Askoren artean Nafarroan konfiantzaren oinarriak finkatzen

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2021/06/16

Askoren artean Nafarroan konfiantzaren oinarriak finkatzen

Jardunaldian Nafarroako bizikidetzari eragiten dioten distortsioak gainditzeko adibide eta proposamenak aurkeztu ziren.

Gizarte demokratiko batek arrazoi ideologiko, linguistiko edo identitarioengatik desadostasunak bideratzeko behar dituen tresnei buruz hausnartzeko jardunaldia egin zen ekainaren 16an Iruñeko Civicanen eta online. "Gure desadostasunak: Nafarroan ezberdinen artean konfiantza sortuz" izenburuarekin, foro hau Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroako: bizikidetza programan jasotzen da. 2019tik Eusko Ikaskuntzak bultzatzen du programa hori, Foru Gobernuaren laguntzarekin.

Irekiera ekitaldian Ana Ollo Foru Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Mikel Aranburu Zudaire Eusko Ikaskuntzako Nafarroako lehendakariordeak eta Javier Miranda Nafarroako Kutxa Fundazioko lehendakariak hartu zuten parte. Jarraian, Amaia Nausiak eta Julen Zabalok, proiektuaren arduradun gisa, Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza txostena aurkeztu zuten. Txosten horretan, jarraitutako lanaren deskribapena eta ateratako ondorioak jasotzen dira. Txostena maiatzaren 19an eman zen ezagutzera, Foru Parlamentuko talde politikoen aurrean, Herritarrekiko Harremanetarako Batzordearen bilkuran.

Programa akademikoa Txoli Mateosek moderatutako bi mahai-ingurutan egituratu zen. Lehena, "Konfiantza lantzen. Beste begiradak" lelopean, nazioarteko bi aditu bildu ditu: Jaume Lopez, Pompeu Fabra Unibertsitateko kidea eta Gilen Garcia, Ipar Irlandako auzian arreta jarri zuena. Bi hitzaldiek elkarrizketa interesgarria eragin zuten parte-hartze irekiaren txandan.

"Nafarroan konfiantza sortzen: Nola kudeatu gure desadostasunak?" izenburupean, bigarren mahai-inguruak Nafarroako Unibertsitate Publikoko hiru irakasle bildu zituen. Carmen Innerarityk bizikidetza-proiektu baterako premisetako batzuk jorratu zituen, Foru Komunitateko pluralismoaren hainbat adierazpen aztertuta eta gure inguruko herrialdeetan kultura-aniztasuna kudeatzeko esperientziak ikusita. Filosofia politikotik, Jorge Urdanozek zenbait terminotan jarri zuen arreta – eskubideak, gehiengoa, eraketa, ituna, etab. –, eta horiek osatzen duten desadostasunak atzemateko eta kudeatzeko erabiltzen dugun kontzeptu-sarea. Lohitzune Zuloagak, aldiz, patriarkatuaren berezko ikuspegi dikotomikoak gainditzen dituzten harreman-formetara zabaltzeko ikuspegi feminista tresna gisa proposatu zuen.

Jardunaldiaren amaieran, Nafarroan elkarbizitzari eragiten dioten zenbait distortsio gainditzeko benetako bideak daudela ondorioztatu zen.

Gure desadostasunak: ezberdinen arteko konfiantza lantzen Nafarroan

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp