2025eko Batzar Nagusia

Berri korporatiboak

2025/06/15

2025eko Batzar Nagusia

Ekainaren 14an, larunbatez, Donostian eta online konexioan, Eusko Ikaskuntzak urteko Batzar Nagusia egin zuen.

Iñaki Zabaleta idazkari eta diruzainak aurkeztu zituen 2024ko ekitaldiko jardueren memoria, balantzea eta emaitzen kontua, baita horiek aplikatzeko proposamena ere.

Lehendakariak, bere txostenean, 2024. urtea gogoangarritzat jo zuen, hiru arrazoirengatik: ezagutzaren transferentziaren inguruan egindako lan handiagatik, bereziki XIX. Kongresuan bideratu zena; gazteen artean ikerketa sustatzeko unibertsitateekin abaian jarritako programa berriagatik; eta, hirugarrenik, barne mailan egindako hausnarketa estrategikoagatik, 2025-2028 aldiko lan-agenda diseinatzeko eta Eusko Ikaskuntza eta pentsamendu kritikoaren eginkizun eraldatzailea indartzeko balio izan baitu. Honekin batera, urteak mugarri esanguratsuak utzi ditu, hala nola Baionan Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurrena ospatzea eta Donostian egoitza berriaren inaugurazioa.

Batzarraren bigarren zatian, Arantza Cuesta zuzendariak 2025erako kudeaketa plana eta bere aurrekontua aurkeztu ditu. Plan hori bi iturritatik elikatzen da: alde batetik, XIX. Kongresuan gizarte-kohesioari eta gizarte-berrikuntzari buruz proposatutako gaietatik, eta, bestetik, erakundearen barne-hausnarketako prozesuan adierazitako lehentasunetatik. Horren harira, garatu beharreko hainbat proiekturen berri eman zen: aniztasuna, bizikidetza eta identitatea, belaunaldien arteko elkartasuna, garapen ereduak eta eraldaketa soziala, besteak beste.

Leire Gaceo Komunikazio Arduradunak bazkideen parte-hartzea aktibatzeko II. Plana azaldu zuen. Hiru helburu nagusi ditu: parte-hartze maila handitzea, erakundearekiko kide izatearen sentimenduan sakontzea eta profil berrientzat erakargarri egitea. Planaren lehen ekimenak uztailean emango dituzte ezagutzera, eta 2028ra arte ezarriko dute, pixkanaka.

Batzar Nagusiak balio izan du bazkideak Ipar Euskal Herriko erakundearen egoeraren inguruko informazio eguneratua jasotzeko. Bere kudeaketan antzemandako irregulartasunen ondoren, Eusko Ikaskuntzak ekintza legalak abiatu ditu, eta aldi berean erakundeei jakinarazi die Euskal Herriko zazpi lurraldeetan bere lanak garatzen eta zabaltzen jarraitzeko asmoa, eta denek erantzun ona eman diote. Azkenik, alde bietatik osatutako krisi batzorde bat sortu da eta lehen bileretan hasi da etorkizuneko harremanak arautuko dituen hitzarmen berri baten oinarriak finkatzen. Beti irtenbide adostu baten bila, egoerak eskatzen duen argitasun, gardentasun eta irmotasunari uko egin gabe.

Batzar Nagusiari amaiera umoretsua eman zion Virginia Imazek, ‘Klownclusiones’ formatu dibertigarrian aurkeztuz.
 

2025eko Batzar Nagusia
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp