Askotariko segregazioari nola erantzun Hezkuntza-sistematik? Foro partehartzailea

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2022/05/20

Askotariko segregazioari nola erantzun Hezkuntza-sistematik? Foro partehartzailea

Ekainaren 4an Donostian, Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta, gizarte gisa dugun erronka nagusietako batean sakonduko da, segregazioa.

Ekimena Eusko Ikaskuntzak 2019an abian jarritako lan-programaren barruan kokatzen da: Euskal Herriko hezkuntza sistemaren Liburu Zuria osatzeko lurralde guztietan partekatzen ditugun funtsezko alderdiak identifikatzea. Testuinguru horretan, aurten, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, bi gai landuko dira: nola erantzun segregazioari hezkuntza-sistematik, eta irakasleen ahalduntzea etorkizuneko erronken aurrean.

Hezkuntzatik segregazioari heltzeko aplikatu beharreko neurriek akordioa bilatzea dakartela ulertuta, foro parte-hartzaileak eztabaidagune gisa eskaintzen dira, non herritarrek, eragileek, adituek eta erakundeek definizioak, diagnostikoak eta proposamenak partekatu ahal izango dituzten. Horrekin guztiarekin, segregrazioari erantzuna emateko, partekatutako bidean, adostasunetan oinarritutako dekalogo bat osatzea posible izango da.

Ekainaren 4ko foroan, lan-programa aurkeztu ondoren (Beatriz Akizu, Eusko Ikaskuntza), jorratu beharreko kontzeptuak zehaztuko dira (Xabier Aierdi, Begirune Fundazioa) eta segregazioa nola aztertu den azalduko da (Iraide Fernández Aragón, EHU). Jarraian, esperientzia zehatzak, zailtasunak eta segregazioari emandako erantzunak ezagutaraziko dira (Moufdi Kamel, Biltzen; Tamara Clavería, Amuge; Irantzu Gallastegi, Aranbizkarra Ikastola; Josune Elorduy, Colegio Ángeles Custodios Ikastetxea).

Saioaren bigarren zatian, hausnarketarako talde txikietan antolatuta, aurkeztutako ekarpenak oinarri hartuta, definizio partekatu batera hurbildu, eta hezkuntza-sistematik segregazioari erantzuteko dekalogo batek izan beharko lituzkeen ideia nagusiak landuko dira.

Bigarren foro batetan, irailerako aurreikusita dagoena, azpimarratutako alderdietan eragiteko aukera izango da, proposamen eta neurri zehatzak zehazteko.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp