Xabier Isasi: "Unibertsitateak euskararen normalkuntzarako erantzukizun handiagoak dauzka, bere gain hartu dituenak baino"

2001-09-21

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Xabier Isasi Xabier Isasi, Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria "Unibertsitateak euskararen normalkuntzarako erantzukizun handiagoak dauzka, bere gain hartu dituenak baino" * Teresa Sala Udako Euskal Unibertsitatearen jatorriaren bila hasiz gero, 1970.eko hamarkadaren hasieran Baionan burutzen ziren Kultur Asteak izeneko ihardunaldietara jo beharko genuke. Kultur aste hauek 1970.etik 1973.era egin ziren Baionako Erakustokian, Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteak antolatzaile zirelarik. Jean Haritschelhar eta Piarres Xarriton euskaltzainak izan ziren aste kultural horien bultzatzaile sutsuenak. Hauetan jorratzen ziren gaiak bi ardatz nagusiri jarraitzen zitzaizkion: euskal kultura eta gizarte eta erlijioa. Antolatzaileen xedea, ordea, zabalagoa zen: euskaldunak elkar ezagutu, elkarren berri jakin, egun batzuetan elkarrekin bizi eta lantaldeak sortu. Gauzak asko aldatu dira geroztik, euskarak eta unibertsitateak, biek bilakaera handia izan dute eta bien bidegurutzean Udako Euskal Unibertsitatea tinko eta gogoz aritu da lanean. Funtsean sorrerako helburu bertsuak baditu ere, gaur egun finkatu dituen erronkak haratago doaz eta gutxinaka xedeak gauzatuz doazela ohartu dira bai erakundeko partaideak, bai unibertsitateko ikasle, irakasle eta ikertzaileak eta baita euskararen gizartea bera ere. Esker on merezia duten Iruñeko eta Miarritzeko Udako Ikastaroak ez ezik, UEUk hainbat jardunaldi eta topaketa antolatzen ditu, Ikastetxeei zuzendutako pedagogia berrikuntzarako diseinu eta plangintzak eta bertako irakasleentzako prestakuntza iraunkorrak prestatzen ditu eta baita graduondoko titulazio ofizialak ere. 2000ko otsailean hartu zuen Xabier Isasik UEUko zuzendaritzaren testigua eta egiteke lan asko dagola aitortzen badu ere baikor hitz egiten du erakundearen proiektu, amets eta jardueraz. 2000ko otsailetik zara Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria. Zein egoeratan aurkitu zenuen erakundea? Nahiz eta orain zuzendari gisa lan egin hamalaubat urte daramatzat Udako Euskal Unibertsitatean; psikologia alorrean lan egiten hasi nintzen, beranduago talde eragileko partaide izan nintzen eta gaur, ordea, zuzendaria naiz. UEU euskaldungoaren irla dela esango nuke. Honek esan nahi du erakunde gaztea dela, etengabeko aldaketan dagoena. Euskararen normalkuntzak eta Udako Euskal Unibertsitateak neurri handi batean paraleloan lan egin dutela uste dut. Duela hogeita hamar urte, UEU sortu zenean, ez zegoen ez euskarazko telebistarik eta ezta egunkaririk ere. Urteak joan urteak etorri gauza asko aldatu dira euskararen munduan, UEU aldaketa horien lekuko eta bere txikitasunean hedabide izan da. Zuzendaritzara heldu nintzenean hutsune batzuk betetzen zituen eta behar batzuei erantzuten saiatzen zen erakunde batekin egin nuen topo. Azpiegitura eta baliabide alorrean behar gorriak zituen orduan eta egun jarraitzen ditu izaten. Bere txikitasunean unibertsitatea eta euskararen bidegurutzean historia garrantzitsua betetzen duela uste dut, UEU garai modernoetako gizarte erakundea da, Euskal Herriko Unibertsitateko garapenari loturik hazi dena. Zeintzuk dira momentuan Udako Euskal Unibertsitatearen xedeak? Jatorriko xede bertsuak ditugu gaur egun ere. Historikoki urrun egon diren euskararen eta unibertsitatearen munduak elkarrengana hurbiltzea eta uztartzea izan da beti helburua. Aurrerantzean ere horixe izango dugu helburu, hots, Euskal Unibertsitatea sortzen laguntzea: Euskal Herri osoa hartuko duen eta euskara lan eta komunikazio tresna nagusitzat edukiko duen unibertsitatea. Hala ere, momentu honetan eta ikuspegi pragmatiko batetik, gure erronka nagusia sakabanatua dagoen komunitate unibertsitarioa biltzea dela esango nuke, ikertzaile eta irakasleak batez ere. Maiz ez dakigu lagun hurkoak zer egiten duen eta jakin beharko genuke. Komunitate unibertsitario bat existitzen da informazio jarioa ematen den neurrian. Hor daukagu guk erronka