Amarauna. Euskadi Irratia
Euskal Herrian jakin badakigu auzolanean aritzen. Aritzetik eraikitzen, nahiz deseraikitzen, berriz ere, abiatzeko, ekiteko. Tolosaldean, esperientzia zinez interesgarria ipini dute martxan auzolanean hain zuzen etorkizuna garatu ahal izateko, bertako biztanleetatik abiatuz, eragile zein erakunde publikoak aintzat hartuz. "XXI. mendeko Gipuzkoako eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza? Tolosaldean saiakera” proiektua da hain zuzen ere hori, 2021eko udan abian jarri zena eta 2022an martxa bizian ari dena.
Proiektuaren berri emateko eta auzolanaren inguruan solasteko hiru kidek parte hartuko dute irratsaioan: Iker Karrera, Tolomendi, Tolosaldeko Landa Garapenerako Elkarteko kidea; Andoni Eizagirre, Mondragon Unibertsitateko irakaslea, eta Edurne Ayuso, Tolosaldea osatzen duten 28 herri horietako bateko bizilaguna da, Irurakoa eta Alkizan lan egiten duen kultur teknikaria.