Bazkideen Ekimen Taldeak, udazkenerako lanean

Berri korporatiboak

2025/07/17

Bazkideen Ekimen Taldeak, udazkenerako lanean

Bazkideen parte-hartzea aktibatzeko II. Planaren baitan jasota dagoen lan-lerro honek lehenengo urratsak emango ditu udara bueltan, Araban eta Nafarroan hasita.

Ekainaren 14ean Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusian aurkeztu zen bazkideen parte-hartzea aktibatzeko II. Plana eta, horren baitan, 2025erako aurreikusita zeuden ekimenen artean, lehenengoa aurki indarrean jartzekoa da, hain zuzen, Bazkideen Ekimen Taldeak (aurrerantzean BET).

BET taldeak helburu argia dute: Eusko Ikaskuntzako bazkideen partaidetza aktiboa, antolatua eta borondatezkoa bultzatzea, alegia, bazkideak jarduera garrantzitsu askoren egile eta protagonista bilakatu, bazkideei zuendutakoak. Gainera, bazkideen arteko elkar ezagutza sustatzeaz gain, sareak indartzen lagunduko du.

Gutxienez 3 bazkide elkarturik, lurralde edo gaiaren arabera, osatu ahal izango dute BET talde bat, eta, Eusko Ikaskuntzaren jarraipenarekin, ekimenak aurrera eraman. Izan ere, Eusko Ikaskuntzaren BET Idazkaritza Teknikoa izango da lotune zuzena talde bakoitzarekin, lanen  egoera, aurrerapenak eta ikasketak partekatzeko.

Zehatzago, BET taldeek Urteko jarduera plan erraz bat zehaztu beharko dute eta Idazkaritza Teknikora bidali beharko dute haren onespenaren ostean, aurrera eramateko. Era berean, BETetan parte hartzeak bileretara joan eta ezarritako rol edo eginkizunak betetzea dakar.

BET guztien funtzionamendua arautu eta gidatzeko asmoz, protokolo bat landu da oinarrizko gidalerroekin eta sortzen diren talde guztien esku egongo da. Izan ere, irailean bazkideen atal propioan  jarriko da material guztia ikusgai, baita BET sortzeko aukera ere.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp