Noiz utzi zitzaion harana erabiltzeari?
Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, gatzaren ekoizpenak puri-purian zirauen haranean, baina gainbehera hasia zen jadanik. Dena den, 1.200 urtez etengabe jardun zuten ekinean, eta hamaika gorabehera sortu zen historian zehar.
Zer gertatu zen, bada?
Lehen, gatzaren ekoizpena eta merkataritza babestuta zeuden. Koroak arautzen zuen non eta zenbatean saldu. Gatza behar-beharrezkoa zen elikagaiak iraunarazteko, eta, ondorioz, gaur egun baino askoz ere garestiagoa zen. Halako batean, ordea, larrainak esku pribatuetan geratu ziren, eta kupoak eta prezioak finkatzeari utzi zitzaion. Horrela, ahalik eta gehien ekoizten eta ahalik eta merkeen saltzen saiatu behar zuten gatzgileek. Egoera berriak onuragarriagoa zirudien arren, benetan ez zen horrela, babes-neurriak bertan behera geratu ondoren, gatzgileen asmo bakarra ahalik eta kilo gehien ekoiztea baitzen. Nonbait, ez ziren errealitatez jabetzen, hau da, ez zuten ikusten alferrikakoa zela industriei aurre egitea. Gatz-haranetako bideak oinez zeharkatu behar dira, eta ez dago makinak erabiltzerik. Gatzaga industrialetan, aldiz, nahi adina makina erabil daitezke, eta ehunka tona ekoiztu orduko. Gatzaga tradizionalek jai dute, beraz. Merkatuan bata eta bestea ez dira berdinak, baina prezio berean saltzen badira, ahulenak (kasu honetan geureak) porrot egingo du. Horixe da dena, besterik gabe.
Gainera, komunikabideen aurrerapenen ondorioz, lehiakide bakarra jadanik ez da aldameneko gatzaga, munduko edozein txokotakoa baizik. Eta hozkailuei esker, gatzak funtsezkoa izateari utzi dio elikagaiak iraunarazteko.
Azken urteetan, haraneko ekonomia ez zen oso errentagarria. Gatzgileek diru gutxi irabazten zuten gatza ekoizten, eta gorriak ikusten zituzten sarrera horiekin bizitzeko eta larrainak mantentzeko. Horrela, 60ko hamarkadaren bukaeran haranetik joatea erabaki zuten batzuek, eta 70eko hamarkadan zehar erabaki hori ekoizle gehienek hartu zuten. Ondorioz, 80ko hamarkadaren bukaeran haranean ez zen bizi ia inor. Biztanleek gutxika alde egin zuten, arian-arian.
Larrainak gatz-ekoizleenak dira oraindik?
Ez, baina orain dela gutxitik. Egia esan, larrainek jabe ugari izan dituzte. Eskuz esku igaro dira, erosketen, herentzien... bidez. Betiko kontuak. Hain jende gutxi geratu zenez, harana suspertzeko zer egin zitekeen hausnartzeari ekin zitzaion. Monumentu Nazional izendatu eta babesa eman zitzaion arren, planteatutako ekimen bat bera ere ez zen mamitu, deskoordinazio-arazoengatik. Izan ere, 100 solaskide baino gehiago daudenean, oso zaila da ados jartzea. Gauzak horrela, 1998an Gatzaga Jabeen Elkartea sortu zen, eta handik aurrera, solaskide bakarrarekin jardunez, akordioak lortu ziren. Lehenengoa honako hau izan zen: Arabako Foru Aldundiari 25 urtetan gatzagak erabiltzen uztea, emakida horren bidez harana suspertzeari ekin ziezaion.
Eta zein izan zen lehen urratsa?
Harana eta biztanleak babestea, eremu arriskutsua izan daitekeelako. Horregatik, haraneko sarbidea kontrolatzea erabaki zuten. Era berean, bi eratako jarduerak abiarazi ziren: premiazkoak eta epe luzekoak. Lehenengoen helburua haranaren bizitasunari eustea zen, hainbat ekimenen bidez: adibidez, ubideak berreskuratuz, bideak egokituz (bisitarientzat) eta eremu bat berriztatuz (garai hartako ikuspegi negatiboa aldatzeko). Aurrera goazela ikusaraztea da kontua. Epe luzerako jarduera nagusia Plan Zuzentzailea finkatzea izan zen, mundu guztiak egiten zuen galderari erantzuteko: Zer egingo dugu haranarekin?
Plan Zuzentzailea 2000tik 2004ra bitartean idatzi zen. Fundazioa sortzea proposatu zen, haranaren etorkizuna kudeatzeko. Asmo hori 2009ko apirilean mamitu zen azkenik. Hilabete horretan, gainera, akordioa sinatu zen gatzagen jabeekin: larrainak Fundazioari dohaintzan eman zizkioten, baina gatz-iturburuei lotutako eskubideak ez zituzten galdu, eta horiek ere Fundazioaren esku utzi zituzten, kanon baten truke. Fundazioak larrainak berroneratzeko aukera, gaitasuna eta obligazioa du, beraz. Orain arteko Fundazioko kideei (udalari eta Foru Aldundiari) gatzagen jabeak gehituko zaizkie laster. Zaharberritzea
Larrainak eta haran osoa zaharberritze-prozesu luze batean daude murgildurik. Nola ari da gauzatzen prozesu hori?
Garai bakoitzeko eraikuntza-irizpideak eta zaharberritze-filosofia kontuan hartuz. Izan ere, hainbat sistema, garaian garaikoak, erabili ziren larrainak sortzeko, eta horietako bakoitza bereizita zaharberrituko dute. Gainera, garai bakoitzean gatza nola egiten zuten, ekoizteko moduak nola eraldatu ziren, aurrerapen bakoitzak zer abantaila eta desabantaila ekarri zituen... azalduko diogu jendeari. Zaharberritze-lanetan zertxobait aldatu diren alderdi nagusi bakarrak larrainen gainazalak dira, honako arrazoi honengatik: ezinbestekoa delako plataformak horizontalak izatea, gatzun-geruza mehe batez betetzeko. Horizontaltasuna funtsezko ezaugarria da. Duela 1.200 urte, buztina erabiltzen zuten helburu hori lortzeko eta azelera iragazgaitzak sortzeko. Buztina lurrean ezarri, trinkotu, gatzuna pixka bat erantsi, berriz trinkotu... Horixe zen ohiko jardunbidea. Baina buztinak zikindu egiten du, eta zaila izaten da gatz zuria lortzea.
Gatz zuria hobea da, ala?
Historian zehar, kosta ahala kosta saiatu dira gatz zuria ekoizten, hobea omen zelako, eta garestiagoa... Frantsesek ezin hobeto saltzen zuten zikindutako gatza: itsas gatzaga tradizionaletan ere buztina erabiltzen dute, eta gatza grisa izaten da. Gatz grisa deitzen diote, eta balioa ematen. Inondik inora ez diote esaten zikindutako gatza!
1790an -urte hartan izan zela uste dut-, estatuko gatzagak ikertu zituen koroak bidalitako arkitekto batek, eta hainbat aldaketa proposatu zituen ekoizpena hobetzeko: besteak beste, buztinaren gainean harrizko lauzak ezartzea, buztinak eta gatzak elkar ez ukitzeko. Lauzak ez dira iragazgaitzak, baina gatz zuriagoa lortzen laguntzen dute. Guadalajaran, Imongo eta La Olmerako gatzagetan, horrelako lauzak daude oraindik, baina Gesaltza Añanan ez dira baliagarriak, pisu handiegia dutelako egurrezko egiturentzat. Añanan, errekarri txikiagoak erabili zituzten buztinaren eta gatzaren arteko geruza sortzeko.
XX. mendearen hasieran, zementua (material berria) erabiltzen hasi ziren. Zementuari esker, azkarrago ekoizten zuten, berotu ahala, ura lehenago lurruntzen baitzen. Gatz zuriagoa lortzen zuten, baina, bestalde, ordura arteko eraikuntza-logika bertan behera geratu zen.
Zer esan nahi du “eraikuntza-logika bertan behera geratzeak”?
Zementuaren aurreko material guztiak berrerabili egin zitezkeela. Errekarriak, buztina, egurra... desmuntatu eta berriz munta zitezkeenez, ez zen soberakinik sortzen. Zementua erabiltzen hasi ondoren, aldatu egin zen dena, berrerabiltzeko aukerarik ez egoteaz gain, material berria ez baitzen bateragarria lan egiteko moduarekin. Zementua gogorra da, baina erraz hausten da, pitzatu egiten da, eta mantentze-lanak behar ditu. Puskatzen zenean, gatzgileek zementu-geruzak ezartzen zituzten gainean, baina azkenean larrainak izugarrizko pisua hartzen zuen, eta zementu guztia kendu eta bidera edo errekara jaurtitzen zuten... Horixe da, hain zuzen, eraikuntza-logika bertan behera geratzea. XX. mendearen bukaeran, Gatz Harana hondakinez gainezko zegoen, eta zabor guztiak gutxi gorabehera mende erdian sortuak ziren.
Plan Zuzentzaileak larrainak beste modu batean osatzea proposatu zuen, akaberaren ikuspegitik, zementua erabiltzen hasi ondoren baztertutako eraikuntza-logika berreskuratzeko. Aipatutako teknikan, junturarik gabeko kareharri-lauzak erabiltzen dira, eta egurrezko hegalak ezartzen zaizkie inguruan, goiko gatzunak eta beheko eta hegaletako buztinak elkar ez ukitzeko. Horrela, buztinaren iragazgaiztasunaz baliatuko gara, batetik, eta kontaktu oro saihesteko moduko materialak ezarriko ditugu, bestetik. Bigarren ezaugarri hori, izan ere, gatzgileen obsesioa izan da betidanik. Material guztiak berrerabilgarriak dira, gainera. Gatza nola egiten den
Azaroan gaude, eta larrainek ez dute gatzik, hutsik daude. Nolako klima-baldintzak behar dira gatza lortzeko?
Eguzkiak jo behar du. Horregatik, ekoizpen-garaia maiatzean edo ekainean hasi eta abuztuan edo irailean bukatzen da. Gatzunetan horrenbeste gatz metatzen denez, berehala hasten da kristalizatzen. Litro bat gatzunekin, gutxi gorabehera, 200 g gatz baino gehiago lortuko ditugu. Kopuru hori itsas gazitasuna baino askoz ere handiagoa da: 8 bat aldiz handiagoa.
Zertan datza gatza egiteko prozesua?
Gure harana oso maldatsua denez, gatzgileek azalera horizontalak sortu behar izan dituzte betidanik, harrizko hormen eta egurrezko bilbaduren bidez. Gatzuna azalera horizontal iragazgaitzaren (larrainaren) gainean uzten da, bi uzta-egunetan zehar. Bertan, gatzuna nahasten eta ureztatzen aritzen dira. Ur gehiena lurruntzen denean, larrainetako gatza biltzen dute, betiko eran, eta otzaretan eramaten dute biltegietara. Gatzak hainbat hilabete ematen ditu biltegietan, ongi lehortu arte, eta orduantxe saltzen dute.
Zer urrats ematen dira, gatza biltegian dagoenetik ontziratu arte?
Uzta bildu ondoren, gatza ontziratu eta saldu egiten da, besterik gabe. Ez zaio eransten inolako gehigarri kimikorik. Mahairako gatza sortzeko prozesu industriala, aldiz, nahiko konplexua da. Gatza edonola eskuratuta ere, aipatutako prozesuaren bidez ale txiki erregularrak sortzen dira, gehigarri natural guztiak kendu eta bestelakoak erantsi ondoren (ez trinkotzeko, adibidez). Gure gatzak naturak berez ematen dion guztia darama bere baitan; prozesu soila eta naturala da erabat. Gainera, oso kristalizazio interesgarria duenez, gatz-loreak egiteko aukera ematen digu.
Eta nolakoa da, bada, gatz-loreak egiteko aukera ematen duen kristalizazio mota hori?
Uraren gainazalean kristal-maluta kubikoak (gatz-loreak) sortzen dira, eta azpialdeko gatza beste era batean kristalizatzen da. Denboraren poderioz, gatz-loreak erori eta azpialdeko gatzarekin nahasten dira. Antzinako gatzgileek horixe egiten zuten, biak nahastu, bildu eta kito. Aurtengo udan, gatz-loreak egiten hasi gara. Gatza gainazalean kristalizatu ahala, erretiratu egiten dugu, maluta-itxurako gatz-aleak eskuratzeko, kalitate paregabekoak, nire ustez. Sukaldariek biziki estimatzen dute kalitate hori.
Añanako gatza zergatik da munduko onenetakoa?
Inguruko sukaldariei edo gastronomia-adituei galdetu beharko zenieke. Nik askotan esaten dut era askotako gatzak daudela, eta batzuk onak direla, baina Añanakoa bezain paregabea toki bakar batean egiten dela: Añanan. Munduko merkatuan oso gatz onak daude salgai, baina industrialak beste kontu bat dira. Bata eta bestea dastatuz gero, zeharo desberdinak direla egiaztatuko dugu.
Bestalde, larrain zaharberrituak behar bezala iraunarazteko, ezinbestekoa zen gatza ekoiztea. Plan Zuzentzailea idazten ari ginela, Gatz Harana osorik zaharberritzeko aukera zegoela ikusi genuen. Hasieran, hori guztia ez geneukan oso argi: zaharberritzea gauza bat da, baina mantentzea... 5000 bat larrain daude. Nolatan mantenduko ditugu, gatza ekoiztea errentagarria ez bada? Gatz Haranak porrot egingo luke berriz. Halako batean, argi ikusi genuen gastronomia-kalitaterik handieneko gatza sortzea zela gakoa, merkatuko onenen parean kokatzea eta gure gatzaren izena guztiek ezagutzea. Horrela, ekonomia iraunkorra ahalbidetzeko oinarriak finkatuko genituzke. Beraz, gatza egitea jarduera errentagarria izan zitekeela eta zaharberritzeko lanetarako eta jardunbideak ekinean jartzeko finantzaketa lor genezakeela ikusi genuen. Ondorioz, Fundazioak agian ez luke izango etengabeko finantzaketa-beharrik, bere burua mantentzeko. Haranaren etorkizuna ziurtatzea zen gure asmoa, ondorengo belaunaldietan bete-betean funtziona dezan, eta harana eta bertako gatza alde guztietan ezagutu daitezen. Bi marka sortzea zen helburua: Gatz Harana eta Añanako gatza.
Azal itzazu xehetasun gehiago Plan Zuzentzaileaz. Zer jarduera-ildo finkatu ditu?
Plan Zuzentzaileak hiru jarduera-ildo nagusi finkatu ditu: horietako bat harana zaharberritzea da, jakina. Denbora eta diru gehien eskatuko dituen jarduera da. Printzipioz, zaharberritze-lanek 20 urte iraungo dute.
Eta hemendik 20 urtera arte ezingo da erabili?
Ez. Ezin dugu itxaron horrenbeste denbora. Horregatik, premiazko zereginetako bat bideak konpontzea da, lehen egunetik jendeak barruan egon behar duelako. Zaharberritze-lanek 20 urte iraun arren, harana bisitatzera joan daiteke jadanik. Oraintxe hasi gara harana hobetzen, baina aldaketak nabaritzen dira.
Plan Zuzentzailearen jarduera-ildoei lotuko gatzaizkio berriz.
Bigarren jarduera-ildoak ezagutzarekin, kultura-arloarekin, du lotura. Alderdirik bisualenak haraneko bisita gidatuak izango dira. Aurtengo bisitariekin, 20.000ko kopurura iritsiko gara, eta are jende gehiago hartzeko asmoa dugu. Bestalde, ikerketa-arloa ere jorratuko da, bertan jardungo duten arkeologo, geologo, arkitekto, biologo... guztiek haraneko ezaugarri interesgarriak azaleratuko baitituzte, nork bere ikuspegitik, gure harana paregabea baita alderdi askotan. Horri guztiari prestakuntza-alorra gehituko zaio. Egoki lan egiteko prestakuntza eman beharko diogu jendeari, ia hutsetik abiatuko baikara. Zaharberritze-lanak etorkizunean iraunkorrak izan daitezen, zaharberritzaileek ez ezik, gatzgileek ere jardun beharko dute.
Gainera, makina bat kultura-jarduera egin daiteke, harana auditorioa balitz bezala erabiliz: kontzertu txikiak, herri-emanaldiak... Eta beste mila ekimen ere bururatuko zaizkigu. Gastronomia-arloa ere hortxe dago, gatzaren eta gastronomia-munduaren arteko lotura agerikoa baita, eta landu beharrekoa, beraz.
Haraneko hirugarren jarduera nagusia gatza biltzea izango da, betiko eran, modu tradizionalean. Metodoak hobetzen saiatu arren, gure gatzagetako betiko filosofiari (kalitaterik eta errespeturik handienean oinarritzen denari) zorrotz eutsiko diogu.
Eta noski, gatz-ekoizpena jarduera errentagarria izatea komeni da.
Jakina, horixe da gure helburua. Fundazioaren asmoa ez da hainbeste gatz tona ekoiztea, kalitaterik bikainena eskaintzea baizik, eta merkatuan honako iritzi hau hedatzea: Añanako gatza hor dagoela berriz, ekoizten hasi garela, munduko onenetakoa dela, ezbairik gabe, eta inguruko sukaldariek biziki estimatzen dutela. Hortik abiatuz, ekonomia-errentagarritasuna lortzea izango da hurrengo helburua. Errentagarritasuna hasieran txikia izan arren, ikusiko dugu zer gertatzen den etorkizunean, kalitaterik handiena eskaintzen ari garela kontuan hartuta. Baina besteek sinesteko, guk geuk sinetsi behar dugu lehenbizi.
Añanako gatzak ez du parekorik, Añanako haranak ere ez duelako parekorik. Zergatik?
Gatzagak ugariak dira, baita barnealdekoak ere, baina gureak bezain handiak ez dira hain ugariak. Eta horrelako bilbadurak eta egiturak dituzten barnealdeko gatzaga handi bakarrak Añanakoak dira. Bertako ezaugarri bereizgarria paisaia den arren, biologiaren ikuspegitik ere ez dute parekorik, eremu gazietako ohiko landare- eta animalia-espezie asko baitaude. Ingurumen-alorra ikertzen aritu dira, eta horretan jarraituko dute. Era berean, mikroerreserba biologikoa sortzeko asmoa dago, aipatutako animaliak eta landareak ahalik eta modurik naturalean hazteko, eta jendeari nolakoak diren, nola bizi diren eta zer ezaugarri dituzten azaltzeko.
Eremua diapiro izeneko geologia-egitura konplexua dela ere hartu behar da kontuan...
