Jost Gippert. Hizkuntzalaria: Gizakiok hizkuntzen inguruan izaten dugun jakin-mina asetu nahi genuke gure ikerketen bidez

2012-06-01

MARTÍNEZ RUBIO, Elena

Frankfurteko Euskara Irakurlea eta Alemana-Euskara hiztegiaren egilea

Jost Gippert-ek Frankfurteko Goethe Unibertsitateko katedraduna Hizkuntza-zientzia konparatuen sailean, Georgiako Tbilisiko Unibertsitateko honoris causa doktorea, ibilbide luzea du egina hizkuntzen ikerketaren arloan. Nekez aurkitu liteke inor, berak baino hizkuntza gehiago ezagutu eta ikertu duenik. Bere bibliografia oparoan, hizkuntzen tipologia hutsaz haratago doazen beste kultura alderdi batzuk jorratu ditu ere, hala nola ohitura zaharrak, tokian tokiko egutegi bereziak, zenbatzeko sistemak edota elezaharrak... Testu zaharren digitalizazioari begira berriz, aitzindaria dugu laurogeigarren hamarkadaren hasieratik. Honezaz gain, euskararen sustatzailea izan da, eta bada, Frankfurteko Goethe Unibertsitatean. Bere bulegoan topa dugu Jost Gippert, antzinako liburuek, ordenagailu berriek eta Georgiatik ekarritako oroigarri bitxiek inguraturik. Frankfurteko Bockenheim campus bazterrean dagoen hiru solairuko etxe txiki eta zahar honetan, Kaukasologia saileko eskolak ematen dira... euskara eskolak barne. Izan ere, euskara-irakurletza berri bati eman zitzaion hasiera hemen udazkenean Etxepare Institutuaren bidez, bertan lehendik euskara irakasten bazen ere. Ikasgeletan, Georgiako afixak Euskal Herrikoen ondoan ikusi ditugu. Zer dela-eta euskara berriro ere hizkuntza kaukasiarren artean? Ez al dute zientzialariek hizkuntza bion senidetasunaren aldeko hipotesia aspalditik erabat baztertua? Alemanez egin diogun elkarrizketan emango digu Jost Gippertek honen guztiaren berri.

Ez dakit inor ote dagoen zuk baino hizkuntza gehiago dakienik edota zuk bezain ondo ikuspegi orokor bat eman dezakeenik hizkuntzen konparaketaren arloan. Zure bilakabide akademikoa eta bibliografia aberatsa bezain espezializatua ikustea besterik ez dago. Ezingo genituzke hemen aipatu ikertu dituzun hizkuntza horiek guztiak, desagertuak nahiz gaurkoak. Nola sortu zitzaizun hizkuntzak ikasteko grina?

Haurtzaroan hain zuzen, eskolara baino lehen, etorkinak Alemaniara etortzen hasi zirenean. Ondo dut gogoan, hiru urte-edo nuela, lehen hitz arrotzak Espainiako etorkin bati entzun nizkiola gure auzoan. Jakin-min handia piztu zidan hark. Laster hizkuntzen arteko antzekotasunak bilatzen hasi nintzen nire kabuz eta hizkuntzak ikasten. Aitak errusierazko ikasliburu bat oparitu zidan eta errusierari ekin nion. Eskolan berriz, latina, ingelesa, frantsesa izan genituen ikasgai. Beti liluratu izan nau hizkuntzak euren artean konparatzeak, eta desberdintasunak eta balizko berdintasunen bila abiatzeak. Horixe da gure ikerketa arloan egiten duguna, hizkuntzalaritza konparatzailean alegia. Indologia, Japonologia eta Sinologia ikasi nituen gero Unibertsitaten, Indoeuropar hizkuntza-zientziz gain. Azken honek, ezaguna denez, sanskritoa, grekera, hizkuntza iraniarrak, zeltak, eslaviarrak... eta beste hainbeste hartzen ditu barne. Baita indoeuroparrak ez direnak ere ikasi ditut: fino-hungriarrak bezalakoak esaterako, benetan desberdinak direnak, azkenik kaukasiar hizkuntzei ekiteko. Euskara berriz, 1988an hasi nintzen ikasten, zu ezagutu zintudanean, Berlingo Unibertsitatean euskara mintegi bat antolatu genuen hartan.

“Lan handia egin da azken garaiotan euskara hemen ezagutzera emateko.”

Ustekabean nolabait?

Bai, interesa banuen nonbait, baina ordura arte euskarara hurbiltzeko aukerarik ez, nire ikasketa eta ibilbideagatik. Eta euskara horren desberdina izanda...