eta urratsak ematen ari gara. Euskara unibertsitate mailako hizkuntza izatera iritsi delaerakutsi nahi dugu; euskararen gizarteak goi mailako teknikarien prestakuntza behar du baina posible da, hutsune horiek betetzeko gazte euskaldun aski prestaturik daudelako. Gure ustez posible da unibertsitate mailako hizkuntza proiektu bat euskararen gizartearen beharrei erantzuteko. Gure esku dagoena egingo dugu helburu hauek gauzatzeko. Alde batetik Inguma datu basea dago, bestetik, Hiztek, hizkuntza teknologiak aztertzen dituen graduondokoa. Inguma Interneten dagoen datu basea da. Zein neurritan baliatu da UEU teknologia berriez bere xedeak gauzatzeko? Irakasleria zahartzen doa eta teknologia berriak gazteekin datoz, baina hala ere, guk teknologia berrien alde apustu egin dugu ezinbestekoak iruditzen zaizkigulako. Unibertsitate mailako informazioaren jarioa ikaragarria da eta Internet izugarrizko tresna da guzti hori bideratzeko. Internet oso erreminta indartsua da, baita euskararen normalkuntzaren alde erabiltzeko ere. Inguma euskal komunitate zientifiko intelektualaren datu basea da. Interneten dagoen informazio iturri aparta da azken hogeita hamar urteotan, euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik, zientzia eta jakintza alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz sortu dena ezagutzeko. Egun hiru mila bat egile ezberdinen lanak eta erreferentziak aurki daitezke bertan, baina ez hori bakarrik, harremanetan jartzeko aukera ere eskaintzen baitu webguneak. Euskal kulturan interesatuta dagoen edonorentzat da Inguma, baina bereziki unibertsitateko ikasleentzat, hezkuntza sistema osoko irakasle eta langileentzat, ikerleentzat, komunikabide eta kazetarientzat, kultur sorkuntzan murgiltzen diren langile eta enpresa guztientzat... Zein da gaur egun Udako Euskal Unibertsitatearen jarduera? Zein bere ekoizpena? Euskal Unibertsitatea lortzeko baldintza sozio politikoak lantzea, euskal komunitate zientifiko intelektuala biltzea, eta unibertsitate gaien ekoizpena gizarteratu eta gizartearen zerbitzura bideratzea dira Udako Euskal Unibertsitatearen lan ardatzak. Besteakbeste, Udako Ikastaroak eta gai anitzei buruzko jardunaldi edo topaketa ezberdinak antolatzen ditugu urtean zehar. Honetaz gain, Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza saileko Garatu programako partaide gara eta ikastetxeetako hizkuntza normalkuntzan elkarte aholkulari gisa parte hartzen dugu. Irakasle euskaldunen arteko harremanak sustatu eta bueltatzeko gure arteko bilkurak ere antolatzen ditugu. Baina gure jarduera oso txikia da, egun osoz UEUn bederatzi pertsona ari dira lanean, batzuk Eibarko Ikastetxe Nagusian, beste batzuk Bilbon eta azkenak Ipar Euskal Herrian. Hasieratik guztion helburua euskal unibertsitateetako irakasleak elkarri laguntzea izan da, euskaraz lan egin ahal izateko egoera hobeak sortzen saiatzen gara. Etxeko argitalpenak ere badituzue... Bai, gai asko eta desberdinei buruzko liburuak argitaratzen ditugu eta baita Uztaro, giza eta gizarte zientzien aldizkaria ere. Uztaro proiektu sendoa da gaur egun. Unibertsitate mailako aldizkaria da, norbanakoaren prestaketa areagotzea lortzen dugu argitalpen honen bitartez eta, bide batez, produktuak zabaltzen ditugu unibertsitate ezberdinetako ikertzaile eta irakasleek erabil ditzaten. Ba al dago Udako Euskal Unibertsitatearen pareko erakunderik? Herri Katalanen Universitat d´Estiu delakoa da gertuko erreferentea. Bretainian ere antzeko mugimenduak egon dira. Zein egoeratan ikusten duzu euskara bera unibertsitateko ohikerian? Ziur nago aurrera goazela, behar bada ez nahiko genukeen abiadan baina aurrera pausuak ematen ari direla eztabaidaezina da. Aurrera goaz besteak beste 15 mila bat ikasle ari direlako euskaraz dena edo zerbait ikasten; besteak beste 900 bat irakasle ari direlako euskaraz irakasten; besteak beste 15 mila pertsona baino gehiago pasa direlako UEUk antolatzen dituen Udako Ikastaroetatik, eta guzti honek bere ondarea uzten du. Baina aurrera pausuak ematen ari diren arren, egin izan den lana sakabanaturik eta hedatu gabe dagoela esango nuke; ez dago irakasleriaren prestaketarako