Duela 220 milioi urte bertan zegoen itsasoak utzitako aztarna dugu. Lehortu zenean, gatz-metaketa ikaragarriak utzi zituen: 6 km-koak Pauleko norabidean eta 3 km-koak Arreo aintziraren norabidean. Gatz-bola itzel hori orain gauden tokiaren azpialdean dago. Euri-ura ofiten (goiko harrien) geruzan sartu, zeharkatu, gatz-burbuilara iritsi, ibilbidea egin eta puntu jakin batzuetatik kanporatzen da. Puntu horiek iturburuak dira, lurraren mailan kokatutako gune naturalak. Ezaugarri hori duen haran bakarra da gurea. Gatz Harana eta Arreokoa nazioarteko hezegune garrantzitsuen RAMSAR zerrendan daude. Biologia, geologia, natura, historia, arkitektura eta paisaia uztartzen direnez eta horrenbeste ezaugarrik bat egiten dutenez, toki paregabea da benetan. El Torco
El Torco-ren, bisitariak hartzeko eraikinaren, arkitektoa izan zinen.
Bai. Orain dela urte batzuk egurrezko kayak bat egitea erabaki nuen, Interneten bidez eskuratutako planoez baliatuta. Zurgin batek egur-zerrendak (lizar amerikarrarenak) prestatu zizkidan, ar eta eme makurrak erabiliz, eta bi urtetan nire ordu libre guztiak garajean eman nituen, kayaka egiten. Oinarri tekniko horretatik abiatuz, El Torco eraikina egiteko gai nintzela ikusi nuen, nolako itxura duen kontuan hartuta. Elipsoidea da, arrautzen tankerakoa. Alderantziz ezarritako ontzi-izurrak dakarzkigu gogora, biltegi zahar baten hormen barruan.
Erabilera anitzeko eraikina egin nahi genuen, inolako zatiketarik gabeko eremu bakar batean. Halaber, giro atsegina sortzea nahi genuen. Eraikinaren barruan, gatz motei buruzko erakusketa txiki bat dago, eta bertan saltzen dira harana ikusteko txartelak ere.
Egurrezko egiturak eraikitzeko teknologiarik aurreratuenak erabili nahi genituenez, Suitzara joan ginen. Eraikineko eta haraneko egur bati ere ez genion eman inolako tratamendurik, bi arrazoirengatik: batetik, elikaduraren ikuspegitik, ezin dugulako kimikarik erabili, eta, bestetik, gatzak egurra babesten duelako. Gure eraikina hainbat herrialdetako arkitektura-argitalpen ugaritan azaldu da.
Haranean zer dago egiteke?
Gauza asko. Azpiegiturak ere behar ditugu larrainek eta gainerako alderdi guztiek funtziona dezaten. Fundaziorako bulegoak, gatz-ekoizleentzako zentroa, biltegiren bat... Kultura- eta ekoizpen-jarduera guztiak errepidearen, herrigunearen eta haranaren arteko mugetan gauzatuko dira, eta gune horiek, beraz, jarduera-iturriak eta bisitetarako lotuneak izango dira. Laster saihesbidea eraikitzen hasiko dira, aparkalekua egiteko asmoa dago, eta bisitarien autobusentzako geltokia, minusbaliatuentzako sarbideak... Bisitak are erosoagoak izaten lagunduko duten gauza horiek guztiak hobetzea da gure nahia.
Aisiari dagokionez, gatzak eta gatzunak giza osasunean duten eraginari erreparatu beharko litzaioke. Bainuetxea sortzeko asmoa buruan erabili izan dugu beti. Lehen urratsa pedilubioa irekitzea izan zen, oinak uretan sartuz erlaxatzeko eta ongi pasatzeko. Udaberrian manilubioa irekitzeko asmoa dugu, gatzak eskuetan duen eragin mesedegarriaz gozatzeko. Mikel Landa (Elorrio, 1965) 2009ko urrian Mikel Landa Añanako Gatz Harana Fundazioaren zuzendari kudeatzailea izendatu dute, baina aspaldidanik darama Gatz Haranari lotuta. Izan ere, 2000. urtean Plan Zuzentzailea idatzi zutenen profesionaletako bat izan zen. Landa arkitektoa da eta El Torco izeneko eraikinaren egilea da, Gatz Haranera gerturatzen diren bisitariei harrera egiten dien eraikina hain zuzen ere.