Zergatik ez zen garai hartan euskara gehiago aztertu Unibertsitatean? Aurreko mendean aleman hizkuntzalariek egindako ekarpena kontuan hartuta.

Hugo Schuchhardt izan zen hor eragilea bai, baina gogoan hartu Erromanistikatik zetorrela, beste batzuk bezala gaur. Euskara hizkuntza erromanikoen eremu geografikoan kokatua baitago. Nire kasua berriz, desberdina izan zen, italiera, gaztelera, frantsesa eta beste hizkuntza erromaniko batzuk jakin banekizkien; urratua nuen bidean ordea, hizkuntzarekiko hurbilketa tipologia edo egitura aldetik behar zen izan.

Itzuli al da euskarekiko jakin-mina Alemaniako unibertsitatera?

Zentzu batean bai, lan handia egin da azken garaiotan euskara hemen ezagutzera emateko. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, eta azkeneko bi urteotan Etxepare Institutuari esker bereziki. Baina hauxe ikusten dut nik: baskologia sailik ez dugula Alemanian, erromanistika sailetik datozen hizkuntzalari batzuk dagokien barrutian euskara egiten badute ere. Ez daukagu katedradun aditurik horretarako, ez dugu inoiz izan, eta horrek ikasketa-bideak eta norberaren ikasketen plangintza orokorra baldintzatzen ditu, ezinbestez. Nola bihurtu aditu beharrezkoa den markorik ez badago? Ez dut uste epe laburrean horretan ezer aldatuko denik.

Gauzak horrela, norainoko interesa piztu daiteke ikasleen artean? Erromanisten ehuneko bost lortuz gero pozik egon gintezke. Gure arloan, hau da, katedradun naizen sail honetan, euskara ikasgai hartzera eraman ditzakegu nolabait ikasleak, kaukasologiatik abiatuta. Edonola ere, hau ez dago sail guztietan egiterik.

Beraz, ez da harrigarria hain hizkuntza urrunak, edo hiztun gutxikoak diren hizkuntzak ikasten dituztenen artean ere, Europako hizkuntza isolatu bakarrarekiko interes handiagorik ez izatea. Aipatu dituzun zailtasunei erreparatzen badizkiegu behintzat.

Inguruko hizkuntzen aldean hain egitura desberdina izateak, oso garrantzi bihurtzen du euskara, jakina. Nondik datorren euskara oso galdera funtsezkoa da oraindik eta argitu gabea. Baina bakar-bakarrik ikuspegi horretatik euskara ikasi nahi duenarentzat. Gure ikasleek aldiz, oso zergati desberdinengatik izan dezakete hizkuntzekiko interesa. Ez dira asko hizkuntza bat oso desberdina delako ikasi nahi dutenak besterik gabe, niri gertatu zitzaidan bezala. Asko eta asko berriz, hizkuntza jakin bat edo bi aztertu nahi dutelako etortzen zaizkigu, hizkuntzalaritza konparatzailearen arloan aukera hori izanik.

Bestalde, hizkuntzen senidetasunaren harira, indoeuroparra da hobekien aztertu den hizkuntza familia, alde handiz. Eta ikasteko aukera handiena eskaintzen duena. Badira munduan bospasei hizkuntza-familia hein batean nahiko argi definitzeko edo berrosatzeko gai garenak. Indo­europarren atzetik, semitikoak datoz, gero fino-hungriarrak, Sobiet Batasun ohian egiten diren 10-15 hizkuntza barne, gehienbat Errusian. Halere, ez ahaztu gure arloa, kaukasologia, nahiko “exotikoa” dela, euskara bezain “bitxia” ia, hauxe dugularik Alemaniako katedra bakarra. Gero jakina, Kaukasoko hizkuntzetariko bat, georgiera alegia, Teologian ere ikasten da, kristautasunaren aldetik oso antzinako iturriak daudelako georgieraz. Jenan ere katedra bat dago, etnologiari eskainia alabaina. Hortaz, hizkuntza zientziatzat hartuta hemen beste inon ez dira kaukasiar hizkuntzak ikasten.

Itzul gaitezen zure ikasketetara. Noiz hasi zinen kaukasiar hizkuntzak ikasten?

