'Gazte Agora' mugaz gaindiko foroan parte hartzeko deia

Foroak eta mintegiak

2020/04/24

'Gazte Agora' mugaz gaindiko foroan parte hartzeko deia

Maiatzaren 9an, Ipar Euskal Herriko gazteak birtualki bilduko dira antolatu den Gazte Foroan. Etorkizunari begira dituzten helburu komunen inguruan hausnartuko dira, iritziak kontrastatuz, eta diagnostikoak lortzeko.

Ekimena Gazte Lankidetzarako Sareak proiektuaren baitan kokatzen da eta 16 eta 35 urte bitarteko gazteen arteko mugaz gaindiko lankidetza sareak sortzea du helburu. Eusko Ikaskuntzak abiatuta, Nafarroako eta Euskadiko Gazte Kontseiluen babesa lortu du eta Akitania- Berria Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntza du.

Foroa goizez garatuko da, 10:00etatik 14:00etara, eta jorratuko diren gaiak honako hauek izango dira: Hezkuntza (formala eta informala), Gobernantza (parte-hartzea eta ahalduntzea), Sozio-ekonomia (ongizate materiala), eta Hizkuntza (euskara eta hizkuntza-politikak). Horretarako, lan-mahaiak egituratuko dira eta partaide bakoitzak, proposatutako lau gaien artean, jorratu nahi duen hura hautatuko du. Errealitateak, kezkak eta lehentasunak partekatzeko eztabaida-gune bat eskaintzen du ekimenak, helburu komunak identifikatu eta garatzeko.

Izena emateko epea maiatzaren 8a arte zabalik dago eta interesa duen orok Eusko Ikaskuntzaren web gunean eman dezake izena.

Lehenengo 'Gazte Agora' foroa Donostian ospatu zen pasa den abenduaren 14ean. Horren ostean Iruñean izan zen otsailaren 8an eta, maiatzaren 9an ospatuko denarekin, 2020rako aurreikusten den azkenengo hitzordua elikatuko du: eskualdeen arteko foro handia, egindako proposamenetan sakontzeko eta mugaz gaindiko ikuspegi batetik berriak proposatzeko.

Informazio gehiago hemen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp