Pandemiagatik atzeratutako bi ekitaldiak batera ospatuko dira abenduaren 20an Bilboko Kafe Antzokian.
Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak, euskal kultura eta zientziako pertsonek egindako ekarpenak, bere konpromisoa eta balio unibertsala aintzat hartu eta goraipatzeko. 2019ko edizioan Xabier Amuriza (Etxano, Zornotza, 1941) bertsolariari eman zitzaion golardoa, “bertsolaritzaren birjaiotzaren” eta “tradiziotik modernitatera egindako jauziaren protagonista”, epaimahaiaren aburuz. Joan den urtean, 2020an, Jose Ramon Etxebarriak (Gernika, 1948) jaso zuen Lekuona Saria. Lanbidez ingeniaria, bere ibilbidean zehar zeregin garrantzitsua izan du euskararen normalizazioan Zientzietako goi-mailako hezkuntzan.
Xabier Amurizak eta Jose Ramon Etxebarriak euren sariak jasoko dituzte abenduaren 20an, astelehena, Bilboko Kafe Antzokian egingo den ekitaldi bateratuan, 18:00etatik aurrera. Ekitaldi mugatua izango da eta web orrialdean izena eman beharko da aurretik. Hitzorduan erakunde instituzionaletako eta epaimahaiko ordezkariek parte hartuko dute, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariarekin batera.
Emanaldiaren ondoren, bi sarituen arteko elkarrizketa izango da, bai eta bertaratutako publikoarekin ere. Horren zati bat Eusko Ikaskuntzaren Solasaldiak sailean zabalduko da.