proiektu argirik,euskarazko ikasgaiek ez daukate lotura zuzenik euskararen normalkuntzaren ikuspegitik. Desoreka handiak daude, Osasun Zientziak dira honen adierazgarri garbia. Ahalegin handia egin beharra dago, batetik egindako lana optimizatzeko eta, bestetik, unibertsitatearen ekarpena euskararen normalkuntzaren alde bideratzeko. Aurrerapausoak eman dira baina unibertsitateak euskararen normalkuntzarako erantzukizun handiagoak dauzka, bere gain hartu dituenak baino. Zein balorazio egingo zenieke aurtengo Udako Ikastaroei? Parte hartzeari begira eutsi egin diogu, azken urteotan 700 800 partaide mugitu izan gara eta maila mantendu dugu aurtengoan ere. Hori garrantzitsua iruditzen zaigu, kultura alorreko ekintza gehienetan moteltze prozesu bat antzematen den garaiotan guk eutsi egin diogulako. Ikuspegi ekonomikoari dagokionez ikastaroak defizitarioak izan dira eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntza kentzeak min egin digu. Hala ere, gizarte nafarrak babesa eta laguntza eskaini digu eta horrek izugarri lagundu digu. Azkenik, eta edukiei dagokionez aurtengoan ere hainbat berrikuntza izan dira:. Ildo honetan Baionako Itunaren inguruko ikastaroa, informatika arloan merkataritza elektronikoari buruz eskainitakoa eta sukaldaritza edo emakumeen inguruko ikastaroak aipatuko nituzke. Nafarroako Gobernuak diru laguntza kendu dizue... Zenbaterainoko larritasun egoera suposatzen du honek? Duela hamar urte Gobernu Foralak itun bat sinatu zuen gurekin. Itun horren arabera Iruñeko Udako Ikastaroetarako diru laguntzak ematearen konpromezua hartu zuen. Azken diru laguntza joan den urtean eman zigun eta 3,5 milioi pezeta ingurukoa izan zen. Ikastaroen aurrekontua 30 milioi ingurukoa izaten da, baina tira, Nafarroako Gobernuak ematen ziguna nahikoa izaten zen gure egoera orekatzeko. Guk zerbitzu publikoko bokazioa daukagu eta ahalik eta jende gehien parte hartzea nahi dugunez arrazoizko salneurri bat jartzen ahalegintzen gara. Gobernu Foralaren erabakiak kalte egin digu eta ikastaroak defizitarioakizan dira. Hala ere, kalte handiena ez zaigu alderdi ekonomikotik heldu. Nafarroako Gobernuak ezagueraren gizartearen garapenerako duen konpromezua ez du bete eta horrek min egin digu. Ezagueraren gizartearen garapenerako gurea bezalako jardunaldiak ezinbestekoak dira. Ezagueraren gizartea ez baita ulertzen etengabeko prestaketa, informazioa eta jakituria zabaltzen ez baldin badira eta guk, gure txikitasunean, lan hori egiten ahalegintzen gara. Erakunde publikoen babesa behar dugu sinesgarritasuna behar dugulako. Sinesgarritasuna da Nafarroako Gobernuak kendu nahi izan diguna, baina zorionez bermatuta daukagu dagoeneko. Harremanak hasi ditugu Nafarroako Gobernuarekin eta hurrengo urteari begira emaitza onak lortuko ditugulakoan nago. Zeintzuk dira Udako Euskal Unibertsitatearen beste diru iturriak? Gure baliabide propioak ditugu; bazkideen ekarpenak, argitaratzen ditugun liburuen salmentak eta matrikulak batez ere. Orotara, gure jardueren gastuen %40 inguru guk geuk sortutako ondasunekin estaltzen dugu. Baina irakaskuntzen eta gure bezalako ekimenetan gertatzen ohi denez, diru laguntza publikoak beharrezkoak dira aurrera atera ahal izateko. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 136.zbk (2001 / 9 / 21 28) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Juan Bautista Berasategi: "Nik ez ditut nire gogoko istorioak kontatzen, saldu daitezkeenak baizik"

 

Irakurri

Jose Luis Zumeta: "Emozionala da hasiera eta koloreak esaten dit nondik jarraitu behar dudan, zer egin, zer jarri eta zer kendu. Kolorerik gabe niretzat oso zaila da sinistea. Sentitzea, sinistea... dena da berdina niretzat"

 

Irakurri

José Ignacio Tellechea Idígoras: "Historialariaren lana plazer bat da niretzat, egin ditudan aurkikuntzak besteei ezagutarazteak poz handia ematen didalako. Historia aberasteko modu bat da"

 

Irakurri

Robert Laxalt: "Ni ez naiz euskal jakintsua edota euskal idazlea; idatzi egiten duen euskalduna besterik ez naiz"

 

Irakurri

Alfonso Sastre: "Antzerkia bizitzan esku hartzeko bidea bezela hartzeak, asetu egin nau"

 

Irakurri