Unibertsitateko ikasketak, 1977an bukatu nituen. Ondoren, Berlingo Unibertsitatean eman nituen urte batzuk irakasten, beste hiru urte Austrian... 1979an hasi nintzen kaukasiar hizkuntzak ikasten, gutxi gorabehera. Hizkuntzen azterketari begira bi alderdi dugu: alde historikoa edo genetikoa, bestetik, tipologikoa. Zentzu honetan, hau da, egitura edo tipologia aldetik, hizkuntza kaukasiarrak euskara bezain urruti daude hizkuntza indoeuroparretatik, nahiz eta aipatu dudan ikuspegi genetikotik, ezin izan den ezer frogatu bion arteko senidetasunari begira. Badira oraindik hipotesi horretan sinesten dutenak, bai Euskal Herrian bai Kaukason, tesi hori oinarritzeko oso datu gutxi duten arren. Ezin liteke zehazki esan zenbat datu behar den halako teoria bat frogatutzat emateko, baina nire ustez, dauzkaten hitz gutxi horiek, esan nahi bereko edo antzeko hitz horiek hots, oso urriak dira. Gutxiegi. Horrela ez dago ezer frogatzerik. Noizbait bi hizkuntzok senide izan zirela sinestu nahi bagenu ere, banaketa aspaldi izango zen historikoki ikusita. Bakoitza bere aldetik garatuko zen gero, hain neurri handian, non gaur oso-oso urruti dauden elkarrengandik. Une honetan ez dago identitate historikorik frogatzerik.

Demagun sanskrito eta alemana alderatu nahi ditugula. Hor badugu hiztegiaren ehuneko berrogei bat amankomuna dena. Hau ez da gutxi, alderantziz, duela zazpi mila urte bananduko zirela gogora ekarrita... edo gehiago, batek daki, demagun duela hamar mila urte. Beste hizkuntza batzuk alderatzen baditugu aldiz, ehuneko askoz ere txikiago dute amankomun... noiz izango ote ziren bat euskara eta kaukasiar hizkuntzak, duela ehun mila urte? Zaila da ezer frogatzea. Esan bezala, antzekotasun tipologikoa eta frogagarria den identitate historikoa ez dira gauza bera.

Zure ibilbidean mugarri izan den beste gai batera aldatuz: laurogeigarren hamarkadako lehen urteetan digitalizatzen hastearen beharraz konturatu zinen. Aitzindari izan zinen zeregin horretan, hizkuntzen arloan.

Bai, laurogeigarren hamarkadaren erdialdea baino lehen ia ezinezkoa zen digitalizazioaz pentsatzea. Guri orduan avestiera hiztegi bat egitea bururatu zitzaigun. Avestiera iraniar hizkuntza zaharrena da. Eta nik zera esan nuen hasieratik: ez zuela inongo zentzurik hiztegiak lehengo moduan egiten jarraitzeak. Fitxak eskuz egin beharrean, hitz bat non agertzen den adierazteko papertxoen gainean etiketak eta ohartxoak ipini ordez..., digitalizatzen hasteko proposamena egin nuen, hiztegigintzan funtzio automatiko horiez baliatu ahal izateko. Nirea oso ikuspegi berritzailea zen garai hartan antza, proposamena atzera bota baitzidaten, inork ez zidan sinestu. Sonja Gippert, nire emaztea, hizkuntzalaria da ere, eta berarekin batera aurrera jarraitzea erabaki genuen. Ordenagailu bat gure kabuz erosi behar izan genuen orduan, unibertsitatean ordenagailurik utziko ez zigutela ikusirik. Orduan alfabetoaren idazkerengatik ere izaten ziren oraindik arazo handiak informatikan. Guk apustu hori egin eta hiruzpalau urtez eman genuen avestiera testu bat osatzen.

Horrelakorik ordenagailuak lagunduta egingarria zela ikusi zenean, lankide batzuk bildu ginen 1987an, aurrerantzean elkarrekin lan egiteko xedeaz. Zertarako ibiliko ginen bakoitza bere aldetik digitalizatzen? Gure lana denon eskuragarri jartzea zen kontua, indarrak alferrik ez galtzeko. Horrela sortu zen, hain zuzen, gaur oraindik gorpuzten darraien Titus izeneko gure proiektu digitala. Dagoen datu-base handiena da, indoeuropar testuei doakienez.

Testu indoeuroparrekin hasi, inguruko hizkuntzetara jo gero eta azkenik kaukasiar hizkuntzei ere ekin genien. Urteekin batera, laurogeigarren hamarkadaren bukaeran alegia, mundu osoan zehar hasi ziren burutzen gurea bezalako proiektuak, hizkuntza desberdinei begira. Gaur datu horiek guztiak bateratzeko sare bat besterik ez da behar, eta sare hori badugu honezkero.

Bai, hasieratik egon nintzen sinestuta handik hamar urtetara arrunta izango zen zerbait egiten hasia nintzela. Nire aurreikuspen hau bete egin zen, bete ere.

Bitartean, banako hizkuntza batzuk erabat digitalizatuta dauzkagu, lehen urratsa avestiera izan zen, esan bezala, bitartean vediar edo sanskrito zaharraren hiztegia, hogei bider gehiago dena avestierazkoa baino... Ameriketan grekera eta latinaren inguruan dihardute, adibidez. Behin digitalizatzea burutuz gero, dauden beste aukerak ikertu behar izaten dira informazio osagarria eransteko, hitzak xedatu edo definitzeko, bilaketak egiteko... Eta hizkuntzen gramatika desberdinak direnez, bide bat bilatu behar izaten zaio hizkuntza bakoitzari ordenagailuaren hizkerara moldatzeko, bilaketa bereziak bideragarriak izan daitezen. Hau ez da erraza izaten.

“Laurogeigarren hamarkadaren erdialdea baino lehen ia ezinezkoa zen digitalizazioaz pentsatzea.”

Hizkuntzen ikerketaren ildotik, zer egin beharko litzateke euskararen inguruan aztertzen jarraitzeko? Zeintzuk dira hutsuneak, zure ustez?

Oinarri metodologiak landu eta segurtatu beharko lirateke sistematikoki, esan nahi baita hizkuntzen konparaketari dagozkion metodoak erabiliz. Duela bi mila urte egingo zen euskara berrosatu beharko genuke, hau da, erromatarrek eragina izan baino lehenagoko euskara hura. Latinezko elementu horiek hizkuntzatik kanporatuz batetik; baina elementu horiek gauzak nola eta zertan aldatu diren jakiteko lagungarri izango zaizkigula ahaztu gabe bestetik. Hortaz, latinetik datozen elementuak zein egiturak, latinetik ez datozenekin konparatu beharko genituzke.

Horretaz gain, badugu gauzen egoera ezagun bat, duela bost ehun urteko testu idatziei esker. Izan diren aldaketak aztertzea da kontua, zer aldatu den testu horietatik hona euskalkiei begira. Hau guztia ez da behar bezain sistematikoki egin.

Aditz forma zaharrak berrosatzera helduko bagina, hauen bilakabide fonetikoa ongi ezagutuko bagenu, hau da, fonemak elkarretik urruntzearen fenomenoa, edo alderantziz, fonemek bat egitearena, euskara zaharraren irudi hobea izango genuke konparaketak egiteko orduan. Baliteke duela bi mila urte banakako osagaiak argiago izatea gaur baino. Hainbat ez baitira honezkero ondo bereizten, aipatu bilakabide fonetiko horrengatik.

Mitxelenak “Fonética Histórica Vasca” izeneko liburuan egin zuena?

Bai, baina lan handia dago egiteke. Berrosatze hori litzateke oinarri metodologiko bakarra konparaketak egiteko unean. Ez da zentzuzkoa gaurko osagaiak alderatu nahi izatea, berdin euskalkienak edo batuarenak. Edozein modutan edo ausaz aukeratutako hitzak elkarren ondoan ipintzea ez baita bide zientifikoa. Lan hori egin eta gero izango gara gai hizkuntzak alderatzeko, kidetasunak bilatzeko, berdin ipar afrikakoetan zein kaukasiarretan. Izan ere, beti dugu hor galdera hori, ea euskararen senide-hizkuntza guztiak desagertu ote diren. Theo Venemann irakasleak teoria bitxi bat du: noizbait hemen Alemanian euskara egin zela. Baina betiko hutsa egiten du: euskara, edo duela bi edo lau milako hizkuntza hura nolakoa izango zen aztertzen hasi baino lehenago, gaurko edozein hitz hartu eta konparaketak egiten hasten dela.

Milaka urte igaro dira euskaldun haiek hona helduko zirenetik... Zenbat eta ulergarriagoa den forma bat, hainbat eta gutxiago fidatzen naizen ni, horrenbeste mila urte tartean izanda formak erabat desitxuratzen direlako. Adibide bat ematearren: sanskritoz “sutra” hitzatik testua edo haria esan nahi duena, Maldibietan “u” hitz labur-laburra besterik ez da geratu, erro beretik eratorria. Horrexegatik ez dut konparaketa erraz horietan sinesten, metodorik gabe egiten direlako.

Ikerlan bat baduzu dado-joko turkiar-persiar batean erabiltzen diren zenbakiei buruz. Bertan diozunez, hizkuntza-zientzia historikoak argi frogatu du oinarrizko zenbakiak hizkuntza baten estrato zaharrenekoak direla. Beraz, zenbakiak bereziki lagungarriak edo baliagarriak dira ikerketa konparatzaileetan?

