin, izandako harrerarekin eta argi dauka horren arrazoia gizabanakoak izan direla, hala, Kulturuneak interes ezberdin guztiak zaintzen ahalegindu dela dio. Duela hamar urte, egun KMK-ak duen harrera izatea espero zenuten? Etengabe aritu gara gauzak egiten eta jendearen erantzuna oso baikorra izan da. Hasieran uste genuena baino harrera hobeagoa izan du Kulturuneak. Lehengo urtean 5.000 bazkide inguru espero ziren eta kopuru hori lehenengo hilabetean lortu zela uste dut. Gu hutsetik hasi ginen eta agian horregatik izan genuen hain erantzun ona. Herri txiki batera zirkoa heltzen denean herritar guztiak joaten dira bertara, horrelako zerbait gertatu zitzaigun guri. Ibilbide ona izan da gurea. Jendeak bereganatu egin du Koldo Mitxelena Kulturunea, liburutegiko erabiltzaileak eta bisitariak jabe bihurtu dira. Akaso aitzindariak izan ginen garai batean eta egun esan dezaket orduko asmoak gainditu egin direla, hasieran egin zen lan sakonari esker. Arte Garaikidea oso erraz irensten ez den zerbait da eta zuek Kulturuneko Erakustaretoaren bitartez aukera eskaini diozue. Koldo Mitxelena Kulturunea sortu zenean Foru Aldundiak Arteleku martxan zeukan jada eta arte sorkuntzarako goi mailako bekak ere bazeuden. Sortzeko politika bazegoen, Arte Ederretako edo Arte Bisualen alor horretan artistei aukerak eta lan egiteko espazioak eskaintzeari dagokionez. Nolabait artea ikusteko, dastatzeko, ulertzeko eta irakurtzeko toki bat falta zen eta horregatik egin zen Erakustaretoa beheko solairuan. Ni alde horretatik pozik nago, finkatu genituen ardatzak bete egin ditugulako. Dagoeneko berrogeita hamar erakusketa atondu izan ditugu behean eta beste hainbeste Ganbaran. Hala izanik, ehun mostra baino gehiago egin izan ditugu orotara. Ganbaran, akaso, begirada zabalagoa dugu, eklektikoagoa, artea eta literatura edo gertaera bereziak nahasten ditugulako bertan. Kanpotarrak ezezik euskaldunak, etxeko artistak, ere zaindu izan dituzue. Zaila da oreka bilatzea. Ganbaran askotariko artistak sartu izan ditugu hasieratik, bai etxekoak eta baita kanpotarrak ere. Nazioarteko ikuspegi mailako artista mugimenduak eta egileak jorratzen ditugun era berean euskal kulturan bidegile izan diren mugimenduen isla izan dugu gurean. Erakustaretoan mostra handiagoak sortu izan ditugu eta euskaldunek ere euren txokoa izan dute; Goenaga, Txomin Badiola edo Esther Ferrer, esaterako. Erakusketa kolektiboetan, ordea, bertako artistak sartzen ahalegindu gara beti. Honetaz guztiaz gain, Areto Nagusiak denetarik entzun eta ikusi du hamar urte hauetan. Gizarteari zabaltzen zaion gune bat da Areto Nagusia eta alde horretatik beste guneetan etxearen sinaduraz egindako produktuak aurkezten badira, Areto Nagusian aurkeztutako ekimen askoren ardura gizartearena da. Gizartean sortzen diren talde ezberdinek antolatzen dituzte ekimenak guk, debalde, espazio bat eskaintzen diegulako. Beraz, gure programazioa mantentzen saiatzen garela esan daiteke, betiere bestelako eta kanpoko ekimen eta iniziatibek tokia dutelarik gurean. Erantzuna oso ona izan da, aniztasunaren presentzia nabaria izan delako bertan gertatu den guztian. Gainera, guk programazio anitza eskaini nahi izan dugu beti. Gizabanakoek interes ezberdinak ditugu, interes ezberdin horiek etengabe mugimenduan daude eta horri eustea premiazkoa irizten zait. Teknologia berrien alde ere apustua egin du Koldo Mitxelena Kulturuneak. Teknologia Berriak erronka dira, hori argi dago, baina, aldi berean, aurre egin behar zaiela uste dut. Teknologien garapena ikaragarria da, bitartekoak erabiltzen eta ipintzen saiatu behar gara, hau ez da batere erraza eta etxe honetan saiatzen ari gara horretan. Teknologia Berriei eutsi egin behar zaie baina Teknologia Berrien bidez edukiak sortzen eta lantzen ere parte hartu behar dugu. Erabiltzaileentzako Teknologia Berrien tresnak ipini behar ditugu, ahalik eta azkarren eta ahalik eta hobekien jaso dezaten informazioa. Bestalde, hainbestekoa da Sarean dagoen informazio hori guztia sailkatu egin beharko litzatekeela. Kulturune honen eta liburutegien garapena bi alderdietatik ikusten dut; batetik, gizarteak topagune fisikoak behar ditu, pertsonen arteko harremanak sendotzeko edo poesia emanaldi, tertulia zein hitzaldiak behar bezala dastatu eta gozatzeko. Bestetik, hormarik gabeko liburutegia osatzea garrantzitsua iruditzen zait. Azken honi dagokionez, ditugun baliabideak eta medioak zabaldu behar ditugu. Teknologia berrien bidez, gure erronka bat, Gipuzkoa osoari begirada eskainiz, ditugun fondoak, sortzen ditugun produktu digitalak edo zerbitzuak eta edukiak hedatzea litzateke. Nola ikusten du Frantxis Lopez Landatxek KMK hamar urte barru? Eta gure gizartea? Geroari begira nik uste dut kalitatezko eskaintza emateko gai izan behar garela. Hala, gizabaliabideen edo pertsonen arteko bitarteko lan bat egin behar delakoan nago, jendeak etxean eskuragarri izango baitu nahi duen informazio guztia. Sareetan murgildurik egongo garela pentsatzen dut eta alde horretatik mundu osoari eskainiko dizkiogu produktu berezi eta propioak. Anitzak izango gara, gure baliabideak aldatu egingo dira eta hizkuntza askotan eskainiko ditugu informazioak. Hamar urte barru mundua askoz erosoagoa izango da eta edukietan izango dira erronkak. Geroa hiritarren eskuetan dago neurri handi batean. Frantxis Lopez Landatxe
Frantxis Lopez Landatxek Bartzelonan egin zituen filosofia ikasketak eta Errenteriako Orereta Ikastolan urteak eman zituen irakasle gisa. Duela hogei bat urte Gipuzkoako Foru Aldundian hasi zen lanean eta denborarekin Kultura Sustatu eta Garatzeko zerbitzuburu izendatu zuten. Koldo Mitxelena Kulturunea sortu zeneko garaian bertako Erakusgelaren ardura eskaini zioten, 1994 urteko ekainean koordinazio lanak burutu zituen eta urte bereko abenduan Kulturuneko zuzendari izendatu zuten.