Katalogoa berrituz eta udalen babes gehiago jasoaz hasi du urtea Eusko Ikaskuntzak.
Udalekiko lankidetza da Eusko Ikaskuntzaren giltzarrietako bat. Horregatik hasi zen 90. hamarkadan udalerri ezberdinekin hitzarmenak sinatzen. Noski, garaiak eta erakundea bera aldatuz joan dira. Udalen programak ere Eusko Ikaskuntzaren eredu berriari eta egungo gizartearen beharrei erantzuteko bilakaera hasi zuen 2017an. Etengabeko egokitzapen horren ondorio da 2020rako aurkeztu den katalogoa.
Bi lan-lerro nagusitan jarri nahi da fokoa udalekin lan egiteko orduan:
- Liburu Zuria eta gizartearen etorkizuneko erronkei buruzko agenda
2018ko azaroaren 23an Oñatin aurkeztu zen Liburu Zuriak nahi dugun etorkizuna herri gisa eratzeko desiragarriak diren eszenatokiak eta horiei erantzuteko agenden proposamenak biltzen ditu. Udalerriek asko daukate esateko “Geroa Elkar-Ekin” eraikitzeko bidean. Erronka horiei metodologia parte-hartzaileen bidez ekiteko proposamena egiten die Eusko Ikaskuntzak udalei, proiektuaren izaera eta helburuen araberako formatuekin.
- Historia eta ondarearen azterketa eta interpretazio planak
Eusko Ikaskuntzak bertako adituekin lan egiten du, ondarearen ikerketa sakona, baliabideen diagnosia eta sortutako edukien berme zientifikoa ziurtatzeko. Guztia, diseinu egoki eta erakargarriaz, eta goi-mailako euskarri eta materialetan islaturik.
2017an udalen programaren baitan bilakaera hau abian jarri zenetik Euskal Herriko 70 udal baino gehiagok berretsi dute Eusko Ikaskuntzaren proiektuarekiko babesa. Pozik esan daiteke aurten bi bazkide berri dituela, Getxoko eta Karrantzako udalak, eta Laguardiako udalarekin berriz ere hitzarmena sinatu dela. Hiruak, gainera, 1918an Eusko Ikaskuntzaren babesle izan ziren udalen artean daude.