Bai, zenbakiak oso zaharrak izaten dira hizkuntza guztietan. Hizkuntza batek zenbakiak mailegatzea ez da batere ohikoa, ez behintzat bat edo bitik hamar artekoak. Funtsezko arrazoi bat egon behar da zenbaki zaharrak mailegatuen bidez ordezkatzeko. Hizkuntza guztiek daukate beren zenbatzeko sistema eta behin bat izanez gero, zertarako aldatu? Zenbatu nahi den gauza bera ere mailegatu ez baldin bada. Esaterako: ardien hazkuntza auzoengandik ikasi edo bereganatu dutenek, baliteke ardiak zenbatzeko auzokoen zenbakiak erabiltzea, baina horretarako bakarrik. Fenomeno hau zenbait hizkuntzatan ikus daiteke. Batzutan, bi sistema paralelo ditugu batera. Japonen adibidez, bi sistema erabat desberdin dute, txinatarra eta japoniarra.

Zenbakiak, oro har, oso egonkorrak dira. Oinarrizko zenbakiei buruz ari gara. Bestalde, zenbait kulturek kopuru handiak zenbatzeko zenbakirik ez daukate, bertan kopuru handitan kontatu litekeen ezer ez dagoelako. Beraz, zenbakiek bizimodu eta tokian tokiko beharrekin zerikusia dutela esan dezakegu.

Zenbakiak “gotorleku” kontserbatzaile bat direla jakinik, zenbakietara jotzen dugu guk baliagarri zaigun beste ezer ez dugunean topatzen. Zenbakiek konparaketak egiteko abiapuntu on bat eskaini dezaketelakoan. Elkarretik urrun-urrun zeuden hizkuntza indoeuroparrak aztertu izan ditut nik, ia antzeko ezer ez zutenak, zenbakietan ezaugarri morfologiko jakin batzuk aurkituz halere.

Sistema hogeitarra hamartarra baino zaharragoa al da?

Ez du beti zertan izan. Indoeuropar hizkuntzek hamartarra zuten duela 7000 urte, hau ez da gutxi. Baina zenbait hizkuntza indoeuroparrek hogeitarra bereganatu zuten. Substratoarengatik, seguraski. Hizkuntza zeltak kasu, gaurko frantsesean arrastoa utzi dutenak. Danieraz ere badago hogeitar sistema. Zer fenomeno dugu hemen? Sistema hogeitarraren hondar horiek direla-eta, badirudi hogeitar sistema atlantiar kostaldean egon zela zabaldua. Beraz, litekeena da bertan hogeitarra erabili izana, indoeuroparrak iritsi baino lehen. Eta seguraski, euskara edo euskarekin zerikusia zuten hizkuntzak egingo zirela bertan.

Edonola ere, denetarik dugu munduan zenbakiei dagokienez. Batzuk hamartar sistematik hogeitarrera aldatu, beste batzuk ordea alderantzizko bidea egin dute. Kaukason denetarik dago, egon ere. Nire ustez, bi sistemak dira naturalak: azken batez, hamar atzamar dugu, eta atzekoz aldera ere erabil ditzakegu behin hamar zenbatuz gero, hogeiraino iristeko. Bada oraindik horrela egiten duenik, hatzamarrak erabiliz. Seitar edo hamabitar sistemak ere ez dira ahaztu behar, sistema honek hatzamarrekin zerikusirik ez badu ere, egutegiarekin baizik. Alemanez dozena bat esaten da maiz oraindik, hamabi esan beharrean. Kontatzeko eran ilargiaren aldiak ditugu hemen abiapuntu, eta urteak dauzkan hilabeteak. Ondorioz, zera baieztatu daiteke: eskuarki sistema hamartarrak beste sistemak bazterreratzen joan direla. Esan beharra dago, euskarak oso ondo gordea duela bere sistema. Beste hizkuntzetan, eragin desberdinenei zor zaizkien askoz nahasketa eta konbinaketa gehiago topa daitezke.

Euskara-alemana hiztegia egiten ari nintzela, behin eta berriz egin nuen topo elkarren antza zuten onomatopeiekin. Zein toki hartzen dute onomatopeiek hizkuntzak konparatzeko ikerlanetan?

Hizkuntza guztiek dauzkate onomatopeiak, eta denek sortzen eta bersortzen dituzte etengabe onomatopeia berriak. Komikiek erreparatzea baino ez dago. Behin eta berriro agertzen dira forma berriak, entzundako hots edo egindako keinu bat adierazteko. Onomatopeia hizkuntza bakoitzaren fonema-multzoei dago lotua. Txiki-txikitatik barneratzen da hau, haurtzaroan. Fonema ezagun horietan oinarritzen gara hotsak imitatu nahian. Horiexek dira ditugun baliabideak eta mugak ere. Ama-hizkuntzak ematen dizkigu fonema jakin horiek, munduan askok ama-hizkuntza bat gehiago dutela ahaztu gabe. Hego Afrikako hizkuntza batzuk oso hots bereziak dituzte, klaska bat alegia. Guk ere badakigu hots hori mingainaz egiten. Halere ez genituzke hots horiek horretarako erabiliko. Hego afrikarrek bai ordea, horietaz baliatzen dira, ama-hizkuntzaren barruan dituztelako.

Onomatopeiak, bilakaerari begira jarrita, hizkuntzaren corpusaren parte bihurtzen dira noizbait, hizkuntzaren beraren zati bihurtu edo hizkuntzarekin batera eraldaketak jasaten hasten direlarik. Eta hizkuntzak bereganatzen dituen unetik aurrera, onomatopeiak izateari uzten diote. Onomatopeiak ez dira zertan zaharrago izan. Areago, behin hizkuntzaren corpusekoak direnean, aldaketak jasotzen hasten dira... hainbeste, non hiztunek ez dituzten onomatopeiatzat jotzen. Orduan beste onomatopeia berriak sortzen hasiko dira hiztunak, entzundakoa argiago edo zuzenago adierazi nahian. Ondorioz, onomatopeiak zaharrak izan daitezke, baina ez nahi eta nahiez. Ez dira erro bat eta ez dugu hizkuntzaren substratotzat jotzeko arrazoirik.

Beste gai bat da noski, zein den giza hizkuntzaren beraren jatorria, ea hasieran halako zaratak egingo ote ziren hizkuntza bat taxutu baino lehen. Hau ez da alabaina, gure arloaren ikergaia. Bada, onomatopeiak hizkuntzaren sistema fonologikoari buruz ematen dizkigu argibideak. Entzuten duguna eta ama-hizkuntzak eskaintzen digunaren arteko harremana dago hor. Onomatopeiak eraldatu egiten dira historikoki, gure hizkuntzaren muga fonetiko horien barruan den arren, esan bezala. Ondo dator umeek hotsak nola imitatzen edo berrematen dituzten ikustea, umeek ez baitute garatua sistema fonologiko kontzienterik.

Edonola ere, euskaraz eta alemanaz topa dituzuen onomatopeia horien zerrenda bat egiteko esango nizuke, eta balizko antzekotasun horiek sistematikoki aztertzeko.

Hizkuntzen konparaketak alde batera utziz, esaguzu oro har zer aldatu den Alemaniako unibertsitateetan azken garaiotan lan egin edo ikasteko erari doakionez?

Asko aldatu dira gauzak Bolonia erreforma dela medio. Zeharo desberdina da ikasteko era. Lehen ikasketak geuk nahi genuen modura egituratzeko askatasun handia genuen. Askoz ere arau eta inposaketa gutxiago genuen orain baino. Jakin-mina zeukan ikasleak, mintegi guztietan hartzen zuen parte. Inork ez zigulako esaten zer egin beharko genuen ikasturtetan zehar. Gaur alderantzizkoa da egoera, ikasketak goitik behera arautu dituzte-eta. Ikasleek programa bat bete behar dutenez, alegia, plangintza egina jasotzen dutenez, bide bakar bat urratzen dute, alboetara begiratu gabe. Lan piloa izanda, errazena hartzen dute.

Hau ezin kaltegarriagoa da guk “Forschergeist” edo “ikertzeko sena” deitzen diogun zera horretarako. Atzerapena da hau, “ikertzeko sena” ez delako garatzen, eta ez dagoelako ez hausnarketak egiteko tokirik, ez gauzen berezitasunez ohartzeko paradarik, ez nork berea aurrera ateratzeko modurik ere. Orain, ikasgelan entzule egon eta azterketak gainditu baino ez da egiten. Horrela ahuldu egiten da norberaren ekimena. Ikasketak helburu praktiko huts bati daude lotuta, ez ikerketa zientifikoari. Horixe da Boloniak duen helburua, eta horrela adierazi da ere, argi eta garbi. Nire ustez, ez da batere zentzuzkoa. Gizarteari, edo azken batez banku batzuei halako zerbitzugintza bat eskaintzea da helburu nagusia. Epe luzean, oro kaltegarria. Lanpostua, hizkuntza hau edo bestea kasualitatez dakien edozeinek lortuko du.

Unibertsitatearen eginbeharra beste bat da, zalantzarik gabe. Unibertsitateak ikerlariak sortu behar ditu, bere kasa pentsatzen dakien jendea hain zuzen. Edonola ere, gertatzen ari den hau nabarmenagoa da giza zientzietan natur zientzietan baino. Natur zientzietan arau gehiago zituzten lehen ere ikasketen barruan. Giza zientziak dira, zentzu klasikoan, desagertzeko mehatxupean daude. Aipatu ikuspegi pragmatiko horren menpe jartzen ez baldin badira, ez direlako sustatuko.

“Unibertsitateak ikerlariak sortu behar ditu, bere kasa pentsatzen dakien jendea hain zuzen.”

Ados. Baina nagusitzen ari den ikuspegi horretatik galdetuta: zertarako balio ote du hizkuntzak alderatzeak?

Jakina. Zertarako? Era berean, egia da ikasketa hauen bidez gizadiaren behar bat asetu nahi dugula, hizkuntzen inguruan gehiago jakin-nahi naturala alegia. Oso behar egokia eta ulergarria. Hizkuntzak entzun eta antzekotasunez edo desberdintasunez ohartu bezain laster galderak egiten dizkiogu gure buruari... Eta guk, erantzun bat eman behar diegu galdera horiei, ezta?

Bat nator. Baina erantzunak ez du dirurik ekarriko du berekin?

Ez, milioika euro zerga emango duen industriarik ez da sortuko horren bidez. Filosofia bera ere behera doa. Filosofia helburu praktikoari lotzen ez zaion diziplina baten eredurik onena da. Baina baita filosofoak ere daude gaur behartuta, euren zeregina helburu pragmatiko batekin uztartzeko.

Amaitzeko, azalduko diguzu zertan den egun euskararen irakaskuntza Frankfurteko Unibertsitatean?

Euskara gure sail honen barruan dugu, Hizkuntza-zientzia Enpirikoen Sailean. Duela zortzi bat urte bururatu zitzaigun euskara hona ekartzea. Eskerrak Hans-Jürgen Puhle politologoa eta Till Stegmann erromanista ere tartean izan zirela, “bakarlari” gisa ez nintzen ausartuko hau bideratzen. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean hasi ginen hirurok Frankfurteko Unibertsitatean euskara ezarri nahian. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den Ludger Mees Hans-JürgenPuhleren ikaslea ohia da, eta harreman horren bidez ere lotu genion ekimenari.

Stegmann katalanista ezagunak gauza asko egin ditu katalanaren alde. Besteak beste, ordurako Frankfurten lortua zuen katalan irakurletza. Gure hitzarmena sinatzeko, Ibarretxe lehendakaria bera ere etorri zen.

Lehen, ikasketak amaitzeko Magister Artium titulua egiten zenean, plangintza aldaketa baino lehenago hots, euskara curriculum barruan txertatzea ez zen arazo, beste aukera bat gehiago gisa erantsita. Izan ere, hemengo hiru ikasleek ikasketen amaierako ikerlana euskaraz egin dute. Bitartean Bachelor dugu, ez Magister Artium, eta euskara hautazko gaia da. Euskara ezin dugu, tamalez, modu egonkor batean eskaini programa honen barruan, euskararen jarraipena ez dugulako segurtatuta, dugun hitzarmena epe luzean segurtatua ez dagoen heinean. Dena den, oso pozik gaude irakurletza honekin.

Eskaintzen duguna zera da: Baskisch I, II, III eta IV. Ondoko termino hau erabili dugu euskara gure sailean egon ahal izateko, euskara hizkuntza “kaukasoide” deituz. Asmatua da hitz hau, euskara hain zuzen sail honetan justifikatu ahal izateko. Aitortu beharra dago terminoa pixka bat kutsatua dagoela beharbada, XIXgarren mendean kaukasiar arrazaren teoria egon zelako, europar jatorrizko arraza izendatzen zuena.

Tira... guk euskara tipologia aldetik sailkatu daitekeela talde honetan adierazi nahi dugu hitz horrekin. Euskara konparagaragarria dela egiturari begira Kaukasoko hizkuntza batzuekin, genetika aldetik ez bada ere. Gure ikasleek, euskara eta beste kaukasiar hizkuntzen artean hautaketa egin dezakete. Erromanisten sailetik berriz, euskal kultura, literatura eta historia eskaintzen da.

