Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak liburuaren aurkezpena

Proiektuak

2023/06/22

Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak liburuaren aurkezpena

Aurkeztutako lanak Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan lan programaren ondorioak eta proposamenak biltzen ditu, azken lau urteetan Eusko Ikaskuntza eta Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen bidez, elkarlanaren emaitza.

Aurreko ostegunean, ekainaren 22an, Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak liburua aurkeztu zen Iruñeko Kondestable Jauregian. Ekitaldian parte hartu zuten Ana Ollo Foru Gobernuko Hiritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Isabel Elizalde Eusko Ikaskuntzaren ordezkariak, eta Julen Zabalo eta Amaia Nausia Pimoulier proiektuaren zuzendari zientifiko eta arduradunak, hurrenez hurren.

Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak liburuak jasotzen ditu Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan izeneko lan programa parte-hartzaile, deliberatibo eta irekiaren deskribapena, ondorioak eta proposamenak. Proiektuak bi ardatz izan ditu: Nafarroako gizartearen berezko aniztasunean bizikidetza eta haren kudeaketa demokratikoa, gutxieneko oinarri adostuak bilatuta.

Aurkezpenaren hasieran, Isabel Elizaldek nabarmendu zuenez, “Eusko Ikaskuntza, bere ibilbide, ezaugarri eta izaeragatik, bereziki prestatuta dago honen mailako ikerketak egiteko”. “Gizarte-kohesioari laguntzea berezko aniztasunaren barruan” helburu estrategikoari jarraiki, Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan izan da azken urteotako erakundearen proiektu nagusietako bat, Elizalderen arabera.

Ondoren, Ana Ollok hartu zuen hitza. Kontseilariak Nafarroako aniztasuna “bere indarguneetako bat” bezala defendatu du eta “euskarak gizarteari dakarkion aberastasuna” azpimarratu zuen. Nabarmendu zuen “ikerketa sozial honetan parte hartu dutenen hausnarketa berritzaile eta kritikoak, hizkuntza-politika egokiak garatzeko oso erabilgarriak direla”. Era berean, Eusko Ikaskuntzari eskerrak eman zizkion “eztabaidaren eta ikerketaren bidez herritarren bizikidetza hobetzen laguntzeko egindako lanagatik. Ahalegin hori –gehitu zuen- Nafarroako Gobernuarekin partekatzen du gure aliantza instituzionalaren bidez”.

Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak liburuaren aurkezpena

Amaia Nausia proiektuaren arduradunak laburbildu zuen 2019an hasierako diagnostikoa egin zenetik egindako ibilbidea. Diagnostiko horretan espezialistek parte hartu zuten, Nafarroako Baztan, Berriozar eta Castejon herrietan Herritarren Mahaiak eta Gizarte Foroak deitu aurreko urrats gisa. Hurrengo faseetan, Eusko Ikaskuntzaren Talde Eragilearen gidaritzapean, eragile sozial, politiko eta sindikalek, aditu akademikoek, Administrazioaren arduradunek eta, oro har, herritarrek erantzun zioten galdera honi: Posible al da Nafarroako gizartean bizikidetza eraikitzea aniztasuna errespetatuz? Horri erantzuteko, bilerak, jardunaldiak eta mintegiak antolatu ziren, gizarte-, kultura- eta politika-arloetako kolektibo eta pertsonen iritzia bildu zen eta, azkenik, Nafarroako gazteen ahotsa entzun zen. Adierazitako kezka eta iradokizunekin, eta ideologia desberdinetako pertsonekin kontrastatu ondoren, Eusko Ikaskuntzako Talde Eragileak hainbat proposamen egin ditu Administrazioari, Nafarroako gizarteari eta alderdi politiko guztiei zuzenduta.

Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak liburuak ikerketaren oinarri teorikoak eta agertu diren arrazoiak eta analisiak biltzen ditu. Emaitzarik esanguratsuenen artean, Julen Zabalo zuzendari zientifikoak nortasun nafarra badagoela nabarmendu du: “mundu guztia harro dago nafarra izateaz”. Onartzen da Nafarroa plurala dela, baina, hala ere, kultura demokratiko sendo baten falta sumatzen da, identitate sinbolo zilegi guztien onarpena bermatuko duena. Herritarrak kexu dira eztabaida sozial eta politikoan elkarrekiko errespeturik ez dagoelako.

Lanaren emaitza erabakigarrienetariko bat da euskal zein espainiar nazionalismoek nazio identitaterako ezaugarri gisa hizkuntzari ematen dioten garrantzia dela eta, nazio proiektuen arteko lehia euskaran gauzatzen dela. Euskal nazionalismoak uste du euskara nafar guztien hizkuntza dela, eta beraz, lurralde osoan bultzatu behar dela. Gainera, modu inplizitoan, uste du euskararekin batera eragin politikoa ere zabalduko duela. Paradoxa bada era, espainiar nazionalismoak bat egiten du ideia horrekin, eta beraz, ez du interes berezirik euskara biztanleria osoari hedatzeko. Azterketa honek uste du ideia hori ez dela zuzena, eta nekez heldu ahal izango dela hitzarmenetara bi nazionalismoek, eta haien ordezkari politikoek, ez badute gogoeta egiten horretaz, zeinaren ondorioz euskara, zoritxarrez, eztabaida eta mesfidantza iturri bihurtzen baita.

Euskara Nafarroako hizkuntzetako bat dela aho batez onartzen dela kontuan hartuta, eztabaida arrazionala eta adostasun soziopolitikoa bultzatzeko diskurtso berriak sortzea proposatzen da, hiru ardatz hauen inguruan:

  • Euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea, bi hizkuntzen berdintasun printzipioan oinarrituta.
  • Herritar guztiei, pixkanaka, euskararen gutxieneko ezagutza bermatuko dieten hezkuntza-ereduak sustatzea.
  • Administrazio publikoko lanpostuetan euskararen balorazioari buruzko eztabaida arrazionala eta lasaia.

Azterlanaren arabera, “Nafarroan bi proiektu nazional daude identitate nazional desberdinei bide ematen dietenak eta zilegi da haien helburuen bilaketa demokratikoa. Homogeneizatzeko asmoak alferrikakoak eta bizikidetzarako kaltegarriak dira”, jasotzen da ondorioetan. Giro polarizatuegia gainditzeko, lehia demokratikoaren arauak gehiago errespetatzearen alde egiten da. Horretarako, barne-komunikaziorako, eskualdeen arteko, herritarrentzako eta abarretarako espazioak sor litezke, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko elkarrizketa errazagoa izan dadin eta Administrazioa gehiago deszentralizatu dadin.

Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak  

Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak

 
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp