Heldu, gazte sinposioak adituak, gazteak, erakundeak eta herritarrak bildu zituen Bilbon, desberdintasunaren, bakardadearen eta ziurgabetasunaren aurrean belaunaldien arteko loturak nola indartu eztabaidatzeko.
Bilboko Itsasmuseumeko areto nagusian, itsasadarraren parean, adin guztietako hirurogei pertsona — ikasleak, ikertzaileak, kargu instituzionalak eta herritarrak— erabateko isiltasunean barneratu ziren Jan van de Venis legelari nederlandarrak beren aurreko eta ondorengo zortzi belaunaldiak irudikatzeko eskatu zienean. “Hautsi behar ez dugun kate batek lotzen gaitu”, zioen ahots patxadatsuz, soinean zeramatzan bere birraitonaren jakak eta zapiak iraganaren eta etorkizunaren arteko jarraitutasun hori sinbolizatzen zuen bitartean. Metafora horrekin, publikoak sumatu zuen belaunaldien arteko elkartasuna, Heldu, gazte sinposioaren gai nagusia, ez dela kontzeptu huts bat, baizik eta denboraren joanan elkarrekin bizitzeko modu bat.
Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta, azaroaren 3an egin zen sinposioak elkarrizketarako espazio eskaini zuen, testuinguru aldakor batean belaunaldien arteko zubiak nola ehundu hausnartzeko. Ez zen kongresu arrunta izan, baizik eta ahots kolektiboaren ariketa bat, non akademikoek, ordezkari publikoek eta herritarrek kezka bera partekatu zuten: nola bermatu belaunaldi baten ongizateak ez dezan hurrengoaren etorkizuna hipotekatu.
Oraindik jaio ez direnen eskubideak kontuan hartzearen erronka
Van de Venisek, Herbehereetako Etorkizuneko Belaunaldien Ombudsperson-ak, ikuspegi globala eskaini zuen. Ohartarazi zuen planetako arrisku nagusiek —klima aldaketa, biodibertsitatearen galera eta ur eskasia— gizakien eskubideei eragiten dietela dagoeneko, batez ere oraindik jaio ez direnei. "Belaunaldi arteko justiziaren printzipioak", esan zuen, "gaurko erabakiak etorkizunekoen izenean hartzera behartzen gaitu". Aipatu zituen ikuspegi hori babesten duten kasu juridikoak: Herbehereetako Urgenda auzia edo Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Suitzaren aurka emandako azken epaia, klima-ekintzarik ezagatik.
Bere mezua bat etorri zen Galeseko esperientziarekin. Han, Najma Hashi-k azaldu zuen bideo-konferentzia bidez Well-being of Future Generations Act (2015) lege aitzindaria: politika publiko bakoitzaren inpaktua etorkizuneko belaunaldien arabera ebaluatzera behartzen duena. "Ez da utopia, gobernantza arduratsua da", laburbildu zuen.
Belaunaldi arteko komunitatea eraikiz
Euskal Herriko kasuan, Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak, "komunitatea egitearen" garrantzia azpimarratu zuen, eta komunitate hori belaunaldi artekoa izatearena. Bere hitzaldian salatu zuen “autobus-txartelaren efektua” deiturikoa: adinaren arabera onurak banatzen dituzten politikak —adinagatik doako garraioa, esaterako— egoera ekonomikoa kontuan hartu gabe. "Ez da bidezkoa errenta baxuko gazte batek txartela ordaindu behar izatea baliabide gehiago dituztenak doan bidaiatzen duten bitartean", adierazi zuen. Horregatik, adinaren gainetik, bizi-egoera eta ekitatea uztartzen dituzten irizpideak eskatu zituen.
Melgosak eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak bat egin zuten: ongizatea "ezin da adinen arabera zatitu". Biak ados egon ziren balio komun batean: erantzukidetasuna, hau da, belaunaldi bakoitzak ongi komunaren alde ekarpena egin eta proiektu partekatu baten parte sentitzea.
Adinismoaren, desberdintasunaren eta zatiketaren aurka
Carles Feixa antrologoak belaunaldien arteko itunari ikuspegi kulturala gehitu zion. Azaldu zuen gazteek “utopiaren eta krisiaren artean” bizi dutela euren gaztaroa, eta Beta belaunaldia izeneko honek kontzientzia ekologikoa, prekarietatea eta komunitatearen desira uztartzen dituela. "Gazteek ez dituzte adinekoak baztertzen, sistema bat baztertzen dute, etorkizuna eraikitzeko lekurik eskaintzen ez diena", esan zuen.
Elena del Barrio, Matia Fundazioko ikertzaile eta politiken arduradunak, “adinkeria” salatu zuen, adinagatik gertatzen den diskriminazio soziala, bai gazteengan bai adinekoengan eragiten duena. "Oraindik ere sozialki onartua den ‘ismo’ bakarra da adinkeria", ohartarazi zuen, eta !belaunaldien gainetik" ikuspegi bat eskatu zuen, non adinak ez dituen eskubideak edo itxaropenak baldintzatzen. Pandemiaren garaian erabilitako #boomerremover edo #grandmakiller bezalako etiketak gogorarazi zituen, eta oraindik ere diskurtso askok belaunaldiak aurrez aurre jartzen dituztela. "Ez da adina gizartea zatitzen duena, baizik eta haien arteko desberdintasunak", azpimarratu zuen.
Javier Soria ekonomialariak, Laboratorio de Oportunidades erakundeko sortzaileak eta Paris School of Economics-eko ikertzaileak, ohartarazi zuen igogailu soziala gelditzen ari dela Mendebaldean: gaur egun, seme-alabek gurasoek baino egoera okerragoa izatea litekeena dela. "Mugikortasun falta ez da soilik bidegabekeria soziala; konfiantza kolektiboa ere ahultzen du", azaldu zuen. Horregatik, datu eta ebidentizan oinarritutako politikak defendatu zituen: hezkuntza eta lanbide-heziketan inbertitzea, hiri-segregazioa murriztea eta gizarte-kapital hori indartzea, jatorriaz haratago pertsonak lotzen dituen hari ikusezina.
Ekarpen guztiek ideia bera partekatu zuten: zubiak eraiki, ez lubakiak. Horretarako, belaunaldi bakoitzak bere garaiko erronkei aurre egiteko tresnak behar ditu: etxebizitza, lan duina, zaintza partekatua eta parte-hartze soziala.
Ahotsak, elkarrizketan
Eusko Ikaskuntzak gidatutako belaunaldi-arteko mahaian Iratxe Uriartek (Euskal Gazteriaren Kontseilua), Elisabet Arrietak (Helduak Adi! mugimendua) eta Elena del Barriok hartu zuten parte. Elkarrizketa bizi eta errespetuzkoa izan zen, eta parte-hartzaile guztiek helburu bera adierazi zuten: entzunak eta aitortuak izatea. "Parte hartu nahi dugu, ez tutelatuak izan", laburbildu zuen Uriartek; eta Arrietak gehitu zuen: "Guk helduaroan ekarpena egiten jarraitu nahi dugu, ez soilik zaintza jaso".
Iraganaren eta etorkizunaren arteko haria
Jardunaldian belaunaldien arteko bizikidetzaz, komunitatea ehuntzeaz eta etorkizuna orainean hasten dela gogoratu zen; erabaki bakoitzak etorkizunekoen bizitzan aztarna uzten duela. Agerian geratu ziren estereotipoak eta adinaren araberako desberdintasunak; igogailu sozialaren gainbehera ohartarazi zen; eta politikek ikuspegi belaunaldi-artekoa txertatu behar dutela aldarrikatu zen, hezkuntzan, zaintzan, enpleguan zein etxebizitzan. Azken mezua argia izan zen: ez dago justizia sozialik justizia belaunaldi-artekorik gabe. Ondare handiena ez da materiala, baizik eta partekatutako erantzukizuna: belaunaldien artean elkartasunean bizitzen ikastea, iraganaren, orainaren eta oraindik jaio ez direnen ahotsen arteko hari ikusezina zainduz.