Badugu ere hiru mila aledun euskal liburutegia. Liburutegiko laguntzaile bat falta zaigu bakarrik, euskal liburu horiek Frankfurteko kanpo ere mailegagarri ipintzeko. Honek dirua balio du eta itxaron beharko dugu.

Gure nahia euskara enborreko ikasgai bezala jartzea litzateke. Horrelakorik ez dago inon Alemanian. Baina aipaturiko epe luzeko ikuspegiaz gain, gutxienez lagun bi beharko genuke lanean, ikasleei kreditu gehiago eskaini ahal izateko.

Azkenik, euskarazko testuak digitalizatzeko egitasmo bat badugu eta horretan hasiak gara... testu poetikoen digitalizatzea, euskara-alemana hiztegia online jartzekoa... Dena den, ideia hauek guztiak burutzeko diru-laguntzen beharra dugu.

Zer deritzozu Alemaniako baskologoeen batzar bat edo jardunaldi batzuk antolatzeari?

Askotan pentsatu dugu horretaz. Baina gure ustez, Alemanian lauzpabost baino ez izanik, munduko adituak bildu beharko lirateke nonbait. Pozik antolatuko genuke dirurik bagenu. Zoritxarrez, dirurik ez daukagu. Edonola ere, kontuan hartu oso garrantzitsua dela nola hurbildu den gutariko bakoitza euskarara. Erromanista batek egiten dituen galderak eta planteamenduak eta erabiltzen dituen metodologiak eta terminologia desberdinak dira, erabat.

Gure lana hizkuntzen tipologiari dagokio, berezko metodologia du eta ez du xede bakarra senidetasun historikoa topatzea.

Eta zer ari zara orain ikertzen?

Egia esan behar dizut: burokraziak eta administrazioak denboraren ehuneko laurogei kentzen dit. Hau da Unibertsitatean jasan dugun beste aldaketa kaltegarri bat. Askotan gauaz egin behar izaten ditut ikerlanak. Zure galderari erantzunez, palimpsesto batzuk irakurgarri jarri berriak ditugu baliabide modernoei esker. Lan polita, baina zaila ere bai. Duela gutxi argitara eman ditugun V-VII. mendeko eskuizkribuok oso hondatua zeuden. Sinain aurkitu ziren, eta georgieraz gehiago jakiteko baliotsuak izango zaizkigu oro har. Argitalpenaren bidez orain arte ezezaguna zen hizkuntza kaukasiar bat eman dugu horrela ezagutzera. Kaukasiar albaniera du izena. Lan ikaragarria izan da, ez baitziren ezagunak ez hizkuntza ez alfabetoa. Eskerrak beste abiapuntu batzuk genituela. Ia hamar urte eman dugu horrekin. Hizkuntza hori gaur egiten ez bada ere, bere familiakoa den bat bizirik dugu. Dena den, hau ez zaigu lagungarri izan, oso urruti dagoelako eskuizkribu horietako hizkuntzatik. Zalantzarik gabe, an­tzinako agirien alorrean gauza polit asko dago oraindik topatzeko eta egiteko. Ea egunen batean euskarazko testu zahar gehiagoren aurkikuntzarik egiten den... Jost Gipper (Winz-Niederwenigern, Alemania, 1956) 1956an jaioa Alemanian. Japanologia, Sinologia, Hizkuntza zientzia konparatibo eta Indogermanistikaren ikasketak Marburgen eta Berlinen.Viena, Berlin, Salzburg, eta Bamberg-ko unibertsitateko irakasle izandakoa.Egun, Frankfurteko Goethe Universität-eko katedraduna Hizkuntza zientzia enpirikoen sailean.Georgiako Zientzien Akademiako kidea. Tbilisiko Unibertsitateko honoris causa doktorea.Titus datu-basearen sortzailea eta egun Loewe-Digital Humanities proiektuaren arduraduna.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Juan Miguel Gutiérrez. Zinemagilea: Egungo zuzendari askori esker egiazko euskal zinea egiten ari da

 

Irakurri

Jorge Campanillas. Teknologia Berrietan abokatu aditua: Gure datu pertsonalak urre berria dira

 

Irakurri

Margaret Bullen. Antropologoa: Tradizioak bizirik daude eta historian zehar gizartearekin batera moldatu dira

 

Irakurri

Alvaro Arrizabalaga. Arkeologoa: Arkeologia arloko arautegia gehiegikeriaz josita dago

 

Irakurri

Itziar Aguirre. Sukaldaria: Kozinatzen dudanean kulturak, ezagutzak, bizipenak, sentsazioak fusionatzen ditut

 

Irakurri